Nire larunbat horia

  • Banaka hitz egin, ez nabil estereoan!”. Flixencourteko (Frantziako iparraldean) mendebaldeko barrikadan nago azaroaren 17 honetan, jaka horiz inguratua. Eskuinetik, txofer bat larri gida-baimeneko puntuengatik: “Estresatuta bizi gara, beldurrez, hainbeste radar, 80 km-ko abiadurak, familia pila izorratuta”. Semeaz ari zait orain: “Zuzenbidea ikasten zuen, abokatu edo epailetarako, baina orain ezin diogu lagundu, ez zaigu iristen… Auchan-en ari da, a zer frakasoa”. Saiatu naiz esaten frakasoa ez dela berea, herrialdearena baizik. Saiatu besterik ez.

François Ruffin Jaka Horiekin biribilgune batean.
François Ruffin Jaka Horiekin biribilgune batean.

Ezkerretik emakume bilo zuriduna, zabor bilketan aritu da txofer, sei umeren ama, 1.013 euroko jubilazioa geratu zaio: “Ogia eta esnea janez bizi naiz, ogia eta esnea… Alaba Troyesen dago, enpresen kudeaketa ikasketetan, ikasle beka gutxitu diote baina alokairua garestitu! Nahiz eta beste horrek agindu zuen merketuko zituela. Eta nik ezin lagundu, zeroan nago, hura ikustera joate hutsa gasolina eta peajetan 100 euro…”.

Kexuen kaier ibiltari bat naiz goiz honetan, “apuntatu ezazu” esaten didate, “konta’iezu Parisen”. Saiatzen naiz. “Ezin lortuz nabil [kalefakziorako] gasoila ordaintzeko 200 euro, eta orain kaldera aldarazi nahi didate”. “Nire bizilagunak azterketa teknikoa pasatu behar izan du, oraingoa, 1.500 euroko konponketa. Kotxea ezin mugitu. Negar egiten zuen”. “Eskolan ari nintzen laguntzaile eta kurtso honetan zazpi ordu kendu dizkidate. Hilean 400 eurotan ari naiz, finkotasunik gabe, hogei urte daramatzadan arren”.
Denak inguruan pilatzen, bultzaka. “Ez pasa marra horia! Bakoitzak bere txanda, posta bulegoan bezala!”. Barre egin dute, nik ere bai. Ondo nago jendetzan blai. Hau da nire lekua, nire egin beharra, jendeon artean.

Facebookeko mezuek txokatu ninduten, hasieran. Gisa honetakoek: “17an ez kontatu nirekin! Ez fatxa horiekin”. CGT edo SUDeko burkideenak ziren. “Non ziren jaka horiok lanaren legearen kontrako manifestazioen garaian? Jubilatuen aldekoetan, soldaten aldekoetan… non? Gasoila ote da inporta duen bakarra”. Ai, ai, ai… ezkerreko esnobismo usain hori, herririk gabe herriak baino gehiago jakite hori…

Ni, nire metodoarekin: lehenik jakin. Entzun. Begiratu. Ulertu, saiatu behintzat. Epaitu baino lehen, oholtzatik edo estudio itxitik. Azken hogei urteotan saiatzen gara ez entzuten, ez begiratzen, horko Frantzia horri, periferiakoari, agintetik eta hedabideetatik urrun dagoen horri, sistematikoki deskalifikatuz: “astapotroa”, “arrazista”, “populista”. Orain, gainera, “anti-ecolo”.
Eta zer entzun eta ikusi dut nik diputatu naizen eremuko zazpi barrikadak bisitatuz? Hona nire oharrak.

08:00 Amiens-iparreko bidegurutzea

Oraindik ilun dago. Biribilgunea blokeatzeko motoek ere balio dute. Niretik jaitsita, presaka, adin puska bateko biri galdetu diet: “Zergatik zaudete hemen?”. “Flessellestik gatoz”. “Bai, baina zergatik?”. “A, ez da gasoilagatik bakarrik. Nazka orokor bat da”. Horra egun osoan entzun beharko dudan esamoldea [C’est un ras-le-bol général].

09:00 Flixecourt

Barrikadara iritsi naizenean, Laguna, Scenic edo holako auto handi bat ahalegindu da pasatzen, 76 matrikuladuna (Seine-Maritime). Jaka hori batek kapot gainera jauz eginda parabrisa zartatu dio. Nahiko ondo jantzitako gizon gaztea irten eta ausardiaz: “Partea egin behar dugu”. “Bazenekien ezin zela pasa! Aski huen gaur ez irtetea”. “Niri bost”. “Diruak dauzkak hik”. “Ikasketak egitea aski zenuten!”. Berotu ditu bazterrak honekin.

Beste inkesta hartaz akordatu naiz. Nor dago mugimenduaren alde? Obrero eta langileetan %78. Goi karguetan %44. Europako itunaz 2005ean egindako erreferendumean izandako baietz eta ezetzetan bezalatsu.

10:00 Abbeville

Lehenbiziko biribilgunean, irteeran, kamionetan jarrita daukate musika ozen, kantu patriotekin: ezer gaiztorik ez baina garbi Front National girokoak. Besteetan baino motzago moztuta daramatzate hemen ileak, hau da harrera beroa egin ez didaten leku bakarra.

Emakume bat: “Hau da nire bizitzan manifestaziora irten naizen lehenbiziko aldia, 62 urterekin. Duela 15 urte artean iristen zitzaidan ezintasuneko pentsioarekin. Baina orain, ezinean nabil”.

Gizon bat: “Ni ere gustora mugituko nintzateke hemendik lan bila, baina ezin, hogeita hamar kilometrotara nago, joan-jina 60 km. Eta gainera Smica kobratzeko [gutxieneko soldata], 1.200 euro, ez da lotsagarria?”.

Emakume bat: “Nire bikotekideak autoa aldatu nahi du, bankuak ez dio ematen hilean 1.000 irabazten duelako. Aldiz, Cofidisekoak, horiek bai daude ados. Zer ari zaizkigu? Obreroari ez diotela dirua utzi nahi %2an baina %20an bai?”.

Nolan, 24 urte, aita familiakoa: “Lagunduzko kontratuan ari nintzen, ikastetxe batean, eta gauetik goizera eten didate. Gobernua omen da, esan didate, ez duela nahi. Sutan jarri nau, abandonatu nautelako, eta hamabi gaude horrela, hamabi gazte, formazio handirik gabekoak, eskola ez zen niretzako, eta itsuan sinesten nuen Errepublikan… Ofizio hori, maite nuen… Eta orain, indar barik utzi naute, prekarizatuta, galduta. Edo bestela dauzkazu lagunak, delinkuentzia hortxe dago”.

(François Ruffin kazetari eta ezkerreko parlamentarioak Gard eta Herault –Frantziako hegoaldean– departamenduko Jaka Horien artean ere egin ditu bisitak, France-3 Occitanie telebistaren bideo honek erakusten duenez)

11:00 Flixecourt

Bazter guztietan, ahaztu baitut esatea, “Macron, démission!” pankartak edo txalekoetan ‘izorra’i’ markatzen duen hatza daude. Hori daukate denek, gasoilarena baino gehiago.

“Guri, lan egin nahi izatekotan, bost urteko esperientzia eskatzen digute. Haiek, haiek bizi beharko lukete bost urtez Etouvien [Amienseko auzune txiro bat] apartamendu txiki batean, Smica kobratuz eta turnoka lan egin ministro izan baino lehen…”
“Macronek, hauteskundeen lehen itzulia irabazi zuenean, luxuzko jatetxean ospatzera zihoala semaforo gorri guztiak saltatu zituen. Eta artean ez zen lehendakari…”. “Edouard Philipe, Le Havretik bueltan, 180an zihoan autopistan”. “Baina zenbat ministrok daukate auto elektriko bat?”.

Bi alditan hasi zaizkit etorkinez. “Calaisen ordaindu egiten diete baimena, jubilatu bati entzun diot”. “Hori ez da egia”, zuzendu diot. “Elkarte bateko ordezkari batek esan dit”. Esan diot: “Miserian bizi den jendea da, eta zure barruan ondo dakizu. Kontua ez da txiroak elkarren kontra borrokan aritzea. Ez dira horiek milaka milioi kostatzen zaizkigunak. Goikoei begira iezaiezu”.

13:00 Camon

Hemengo barrikada daukate Daours herriko Roquette patata frijitu lantokikoek: “Neuk abiarazi dut –esan dit gazte bixar gutxiko galtza gorridun batek– nik berotu ditut lankideak. Kontua ez da gasolinagatik bakarrik, batez ere gure soldatengatik da".
Oso sinbolikoa iruditzen zait: greba egiteko ordez, gatazka soziala lantoki barruan, gatazka atera dute asfalto gainera.
Bistakoa denez, denetik dago mugimendu honetan. Ez da purutasun iraultzailea. Zertan bilakatuko da bihar?

Baina kontua da gaur, dagoenekoz gaur hori existitu dela eta nik sekula ez nuen usteko diputatu izanik horrelako egun bat ikusi behar nuenik, hurbileko abentura hau, motoz korrituz Somme departamenduko errepide hustuetan barrena (ez beti 80 km orduko), hango muino, udazkeneko kolore, urrez margotutako zuhaitz…

Menturaz horixe izan da barrikadetako jendea ere motibatu duena: zerbait gerta dadila, azkenean, Frantzia lokartu honetan.

(Jatorrizko artikulua frantsesez François Ruffinen blogean: "Mon samedi jaune")


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jaka Horien mugimendua
Aldo Rubert. Hitzak eta ekintzak
"Klase popularrak ez daude desmobilizaziora kondenatuta"

Frantziako Jaka Horien mugimenduari buruzko tesia egiten ari da Aldo Rubert soziologoa: klase popularren politizazio heterogeneoa ulertzea interesatzen zaio, herritarrek politikarekiko daukaten harremana ezin baita murriztu hauteskunde-garaian gertatzen den –edo gertatzen... [+]


2021-11-17 | ARGIA
Jaka horien ekintza batek auto pilaketak eragin ditu AP-8 errepidean

Hiru urte dira jaka horiek lehen protestak egin zituztela. Urtemugarekin loturan ekintza egin du hogei pertsona inguruko taldeak Biriatuko pasabidean, auto ilarak sortuz.


Éric Vuillard
"Beti hartu behar da serio bere ideiengatik hiltzen den norbait"

Herria eliteen aurka. Edo beharbada errealitate konplexuagoa, historiaren barrunbeetan sartzen zarenean. Horrela islatzen dute Éric Vuillarden liburuek. 2017an Frantziako letren saririk handiena, Goncourt saria jaso zuen L’Ordre du jour liburuarengatik.


2020-06-16 | Mikel Eizagirre
Parisko poliziaburuaren aurkako barne-kritikak zabaldu dira

CRS eta jendarmeen barne-oharretan kritikatua izan da Didier Lallement buruzagiaren gestioa. Bere praktikak “legalki zalantzagarriak eta politikoki kaltegarriak” direla diote.


Eguneraketa berriak daude