Oier Guillan: "Arrakasta jendearekin komunikazioa lortzea da, horretarako egiten dugu lan"

  • Donostiako Larratxo auzoa, 1975. Oreretako Mikelazulo kultur elkarteko eta Metrokoadroka kolektiboko kidea. Kazetari, idazle eta antzerkigilea. Zauri Bolodia saioa (Txalaparta) eskuetan mintzatu gara, antzerkiaz bereziki: “Guk egiten dugun teatro motak bestelako irakurketa eskaintzen duelakoan nago. Liburuko Jota lagunak dioenez, ‘edonork dauka oholtza gainean aritzeko eskubidea’. Areago, gure antzerkia amateurra edo profesionala dikotomiaz harago doa”, erran digu solaskideak.

Mikel Asurmendi @masurmendi
2018ko uztailaren 22a
"Poesia eta antzerkia oso gertu daude niretzat, egungo dramaturgia berrietan are gertuago daude".

Idoia Beratarbidek ilustratu du Zauri Bolodia liburua. Gustuko lana, ezta?

Bai, noski. Ilustrazioak aipatu gabe geratzen dira sarritan eta irudiak liburua ulertzeko ezinbestekoak dira. Nik beste testu bat bailitzan hartzen ditut. Kasu honetan, pertsonaiari buruzko proposamena da. Gure kolektiboaren karteletan, arropetan eta eszenografian, Idoiak estetika eta estilo bat markatzen du.

Krisian dagoen aktore baten egunerokoaz idatzi duzu. Deskribatu duzun pertsona-pertsonaia-aktorearen nortasuna izugarria iruditu zait. Nola eusten dio eguneroko aldarteari aktoreak?

Aktore baten aldartea ez da edozein pertsonak egunero bizi duen aldartetik ezberdintzen. Egia da, teatroan aritzeak jendez inguraturik egotera eramaten zaitu eta hori exigentea da, baina helduleku bat da aldi berean. Hau da, laguntzen dizu bakarrik ez sentitzen, baita ez zarela munduko erdigunea ohartarazi ere. Antzerkilaria –idazlea ez bezala– konturatzen da ez dagoela bakarrik, erronkak eta arazoak ez direla bereak bakarrik. Hori guretzat, kontsolamendu handia izaten da.

Antzerkilariak “mundua aldatzeko grina” behar al du? Edo ez da hainbesterako?

Grina hori jarrera moduko bat da, baina gauza bat da mundua aldatzeko nahia –batzuetan gaztetako bulkada izan ohi dena– eta beste bat, heldutasunera iritsita, mundua aldatzeko sentsazio hori bizi nahi izatea. Adin batean, sortzaileok sentsazio horrekin bizitzeko asmoz egiten dugu lan, ez mundua aldatzeko grinaz. Bestela, oso irrealista eta frustagarria litzateke. Haatik, sentsazio horrekin bizitzea funtsezkoa da, zure izate eta grina osoarekin murgildu behar duzu lanean. Agian, bizi duzuna ezdeusa da, baina ezinbestekoa da. Grina lanerako motorra da. Mundua aldatzeko asmoa erreala ez bada ere, balio digu bulkada gisa. “Zuen lanak barrua mugitu dit” edo “agerralditik beste aldarte batez atera naiz”, entzutea oso ederra da.

Liburua irakurria izan da. Sarri elkarrizketatua izan zara. Liburuaren “arrastaka” eta “arrakasta” hitzek sona hartu dute.

“Arrakasta” eta “arrastaka” esaera Ander Lipusena da. Eneko Sagardoyri [aktorea] entzun nion, Lipusi entzun ziola esaten, eta gustatu zitzaidan. Alegia, batzuetan arrakasta lortzen dugu eta bestetzuetan arrastaka gabiltza. Mr. Señora liburuak ere harrera ona izan zuen, baina oraingoan inoiz baino elkarrizketa gehiago eskatu didate, eta horrek harridura sortu dit. Pertsona lotsatia naiz eta ez dut beste munduko ezer esateko, beste edonork beste edozein lanbidetan nik bezainbeste edo gehiago esateko dauka, zintzoki esaten dizut...

Autoreak liburua defendatu behar du hala ere.

Hori da. Nire lehenengo gogoeta hauxe da: “Esan behar dudana liburuan dago, zertarako atera behar dut berriz ere komunikabideetan gehiago esatera?”. Baina liburua ez da zurea bakarrik: editorea, ilustratzailea, liburuaren prozesuan iritzia eman dizun jendearena ere bada. Beraz, liburua defendatzeko ardura perfomance eta jolas txiki bat bezala hartu dut. Nire pertsonaia jokatu dut liburua defendatzen. Rol hori onartu dudan heinean lasaiago sentitu naiz eta elkarrizketetan liburua idazten jarraitu izan banu bezala jokatu dut. Liburua idazten jarraitzeko gogoa eta guzti piztu zait. Antzerkian gure pertsonaia onartzen dugun unetik, zintzo izateko modu bat topatzen dugu. Elkarrizketak horren segidako lana bezala hartu ditut.  

“Sortzaileok egoa gora eta egoa behera bizi gara, baina egorik gabe, ba al dago sortzaile izaterik?”

Al Pacino aktoreak dio “ondo dago arrakasta, pena da famarekin nahastu ohi dela”. Hala diozu liburuan zuk ere.

Garai batean, taldekideoi arrakasta lortzeak konplexua sortzen zigun. Nahasmena sentitzen genuen gure lana publiko gero eta zabalagora iristen hasia zelako. “Arrakasta” lortu nahi izateak errudun sentiarazten gintuen. Aipu hori emanaldi baten ondorengo irakurri nuen agerkari batean, taberna bateko barra batean. Iltzatuta geratu zitzaidan. Asko lagundu zidan bizi genuen egoera ulertzen. Konturatu nintzen arrakasta behar dugula. Al Pacinoren esaldiak berretsi zigun: “Guk ere arrakasta nahi dugu, ahalik eta jende gehienarengana iristea nahi dugu”. Bestela zertarako ateratzen gara plazara? Jende askok bere “arrakasta”-ren bide posible bati trabak jartzen dizkio. Zergatik baina? Arrakasta jendearekin komunikazioa lortzea da, horretarako egiten dugu lan. Lana jende gutxiri iristea onartu behar dugu, baina xedea ez da hori. Askotan arrakasta eta jende aurrean dugun balizko fama nahasten ditugu. Arrakastaren inguruko barne borroka anitz sortu zaizkit aktore lanetan, autokritika egin beharra barne.  

Zauri Bolodia-n “zure” zauriak agertu dituzu. Serio hartu behar al dugu sortu duzun pertsonaiaren mina? “Biktima” gisa agertzeko “arriskua” ere badago.

Beti dago biktimismoan erortzeko arriskurik, autokonpasiorakoa ere bai, baina arrisku egoera horrek autokritikoa izaten laguntzen dizu. Esate baterako: eragile edo erakunde politiko bati ardura eskatzen diogunean guk geurea ere hartu behar dugula ikasi dut. Batzuetan, kexaren munduan erortzen gara, eta hori ahazten dugu. Niri ere gertatu zait hori. Ikasbide bat da. Liburua amaituta, tonua ilun samarra ote zen pentsatu nuen, “kezka” sentitu nuen, umore gutxi sartu ote nuen beldur nintzen. Kexatiegia izango ote? Ordea, nire bilakaera azaldu nahi nuen heinean, beharrezkoa ikusi nuen horrela idaztea. Zorionez, kontatua interesgarria eta beharrezkoa dela adierazi didate gehienek. Liburua “masaje” moduko bat dela, zauritu dezakeela, baina mina kentzeko balio duela entzuteak lasaitu nau.

Egoaren gaia jorratu duzu, halabeharrez.

“Idazle ofiziotik begiraturik, antzerkiak lurrera jaisten lagundu dit, antzerkigintza umiltasun lezioa da”

Sortzaileok egoa gora eta egoa behera bizi gara, baina egorik gabe, ba al dago sortzaile izaterik? Egoa ez da zuria edo beltza. Nik idazketa kolektiboaren bidez plazaratzen diren lanak miresten ditut, baina bakarka ari diren sortzaile batzuen lana ere bai. Batzuen egoa neurriz kanpokoa izan daiteke, baina euren lanek aparteko zerbait esaten badidate, egoarena bigarren planoan geratzen da niretzat. Askotan egilea ez zait pertsona bezala interesatzen, baina bere lana eskertzen dut, dela liburua, dela diskoa, dela… Inportantea bere lana delako. Egorik gabe, pertsona horrek ez luke lan hori sortuko. Taldekideok orobat egoarena erlatibizatzen ikasi dugu. Beste gauza bat da egokeriaz jardutea, harrokeriaz, irudiaren munduan itsutzea. Zentzu horretan, sare sozialetan zabaltzen ari den irudia oso arriskutsua da. Gure irudia etengabe elikatzea oso arriskutsua da, kontraesan itsusiak sorrarazten dizkigu eta.

Bakarkako lanak eta kolektiboak uztartu ohi dituzu. Non dago idazlearen “irakurlea” eta antzerkigilearen “publikoa”-ren diferentzia?

Liburu bat publikatzen duzunean oso zaila da irakurlearekin feedback-a aurkitzea. Mr. Señora eta Zauri Bolodia-ren aurretik ez nuen hori ezagutu. Liburuak egiten duen bidea ezagutzen ez duzun neurrian, bada, ez zaitu elikatzen. Zentzu horretan, kritiken beharra eta iritziaren dependentzia sumatzen ditut idazle askorengan, eta feedback-ik jasotzen ez baduzu normala da. Antzerkian aldiz feedback-a berehalakoa da, eta basatia. Publiko aurrean ari zara eta funtzionatzen du edo ez. Berehala sumatzen duzu, areago, obra bera ez da berdina emanalditik emanaldira, publikoak ematen dizunak lana moldarazten laguntzen dizu. Lana garatu ahala aldatuz doa. Zuzeneko publikoak behartzen zaitu zure burua berehala ezagutzera, ikastera, egin duzun lanaren neurria nolakoa den jakitera. Publikoak sekulakoak ematen dizkizu asmatzen duzunean, baita sekulako zartakoak eman ere, asmatzen ez duzunean, baina jarraitu behar duzu lanean.

Zein neurritan lagundu dizu antzerkilari izateak idazletzan. Eta alderantziz?

Antzerkilari izateak asko erakutsi dit idazteko orduan eta hori publikoari zor diot. Antzerkigilearen eta literatura idazlearen kodeak guztiz ezberdinak dira. Nire kasuan, antzerki egileak gehiago osatu nau literatur irakurleak baino. Literatur irakurleagoa naiz antzerki ikuslea baino, antzerki ikusle bezala ments sentitzen naiz, publikoarengana iristeko moduak landu behar ditut etengabe. Idazle ofiziotik begiraturik, antzerkiak lurrera jaisten lagundu dit, antzerkigintza umiltasun lezioa da.

Identitateaz ere idatzi duzu, sakon idatzi ere, beste kultura batetik heldu den familia bateko pertsona zaren aldetik.

“Publikoak sekulakoak ematen dizkizu asmatzen duzunean, baita sekulako zartakoak eman ere, asmatzen ez duzunean”
 

Identitatearen inguruko gogoeta horiek genero gaiarekin uztartuta landu ditugu gehienbat. Miss Karaoke antzerkiaren oinarrian daude [Javier Barandiaran, Oier Guillan eta Metrokoadrokaren zuzendaritzapean], testuak obra horren sormen prozesutik heldu dira liburura. Hau da, zer da gorputza? Nork erabakitzen du zer den zure gorputza? Zein da zure gorputzaren definizioa? Nola eraikitzen du nork bere burua eta nortasuna? Gaia konplexua da. Taldekideok identitatearen gaia buru-belarri landu dugu, hizkuntza eta gorputza uztartuz. Guretako bakoitzaren euskal nortasunak ñabardura anitz dauka: badago jatorria duena Euskal Herrian aitona-amonarengandik, gurasoengandik dituztenak, aita edo ama euskalduna duena; aita ez, ama bai... Badaude aspalditik bertakoak izanda ere, euskara galdu zutenen seme-alabak, barne borroka handiak bizitakoak. Tipologia konplexuak dira euskaldunonak. Egoera politikoa dela eta, azken hamarkadatan gure barruak mugitu dira eta birkokatzen ari gara. Nork bere prozesua bizi du, barne borrokekin, hanka-sartzeekin, kontraesanekin, zure burua definitzen saiatzean ez zaudelako gustura… Nire kasuan, naizena onartzeak ondorio onak ekarri dizkit, baita sekulako askapena eman ere.

Sentimendu eta emozio bizi-biziak agertu dituzu liburuan.

Izan ere, etorkinen ondorengoa naizela onarturik –nire arreba kenduta–, aurreko guztiek euskaraz sortzen dudana ez dutela ulertzeak –hitzen aldetik behintzat– modu berezian eragin dit. Idazten dudana nortasun horren ondorioa da, hori naiz ni eta erabili behar dut. Zerbait sortu izan badut, naizenetik sortu baitut, eta ez izan nahi nukeenetik, edo beste batzuek ni izatea nahi luketenetik. Hori indargune bilakatu zait. Zuk bakarrik egin dezakezun moduan ari zarelako, eta ez beste batek. Ahots propioa bilatzen duzun heinean, zaren horretarik zure identitatea eraikitzen duzulako. Euskaldun naizen heinean, euskalduntasunari nire ekarpentxoa egiten diodalako, inguru erdaldun batekoa naizen heinean, jende horrek ikusten duenean euskaraz sortzea, lan egitea eta bizitzea aukeratu dudala, kuriositatea sorten zaio. Oso era defentsiboan dagoen jendearengana beste modu batez iritsi gaitezke, erdaldunak izanagatik mugatuta sentitu daitezkeenengana. Nik erabaki politiko baten ondorioz ikasi dut zer den euskal kultura. Ez nuen jaso modu naturalean, eta euskarak daukan oihartzun emozionala ezberdina da niretzat. Onestidadea  bilatzen baduzu, zure indentitatea horrela osatzea oso interesgarria da.

Miss Karaoke-k jende askoren barrua mugitu omen zuen, batez ere, eremu erdalduneko euskaldunen artean.

“Naizena onartzeak ondorio onak ekarri dizkit, baita sekulako askapena eman ere”

Eremu erdaldunean lan egin dugunean jendea ukituta geratu da, ezberdina da eremu oso euskaldunean antzeztea  edo eremu erdaldunean. Euskalduntasuna etorkinen ikuspegi batetik edo tradiziotik planteatzen dugunean eremu euskaldunean jendea defentsiban jarri izan da. Aldiz, eremu erdaldunean jendea asko hunkituta hurbildu zaigu, euskaldunberri asko, euskalduna izateko autokontzientzia emozionalari eta euskaldun izatearen hautuari erreparatu diogulako, hots, euskal mundua erreferente nagusitzat ez daukan jendearengana heldu garelako.

“Ezerosotasunean kokatzea jarrera kreatibo ezinbestekoa da niretzat, baita bizitzan ere”, diozu. Zer da ezerosotasunean bizitzea?

Lanarekin dudan konpromisoa arriskuan jartzea da ezerosotasunean bizitzea. Batzuetan ikusten duzu obrak ez duela funtzionatzen, eta beste bide bat hartzeko tentazioa hor duzu beti. Biziraupen beharraren sentsazioa izugarria da: “Merkatutxo bat sor nezake, eta kritika hobeagoak jaso nitzake”, pentsa dezakezu. Ni horri iskin egiten saiatzen naiz. Hasteko, ezerosotasunak tentsioan jartzen nauelako. Sortzeko unean, tentsioa eta ezerosotasuna behar ditut. Areago, batzuetan eman lezake ezerosotasuna korronte ofizial, nagusi eta instituzionalizazioaren aurkako jarrera dela, eta bada, baina ez soilik. Benetako ezerosotasuna, zure alde dauzkazun lagunak ere kontra jartzeraino prest egotea da, zure lagunak harritzea, alde dituzun jendeak deskontzertatzeraino, horraino iritsi behar da ezerosotasuna. Une batez erraza da antisistema izatea, baina beharrezkoa da kritiko izatea, alegia, harago joateko prest izan behar duzu, alde dituzun lagun horiek zure lana zalantzan jartzeraino. Hori da ezerosotasunean bizitzea.  

Liburuan hainbat dramaturgo aipatzen duzu: Bertolt Brecht, Thomas Bernhard,  Gabriel Aresti, Angélica Liddell, Sarah Kane... Poesiatik antzerkira bide egindako sortzailea zara.

Poesia eta antzerkia oso gertu daude niretzat, egungo dramaturgia berrietan are gertuago daude. Antzerkilari asko ezagutzen dut poesiatik oso gertu. Jon Gerediaga antzerkigilea, poeta da aldez aurretik. Interesatzen zaizkidan dramaturgo askok uko egin diote autoretzari eta oso hurbil daude poesiaren idazkeratik: Bernharden lanek poesia forma dute. Arestiren kasua, bere garaia dela eta, gertuago izan zitekeen Brechtengandik egungo hainbat teatrogilerengandik baino. Arestiren antzerki obrak beharbada ez dira lengoaia garaikidekoak, baina bazuen esaterako Tobera-rekin lotura. Arestiren obran bertako teatroaren lengoaiarekiko lotura agerikoa da. Teatroa beste era batean idatzi behar zela zioen, ez literatura erreferentetzat harturik. Testuetan ez da hainbeste sumatzen, baina Lau teatro Arestiar obraren hitzaurrea –Ramon Saizarbitoriak idatzita– oso interesgarria da zentzu horretan. Hitzaurrean somatzen da Aresti beste era batean idazten hasi zela, teatro taldeko aktoreen neurrira alegia. Arestik aktoreentzat (Jarrai taldearentzat, besteak beste) egokituta eta pentsatuta idatzi zuen, teatro garaikidearen bidean. Arestiren poesia teatrotik hurbil izan gabe, oso erraz eraman dugu oholtzara.

“Elkarrizketa poetikoa Gabriel Arestiren Egia bat esateagatik poemarekin” atala deigarria da.

Poesia hori Gabrielen lekua sentikaria sortu genuen garaian idatzita dago, Arestiren obran murgildu ahala zerbait egin nuen, eta kontraesanak eta barne borrokak sortu zitzaizkidan. Gidoi bat sortu behar genuen, eta dialogo hori sortu nuen nire lanaren bitartez. Egia esan, badut zerbait berezia Arestirekin.

Zer erakutsi dizu Iparraldeko antzerki moldeak?

Hasierako garaian ari ginenean, teatro asko ikusten genuen han-hemenka, Iparraldean antzerki asko egiten zen eta Hegoaldearekin harremana sendotzen hasi zen. [Piarres Lartzabalen] Ibañeta obra ikusi genuen [Ander Lipusek gaurkotua]. Mattin Irigoienen edota Le Petit Théâtre du Pain-en lanak ere bai. Iparraldeko antzerkiak inpaktatu ninduen, Euskal Herrian berezko teatro bat zegoela ikasi nuen: “Tradizio horretatik elika zaitezke”, pentsatu nuen. Asko dugu oraindik ere bertatik ikasteko. Geroago, Antton Lukuren Libertitzeaz liburua irakurtzea aurkikuntza izan zen, ikasten ari naiz oraindik ere liburu horretatik. Lukuren Fauxto obra ikusi genuenean jabetu ginen sortu daitekeela teatro garaikide apurtzaile esperimentala eta aldi berean etiketei uko egin. Tradiziotik begiratuta gaurkotua, “amateurra” eta “profesionala” definizioen eta dikotomiaren artean antzerki potentea egin daitekela ikasi ere.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Antzerkia

Antzerkia kanaletik interesatuko zaizu...
Nerea Arriola. Txantxarik ez umorearekin
"Umorearen izenean ez dira gauzak banalizatu behar"

Sarritan gertatu zaio Nerea Arriolari; azkena, uda honetan bertan: ezezagunak hurbildu zaizkio, zaleak, bera zelakoan Idoia Txoperena, Supertxope, euskal youtuber sonatua. Hura, baina, kanpaina politiko baterako propio pentsaturiko pertsonaia zen [Hiru Damatxo ideia faktoriak egin zuen kanpaina, Sortu alderdiarentzat]. Arriola, berriz, Supertxope gorpuztu zuen aktorea dugu. Eta erizaina. Eta bakarrizketa-egilea. Eta…


Miren Gazta˝aga. Hemen eta orain, aktore
"Antzerkia egiten hasi nintzenean ez nekien hori hautatzen ari nintzenik bizibide moduan"

Antzerki fisikoan eta dramaturgia ez-konbentzionaletan zaildu zen Miren Gaztañaga; azken asteotan, ordea, teatro-testuak ikasi eta ikasi dabil. Hedda Gabler eta Lady Macbeth gorpuztuko ditu aurki Arriagako oholtzan. Pozik ari da, orain arte ez omen du-eta halako obra klasikorik egin. 20 urtetako ibilbidearen ostean, badu nahikoa indar desafio berriei heltzeko.


2018-09-23 | Oier Guillan
Norbaitek batuko dituen esperantzarekin

Ez ditut oroitzen bizitza aldatu didaten uneak. Lausotzen ari zait atera ez ditudan argazkien oroitzapena. Ezin dut nire liburu faboritoetako pasarterik buruz esan. Ez naiz gehien inpaktatu nauten filmetako dialogo bakar bat ere errepikatzeko gai. Haietako bakoitzak utzi zidan arrastoa oroitzen dut soilik, azalean biziraun didan sentsazio orokorra.

Eulia ari du oroimenean: memoria selektiboa da, beti. Bizitakotik behin eta berriz azpimarratzen, kontatzen, birkontatzen ez dena ez omen da... [+]


Manex Fuchs
"Zailtasunean, bortxaz gauza onak sortzen dira jendeen artean"

Manex Fuchs (Larzabale, Baxenabarre, 1975) euskal aktorea da. Le Petit Théâtre de Pain antzerki taldean luzaz egon ondoren, Ximun anaiarekin batera (aktore-taula zuzendari), bi erronka berri dituzte orain jomugan: antzezlanak euskaraz sortzea eta euskal zinema lau haizetara hedatzea.


2018-07-04 | Usurbilgo Noaua
Usurbildarrek erraustegiaren aurkako parodiarekin amaitu dituzte festak (bideoa)

Usurbildarrek ozen oihukatu dute “Ez, ez, ez, errausketarik ez!”, jaien amaieran. Azken trakaren aurretik, festak hasi bezala amaitzeko tartea hartu da aurten. Urte luzez, herrian haserrea eta kezka eragiten segitzen duen erraustegiaren aurkako parodia batekin.


Badator kalealdia antzerki jaialdia

Datorren  astelehenean hasiko da Bilboko Kalealdia, kaleko arte eszenikoen jaialdia. XIV. aldia izango du, eta, orotara, kaleko arte eszenikoetan erreferente diren 26 konpainiak beren lanak erakutsiko dituzte. Kaleko antzerkia, zirkua, clown-a, txotxongiloak, kabareta eta dantza ikusi ahalko dira kalean, 65 ikuskizunetan. Euskal konpainien artean, maia Elizaran, Ertza, Ganso & Cía, Hika Teatroa eta Oinkari Dantza Taldea, Miguel Llanes eta Zo-Zongó!!. Bilbo bisitatuko... [+]


2018-06-01 | Mikel Asurmendi
Guillaume Irigoyen: Andereserora Hiriburun pastorala kari
"Pastorala, ikusgarria baino, gehienbat giza abentura bat da"


2018-05-28 | Mikel Asurmendi
Andereserora Hiriburun pastorala jokatuko dute Lapurdin ekainaren 3an

Ekainaren 3an, igandez, Andereserora Hiriburun pastorala jokatzeko tokia antolatuta dago 2.500 pertsonarentzako. Goizeko 10:30etik abiaturik, meza, desfilea, bazkaria, pastoralaren ekitaldi nagusia eta segidako festa prest dute hiriburutarrek Hiriburun.      

 


2018-05-04 | Euskal Irratiak
Andere Serora pastorala emanen dute ekainaren 3an Hiriburun

Andere Serora pastorala emanen dute ekainaren 3an Hiriburun. Erdi arotik bi gerlen erditsurarteko Hiribururen historia kondatzen du 4 partetan iraganen den pastoralak. 150 pertsona izanen dira taula gainean, Pantxika Urruty-ren gidaritzapean.


Pastorala, bi munduren artean
MULTIMEDIA - solasaldia

Ahozkotasunaren eta kultura idatziaren artean, proiektu kolektiboaren eta idazketa izenpetuaren artean, gaur egungo hitzaren eta ohidura historikoaren artean, Zuberoko pastoralak paradoxa edo konparaketa interesgarri anitz biltzen ditu. Bikoiztasun horrek interesatuko gaitu, praktika horren inguruko diziplina-arteko proiektu baten karietara. Pierre Vilarren hitzaldia Baionako Euskal Museoan.

Pierre Vilar goi mailako eskola normalaren ikasle ohia, letra modernoetan agregazioduna eta frantses... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude