Auto elektrikoaren etsaiak

  • Aberdeen (Eskozia), 1837. Robert Davidson kimikariak lehen auto elektrikotzat jotzen dena asmatu zuen, lehenago egin ziren saiakerak gauzatuz: Ányos Jedlik hungariarrak, esaterako, motor elektriko bat osatu eta eskala txikiko auto bati jarri zion 1828an.

Petrolio konpainien interesak izan dira auto elektrikoen etsairik gogorrenak. Baina arerio sotilagoak ere izan dituzte, hasieran “emakumeentzako” auto gisa merkaturatu baitziren.

1841ean Davidsonek prototipoa hobetu zuen: 6 km/h abiadura eta 2,4 km-ko autonomia zuen autoa aurkeztu zuen. Ezaugarri horiek oso mugatuak ziren autoaren erabilera zabaltzeko. Hala ere, Glasgow eta Edinburgheko trenbideko langileek mehatxutzat jo zuten berrikuntza hura eta ibilgailua suntsitu zuten.

1859an Gaston Planté fisikari frantziarrak berriz kargatzeko bateria asmatu zuen eta beste frantziar batek, Camille Alphonse Faurek, asko handitu zuen bateria horien ahalmena 1881ean. Hori guztiari esker, 1888an Andreas Flockenek diseinatutako autoaren ekoizpen industriala abiatu zen.

Mendea amaitu baino lehen, taxi elektriko konpainiak sortu ziren Londres, Paris, Berlin eta New Yorken. Beste abantaila askoren artean, auto elektrikoek zaldi-orgek hartzen zuten tokiaren erdia soilik behar zuten, eta orga gidariek taxi berrien aurkako kanpaina zitala abiatu zuten Londresen, London Electric Cab Company desagerrarazteraino.

Partikularren merkatuan auto elektrikoek arerio sotilago batekin egin zuten topo: sexismoa. Garbiagoak, gidatzen errazagoak, isilagoak, distantzia laburretarako egokiagoak… zirenez, publizitateak nagusiki emakumeak izan zituen jomuga. Baina erosle gehienak gizonezkoak ziren eta gutxik egin zuten “neskentzako” autoaren aldeko hautua.

Auto elektrikoen etsairik handiena petrolioa izan da. Petrolio-erreserba handiak aurkituta, erregaiaren prezioak nabarmen egin zuen behera. 1908an Henry Fordek Ford-T modeloa merkaturatu zuen auto elektrikoen erdi prezioan. Eta auto elektrikoarenak egin zuen.

Juan Ignacio Pérez Iglesias EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren arduradunaren aburuz “agian denboraz kanpo sortu zirelako” egin zuten porrot auto elektrikoek. Baina petrolio konpainien aurka ba al da garai onik? Askorentzat hauxe da auto horiek bultzatzeko garai egokia. Jonathan Lesser energian adituak dioenez, ordea, “ez da igorpenak murrizteko irtenbidea, elektrizitate ekoizpena handitzea eskatzen duelako”. Auto elektrikoak adabakiak baino ez direla eta irtenbidea mugikortasun eredua goitik behera aldatzea dela esan nahi zuen horrekin? Pentsatzekoa da ezetz. Manhattan Institute-ko aholkularia baita Lesser. Eta ezetz asmatu nor dagoen erakunde horren atzean: Exxon petrolio enpresa ahalguztiduna.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Automobilgintza
2024-02-20 | Gedar
Europan, auto berri guztiek izan beharko dute datu-erregistragailu bat

"Kutxa beltz" baten modukoa izango da EDR gailua: mikrotxip baten bidez, auto bakoitzaren gidatzeari buruzko datuak gordeko ditu. Derrigorrezkoa izango da uztailetik aurrera.


2023-12-12 | Leire Artola Arin
Elon Musken Tesla blokeatzen ari dira Suedia, Danimarka, Norvegia eta Finlandiako langileak

Auto elektrikoen ekoizlerik handiena den Tesla enpresako Suediako 120 mekanikarik grebari ekin zioten urriaren 27an, hitzarmen kolektiboa negoziatzeko, eta inguruko herrialde eta sindikatu nagusietara zabaldu da Musken aurkako boikota. "Elkartasun greba" deritzonaren... [+]


Iruñean 400 lanpostu murriztuko ditu Volskwagenek datozen bi urteetan

Auto elektrikorako bidean egokitu beharra duela iragarri du multinazional alemanaren Nafarroako lantegiak, eta horren ondorioz, datozen bi urteetan 400 lanpostu murriztuko dituela jakinarazi die langileei.


Jaurlaritzak aitortu du "aktiboki" presionatu duela ibilgailuen isuriei jarritako muga atzeratzeko

Europako Batzordeak ezarri nahi zuen Euro 7 araua indarrean jartzeko epea atzeratzea txalotu du Arantxa Tapiak: "Lehenago edo beranduago hartu beharreko erabakia zen".


Ibilgailuen isurien mugak malgutu dituzte Europar Batasunean, automobilgintza industriari laguntzeko

Euro 7 araua, isuriak murriztea helburu duena, aurreikusitakoa baino beranduago sartuko da indarrean: ibilgailu arinen kasuan 2027an eta 2029an astunen kasuan.


Eguneraketa berriak daude