Extinction Rebellion: itxaropenik ezean, matxinatu

  • 2018ko urriaren 17an Extinction Rebellion mugimendu berriak bere burua aurkeztu zuen publikoki Londresen, Greenpeace elkarte ekologistaren egoitza nagusian sartuta eserialdia eginez: “Greenpeaceko kideak animatu nahi ditugu desobedientzia zibil masiboetan parte har dezaten, munduari datorkion katastrofea saihesteko geratzen zaigun alternatiba bakarra hau delako”. Eta hilabete beranduagorako deitu zuten matxinada eguna.

EKINTZA ZUZENA. XR-ko ekintzailea Londresko Ingurumen ministerioaren ekoitzan pintaketagatik atxilotuta. (Argazkia: @ExtinctionR
EKINTZA ZUZENA. XR-ko ekintzailea Londresko Ingurumen ministerioaren ekoitzan pintaketagatik atxilotuta. (Argazkia: @ExtinctionR

Euskaldunontzako ere balio luke Corinne Morel Darleux Parti de Gauche frantseseko hautetsiak idatzi berri duenak: “Sarriagotan erreparatu beharko genioke beste lekuetan gertatzen denari. Frantzian klimaren alde Oraindik garaiz gaude lelopean manifestatzen ginen bitartean, Ingalaterran blokeoak antolatzen ari ziren Ez daukagu denbora gehiago oihukatuz. Egin litezke hor alderaketa interesgarriak Alemaniako ikatz meategiari egindako blokeoarekin, Pauen petrolio ekoizleen gailurrean antolatutakoarekin edo baita ere Alternatibak Frantzian aldarrikatzen duen borroka ez-bortitzarekin ere. Baina oraingoz Frantzian gutxi aipatu da internazionalizatze asmoz Ingalaterran sortutako mugimendu horretaz”.

XR sinadura dagoenekoz zabaldu da Britainia Handiko gatazka askotako ekintzetan: X desagerpenarena (extinction), R matxinadarena (rebellion). Logoa Xrekin jokatuz erraz marrazten den hondar-erloju bat, hondamendia saihestekotan erreakzionatzeko denbora agortzen ari dela iradokitzen duena.

Mugimenduaren webgunean sortzaileetakoa den Gail Bradbrookek aurkezten ditu klimaren berotzearen azken ebidentzia zientifikoak eta azaltzen nola ari diren gertatzen izotz poloen urtea, albedoaren galera, faxismoa berriz itzultzeko arriskua eta oligarkiak darabiltzan mekanismoak hondamendiak kolpatuko gaituen gainerako  mundutarrongandik urruntzeko. Horregatik, dio, premiazkoa da norabidea aldatzea, teknikoki eta ekonomikoki posible da, politikariek ez dute ezer egiten eta, ondorioz, indar harreman berri bat antolatu eta gauzak geure esku hartu behar ditugu.

Baina indar harreman politiko batez ari da XR, klimaren aldeko kanpaina sentimentalak alde batera utzita, Greta Thunbergek dioen moduan: “Ezingo dugu Lurra salbatu haien arauekin jokatuz, arauak aldatu beharra dago. Gaur egun ez dago klimaren hondamendia saihesteko beharrezko politikarik. Sistema aldatu beharra daukagu, krisian gaude eta. Eta berehala hasi behar dugu. Gerra baletorkigu bezala gainera”.

Urriaren 31n eserialdia egin zuten Erresuma Batuko legebiltzarraren atarian, aldarrikatzeko Londresko gobernuaren kontrako matxinada (Declaration of Rebellion). Ekitaldian mintzatu zen Greta Thunberg 15 urteko neska suediarra, bere gobernuak klimaren arazoan ezer egiten ez duelako eskola-greban dagoena. «Badirudi gertatzen denaren datuek ez dutela inporta gaur egun, politikariek ez diete zientzialariei entzuten. Hori horrela bada, zergatik ikasi behar dut? Jende helduari bost axola bazaio gure etorkizuna, orduan niri ere bai”.

Ekitaldian poliziak 15 protestalari atxilotu zituen autoen zirkulazioa oztopatzeagatik. Ondorengo bi asteetan 60 gehiago arrestatu zituzten, XRk antolatutako desobedientziazko ekintzetan parte hartzeagatik: kale mozketak, Ingurumen Ministerioarena eta beste zenbait egoitza ofizialen hormetan pintaketak egiteagatik, lehen ministroa bizi den Downing Streeteko sarreran beren buruak kateatzeagatik...

Azaroaren 17an milaka lagunek hartu zuten parte Rebellion Day borroka egunean. Londresko bost zubi nagusiak blokatu zituzten ordu luzez, trafiko butxaketa handia eraginez. The Guardianek biharamunean esan zuen hura izan zela “Erresuma Batuan azken hamarkadetan  izandako  desobedientzia zibil baketsuzko ekintza handienetakoa”. Egun batzuk geroago hainbat kale gurutze blokatu zituzten Londresen eta Oxford, Cambridge eta beste zenbait hiritan antzeko protestak zabaldu ziren.
Extinction Rebellionek hiru eskakizun egiten ditu. Bat, gobernuek konta diezaietela herritarrei krisi ekologikoaren egia. Bi, mundu mailako mobilizazio bat antolatzea, II. Mundu Gerrakoa adinakoa, karbono isuri netoak 2025erako 0-raino murrizteko, erabaki politiko lotesleak hartuz eta gaurko kontsumo mailak murriztuz. Hiru, aldaketak gainbegiratuko dituzten Herritarren Batzarrak antolatzea.

Horiek lortzeko bidean, XRk bere misiotzat hartu du populazioaren %3,5 mobilizatzea, borroka tresna baketsuen bidez eta modu deszentralizatuan funtzionatuz. Nola? Daniel Macmillen Voskoboynikek Red Pepper-en azaldu duenez “XRek lortu nahi du mugimenduaren eskalada izugarri bat, masa mobilizazioa, desobedientzia zibilak eta atxiloketak kateatuz. XRn parte hartzen duen Rupert Read filosofoak dioen moduan, ‘epe luzerako gure helburua da sortzea egoera bat non Gobernuak ezingo dion ezikusia egin klimaren hondamendia saihestu nahi duen jendetza gero eta handiagoari’.  (...) Teoria honen oinarrian dago mugimendu historikoetan ‘masa atxiloketek’ jokatu duten papera eta Erica Chenoweth politologoak ‘%3,5aren Legea’ deitzen duena: historian zehar mugimenduek populazioaren portzentaje horren parte-hartze aktibo eta jarraia behar izan dutela diktadurak eraisteko”.

Ehuneko zehatzak gora behera, Corinne Morelek uste du XRk mezu berria dakarrela honetan, militante ezkertiar eta ekologistek masen bila behin eta berriro aritzean jasaten duten akiduraren sendagarri: “Ez dagoela zertan milioika jende bildu beharrik. Eskarietan, manifestazioetan eta beste lehenetsi den kopuruen kulturaren ordez, XRk erabili nahi ditu ekintza ez derrigorrez masiboak baina bai ‘disruptiboak’, hau da, aztoratzaileak eta subertsiboak, bortizkeria kaltegarririk gabekoak. Haientzat, gose greba bat hasteak edo espetxera joateko prest egoteak erakusten dute zenbateraino den serioa gai bat eta bere burua arriskuan jartze horrek begirunea eragiten du, jendea iratzartzea. Azken finean, ideia da ‘zenbat eta larriagoa izan gaia, orduan eta gutxiago behar dela ekintzaileak ugariak izatea’”.

Antza denez, XRk aurreratu du dagoenekoz 500 pertsona badaudela espetxera joateko prest estrategia honetan. Kanpotik mugimenduari begiratzen dionari galderak sortarazten dizkio: ez al da esajeratzen sakrifikatzearen ideia, erromantizismo iraultzaile kutsu handiegikoa, edo are jende pribilegiodunek baizik egin ezin dutena? Bikotekide gabeko amak, errefuxiatuak, langileetan prekarioenak... ezingo dira sartu horrelakoetan. “Hain zuzen horrexegatik –erantzuten du– Morelek: aukera hori daukatenek egon behar dute lehen lerroan. Baina ez pentsa horientzako ere erraza denik. Horregatik ari dira prestaketa lanetan, bai bilkura fisikoetan, web bidezko eztabaidetan, bideoak jarri dituzte Youtuben...”.

Extinction Rebellionekin bat egin duen Kate Marvel klimatologoak esan du: “Sarritan eskatzen didate eman ditzadala itxaropenerako arrazoiak. Jendeak entzun nahi du azkenean dena ondo amaituko dela. Baina nik ezin dut horrelakorik esan. Itxaropenaren kontrakoa ez da etsipena, pena da. Guk adorea behar dugu, ez itxaropena. Adorea da ondo egitea erabakitzea, seguru eduki gabe dena ondo bukatuko dela”. Agian horrexegatik ipini du XRk honakoa bere esloganen artean: “Hope dies, action begins“. Itxaropena hil, ekintza hasi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


2024-04-12 | ARGIA
Espainiako Estatuan karbono dioxido gehien isurtzen duten hamar enpresen artean: Repsol, Iberdrola eta ArcelorMittal

2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.


Lehen aldia da klima larrialdiaren harira estatu bat zigortzen duela Europako Giza Eskubideen Auzitegiak

Suitza zigortu du Estrasburgok, estatu horrek bideraturiko klima politikak adindunen eta oro har herritarren osasun eskubidea zangopilatzen duelakoan. Ebazpena txalotu dute talde eta norbanako ekologistek eta diotenaz, ondorioak izanen ditu gainontzeko estatuengan ere, besteak... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


Eguneraketa berriak daude