Manifestazioek, grebek eta langile mobilizazioek ez dutela ezertarako balio pentsatzen dute ezkorrenek, eta horregatik ez dira kalera ateratzen. Baina beste behin, errealitateak kontraesanean jarri ditu eta ez lukete besoak gurutzatuta geratu behar, besteak protestan ari diren bitartean.
Jaka horidunen mobilizazioek Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan Emmanuel Macron Frantziako presidentea mugiarazi dute. “Eztabaida nazionala” deitu du joan den astean. Zergatik eztabaida? Gobernuak ez duelako jaka horidunen eskaerei erantzuteko soluzio eta gaitasunik.
Ez da nahikoa izan hidrokarburoei jarritako tasa bertan behera uztea, ezta herritarrek eros ahalmena berreskuratzeko neurriak hartu izana ere, hasierako mobilizazioak horri lotuta egon ziren arren. Haserrealdi sozialak aurrera egin du eta joan den astean 100.000 jaka horidun atera dira kalera beste behin. Macronek dio haserre hori “irtenbide” bihurtu nahi duela, eta horretarako zabaldu omen du eztabaida: fiskalitatea eta gastu publikoa, zerbitzu publikoak, trantsizio ekologikoa, demokrazia eta herritartasuna… Mugimendu horrekin erantzun “komestikoa” eman dezake protestak desaktibatzeko, baina oker dabil horrela. Jaka horidunen antolaketa anitza da eta haserretuta egoten jarraitzen dute, besteak beste, ez delako berrezarri fortunen gaineko zerga.
Euskal pentsiodunak, Huerta de Peraltako grebalariak, eskola kontzertatuetako irakasleak, La Navaleko langileak, eta kalera irten diren sektore guztiak: jaka horidunak erresistentzia eta eraginkortasun eredu dituzue. Bat eginez eta mobilizatuta, helburuak lortzen dira.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.