Sakanako liburutegia naturaren aterpe


2018ko abenduaren 14an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Inguratzen gaituen eremu naturala sakanarrentzat aterpe den moduan, liburutegiak ere badira aterpe: adin eta kultura ezberdineko pertsonen aterpeak dira”. Elena Aristorena Adrian Altsasuko liburutegiko liburuzainak eman digu azaroan zehar eskualdean abian izan duten kanpainaren berri: Sakanako liburutegiak, aterpe naturalak. Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarearekin elkarlanean antolatu dute egitaraua eskualdeko zazpi liburutegik. Helburua? Inguruko animalia, landare, mendi nahiz basoei liburutegietako ateak zabaltzea.

Herriko aberastasunari balioa ematen

“Herri bakoitzak badu bere berezitasuna Sakanan, naturari dagokionez. Hor daude, esaterako, Urdiaingo ehun urtetik gorako haritzak, Olaztiko pagadi zabalak, Altsasuko anfibio bereziak edota Arbizuko basoak…”. Herri bakoitzak dituen aberastasun horiek balioan jarri eta haurrekin lantzeko tailerrak antolatu dituzte liburuzainek. Besteak beste. Irurtzungo Lur Geroa basogintza enpresak eman ditu tailerrak herriz herri.

Haurrentzako ez ezik, helduentzako ekimenak ere izan dira. Zonaldeko sendabelarren inguruko tailerra egin dute Altsasun Laura Gurbiondorekin, eta Ziordian ukenduak nola egin ikasi dute Aintzane Ostelatzak emandako tailerrean.

Natura eta artea bat eginik

Liburutegiek antolatutako ekimena izanik, literaturaren txokoa ezin falta. Naturarekin lotutako hainbat libururen gainean topaketa literarioak izan dituzte Altsasun eta Olaztin: Juan Goñiren Los bosques que llevo dentro eta Ion Berasategiren Everest. Porque esta ahí aurkeztu zituzten bi liburutegi horietan. Ikus-entzunezkoek ere izan dute tokia: azaroaren 21ean Aralar, mundua leku den lurra dokumentala eman dute Arbizun.

Herritarrek emandako erantzunarekin orokorrean pozik dago Altsasuko liburuzaina: “Jendeak eskertzen du liburutegiek gauza kulturalak ere antolatzea, eta ez izatea soilik etorri, ikasi eta liburuak hartzeko tokiak. Liburutegiek erreferentzia izan behar dute, trukerako eta ekitaldiak antolatzeko guneak”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.