Migratzaile gaztetxeroak

Donostiako Txantxarrekan gazteen arteko harremanak estutu dira. Argazkia: Dani Blanco.
Donostiako Txantxarrekan gazteen arteko harremanak estutu dira. Argazkia: Dani Blanco.

Irailaz geroztik Donostiara ez da migratzaileen autobusik iristen eta Zorroagako harrera zentroa hutsik dagoen bitarten, hamalau pertsonak gaztetxean egiten dute lo. Izan ere, Donostiako herritarrek eta hainbat eragiletako kideek Hiritarren Harrera Sarea sortu zuten. Hasieran Aralarrek utzitako lokalean moldatu ziren baina egun gutxira Txantxarrekako gazteekin jarri ziren harremanetan, gaztetxea pertsona desplazatuen “gune segurua” bilakatu zedin. Gazteek baiezkoa eman zuten eta abuztuaren 10ean hasi ziren migratzaileak jasotzen.

Proiektuaren helburua gizarteari instituzioen pasibitatea erakustea da, egoera salatzea eta presioa egitea, udalak eta Gurutze Gorriak baliabide gehiago jarri ditzaten. Gaztetxea pasoko gune bilakatu nahi dute eta ez pertsona desplazatuen etxe. Oraingoz bi fasetan banatu dute proiektua: lehena, harrera egin eta migratzaileak beraien helmugetara bideratzea eta bigarrena Donostian geratzen direnak bideratzea errolda eskuratzeko. Proiektua hiru taldek atera dute aurrera: Hiritarren Harrera Sareko kideak, Txantxarrekako gazteak eta gaztetxean ibiltzen ez diren bolondresak.

Gaztetxeko kideek hasieratik azaldu zuten harrera gune bilakatuko zela gaztetxea baina ez zela hotela izango; pertsona desplazatuek kudeatuko zuten, txandak antolatuz garbiketarako edo sukaldatzeko, beti ere bolondresen laguntzarekin. Orain arazoak dituzte zaintza txandak betetzeko eta herritarrak animatu nahi dituzte parte hartzera. Zaintzaz gain, beste lantalde hauek ere martxan dira: Komunikazio taldea, Azpiegitura taldea, Janari taldea eta Itzulpengintza taldea.

Gaztetxean aldaketa nabaritu da. Lehen ibiltzen zen jendea asko oraindik ez da agertu gaztetxera; aldiz, ibiltzen ez zen jende asko gerturatu da. Hala ere, gazteek beraien ekimenekin jarraitu dute: pertsona desplazatuak etorri zirenetik kontzertu bat, pelikula proiekzioa eta Donostiako Piraten ekimen bat egin dituzte bertan. Gainera desplazatuekin hainbat ekimen egin dituzte: pilotan jolastu, Aste Nagusian suak ikustera joan, gaztetxearen baratzea elkarrekin landu, euskara erakutsi iritsi berriei eta hauek frantsesa gazteei, igeriketa ikastaroak, Antigua-Luberriko futbol taldearekin entrenatu, Dokan egindako elkartasun kontzertuan parte hartu, EPAn klaseak jaso...

Gaztetxearen eraikina Donostiako udaletxearena da eta lau urterako kontzesioa sinatzear daude. Baiezkoa badutela adierazi dute eta horrelako proiektuek gaztetxeari indarra ematen diola uste dute.

Auzoa eta hiria ondo erantzuten ari dela uste dute gaztetxeko kideek: Bretxako arrain-saltzaileek, adibidez, larunbatero igotzen dute arraina gaztetxera eta Oiartzungo kooperatiba batek barazkiak eramaten ditu. “Familia txiki bat” garatu dutela dio gazte asanbladako kideetako batek eta batzuk desplazatuekin harremana egiten ari direla aitortu du.

Dagoeneko hamazazpi pertsona bizi izan dira gaztetxean eta 500 ohe baino gehiago eskaini dira (pertsona askok errepikatu dute). Orain hamalau pertsonak egiten dute bizitza gaztetxean. Hasieran pasoko eraikina zena orain batzuentzat hilabetez etxea bilakatu da. Adin guztietako pertsonak egon dira bizitzen gaztetxean baina bi izan dira protagonista nagusiak: Sara (lau urte) eta Malik (urte eta erdi). Marie Mar-ek (33 urte, bi ume hauen ama) kontatu du bidaiaren hasiera nahiko erraza izan zela, Boli Kostatik Marokora hegazkinez egin baitzuten. Marokoz galdetuta, elkarrizketako une gogorrena etorri da. “Oso zaila” izan zela baino ez du esan eta negarrez hasi da. Inguruko pertsona desplazatuek Marokoko bideo bat erakutsi digute: ihesean datozenak basoetan bizi dira eta poliziak atzemanez gero 1.000 kilometro atzera eginarazten diete, bata besteari lotuta. Ohikoa bilakatzen ari da atzera-bidaia horretan pertsona desplazatuak autobuseko leihoa puskatzea eta autobusa martxan dela salto egitea. Bideoan bi pertsona ikusten dira lurrean, martxan salto egin ostean, kamioi batek harrapatuta. Anbulantzia ikusten da baina ez du ezer egiten lurrean dauden bi kideak laguntzeko. Malik eta Sara ere Marokoko basoetan bizitzen egon ziren bere amarekin itsasontzia hartzeko zain. Lo zeudela itsasoratu zituzten bi txikiak. Ama gaizki jarri zen itsas bidaian eta botaka egiten hasi zen. Sara esnatu eta egoera ikusita “hil egingo gara! Hil egingo gara!” oihuka hasi zen. Malik txikiari malkoak isurtzen zitzaizkion baina ez zuen txintik esan. Amak dio Malik “traumatizatu” egin zela momentu horretan. Espainiako kostara gerturatzean Guardia Zibilak ez zien sartzen utzi nahi, Gurutze Gorria etortzean erreskatatu zituzten. Cadizen lurrartu zuten eta handik Madrilera jo zuten. Madrilen harrera familia batekin pasa zuten egun bat eta Bilbora bidaiatu zuten estazioan lo egin ostean. Bilbon ere autobus estazioan lo egitekoak ziren baina afrikar batek Gurutze Gorrira eraman zituen. Ondoren Bilbotik Donostiara joan ziren eta Ategorrietako harrera etxean zegozkien egunak igaro ostean, Txantxarreka Gaztetxean bukatu zuten. Mariek euskal jendearentzako hitz onak baino ez ditu, “harrera handiko” pertsonatzat gaitu euskaldunak, baita errespetu handikotzat ere. Umeak pozik eta pixka bat aztoratuta ere egon direla dio, hainbeste jenderen arretarekin. Euskal Herrian geratzeko intentziorik ez duen arren, Eusko Jaurlaritzak protokoloa aktibatu eta Gasteizera eraman zituen hirurak. Gasteizera bideratu izana Hiritarren Harrera Sareak egindako lana eta protesten lorpena izan zen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herritarren Harrera Sareak
2024-04-10 | ARGIA
Migratzaileei laguntzeagatik gutxienez 117 pertsona auzitara eraman dituzte Europan 2023an

Pertsona migratzaileak laguntzea kriminalizatzen duten politikak nagusi dira Europar Batasunean, eta hori egiteagatik auzitara eraman dituzten pertsonen kopuruak errekor berria ezarri du 2023an: gutxienez 117.


La Sirena aterpetxea irekitzeko eskatu du Donostiako Harrera Sareak

Donostian 300 pertsona baino gehiago daude aterpetxerik gabe. Harrera Sareak adierazi du “inhumanoa” dela La Sirena itxita mantentzea, eta “are gogorragoa” egungo tenperatura baxuekin.


2023-06-07 | ARGIA
Migratzaileak atxilotzeagatik jai-egunak, Espainiako Poliziak Irunen martxan jarri nahi izan duen neurria

Migratzaileak atxilotzea saritzen duen neurria onartu zuen atzo Espainiako Poliziaren Irungo taldeak: asteburuan migratzaile bat atxilotzeagatik, hiru jai-egun; bi migratzaile edo gehiago atxilotzeagatik, lau jai-egun; eta hamar atxilotutik gora, bost. Poliziaren sindikatuak... [+]


2022-12-21 | ARGIA
Atxondoko Harrera Herriak okupatu egin du Axpeko etxea

2018tik aurtengo urrira arte migratzaileei harrera egin eta aterpea emateko erabiltzen zen Axpeko aterpetxea, baina Atxondoko Udalak kanporatu egin zituen, eraikinaren egoera ez zela segurua eta ikuskaritza pasa beharra zegoela argudiatuz. Bi hilabetetik gora kalean bizitzen... [+]


Zazpi migratzailek Atxondoko udaletxeko arkupetan egiten dute lo, aterpetxea itxi dietelako

Migratzaileei harrera egiteko prestatuta dagoen Atxondoko aterpetxea erabiltzea galarazi die Udalak, eta non lo egin ez dutela, joan den astetik Atxondoko udaletxeko aterpetxean pasatzen dute gaua zazpi lagunek. Udalaren utzikeria salatu dute.


Eguneraketa berriak daude