Jarraitik Ernai eta Aitzinara 40 urte

  • Ameriketako ipar-mendebaldeko jatorrizko herrien arteko zeremonia bat kontatu zuen Eduardo Galeanok. Erretreta hartzera doan eltzegileak, bere maisu lana ematen dio ofizioa ikasten ari den gazteari. Eta eltzegile gazteak ez du ontzi perfektu hori begiratzeko eta miresteko gordetzen; aitzitik, lurraren kontra lehertzen du, mila puskatxotan hautsi, puskatxoak jaso eta bat egiten ditu bere buztinarekin.

Gazte mugimenduko eragileetan ibilitako 1.000 lagun inguru bildu ziren Leitzan 'Bulkada berrien garaia da' kanpaina bultzatzeko. (Argazkia: Ernai eta Aitzina)
Gazte mugimenduko eragileetan ibilitako 1.000 lagun inguru bildu ziren Leitzan 'Bulkada berrien garaia da' kanpaina bultzatzeko. (Argazkia: Ernai eta Aitzina)

Jarrai gazte antolakundea sortu zenetik 40 urte betetzera doazela aitzakia hartuta, Ernaik Bulkada berrien garaia da dinamika abiatu du joan den irailaren 16ean Leitzan batuz Jarrai, Gazteriak, Haika, Segi eta Ernaiko 1.000 kide eta kide ohi.

Galeanoren metafora ibili dute Gazte memoriaren eltzea deituko den liburu-artefaktoa sortzeko ere. Gazteriari dagokion gisa, liburua tresna bihurtzeko sortu da, eta azaroan aurkeztearekin batera, herriz herri arituko dira lantzen. Gainera, auzo eta herri bakoitzerako izen bereko liburu zuri bat banatu dute “herri bakoitzak bere memoria idatzi dezan”, Aitor Orobio bozeramailearen hitzetan.

Honela diote liburuan: “Memoria ezin da dekretu bidez ezarri. Memoria egin egiten da, eta egite edo eraikitze hori ardura partekatua izango da. Ispilu baten aurrean jartzen ditu norbanakoa berdin kolektiboa”.

Belaunaldi ezberdinen lekukotasunak jasotzeko garaian garaiko dokumentu, barne zein kanpo aldizkariez, afixez, zein pegatinez gain, hainbat talde elkarrizketa antolatu dituzte, garaiko kideekin. “Liburuaren protagonista izateko, ez da soilik idatzi dutenak, izan ere norbanakoen bizipenek osatzen dute gazte antolakundearen historia”.

Irati Sienra aritu da liburua osatzeko lantaldean, eta beste arrazoi bat gehitu du: “Ilegalizazio garaiko dokumentu eta eztabaida gehienak berreskuratu ezinak dira. Historiaren zati hori berreskuratzeko beharrezkoa zen protagonistekin batzea”.

Memoria ariketa hau egitea beharrezkoa izan da, etengabe moztu delako belaunaldi berriekiko transmisioa. Orobiok argi du: “Egindakoaz ikasi nahi dugu eta egin dena eguneratu”. Horregatik elkarrizketa guztietan egungo gaiak eta eztabaidak ukitzen saiatu dira; bereziki militantzia ereduak eta feminismoa eta emakumeen parte hartzea antolakunde mistoetan.

Sienrak egindako elkarrizketetatik azpimarratzen du denentzat izan dela gazte antolakundea bizitza eta nortasuna eraikitzerako orduan ezinbesteko zutabe bat: “Inoiz ez naiz berriz ere horrelako zerbaiten parte sentitu”, “inoiz ez dut berriro horrenbeste gogorekin eztabaidatu”...

Gazte antolakundeak Euskal Herriko historia liburuetan agertzen ez den zati garrantzitsu bat izan dira. 4.000 kide izatera heldu da Haika sortzeko Amaiur prozesuan kasu, eta egun 1.000 kide inguru dituzte Ernai eta Aitzinak, sindikatuen ostean, antolakunde politiko handienetako bat Euskal Herrian.

Eltzekadaz eltzekada egin da heldu gazte antolakundea. Urteetako esperientzia eta jakintza ez dute museo batean gorde nahi, aurrera begira jarriko dute. Orobiok Leitzan esandako hitzetan: “Etorkizunaren nostalgikoak gara”.  

Irati Sienra liburua idazteko lantaldeko kidea da. (Dani Blanco)

Irati Sienra Zengotitabengoa (Bilbo, 1990) gazte antolakunde ezberdinetan urte luzez militatzen aritu ostean, Ipar-Hegoa Fundazioan ari da egun lanean. Azaroan kaleratuko duten “Gazte memoriaren eltzea” liburua egiteko lantaldean aritu da azken hilabeteotan. Azken zirriborroa eskuetan, gazte antolakundeen ibilbideari begiratu diogu.

Iraun nahi badu, ezein subjektu politikok bere balioak eta jokabideak transmititu behar dizkie belaunaldi berriei. Zein da gazte antolakundeak 40 urteko ibilbidean utzi dituen balio eta kultura garrantzitsuenak?

Balio nagusia beste eredu baten aldeko borrokaren aldeko konpromisoa izan da, Ezker Abertzalean. Gazte antolakundea izan da Ezker Abertzalearen proiektu politikoarekiko lotura bermatu duena belaunaldiz belaunaldi. Gazte antolakundeak militante konprometituak hezi ditu, baina ez soilik gazte garairako, baizik eta eragile ezberdinetan bizitza osoan militatuko duten pertsonak.

Beste balio batzuei dagokionez, gazte militantziak ere ekarri du langileak izatea, gauza ezberdinetan aritzeko gaitasuna garatzea, beldurrak gainditzea –honek emakumeen kasuan pisu berezia zuen–, kurrikulum ezkutu bat eskaini die kide gehienei. Inposatutako balioen aurrean, kolektiboan lan egitea, elkartasuna, besteen beharrizanekiko kezka, dinamizatzen ikastea, betaurrekoak aldatzeko aukerak...

Jarraik 1994ko Maiatzaren Lehenera deituz eginiko kartela.

Gazte problematikak gazte antolakundean izan duen pisuaz ere hitz egin daiteke. Jarrai hasieran gatazka politikoan parte hartzeko modua baino ez zen. Baina gai hau zentralitatea hartzen joan zen V eta VI. biltzarretan jorratutako bizi baldintzen eztabaidarekin. Haikan gazte mugimenduaren zerbitzura jartzeko plan oso bat garatu zen, baina moztu egin zen errepresioarengatik, Segin izan zen bezala.

Eltzekadatan banatu duzue liburua. Lehen eltzekada Jarrairi buruzkoa da. Jarrairen soldaduskaren jarrera eta intsumisioaren borroka izan dira historiara gehien pasa diren pasarteak.

“A la mili con los milis” izan zen lelo bat, bai, baina soldaduskara ez zuten ezta Jarraikoek ere joan nahi. Hasierako eztabaidak hartu ditugu eta argi eta garbi ateratzen da leku guztietan Jarrai soldaduskaren kontra zegoela.

Momentu batean diskurtsoa aldatu egin zen, KAS Alternatibarekin talka egiten zuelako. Ordea ez da ulertu behar gazte eta helduen arteko talka bezala, Jarrai mugimendu osoago baten parte zela eta horren hobe beharrez egiten ari zirela uste zuten. Erdibideko bidea hartu zuten orduan “soldaduska honi ez” adieraziz, eta nahiko indar jarri zen. Gazteriaren gehiengoa oso kontra zegoenez, ez zen oso ondo ulertzen eta ez zen bat egiten.

Intsumisioaren aldeko borroka agertu zenean, soldaduskaren kontrako diskurtso berri bat hasi zen: ez zen pazifismoan oinarritzen, eskubideetan baizik. 1990eko hamarkadaren hasieran Jarraik eztabaida luzeen ostean bere egiten ditu aldarrikapen hauek eta bere diskurtso propioa sortzen du: Borroka armatua herri baten autodeterminazio eskubiderako tresna zilegi zela baina horrek ez zuela esan nahi armada erregular eta profesional baten beharra zegoenik, hori inposaketarako tresna baitzen.

“A la mili con los milis” izan zen lelo bat, bai, baina soldaduskara ez zuten ezta Jarraikoek ere joan nahi.

MOC eta Kakitzatek traba piloa jarri zituztela kontatzen du liburuan Maitane Intxaurragak, Jarraik protagonismoa kenduko zielakoan. Baina egia da salto kualitatibo bat eman zuela borrokak, borroka hori bera eraldatuz. Hartu zuen indarraren erakusle, adibidez, Europan barrena intsumiso martxa egin zuten.

Militantzia eredua saiatu zarete erdigunean jartzen. Jarraitik adibidez, antolakundearen irudi gogorra gailendu da, koadro ikuspegia. Zer du egiatik eta zer mitotik? Nola joan da aldatzen?

Egungo eztabaida garrantzitsua delako saiatu gara liburuan asko hitz egiten militantzia ereduen gainean: nola ulertu den 24 orduko militantzia, adibidez. Jarraiko parte hartzaile askok iraganean egindako berrikuspenekin ezeroso sentitzen dira, iruditzen zaielako elementu batzuk soilik kontuan hartuta oso zorrozki epaitua izan dela. Egia dela Jarrain konpromisoaren ulerkera oso zurruna zela –estrategia ere halakoa zelako–. Baina baita ere antolakundeak inposatutako zerbait bezala ikusi izan da, eta militante guztiek esaten zuten eurak zirela euren buruei ardura hori jartzen ziotenak. Oso azaletik kritikatu izan da, eta beraiek harrotasunetik aldarrikatzen dute.

Jarraik intsumiso izateagatik espetxeratu zuten Txomin Unzuagaren alde eginiko kartela.

V. Kongresuan gertatu zen gazte antolakundearen kultura politikoaren aldaketa nagusia: “Gazte mugimendua dagoen lekuan dinamizatu, eta ez dagoenean sortu”. Ikuspegi historikotik nabarmena da aldaketa eta Ezker Abertzalean jokatu zuten aitzindaritza papera.

Garaiko denek aipatzen dute harrotasunez. Izan ere, Jarrairen IV. Kongresua drama bat izan zen, erabat gainbeheran baitzegoen, eta izan ziren Ezker Abertzalean HB Gazteak sortu behar zela ziotenak ere –oraindik amorruz gogoratzen dute–.

Gazte problematika erdigunean jarriz, beste Jarrai baten sorrera planteatzen zen, beste jardun bat eta beste borroka ildoak. Kongresuaren egunean bertan jakin zuten lortu zutela anitzagoa zen antolakunde bat, koadrila bakoitzaren ezberdintasunak ikusita.

ETBk etengabe kilimak bilatzen zizkien Jarraiko kideei, eta hauek eskaintzen zitzaien mikrofono hori aprobetxatzen zuten. Ezker Abertzalea goibel zegoen garai batean, Jarraik ikusgarritasun handia lortu zuen.

Nazio Eraikuntza estrategia erdigunean jarri zuen, bi urte beranduago Ezker Abertzale osoak egin bezala Txinaurri prozesuan. Hala ere, ez da kontsideratzen Jarrai izan zenik horren aitzindaria...  

Hainbat mugimenduren kartel eta pegatinak.

Haikaren sorrerak Euskal Herriko lehen erakunde politiko zibil nazionala ekarri zuen. Baina talka ugari izan ziren bidean. Nolakoa izan zen prozesua?

Haikaren sorrera hausnarketa oso logiko bezala ikusi izan da, baina errealitatea polita baina gatazkatsua izan zen –maitasun istorio gisa gogoratzen dute–. Gazteriak eta Jarrai 1995 urtetik aurrera hainbat ekimen batera antolatzen hasi ziren. Baina oso kultura militante ezberdinetik zetozen: Jarrai zen “presak eta ekimen handi ikusgarriak”. Eta Iparraldean giharra erakusteko gaitasun faltagatik edo, prozesuari askoz ere garrantzi handiagoa ematen zioten.

Gazte Abialdiaren aurretik, sarekada zurrumurru bat zabaldu zen eta Jarrairen zuzendaritzak muga pasa zuen hilabete batzuez bertan bizitzeko. Hor hasi ziren benetan ulertzen errealitateak ezberdinak zirela, eta balioan jartzen Iparraldeko lan eredua. Hegoaldeko onena eta Iparraldeko onena batuko zituen antolakunde berri bat sortzeko prozesua izan zen Haikarena. Militantzia berri bat zuen helburu: ez bakarrik naziotasuna.

Hegoaldean bereziki zuzendaritzan nabaritu zen prozesua, baina Ipar Euskal Herrian militantzia gutxiago izatean, egiturak txikiagoak izatean, modu irekiago batean bizi zen eta denek jaso zuten. Haika sortu zenean izandako sarekadak ordea, ikasitakoa moztu zuen, eta zaila izan zen garapena ematea. Prozesua ederra izan zela gogoratzen dute baina oso pertsonala.

Jarrairen 1990ko kartel bat.

Segiren bizitza kartzelarena, torturarena eta ilegalizazioarena da. Erakunde zibil klandestino batean bizitzearen hainbat anekdota biltzen dituzue. Lehen aldiz irakurri ahal izan ditut nik horrelakoak. Ilegalizazioan Segik izan du bere bilakaera, teorizazioan eta praktikan. Nola bizi izan dute hau garaiko kideek?

Hasieran ez genion errepresioari erdigunea eman nahi, baina azkenean erakundearen bizitza izan da, pertsonen egunerokoa zeharkatu du eta ondorio nabarmenak izan ditu.

Ahotsa.info-k edo Topatuk izugarrizko lana egin dute torturak edo kartzela esperientziak biltzen. Horiek jasotzeaz gain klandestinitatea landu nahi izan dugu: nola joan garen segurtasunaren ideiatik hainbat portaera gure egunerokotasunean normalizatzen eta geroz eta ilunagoak bihurtzen. Adibidez, inori ezer ez kontatzea –”Mobida bat egin behar dut”–, inoiz ez azaldu zer edo norekin egon zaren, teknologiak bizitzatik kanpo uzteaz, militantziaz ezer ez kontatzea -kontatu zitekeena eta ez-, eta beraz, oso opakoa bihurtu zen dena.

Antolatu genuen saioan parte hartu zuten kideek ez zuten inoiz gaiaz hitz egin eta badago behar hori. Belaunaldi oso baten errealitatea baita. Errepresioa jasan ez duten kideena ere bai. Torturatu ez duten kidearengan torturak duen eraginaz ez da hitz egiten, baina badauka. Ondorio hauek noizbait landu eta erreparatu beharko dira. Ez bada hitz egiten ez da sendatzen.

Esan bezala nahi genuen errepresioaz baino gehiago hitz egin, oso antolakunde garrantzitsua izan delako Segi. Egoerarik zailenean ere ez du amore eman eta beti saiatu da gazte mugimendua berpizten. Azkeneko momentura arte “beste tresna bat behar dugu honek ez baitu balio” esaten duen arte, inoiz ere ez dio sortzeari uzten.

Sarrionandia aipatzen duzue, ikuspegi kritikoa mantentzeko distantzia hartzeko beharraz. Ba al dago nahikoa bosgarren eltzekada honetaz hitz egiteko? Zeintzuk izan daitezke, gure historia ez ofizialera igaroko diren pasarteak?

Ernaiz hitz egiteko goizegi da. Zintzotasunez hitz egiteko eta eman dituen emaitzak baloratzeko. Segiren azken urteetan estrategia aldaketan duen paperaz bezala.

Garai hauetan, teknologia berrien ondorioz edo, gauza asko ari dira gertatzen, batzuk mamizkoak eta batzuk ez, denbora eta distantzia behar da ikusteko.

"Askeguneek pisu handia hartu dute, gu bereziki markatu gaituztelako, baina goizegi da esateko benetako bide bat izan duten Euskal Herriko, eta are, antolakundearen bizitzan"

Edonola ere niretzat Ernai da, gazte antolakunde guztien sintesi bat. Saiatu da behintzat batzen, eztabaida eta praktika mota guztiak. Baina esan bezala ezin da baloratu. Adibidez Askeguneek pisu handia hartu dute, gu bereziki markatu gaituztelako, baina goizegi da esateko benetako bide bat izan duten Euskal Herriko, eta are, antolakundearen bizitzan.

Ernai izan da feminismoari garrantzi handiena eman dion gazte antolakundea. Nola bizi izan da aldaketa hau, aurreko eltzekadekin alderatuta?

Argi dago Ernain feminismoarekin jauzia erraldoia eman dela, aurrekoekin alderatuta. Jarraiko lehen emakumeek kontatzen dute ez zirela feministak kontsideratzen, emakumeen arloan lan egin arren. Egizanen disolbatzean Jarraiko emakumeak inplikatzen hasiko dira eta hor aldaketa nabarmenak gertatuko dira.

Ezker Abertzaleak martxan jarritako prozesu feministan Segik konpromiso handia hartzen du, tamalez, errepresioak berriz ere mozten du. Segiri dagokionean aitortzen ez den lan bat dago, berak sortzen baititu baldintzak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazte mugimendua
Zestoako gaztetxea husteko agindua eman du epaileak

Eraikinetik ateratzeko agindua eman diete Zestoako Gazte Asanbladako kideei, eta prozesuaren gastuak ordaintzera zigortu dituzte. Gaztetxearen defentsan mobilizatzera deitu dute igandean, otsailak 4, Zestoako plazatik.

 


Bi gazte epaitu dituzte asteazkenean Zestoako gaztetxearen okupazioagatik

Zestoako Elizondo eraikina gaztetxe berri gisa okupatu zuen Gazte Asanbladak. Eraikina Elizaren jabetzakoa da, eta gotzaindegiak gaztetxearen aurkako prozedura abian du. Protesta ekintzak nagusitu dira azken asteetan, igandean Zestoako elizan, esaterako. Zestoako Udalak adierazi... [+]


2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


Eguneraketa berriak daude