"Payadorea beti izan da ahotsik ez daukanaren ahotsa"

  • Nazioarteko Inprobisatzaileen Biran, atzerriko bi inprobisatzaile izan ditugu urriaren 9tik 14ra: Tomasita Quiala (Kuba, Arroyón de Flores, 1961) repentista beteranoa da, Kubako ezagunenetako bat, eta Euskal Herrira hirugarren aldiz etorri da. Itsua da jaio zenetik, eta parean duenari eztena nola sartu berehala asmatzen du. Araceli Argüello (Pozo del Molle, 1995), berriz, payadoreen belaunaldi berriko ordezkaria da. Matea edateko ontzia lagun etorri da Euskal Herrira, lehenengo bider.


2018ko azaroaren 04an

Arraro egin zaizue euskarazko bertsolariekin kantuan aritzea?

TOMASITA QUIALA: Niretzat ez da hainbesteko ezustea izan, hirugarren bisita dut Euskal Herrira, 1988an eta 1998an ere egon nintzen. Azken aldi hartan, Maialen Lujanbio neskato bat baino ez zen, nik banekien goi mailako bertsolaria izatera helduko zela, pozten naiz ez nenbilelako oker. Polita da bertsolariekin kantatzea, gainera, oraingoan, Araceli ere izan dugu ondoan. Denok dugu helburu bat: Maitasuna eman eta jasotzea.

ARACELI ARGÜELLO: Ni lehenengoz etorri naiz Europara. Nire ibilbidea aberastu du honek, lehen burutik ere ez zitzaidan pasako euskaldunekin kantatzea, baina esperientzia bikaina izan da. Tomasitarekin ere inoiz kantatu gabea nintzen, hortaz, nire amets guztiak une berean bete zaizkit. Publikoak harritu nau, bertsolariei izugarrizko errespetua die.

Argentinan eta Kuban, gitarra lagun inprobisatzen duzue. Badago hor aldea bertsolaritzarekin.

T. QUIALA: Adierazteko modua desberdina da, baina ez da arazoa, gustura aritzen gara bertsolariekin. Payadoreak, repentistak eta bertsolariak medikuen gisakoak gara, beti ikasten ari gara, inprobisatzaileok garatzen joan behar dugu belaunaldi bakoitzean, elkarrengandik ikasiz. Nik beti esaten dut inprobisatzaileok arimaren medikuak garela.

Payadoreek eta repentistek hizkuntza partekatzen duzue, espainola. Horrek erraztu egiten ditu zuen arteko trukeak?

A. ARGÜELLO: Bertsolariak entzunda harritu nauen gauza bat da, haiek melodia asko dituztela buruan gordeta, ez dutelako musika tresnen laguntzarik erabiltzen. Payadoreak, aldiz, musikari eta inprobisatzaile gara aldi berean. Hor badago desberdintasun bat kubatarrekin, haiek kantatu egiten dute eta gitarra jotzeko lagun bat izaten dute. Hizkuntzaz gain, metrika partekatzen dugu, dezima, baina guk milonga doinua erabiltzen dugu eta haiek puntu kubatarra. Bakoitzaren geografiarekin lotuta dago: Argentinako panpa zabalaren gisakoa da milonga, Kubaren epeltasuna du puntuak.

Nola hasi zinen puntu kubatarrean inprobisatzen, Tomasita?

T. QUIALA: 22 urte bete baino hilabete bi lehenago hasi nintzen, kasualitatez. Kaletik nindoala, repentista bat entzun nuen beste bat iraintzen. Artean lo zegoen nire poeta sena, baina esnatu egin zen eta iraindutako repentistaren alde inprobisatzen hasi nintzen han bertan. Hurrengo astean leku beretik pasa nintzenean, guatekea antolatua zuten niretzat, Peña Campesinako zuzendariak nirekin abestu nahi zuen. 35 urte geroago hemen nago.

Inprobisatzaile profesionala zara Kuban, nolakoa da zure egunerokoa?

T. QUIALA: Hau da nire ogibidea orain dela 32 urtetik. Repentistak, batez ere, arituaz ikasten du: Repentisten eskola oholtza da. Horretarako, komeni da ondoan duzun repentista zure mailakoa izatea. Nik esaten dut repentismoa altxor baten modukoa dela, baina ezkutuan gordetzea ez du merezi. Alegia, altxor hori munduari erakutsi behar diogu, denek izan dezaten distira hori jasotzeko aukera. Bere artea mundu guztiarekin partekatzera heltzen den inprobisatzailea, horixe izango da arrakastatsuena.

Repentisten eskolara ez zinen joan?

T. QUIALA: Gaur egun, badaude repentisten eskolak. Baina eskola horietan ikasten dutena agertokian ikasi behar izan nuen nik, egunean-egunean joaten nintzen ikusten zer zegoen ondo eta zer ez. Eskolak garrantzitsuak dira puntu kubatarra zabaltzeko, baina zehaztapen bat egin nahi dut: Repentista ez da egiten, jaio egiten da. Eskolei esker, berezko talentu horiek goizago deskubritzen dira, eta txikitatik landu daitezke, ondoren repentista bikainak izan ditzagun.

Araceli, zuk txikitatik izan duzu inprobisaziorako joera, ezta?

A. ARGÜELLO: Argentinan, zaldien inguruko lanbideekin lotuta dago payadoreen tradizioa, nire aitona, aita eta neba zaldunak ziren. Haiek ikustean, nik aurrez prestatutako bertsoak botatzen nizkien, betidanik izan dut payadore izateko gogoa. Bost urterekin galdetzen ziguten nagusitan zer izan nahi genuen eta denek izan nahi zuten mediku eta halakoak. Nik esaten nuen payadore izango nintzela, nire erreferentea Marta Suint zen. Pixkanaka, milongak kantatzen eta gitarra jotzen hasi nintzen. Nire probintzian ez zegoenez payadore askorik, autodidakta naiz.

Landa giroari eta mundu tradizionalari lotutako tradizioak dira payada eta puntu kubatarra. Hiritartzera jo dute azken urteetan?

T. QUIALA: Puntu kubatarra hirietara zabaldu da, jakina. Hala ere, egia da landa girotik datorren tradizioa dela, guajiroaren bizimoduarekin lotua. Baina eskoletan zein antzokietan errespetatu, zaindu eta landu egiten dute, Kubako gizartearen geruza guztietara heltzen da. Orain repentistentzako eskolak daude, ideia hori Kuban sortu genuen eta, ondoren, beste inprobisazio batzuetara zabaldu da.

A. ARGÜELLO: Payada hasi zenean, landa giroari lotua zegoen, baina hirietan ere bazegoen. Adibidez, Gabino Ezeiza Alderdi Erradikalaren aldeko payadorea zen. Payadorea beti izan da ahotsik ez daukanaren ahotsa: Argentinako historian gautxoak beti baztertutako figurak izan direnez, payadorea beti egon da haien alde, eta horregatik, gautxoen eta payadoreen kulturak elkarri oso lotuta daude, horrek landa eremura eraman du inprobisazioa. Dena den, azken urteotan, hirietara migratzeko joera dago, baina gautxoen tradizio eta balioak ahaztu gabe. Hiritartzeak formakuntza hobea ekarri du, payadoreen artea mailarik gorenera eramateko.

Kuban, inprobisazioak lekua du telebistan.

T. QUIALA: Telebista nazionalean repentismoa ematen duten saioak ditugu, Palmas y cañas oso ezaguna da, igandero arratsaldeko zazpietan audientziaren zati handi bat bereganatzen du. Gainera, orain zorioneko gara Kuban, UNESCOk Gizateriaren Ondare Inmaterial izendatu baitu puntu kubatarra. Lorpen handi horri esker, urte luzez jardun garenoi indarra eman digu inprobisazioa biziberritzeko, eta belaunaldi berriei bultzada emango die, tradizio hau hiltzen utz ez dezaten.

Mundu akademikora ere heltzen ari da inprobisazioa. Ahozkotasuna ikertzen duzu zuk, Araceli.

A. ARGÜELLO: Hizkuntza eta Literatura ikasten ari naiz unibertsitatean. Hala ere, oraindik unibertsitatean ez da irakasten payada ikasgai gisa. Eskoletan bai, Kordobako probintzian aitzindari izan gara inprobisazioa ikasgeletara eramaten, ikasleek ikus dezaten payada ez dela gautxo zaharren kontu bat, bizi-bizirik dagoen tradizioa dela. Guk ere badugu telesaio bat Argentinan, Alma gaucha, horren barruan 10-15 minutu eskaintzen dizkiete payadoreei. Horri esker, jendeak payadoreen aurpegiak ezagutzen ditu.

Gazteak erakartzeko ahaleginak eman du fruiturik?

A. ARGÜELLO: Gehiago sustatzea falta zaigu, gazteei kosta egiten zaie. Argentina oso zabala da eta ez da erraza payadore izan nahi dutenak elkartzea. Batez ere, neska gazteak erakartzea zail egiten ari zaigu. Inprobisazioa ikasteko eskolak sistema araututik kanpo ematen dira oraindik, lanean ari gara hezkuntza arautuan payada sartzeko.

Herrialde bateko eta besteko inprobisatzaileen arteko trukeek elkarrengandik ikasteko aukera ematen dute. Ohikoa da payadore eta repentistek beste inprobisatzaile batzuekin kantatzea?

T. QUIALA: Nik halako askotan hartu dut parte. Dezima Mexikon, Txilen, Panaman... lantzen dute, Puerto Ricon oso onak dira. Inprobisaziorako ohiturak munduaren zati handia hartzen du, baina den-denok jai bakar baten inguruan batzea falta zaigu.

A. ARGÜELLO: Nik Tomasitak baino bidaia gutxiago egin ditut atzerrira. Argentina bera oso handia da, eta leku batetik bestera joatea bada nahikoa bidaia. Aurten, El Charquito [Río de la Plata] zeharkatu dut, Uruguain kantatzeko, esperientzia ederra. Beste payadore batzuek gehiago bidaiatu dute, Trobadoreen Astera adibidez, topaketa ugari antolatzen direlako.

Emakumeek inprobisatzen dute Kuban? Gizartearen aurriritziak gainditu behar izan dituzue?

T. QUIALA: Ni hasi nintzenean, orain dela 35 urte, emakume repentistak erretiratzeko zeuden, zaharrak zirelako. Baina urte hauetan hasi diren neska gazteak kalitate harrigarriko inprobisatzaile bihurtu direla nabaritu dut. Orain dela bi urte, Yunet López Euskal Herrian izan zen, repentismoaren erreferentea da bera Kuban.

Hala ere, ez zenuen hasiera erraza izan.

T. QUIALA: Kontuan izan ni emakume gaztea nintzela, eta itsua. Kubako sisteman berdintasunaren auzia aurreratuta zegoen orduan, baina, hala ere, gizon repentista batzuentzat arraroa izan zen ni han agertzea, neure lekua egiteko borrokatu nintzen.

Argentinan ere, emakume payadoreek gizonek baino traba gehiago dituzue?

A. ARGÜELLO: Hara, Argentinan, emakumea bazara arlo guztietan borrokatu behar zara gehiago. Gure kasuan, Marta Suint, Susana Repetto, Mariela Acevedo... izan dira aitzindariak, payadaren profesionalak dira. Kuban topaketa asko egiten direnez, emakume askok profesional izateko aukera dute, baina, Argentinan, ez dago topaketak egiteko hainbeste ohiturarik. Gurean, ruedo edo plaza da garrantzitsuena, eta hor emakumeek botere eskasa dute oraindik, gizonen giroa da. Ni neu familia tradizional batean jaio nintzen eta bidea nekez ireki nuen, hasieran plazan ibiltzen nintzelako, ez antzokietan. Nortasun sendoa dudanez, ekin eta ekin, tokia egin nuen.

Gogoetarik egon da inprobisazioa erreferente guztiz maskulinoetatik aldentzeko, gaietan, formatuetan eta abar?

A. ARGÜELLO: Kontzientziazioan sakondu behar dugu, gizartea esnatu egin behar da. Hori konpromiso unibertsala da, bertsolariek, repentistek eta payadoreek elkarrekin lan egin behar dute.

T. QUIALA: Ni hasi nintzenean, mundu guztiak esaten zidan beste repentistei ‘eraso’ egiteko, edo ‘azpiratzeko’, agertoki batean egon beharrean, boxeo ring-ean edo oilarren borroka batean egongo bagina legez. Zorionez, hor garapen bat egon da, guk geuk ere ahalegin handia egin dugu. Gu eredu gara, publikoak gugandik ikasten du, eta Kubako publikoari erakutsi diogu lehiatzeko beste modu bat. Repentismoa ez da bestearen gainetik norberaren iritzia inposatzea, arrazoi sendoak ematen jakitea baizik.

BAT-BATEAN

Puntu kubatarraren geroaz, Tomasita Quiala:

Pienso que el punto cubano
Patrimonio Inmaterial
De la Humanidad total
tiene futuro en su mano.
Que cada niño y anciano
haga su verso latir
que se deje revivir
en Cuba la tradición
pues será nuestra misión
el no dejarlo morir.


[Itzulpen gordina: Gizateriaren Ondare Inmateriala den puntu kubatarrak bere esku du etorkizuna. Haur eta zahar bakoitzak biziberritu dezala bere bertsoa, denon misioa baita hiltzen ez uztea. ]

Payadaren geroaz, Araceli Argüello:

Tenemos los referentes
con un cantar tan profundo
caminadores del mundo
siempre siempre, pues, de frente
traen el verso latente.
Con esto yo te aseguro
que el porvenir yo le auguro
a la eterna juventud
con guitarra o con laúd
en la juventud está seguro.


[Itzulpen gordina: Erreferenteak baditugu, munduko ibiltariak diren horiek, bertsoa beti aurrez aurre ekarri dutenak. Gaztediarekin payadaren geroa bermatuta dago. ]


ASTEKARIA
2018ko azaroaren 04a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ahozko inprobisazioa
2024-04-09 | Bertsozale.eus
Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan, Eskoriatzan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hastera doa: 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute.


2024-04-08 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak


Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


Eguneraketa berriak daude