Zergatik izan zen hura borroka feminista

  • 2016ko martxoan hasi zen. Ia bi urtez luzatuko zen borroka, 378 egun greban. Bizkaiko zaharren egoitzetako langileak kokoteraino zeuden. Ia langile guztiak emakumeak ziren, zaintza lanak egiten dituzten gerokultoreak, lan baldintza kaskarretan. Ustekaberik ez, zaintza beti bezala emakumeen ardurapean, ordainik gabe edo gaizki ordainduta. Bosgarren hitzarmena sinatzea garaipena izan zen, baina borroka hark lan baldintzak hobetzea baino dezentez gehiago lortu zuen: emakumeak ahaldundu ziren, zaintza erdigunean jarri zuten, gizartea sentsibilizatzea lortu zuten, eta beste sektore feminizatu prekarioentzat eredu eta hauspo izaten ari da. ELA sindikatuaren Manu Robles-Arangiz Institutuak eta ARGIAk elkarlanean, Berdea da more berria liburua argitaratu dugu, borroka haren giltzarriak grebalarien ahotik kontatuz.  

ELAko ordezkari sindikalak hitzarmena sinatu duten dokumentua eskuetan dutela. 378 eguneko greba amaitu da. Argazkia: ELAren artxiboa.
ELAko ordezkari sindikalak hitzarmena sinatu duten dokumentua eskuetan dutela. 378 eguneko greba amaitu da. Argazkia: ELAren artxiboa.
"Berdea da more berria. Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak" liburuaren nondik norakoak

Liburuko protagonistak emakume grebalariak dira. Zortzi borrokalari elkarrizketatu ditugu: Maribel Sampedro Martínez, Ainhoa Menéndez Llamosas, Marina Costa Bonome, Verónica Aguado Otero, Lara Góngora Góngora, Marisol Rueda Espinha eta Aitziber Tolosa Contreras. Haien ahotik kontatzen da 2016ko greba handia. Halako indar erakustaldia ez da, ordea, hutsetik sortu. Liburuaren lehen zatian, 1980ko urteetara egin dugu atzera. ELA sindikatuak sektorean egindako apustuaren giltzarriak azaldu ditugu eta egoitzetako emakume zaintzaileen hazte prozesua kontatu.

Egilea: Onintza Irureta Azkune.

Hitzaurrea: Irantzu Varela Urrestizala.

Argia liburuak, 2019, 144 orrialde

Liburu aurkezpenak

Otsailak 20, Bilbo · 19:00 Bira Kultur Gunea
Martxoak 7, Baiona · 20:00 Manu Robles-Arangiz Fundazioaren egoitzan

LIBURUA SALGAI ARGIAREN AZOKAN

Sektoreko patronalari oilo ipurdia jarri zitzaion ELAko ordezkari sindikalek bosgarren hitzarmenerako eskatu zituzten hobekuntzak entzundakoan. Baina sinatu zituzten: urtean 140 euroko igoera soldatan; urtean 106 lanordu gutxiago 1.592 ordura iritsi arte; 20 minutuko atsedena; bajak ehuneko ehun kobratu; igandetako eta gaueko plusaren igoera. Ugazabak ez zeuden ohituta emakumeek gizonen pareko lan baldintzak eskatu eta lortzera.

Su geldian landutako garaipena izan zen, eta lan baldintzez harago, grebak urte luzez sindikatuak landutako hainbat lorpen eta indargune lehen lerrora ekarri zituen. Motz geratzea litzateke esatea lan gatazka hutsa izan zela borroka hura. Emakume grebalari askoren sentsazioa izan da adar asko izan dituela greba luzeak. Hasteko, 2016a baino dezentez lehenago ELA Bizkaian egituratzen hasi zen sektorean, ehunka emakumek sare indartsua osatzea lortu zuten. 2016ko udaberrian, feminismoan eta lan gatazketan zaildutako langileak zein eskarmentu gutxi eta protestarako beldur handia zuten beharginak elkartu ziren. Ahalduntze prozesu indibidual eta kolektibo indartsuak bideratzea lortu zuten. Sektorearen hamarkadetako ibilbidean inoiz ez bezala, ordezkari sindikal multzo batek protagonismo erabatekoa hartu zuen, ia denak emakumeak ziren. Negoziazio mahaietan emakumeak nagusi ziren, patronal ia guztiz maskulinoaren aurrean. Maiz sutu ziren emakumeok, aurpegiratu zietenean sindikatuaren txotxongilo zirela.  

Elkarren artean antolatzen ikasi zuten eta inoiz baino garbiago izan zuten jomuga: ugazaben pentsaera matxistaren lekuko izan ziren negoziazio mahaietan eta erakunde publikoek aspalditik abian zuten pribatizazio politikaren ondorioak ulertu eta jasan zituzten.

Hedabideetan eta kalean indar erakustaldia egin zuten, batez ere Bizkaian. Gaia oso hauskorra zen, epe luzeko greban pertsona zaurgarriak, zaharrak eta arazo psikiatrikoak zituztenak, zaintza egokirik gabe geratuko ziren. Urte askotan egindako lanuzteetan oso ohikoa zuten 'krudelak' eta 'kriminalak' zirela entzutea: zaharrak abandonatzea egozten zieten langileei. Tortillari bira ematea lortu zuten, ordea, azken greban. Sozializazio eta sentsibilizazio kanpainen bidez mezua gizartean sartzea lortu zuten: egoiliarrak ez daude ondo zainduta langileek lan baldintza duinak ez badituzte. Zaintza lanak balioan jartzeko garaia zen. Langileek zuzenean lotu zituzten haien egoera laborala eta egoiliarren bizi kalitatea. Grebalariek sarritan salatua zuten pertsonak makinak moduan tratazera behartzen zituztela. Hala esan zion ordezkari sindikal batek zuzendariari: "Zaharrak kroketak moduan dira, arrautza-irinetan pasatzen ditugu: ri-ra, ri-ra, hurrengoa!". Sektorearen historian lehen aldiz egoiliarren senideek elkartea sortu zuten grebalariak babesteko.

Bide-erakusle izango ote da 2016ko greba?

Lehen lerroan aritu ziren ordezkari sindikalek ELAren babesa aipatu dute. Giza baliabideak, egitura juridiko sendoa, eskarmentua, eta erresistentzia kutxa. Greba luzea izan zen, besteak beste, sektore feminizatua zelako, emakumeen borroka izan zelako. Bada, gero eta gatazka gehiagok dute emakume aurpegia. Patronalek aintzakotzat hartzeko imintziorik ez badute egiten, gatazkek gogorrak eta luzeak izateko aukera asko dituzte. Nola euts dakieke, eta batik bat, nola irabaz daitezke halako demak egitura sindikal indartsu bat izan ezean?

Langile grebari greba feminista ere deitu zaio. Nola eragingo dio aurrerantzean borroka mota honek gatazka gidatu duen ELA sindikatuari? Sindikalismoak eredu maskulinoa izan du eta hala izaten jarraitzen du. Borroka honetan, eredu hori pitzatzeko pausoak ikus daitezke. Greba hau eta gero, sindikatuak bere buruari klase-sindikatu feminista deitu dio. Azkenaldian kudeatzen ari den gatazka askotan emakumeak ari dira borrokan, eta ELAn gero eta emakume gehiago ari dira izena ematen. Jada afiliatuen %45 emakumeak dira. Baina ELAtik harago, nola eragingo ote du 378 egun iraun dituen borroka feminista honek, orokorrean, sindikalismoan? Eta lan-harremanak ulertzeko moduan? Zaintzari gizarteak ematen dion balioan?

Berdea da more berria. Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak liburuan greba bere dimentsio zabalean ulertzeko pistak eman ditugu, emakume borrokalarien eskutik. Ondoko lerroetan, grebalariek liburuan kontatu dituztenen pasarte batzuk dituzue.

Greba bukatu eta bosgarren hitzarmena sinatu berri. Poz betean. Argazkia: ELAren artxiboa.

 

 

 

Inoiz kontatu gabea

Ainhoa Menéndez Llamosas, ELAko ordezkari sindikala eta grebalaria

Argazkia: Dani Blanco.

"Kontatuko dizut 21 urteko mutil lankide batekin izan nuen elkarrizketa. Bere aitak eraikuntza enpresa dauka eta eskulangile aritu da. Gihartsua da. Nik hari: 'Zertan egiten zenuen lan?', eta berak: 'Obran. Nire lagunek barre egiten didate, zeren esaten diet lan honetatik ateratzen naizenean nekatuago nagoela nire zaharrarekin lana egiten nuenean baino. Ez didate sinesten. Eta esaten didate: ‘Ipurdiak garbitzen ari zara eta!’. Izorratuta ateratzen naiz, batzuetan fisioterapeutarengana joan behar izaten dut-eta!'. Eta nik esan nion: 'Badakizu, segi kontatzen hau dena zure lagun matxiruloei'.

Beste mutil batek 26 urte ditu eta kirolaria da. Hark ere esaten du lehertuta ateratzen dela eta fisioterapeutarengana joaten dela. Lan hau beti egin dugu emakumeok, sarri kobratu gabe. Inoiz kontatu ez den historia hau orain ari gara zabaltzen. Patronalen gutxiespenak ere kontatu ditugu: Zergatik nahi duzue soldata hainbeste igotzea neskak? Zergatik aldarrikatzen dituzue hainbeste lizentzia? Ezin zara medikuarengana joan lan eguna txandatuta? Umea medikuarengana zergatik ez dute eramaten zure gurasoek?"

 

Negoziazio mahaian mespretxuka

Maribel Sampedro Martínez, ELAko ordezkari sindikala eta grebalaria

Argazkia: Dani Blanco.

"Agian egin dugun greba motagatik gehiago kosta zaigu, eta jakina, emakumeoi ez zaigulako hainbeste kasurik egiten. Greban eta negoziazio mahaian. Guri esan zaizkigunak gizon bati esango balizkiote, gizon horrek altxa eta muturrekoa emango lioke. Mahai batzuetan egon naiz eta emateko gogoz geratu naiz. Lerde-kontuak entzutea egokitu zait. Beste horretan ez nintzen egon. [Libururako elkarrizketatu ditugun ia emakume guztiek kontatu diguten gertaeraz ari da Sampedro. Negoziazio mahaian patronaleko batek bere barrabilei eusteko keinua egin zuen eta hauxe esan: “Hemendik aterako dira zuen hobekuntzak!”]. Adibide hori gogoratze hutsa… Gorputzean halako ezina eta amorrua ari zait eragiten! Uste dute gure soldata osagarria dela etxean. Gu ez goaz mahaira gure bizitza pribatuaz hitz egitera, zuk ez dakizu norbait dudan ondoan ni mantentzeko edo nire burua mantentzen dudan. Mahaian hitzarmenaz hitz egiten dugu eta akordio batera heltzeko biltzen gara. Pertsonatik pertsonara hitz egin behar dugu, ez emakume eta ez gizon. Baina haiek emakumeari hitz egiten diote, soldata osagarria duen emakumeari. Gizon haren keinuak oso umore txarrean jarri ninduen".

 

Langile gogaikarria

Marina Costa Bonome, ELAko ordezkari sindikala eta grebalaria

Argazkia: Dani Blanco.

"Emakume asko berandu hasi ginen lanean eta gutxi kotizatu dugu. Orain prekarioak gara eta gero ere hala izango gara. Seme-alaben limosnetatik bizi beharko dugu. 59 urte ditut, diren eta ez diren grebak egin ditut, eta hemezortzi urte lanean. 400 bat euro izango ditut jubilatzen naizenean?
    Erretiroa alde batera utzita, orain langabezian geratuko banintz ez nuke inoiz lanik aurkituko. Grebako aurpegi ezagunetako bat izan naiz. Patronal osoak ezagutzen nau, diputatuak berak ere bai. Badakite ez naizela geldirik eta isilik egongo. Nire seme-alabek ez dute nirekin lotu ditzaten nahi, sare sozialetan adibidez, beldurra dute. Lana aurkitzeko arazoak izateak ez dit gehiegi axola, berriz esango dizut, horren guztiaren gainetik dago nire duintasuna, emakume eta langilearen duintasuna. Inork ez nau behartu horrela jokatzera. Gizarte eredua aldatu behar da eta ezin gara egon zer gertatzen den begira, gure aletxoa ipini behar dugu. Egoitzan gure aldarrikapenekin jarraituko dut, sarean Espainiako beste emakumeekin ere bai, jubilatuen manifestazioetan parte hartzen dut… Nire arazoa konpondu eta kito, horrek ez du balio".

 

Norbere buruaz harro

Marisol Rueda Espinha, greba ondoren kaleratu zuten

Argazkia: Dani Blanco.

"Iratzarri naiz, indartsuagoa naiz greba eta gero. Ez nuen uste heldu naizen tokira iristeko gauza izango nintzenik. Gure egoitzara joan taldean pegatinak jartzera eta nik esaten nien erdi serio-erdi txantxetan: nik ez ditut pegatinak jarri nahi kristaletan, sorgina [zuzendaria] ateratzen bada zer? Errekalde auzoko egoitzakoak-eta etortzen ziren gurera laguntzera eta esaten zidaten: 'Aupa Marisol, zu gai zara!'. Beldurra nuen, nire buruari esaten nion: 'Zertan ari naiz? Lanpostua jokoan jarri dut!'. Nire buruari esaten nion hori, inori ez nion kontatzen. Beldurra galtzen hasi nintzen. Zenbat jende elkartzen ginen, zenbat jende hasi nintzen ezagutzen… Greba egun guztiak egiten hasi nintzen eta ekintzetan parte hartzen. Beldurrik ez duen pertsona bihurtu naiz, harro dagoena egin duenaz, eta beste greba bat balego egingo nuke berriz. Ni hazi egin naiz, ez dakit nola adierazi: zakur kakaren pare nintzen lehen. Ekintzetara joan eta harro sentitzen nintzen, bukatzen zen eta esaten nuen, “orain zergatik noa etxera?”. Greba oso ondo etorri zait, burua ireki dit gauza askotarako, jende asko ezagutu dut, arazo asko dauzkan jendea ezagutu dut, elkar lagundu dugu, izugarria izan da".

 

Begirunea ordezkari sindikalari

Aitziber Tolosa Contreras, ordezkari sindikala eta grebalaria

Argazkia: Dani Blanco.

"Ordezkari sindikal izanda asko ikasten duzu. Hasieran ez dakizu hitzarmen bat zer den ere. Ikasi ahala zuzendariarengana zoaz eta esaten diozu, 'kontuz! Nik ere badakit zertaz hitz egiten ari naizen'. Adibidez, egun libreei dagokienez, garai batean telefonoz deituko zizun arduradunak eta esango zizun: 'Gaur 23:00etan etorri lanera', eta joan egingo zinen. Orain esango diozu: 'Ez noa, nire egun librea da'. Ama gaixo zegoen eta ospitalera joateko premia izan nuen eta esango zizuten: 'Ez daukazu hainbeste egun libre hartzerik!'. Haiek saiatzen dira ahalik eta egun gehien kentzen. Zuri dagokizu esatea: 'Zelan ez? Hitzarmenak horrela jartzen du'. Beste adibide bat: medikuarengana beti egun libreetan joan behar. Baina beti ez dizu egun libreetan ematen txanda. Ordezkari sindikala izanda, asko ikasten duzu, eta haiek begirune handiagoa dizute. Adibidez, haurra izateko in vitro ernalketa prozesua egin nuen eta egun asko behar nituen. Zuzendaritzan esaten nien, 'halako egunetan ez nator', eta 'ados' erantzuten zidaten. Ordurako ordezkari sindikala nintzen, ez dute arazorik nahi gurekin".

 

Etxekoandreak borrokalari

Kontxi Rodriguez Palacios, ordezkari sindikala eta grebalaria

Argazkia: Dani Blanco.

"Indar handiz bizi izan dut greba hau. Taldean lotura oso estua eraiki da, emakumeen artean batik bat, zeren sektore feminizatua da, baina gizonak ere izan ditugu alboan. Nik feminismoa bizi dut, genero ikuspegia dut, baina adin bateko emakumeek, bestelako bizipenak izan dituztenek, bestela jokatzen zuten: manifestaziora joateko etxean otordua prest utzi behar zutela zeukaten buruan, protestara joan aurretik senar eta seme-alabentzat dena prest utzi behar zuten. Etxekoandre tipikoak ziren, etxetik kanpo lana egiten dutenak, baina etxekoandreak. Eguna joan eta eguna etorri manifestazioak, kanpaldiak, ibilaldiak, elkarretaratzeak… egin ditugu. Badakizu zer ikasi duten emakume horiek? Pertsona izaten; eta ez zaintzaile, ez alaba, ez ama, ez emazte, emakume baizik. Egin behar zutenaz kezkatu ziren. Lorpen horretaz oso pozik eta harro nago. Poliki-poliki lortu dugu, taldea indartu da, lotura sendoak josi dira emakumeen artean.
    Emakume ugarik beldur handia zuen; menpekotasuna, otzantasuna, konformismoa hitzak erabiliko nituzke haien jarrerak deskribatzeko. Horrelako greba bat egiteko adorea eta kemena behar dira. Talde-indarra hain zen sendoa, behera egiten zutenak altxatzeko beste ginen".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Indarberriturik atera dira sektore publikoko langileak, hirugarren greba egunean

Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]


2024-02-27 | ARGIA
Langile bat hil da Arrasaten; urtea hasi denetik, 17

Astelehen arratsean gertatu da ezbeharra, Arrasaten, hiru metroko sakonerara erorita.


2024-02-15 | ARGIA
Langile bat hil da Olaztiko zementu-enpresa batean

Ostegun eguerdian gertatu da ezbeharra Cementos Portland enpresan, Olaztin. Urtea hasi denetik 15 langile hil dira Euskal Herrian.

 


Hiru egunetik behin langile bat hil da Euskal Herrian, urtea hasi zenetik

Durangon 47 urteko langilea hil da asteartean eta jadanik istripuz hildako 14. behargina da aurten Euskal Herrian, LABek emandako datuen arabera. Fumbarri lantegiko teilatuan lanean ari zela erorita hil da langilea eta azpikontrataturiko enpresa batentzat ari zen. Sindikatuek... [+]


Eguneraketa berriak daude