Irregulartasunak arau

  • Ez dira auzipetuen abokatuak Kataluniako prozesu independentistaren aurkako prozesuan izandako irregulartasunak eta oinarrizko eskubideen urraketak salatzen dituzten bakarrak. Espainiako Estatuko zuzenbide-alorreko 120 unibertsitate-adituk ere salatu dituzte gertakariok manifestu baten bidez. “Matxinada eta sedizio-delituen banalizazioa” goiburukoa daraman testuan diotenez, ez zen egon fiskaltzak eta Auzitegi Gorenak deskribatutako tipo penaletan jasotako indarkeriarik, ez 2017ko irailaren 20ko gertakarietan ezta urriaren 1 eta 3koetan ere. Auziaren irregulartasunak ez dira gutxi.

Argazkia: Dani Codina / La directa
Argazkia: Dani Codina / La directa

“Oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen urraketa, urriaren 1aren ondorengo erantzun penala eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa direla eta” izenburuko txostenean Rafael Ribó arartekoak dioenez, “Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Nagusiak eskumena beren esku hartu izana trikimailu prozesal nabarmena da eta gauza objektiboa da Kataluniako Auzitegi Nagusia auziaz ez arduratzea dela trikimailu horren xede bakarra. Zuzenbide-alorreko profesionalen manifestuaren ildo berean, honela jarraitzen du: “Fiskalak eta instrukzio-epaileek deskribatutako gertakariak argudio maltzurretan oinarritzen dira eta ez datoz bat benetan gertatutakoarekin. Matxinada, sedizioa, terrorismoa, antolakunde kriminala eta tankerako delituak instruitzerakoan legezkotasun penalaren printzipioa urratzen denean zigor zentzagarriak ezartzea eta etorkizunera begira jarrera politiko jakin batzuk burutik kentzea izaten da helburua”.

Joan Queralt Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko katedradunaren iritziz, “ikuspegi juridiko eta prozesal batetik, prozesu independentistaren aurkako prozesuan disfuntzio larriak gertatu dira eta disfuntzio horiek juridikoki baliogabe eta demokratikoki zeharo bidegabe bihurtzen dute prozesu osoa”. Bere haserrea agertzen du indarkeria egon zela entzuten duenean. “Katalunian eta Espainian ederki asko dakigu matxinada bat zer den: Tejero teniente koronelarena izan zen azkena. Hura matxinada bat izan zen. Katalunian gertatu dena izan daiteke politikoki eztabaidagarria, gaitzesgarria edo txalogarria, bakoitzak bere ikuspegia dauka, baina ez da inolaz ere izan indarrean dagoen zigor-kodeko delitu bat”. Carme Herranz Col·lectiu Ronda taldeko abokatua iritzi berekoa da: “Auzitegi Gorenean laborategi juridiko bat egin dute, Frankenstein bat. Matxinadaren indarkeria espirituala da, ez fisikoa; laborategiko eraikuntza hutsa da”.

Jordi Cuixarten defentsa-taldeko kidea dugu Àlex Solà, Marina Roigekin eta Benet Salellasekin batera, eta haren esanetan “politikan esku hartzeko izan duten presaren ondorioz, alde batera utzi dituzte prozesu penaleko berme guztiak. Gorenaren beraren doktrinaren aurka eginez, Marchena epaileak berak behin eta berriro esan du ez dela oinarrizko eskubideez hitz egiteko unea. Kasu honetan dena da salbuespenezkoa. Kasu honetan etsaiaren zuzenbide prozesala ari dira aplikatzen”. Queralt katedradunak zera gehitu du: “pentsamendu ofizialetik aldendu diren buruzagi politiko baketsuen aurkako bidegabekeria luze eta larri baten atariko tristea baino ez da hau dena”.

Infografia: La Directa  Itzulpena: ARGIA

Zenbait legelarik diotenez, berariazko estrategia bat dago irregulartasun eta urraketa guztion atzean. “Euroaginduekin beste inon baino argiago ikusi da Llarenak estrategia bat zeukala eta bere erabakien edukia egokituz joan dela gertatuko zitzaiola uste zuenaren arabera. Belgikak euroagindua ez onartzeko arriskua zegoela ikusi zuenean, erretiratu egin zuen. Epaile batek ezin du estrategiarik eduki. Euroagindua formulario bat da eta Carmen Lamela epaileak ustelkeria-delituari zegokion laukia markatu zuen. Amarru bat izan zen”, nabarmentzen du Herranz abokatuak. Kautelazko neurrien kasuan ere estrategia hori bera aplikatu dute Queralt irakaslearen ustez: “Neurrigabe erabili dute behin-behineko espetxealdia, hautetsiak inhabilitatzea baitzen haien xedea, eta legeak dioenaren kontra egin dute, nahiz eta Konstituzio Auzitegiak erabakiok berretsi bere epaien aurka eginez”. Herranzek adibide honekin azaltzen digu azken puntu hori: “Argudio dinamikoa erabili dute auzipetuak espetxean mantentzeko. Aurrena esan zuten kargu publiko bat izanik delitua errepikatzeko arriskua zegoela, baina Joaquim Fornek diputatu-aktari uko egin zionean, horretaz ahaztu eta argudio hori bigarren mailan gelditu zen. Ihes egiteko arriskua besteek egin dutenaren arabera interpretatu dute, eta hori larria da, legea modu indibidualizatuan interpretatu behar baita beti, soilik auzipetuta dagoen pertsonari dagokionez”.

Ikerketak baliogabetzeko eskatzeko ahozko ikustaldian salatuko duen irregulartasunetako bat aipatu digu Solàk. “Instrukzioa delegazioz egin da. Pablo Llarena epaileak ez du ezer instruitu, 13 zenbakiko instrukzio-epaitegiaren eta Guardia Zibilaren esku utzi du instrukzioa. Horrenbestez, prozeduratik kanpo egin dira frogak, auzipetuek kontra egiteko edo esku hartzeko aukerarik gabe, eta horrek zigor-arloko printzipio guztiak urratzen ditu”. Defentsaren estrategiari dagokionez, hauxe iragarri digu: “Ez dugu kontraeraso politikoko defentsa egingo soilik, bakar bat ere ez barkatzen saiatuko gara”. Lehen neurri gisa, prozesu aurreko arazo bat aurkeztu dute Luxemburgeko Auzitegian, Europar Batasuneko herrialdeetako harmonizazio penala dela eta. Carles Puigdemonten aurkako euroagindua atzera bota zuen Schleswig-Holsteineko Auzitegiko epaiaren edukia aintzakotzat hartua izan dadila nahi dute eta espainiar auzitegien salaketa auzitan jarria izan dadila, horrela.

Benet Salellasek hauxe idatzi zuen Anna Gabrielen abokatuaren hitzaurrea eta Jordi Cuixarten hitzatzea daramatzan Jo acuso. La defensa en judicis polítics [Salatzen dut. Defentsa epaitegi politikoetan] liburuaren ondorioetan: “Epaiketa politikoak agerian uzten ditu bai Estatuaren izaera bai indarrean dagoen ordena iraunaraztea dela zuzenbidearen eginkizuna”. Eta, Cuixartekin bat etorriz, hausnarketa politiko hau mahaigaineratzen du: “Antolamendu soziala eraldatzeko borrokatzeak arriskuak dakartza beti eta onartu egin behar dira epaiketei duintasun osoz aurre eginez, Estatuaren aurkako borroka politikoan parte hartzen duena errudun delako kontzientzia politikotik. Erruduna, bai, baina ez akusazio-idazkian zehaztutako kargu eta delituengatik, bizi izanagatik eta zerbaiten alde egiteagatik baizik”.

Argazkia: Dani Codina / La directa

Irregulartasunen eta eskubide-urraketen dekalogoa

Epailea susmopean
Polemika banaketa-sistema dela eta. Erreferendumaren aurkako auzia Juan Antonio Ramírez Sunyer epaile kontserbadoreari esleitzeko metodoa ez dela argia izan salatu dute abokatutzako profesionalek.

Ikertzaile partziala
Daniel Baenak, buruzagi independentisten aurkako txostenak egiteko ardura izan duen Guardia Zibileko teniente koronelak, Twitterreko profil anonimo bat zeukan auzipetuetako batzuk, alderdi politikoak eta antolakundeak iraintzeko.

Parlamentarien ukiezintasuna
Kataluniako Estatutuko 57. artikuluak dio “Parlamentuko kideak ukiezinak direla beren ardura gauzatzen duten bitartean emandako botoei eta adierazitako iritziei dagokienez”. Hala eta guztiz ere, espetxe- eta inhabilitazio-zigorrak eskatu dituzte Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiarentzat.

Eskumeneko auzitegia
Estatutuko 57.2 a rtikuluari jarraiki, Kataluniako Auzitegi Nagusiari dagokio Kataluniako Parlamentuko kideen aurkako auziak epaitzeko eskumena. Nolanahi ere, Auzitegi Gorenak beretzat hartu zuen eskumen hori, Parlamentuak Konstituzionalaren aginpideari “bizkarra eman” ziolakoan.

Oztopoak errekurtso-eskubideari
13 zenbakiko instrukzio-epaitegiak probidentzien bidez egin ditu zenbait jardun, haien edukia kontuan hartuta jardunok interlokuzio bidez egin behar bazituen ere. Errekurtsoak aurkezteko aukera oztopatzen du horrela.

Defentsa-eskubidearen urraketa
Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zituen Jordi Cuixart eta Jordi Sànchez, fiskaltzaren salaketaren berri izan gabe. Gobernuko kideak 48 orduko aurrerapenaz deitu zituzten, defentsa prestatzeko gutxiegi.

Auzipetzea ez da irmoa
Auzipetze-interlokuzioa ez da irmoa, Toni Comíni eta Meritxell Serreti sumarioa amaitzeko interlokuzioa ez ziela jakinarazi onartu baitzuen Pablo Llarenak. Horregatik onartu zuen erreforma-errekurtsoa izapidetzea.

Matxinada indarkeriarik gabe
Matxinada- eta sedizio-deliturik egoteko indarkeriaz lagundutako altxamendua egon behar da baina, bai Schleswig-Holsteineko auzitegi alemaniarrak bai Belgikako eta Eskoziako fiskalek frogatu dutenez, ez da halakorik gertatu.

Gehiegizko behin-behineko espetxealdia
Behin-behineko inhabilitazioaren bitartez hautetsiak aldi baterako kargugabetzeko helburuz, Pablo Llarena epaileak Konstituzio Auzitegiaren beraren jurisprudentziaren aurka egin zuen.

Erreferendumak despenalizatuta
Adostu gabeko erreferendumak deitzea despenalizatuta dago, 2/2015 Legeko azalpenaren eta zioen arabera. Izaera juridiko-penal nahikorik ez duenez, ez du delitu-izaerarik.

 

Erreportaje hau La Directak argitaratu du katalanez eta Creative Commons lizentzia libreei esker euskaratu du ARGIAk. La Directak independentismoaren aurkako epaiketa dela eta 80.000 aleko egunkari monografiko bat argitaratu eta Herrialde Katalanetan doan banatu du.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kataluniako erreferenduma
Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


2022-09-14 | ARGIA
Espainiako Defentsa Ministerioa harrapatu dute Kataluniako erreferendumaren Wikipediako erreferentzia bat moldatzen

Carla Simóm zuzendariaren Alcarràs filma arrakasta izaten ari da, eta asteartean jakinarazi zen Oscar sarietarako hautagaia dela. Berria ezagutu eta gutxira, filmari izena ematen dion Kataluniako herriari buruzko Wikipedia orrian Urriaren 1ari buruzko... [+]


2022-08-31 | ARGIA
Kataluniako buruzagi independentisten eskubideak urratu zituen Espainiako Estatuak, NBEren arabera

Oriol Junqueras, Raül Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull politikarien kargugabetzeak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna urratu zuela ondorioztatu du NBEk.


2022-05-25 | ARGIA
Kataluniako presoen indultuak berrikusiko ditu Espainiako Epaitegi Gorenak

Gorenaren hirugarren aretoak iritzia aldatu du eta indultuari jarritako helegiteak aztertzea erabaki du orain. PSCk “espero du” indultatuak espetxera ez bueltatzea, eta Carme Forcadellek adierazi du “edozer gauza” espero duela Gorenetik.


Eguneraketa berriak daude