Hegoaldeko Mato Grosso, Bolsonaroren Gaza brasildarra

  • Mato Grosso do Sul estatuak irudikatzen du Jair Bolsonaro ultraeskuindarrak Brasilen ezarri nahi duen nazio asmoa. Soja eta okelaren esportatzaile nagusi izaki, beste inon baino bortitzagoak dira hemen lurraren erabileragatiko borrokak, zeinetan talka egiten duten alde batetik milaka urtez bertan bizi izan diren jatorrizko biztanleek eta kolonialismoak ekarritako beltz eta nekazari txiroek, eta bestetik agro-industriarekin aberasten diren lur harrapatzaile handiek.

Caarapo, Matto Grosso, 2016. Lur jabe handien sikarioek Clodiodi Souza gaztea hil zuten tiroka, Kiowa jendeak berreskuratutako lurretatik alde egin zezan.
Caarapo, Matto Grosso, 2016. Lur jabe handien sikarioek Clodiodi Souza gaztea hil zuten tiroka, Kiowa jendeak berreskuratutako lurretatik alde egin zezan.

Brasilgo hego-mendebaldean, Hegoaldeko Mato Grosso estatuak 2,3 milioi biztanle dauzka 18 Euskal Herri adinako lur azalean (358.000 km2). Bere klima tropikalarekin eta sabana gisako landarediarekin, esportazioari begira antolatuta dauka jarduera ekonomiko guztia, bai nekazaritza (soja, arto, kotoi, arroz, azukre kainabera... gehi haragitarako aziendak) eta bai meatzaritza (burdina, manganesoa, karea...).

“Hegoaldeko Mato Grosso da Bolsonarok amesten duen Brasilen hezur-mamitzea. Mato Grosso da, bestela esanda, lehendakari berriarekin brasildarroi datorkiguna”. Oiara Bonilla antropologoaren hitzak dira, Terrestres aldizkarian plazaratu duen “Posibleen sasoia Brasilen ultra-eskuinaren aurrean“ analisian. Hemen laburbilduko dugu.

“Zentimetro bakar bat lur gehiago ez indigenei!”, oihukatu zuen urte hasieran Mato Grossoko Dourados hirian Jair Bolsonarok, inguruko lur jabe handiekin bilera egin aurretik. Horrela berretsi zuen hauteskunde kanpaina osoan agindutakoa: lehendakaritzara iritsitakoan, indigenen lurrak eta quilombolak desegingo zituela, bertan bizi direnekin batera: “Ez dute ezer egiten, umeak egiteko ere ez dute balio eta sekulako dirutza kostatzen zaizkio Estatuari”. [Quilombola: antzinako esklabo beltz ihes eginek antolatutako etxaldea, auzolanean kudeatua, gaur komunitate indigenatzat jotzen dena].

Douradoseko hitzaldian –dio Bonillak– Bolsonarok aurreratu zuen bere agintaldiak lurraren kudeaketan eta ingurumenarenean egingo duena: etniaz eta kulturaz ezberdinak direnekiko mespretxuz, azken hiru hamarkadotan Brasilek eskubide sozialetan aurrera eginiko guztia atzera botatzen ahalegingo dela, gauza bera ingurumenaz eta jatorrizko herrien eskubideez Brasilek sinatutako nazioarteko itunetan.

Douradosen konplizitatezko mezua bidali zien ere agro-industriaren ordezkariak diren diputatu ruralista deituei. Hauek osatzen dute Bancada BBB deitzen dioten gehiengo nagusia Brasiliako legebiltzarrean: Bala, Boi (idia) eta Biblia ordezkatzen dituztenak, militarren, lur-jabe handien eta kristau ebanjelikoen interesen zaindariak.

Mato Grosson dago agrobusiness brasildarraren bihotzetako bat, ingurumena eta nekazari txikien sarea suntsituz esportazioari begira antolatutako soro izugarri zabaletan oinarritua. Horretarako lur eremu handiak kontzentratu dituzte esku gutxi batzuetan, indigenei kenduta askotan, basoak eraitsita besteetan, ongarri kimikoz eta pestizidaz lepo, ibai, erreka eta lurpeko urak kutsatuz eta ehizakiak bezala arrainak desagerraraziz. Amazonia Real elkarteak kalkulatu du jendeen %3 dagoela pestizidaz zuzenean kutsatua, asko haur eta nerabeak.

Lurra lapurtzeko handiek beste inon baino bortitzago jotzen dute hemen. Azken 15 urteotan Brasilen hil dituzten lider indigenen erdiak hemen kalitu dituzte, Conselho Indigenista Missionário ren kalkuluetan. XIX. mendean amerindiarrei sistemaz lurrak kendu eta kolono zuriei eman zitzaizkien. Hasieran mate belarra hazteko, gero abelazkuntzarako. Erreserba txiki batzuetara mugatu zituzten Guarani eta Kaiowa jendeak. Laster zeuden erreserbok jendez gainezka, alkoholismo eta suizidio tasa handiak nozituz.

Gutxiengoak: edo makurtu edo suntsitu

1970eko hamarkadan hasi ziren Guarani eta Kaiowa jendeak beren antzinako lurretan berriro sartzen, retomada direlakoak antolatuz. Estatuak beren jabegotzat aitortzea nahi duten alorrok gehienetan sasiak hartutako eremuak dira, bide bazterretakoak edo etxalde handien hesien albokoak; indiarrek okupatu eta egokitzen dituzte manioka, artoa eta sendabelarrak hazteko. Badute antzarik landa lurraren erreforma aldarrikatuz MSTko lurrik gabeko baserritarrek egiten dituzten okupazioekin.

Azken aldian, ordea, etxalde handien jabeak beren eskuz hasi dira okupatzaileoi aurre egiten. 2013an enkante bat antolatu eta bildutako diruarekin retomaden okupazioak zanpatzeko milizia pribatua antolatu zuten. Guarani, Kaiowa eta Teren etnietako baserritar txiroen kontrako eraso armatuak ugaritu dira. 2016ko udan, Caarapó herrian, miliziek kanpaleku bat inguratu eta gazte bat hil zuten, beste asko zaurituz.

Eraso hura Ascuri etniako jendeak Retomada Te’ykue dokumentalean bilduta dauka. Filmaren hasieran entzun daiteke Bolsonaro, orduan diputatua, iragartzen 2019an lehendakari baldin bada lur jabeek tiroka bidali ahalko dituztela okupatzaileak.

Baina milizia pribatuez gain, Estatuaren poliziak ere parte hartu du indigena txiroen zanpaketan, beste zenbait bideok frogatu dutenez: helikopktero eta guzti iritsitako poliziak etxolak bezala baratze eta tresneriak suntsitu eta jendeak kanporatzen, jendeari fusilez tiroka... Irudiok oroitarazten dituzte, neurri txikian, Rio de Janeiroko faveletan polizia eta militarrek burututako erasoak, jomugan gehienbat gazte beltzak dauzkatenak.

Indigenak, quilombolak, antigoaleko bizimodua daramatenei –latexa biltzen duten seringueiroak, intxaurrak biltzen dituzten castnheiroak...– edo lur gabeko baserritarrei erasoz, Bolsonarok beretzat aldarrikatzen du gizarte kreolea, XIX. mendetik Hego Amerikako estatu-nazioen oinarria dena, afroamerikarren eta amerindiarren eragina lausotu eta populazioa zuritzen ahaleginduz.

Elite kreolearen eredu ekonomiko eta sozialak beti behar izan du eskulan merke eta eskubiderik gabea; gaur ere bai, Brasilgo manufaktura industrian oraindik dagoen esklabo lanak erakusten duen moduan. PT Langileen Alderdiaren gobernua, dio Bonilla antropologoak, saiatu den arren gizarte sistema justuago bat ezartzen aberastasuna banatzen duen Estatuaren logikan, ez du lortu ihes egitea Estatuaren aparatuaren atzaparretatik eta Brasilgo elite ekonomiko eta sozialaren interesen aurrean makurtu da. Eliteek, ordea, PTren  esperimentua bukatutzat eman zuten.

Bolsonarok behin eta berriro esana da: “Gehiengoentzako izango da Brasil. Gutxiengoak, edo egokitu daitezela edo desagertu!”. Beste antropologo batek, Eduardo Viveiros de Castrok honela ulertu ditu haren hitzak: “Gerra bat dago gaur  Brasilgo herri indioen kontra, eta Estatuak lotsarik gabe laguntzen die erasotzaileei, nahiz eta bere betebeharra litzatekeen indigenak eta beste herriak zaintzea eufemismoz ruralistak deitu arren benetan burgesia agro-industriala denaren eta nazioarteko kapitalaren erasotik. Baina hor zegoen hirietako klase ertainaren atal faxista ere: lehengo hauteskundeetan nahiko oharkabean pasatzen zen atal faxista hori erabakigarria izan da Bolsonaro agintera eramateko”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Faxismoa
2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Erorikoen monumentua eraistea eskatu dute Iruñean

Memoria historikoaren aldeko hemeretzi eragilek bat egin dute, Askatasunaren Plazako eraikina eraisteko eskatzeko. “Ezinezkoa da frankismoaren monumentu honi nortasun berri bat ematea”, azaldu dute.


2024-02-09 | Gedar
Isuna jarri diote Barakaldoko lagun bati, faxista bati aurre egitea egotzita

Iazko uztailean eraso zion faxista talde batek, labanaz. Orain, erasotua izan zen pertsona horri jarri diote 600 euroko isuna, faxistetako bati aurre egitea leporatuta.


Manifestazio jendetsu batekin oroitu dute Aitor Zabaleta

Ehunka lagun elkartu ziren ostiralean Aitor Zabaletaren omenez Bultzadak eta bestelako talde antifaxistek antolatu zuten manifestazioan. 25 urte bete berri dira ultraeskuindar batek Aitor Zabaleta realzalea hil zuenetik, eta hura gogoan, 19:00etan Bulebarretik abiatu zen... [+]


Eguneraketa berriak daude