Ezagutzeko eta ekiteko

Mari-mutil handi baten bluesa. Leslie Feinberg. Itzultzailea: Fermin Zabaltza. Argitaratzailea: Katakrak, 2018
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Leslie Feinbergen Stone butch blues (1993) aurtengo maiatzetik dugu eskuragarri euskaraz Fermin Zabaltza itzultzaileari eta Katakrak argitaletxeari esker Mari-mutil handi baten bluesa titulupean. Jess Golberg fikziozko pertsonaiaren bizitza da liburu honetan deskubrituko duguna. Lesbiana (stone) butch edo mari-mutil (handi)a izandakoak lesbiana trans* edo emazte-gizon izanez bere gorputzean etxean sentitzea lortuko du.

Stone butch (edo mari-mutil handia) definitzeko J. Halberstam-en Female masculinity (1998) liburuan hurrengoa topatu dugu: sexu eta genero sistema binarioak kolokan jartzen dituen genero queer bat da (maskulinitate femeninoaren adierazpena eta subjektibitate transgeneroaren arteko gorputz lesbianoa; inposatutako feminitate anatomikoaren ukoa egiten duena bere maitaleei sexualki ukitzerik ez utziz).

1970eko feminista lesbianoek 1950eko eta 1960ko hamarkadetako butch-femme rolak arbuiatu zituzten heteropatriarkatuaren kopia zirelakoan. Hortaz, maskulinitate femeninoa lesbianen komunitatean debekatzeak butch batzuk lesbiana izaerarekin ez identifikatzera eraman eta transgenero kategoriara hurbil ditzake. Bidegurutze horretan topatzen dugu Jess. Itxura gogorra duen kide atsegina da. Mari-mutil izateko modu asko daudela esaten du, eta bera ez emakume eta ez gizon dela, mugak eta binarismoak gaindituz.

Kanta tristea da bertan duguna (bluesa): lesbiana maskulinoen bizipen latzak eta zenbait zapalketa eta borrokaren testigantza (hainbat intersekzionalitate izango dugu pertsonaietan). Ingurukoengandik biolentzia eta jazarpena jasango ditu, lesbofobia eta transfobia batez ere, eta desberdin/konplexu sentitzearen ondoriozko beldurra eta lotsa.

Askapen mugimendu batzuen hastapenak ezagutuko ditugu (Stonewall-en ingurukoak eta lehen sindikatuak AEBetan). Eta komunitatearen eta elkarlanaren beharra azpimarratuko ditu, bai LGTBQ mugimenduan, bai langileen borrokan.

Zapalketen aurkako nobela dela esan zuen 2003an (lesbianak, transak, langileak, beltzak, prostitutak dira pertsonaia nagusiak). Eta euskarazko bertsioaren hasieran hurrengoa dio: “Zapalkuntza, erresistentzia eta harrotasuna bizi duen norbaiten ahotsa da”. Oso liburu gomendagarria ezagutzeko eta ekiteko gogoa pizteko.


Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!