Jaka horiak dira lehenbiziko masa-mugimendu sozial ekologista

  • Jaka horiak azaldu direnean, beste militante askok bezala erreakzionatu dut automatismoz. Metropolietatik begiratuta, bazterren batetik ateratako jende hauek kotxearen zibilizazioa defenditzen zuten, Le Penek sostengatzen zituen, derrigor izan behar zuten arrazista, sexista eta homofoboak. Biribilgune, peaje eta komertzialguneetako parkinetan biltzen zirenok, zergen kontrako antzinako matxinaden tradizioan, ezin zuten zer ikusirik eduki nik XX. mendeko askapen mugimenduen gramatikarekin ikasitako aldaketa sozialarekin. Jende “zuriok” [petits blancs] hain ziren Trumpen jarraitzaileen antzekoak ezen eta erabat urruneko egiten baitzitzaizkidan.


2019ko otsailaren 03an

Alabaina, militante ekologista gazteekin hitz egiten hasita, ohartu nintzen okerreko bidetik nindoala, jokatuz beste burgesok –zehazki eskuin zein ezkerreko idazle horiek– bezala, matxinoak karikaturizatuz mozkor koadrila batzuen pareko…
Piztu zitzaidan mugimendu sozial harrigarri hau jarraitu eta ikertzeko nahia, baina baita ere laguntzeko eta bere baitan inplikatzekoa. Berresten baitzuen 2017ko hauteskundeetako olatu degagista [dégage: zoaz pikutara] baina baita 2016an El Khomri legearen kontrako mugimendua, batik bat Nuit Debout esperientziarekin eta plazen okupazioekin.

Eta jaka horien artean zera ikusten nuen edozein biribilgune, parking edo peajetan… ezer gabe dauden jendeen haserrea, ikusezinena,  hitz batez, matxinada bat era gordin baina efikazean adierazia. “Aski” esaten zuten, urte luzez bultzaka amildegiraino eraman dituelako etekin ekonomikoetan oinarritu eta beraien bizkar eraikitako sistema ase ezin batek, luzaz ez ikusia egin edo zaborra bailiran tratatu dituztelako ugazabek, bankariek, politikariek eta gobernuko burokratek, agintean egon diren partidu guztietakoek.

Jendeok matxinatzen ziren aldarrikatuz kendu zaien herri subirautza. Mugimendu honek  ikusgarri eta entzungarri bihurtzen zuen globalizazioaren galtzaileen Frantzia, langile txiroena, B eta C kategorietako funtzionarioena, erizainena, zainketa langileena, jubilatuena, familia monoparentaletako amena, zorretan itotako nagusi txikiena, autonomoena, txofer uberizatuena, prekarioena, langabeena…

Baina bitartekaritza orori ezetz esan eta hitza beraiek hartuz, zakurren ipurdiko biribilguneetan bezala telebistetako platoetan, eta beren buruak organizatu eta politizatuz betiko organizazioetatik aparte, matxino berriok uko egin zioten ezarria zitzaien biktima papera jokatzeari, inork agintzeari uko eginda bihurtuz beren eta ondorioz gure etorkizunaren aktore politiko saihestezinak.
Ia gertatu ezinezkoa zen gertakizun honen jatorria kontatu beharra zegoen, interpretazioetatik harago, jakin gabe 2018ko abenduaren ostean zertan bukatuko duen. Horregatik idatzi dut liburu bat matxinadaren lehenbiziko hilabeteetako agiri eta testuak bilduz. Urgentziazkoa zitzaidan idaztea, erakustea jaka horiak direla lehenbiziko masa mugimendu sozial ekologista. Frantzia haserretu honek mahaigaineratzen ditu ekologia politikoaren gai funtsezkoenak: garraioekiko menpekotasuna, hirigintzaren mailakatzea bere gentrifikazioakin txiroenak hiriguneetatik kanporatuz, energia-prekariotasuna, aberastasunen banaketako berdintasun eza. Produkzioa bera jartzen du auzitan, ondasunen zirkulazioari eta kontsumoari erasoz. Ohartu barik, kontsumismoaren ideologia jarri du krisian, hein batean blokeatuz azaro amaieran Black Friday eta Eguberrien bezperan zentro komertzialak.

Txirotutako lurraldeetan sustraitu diren jaka horiek uko egiten diote bizimodu zaildu horri, eta aldarrikatzen dituztenean ekonomiaren eta jardueren ber-hurbiltzea [relocalisation], zirkuitu laburrak, hurbilekotasuna… auzitan jartzen dute metropolizatzearen eta gentrifikazioaren logika. “Herrian lana, herrian bizi” [Vivre et travailler au pays] aldarrikatzen dute 70eko hamarkadako erregionalistek eta ekologistek bezala. Jaka horiak superbibentzia ekologikozko mugimendu bat dira, kapitalismoak ezarri nahi duen joeraren kontra, kanporatzearen kontra: lur lapurrek espultsatzea baserritarrak, deslokalizazioengatik espultsatzea obreroak, beren etxebizitzetatik espultsatzea maizterrak edo etxe jabe txikiak beren zorrak ordaintzeko gai ez direlako, herri txiki eta ertainetatik biztanleak espultsatzea zerbitzurik eta komertzio txikirik gabe lagata, lurraldeetatik multinazionalek baliabide naturalak eta lehen gaiak espultsatzea…

Baina mugimendu hau bere funtzionatzeko eran ere sozial ekologista da. Subjektu autonomo bat sortzea, bitartekari guztiez (alderdi, sindikatu, elkarte) mesfidatu eta bere beharren araberako agenda propio bat ezartzea, funtsean komunalista da lekuan eraginez eta globalean pentsatuz. Mugimenduaren autonomia, auto-eraketarako tresna digitalen erabilera masiboa, bozeramaile hautatu eta zehatzik ez edukitzea, ekintzen dinamika aurreikusi ezina… gogorarazten digute Murray Bookchinek teorizatutako munizipalismo libertarioa eta ekologia soziala. Oroitarazten dute ZADetako antolaketa. Biribilguneetan bizi den anaitasun eta ahizpatasun giro hori, elkarri laguntze hori, elkarri ‘gu’ izatearen aitortzak ematen duen poz hori, zeinetan emakumeen rola oinarrizkoa den… ikasgai hori ez da etorkizunean galduko, edozer gertatzen dela ere.

Ekologia politikoarentzako jaka horiak aukera bat dira. Behartzen gaituzte eten bat egitera logika mainstream nagi batekiko, urrats txikien eta hazkunde berdearen eko-zuriketarekiko. Posible da bestelako ekologia bat, herrikoia. Hitzordua jarri digu Commercy herrian, Bure [zabortegi nuklear baten kontrako ZAD famatuaren herria] inguruan, zeinetako jaka horiek deitu baitute urtarrilaren 26 eta 27rako batzarren Batzarra.

(Patrick Farbiaz militante ekologista eta altermundialistaren jatorrizko analisia frantsesez argitaratu da Reporterre hedabidean: "Les Gilets jaunes sont le premier mouvement social écologiste de masse" )


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jaka Horien mugimendua
Aldo Rubert. Hitzak eta ekintzak
"Klase popularrak ez daude desmobilizaziora kondenatuta"

Frantziako Jaka Horien mugimenduari buruzko tesia egiten ari da Aldo Rubert soziologoa: klase popularren politizazio heterogeneoa ulertzea interesatzen zaio, herritarrek politikarekiko daukaten harremana ezin baita murriztu hauteskunde-garaian gertatzen den –edo gertatzen... [+]


2021-11-17 | ARGIA
Jaka horien ekintza batek auto pilaketak eragin ditu AP-8 errepidean

Hiru urte dira jaka horiek lehen protestak egin zituztela. Urtemugarekin loturan ekintza egin du hogei pertsona inguruko taldeak Biriatuko pasabidean, auto ilarak sortuz.


Éric Vuillard
"Beti hartu behar da serio bere ideiengatik hiltzen den norbait"

Herria eliteen aurka. Edo beharbada errealitate konplexuagoa, historiaren barrunbeetan sartzen zarenean. Horrela islatzen dute Éric Vuillarden liburuek. 2017an Frantziako letren saririk handiena, Goncourt saria jaso zuen L’Ordre du jour liburuarengatik.


2020-06-16 | Mikel Eizagirre
Parisko poliziaburuaren aurkako barne-kritikak zabaldu dira

CRS eta jendarmeen barne-oharretan kritikatua izan da Didier Lallement buruzagiaren gestioa. Bere praktikak “legalki zalantzagarriak eta politikoki kaltegarriak” direla diote.


Eguneraketa berriak daude