ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 07a
Aldibereko itzulpena

'Belarriprestak' agerian gelditu dira Bergaran

  • Aldibereko itzulpenak egiteko tresneria dute Euskal Herriko hainbat udalek, Bergarakoak tarteko. Itzultzaile profesionalen beharrik gabe bilerak euskaraz egin ahal izatea bermatu du sistemak. Aranzadi Ikastolako guraso bileretan, hizkuntza gatazka-iturri izatetik, normaltasunera eramatea lortu du aldibereko itzulpenak.

Igor Agirre @igoragirre
2018ko uztailaren 22a
“Nork behar ditu aurikularrak bilera gaztelaniaz jarraitzeko?” galdetu eta uste baino gutxiagok erantzuten du baietz, alegia, ez dute euskaraz hitz egiten baina ulertzen dute. Aurikularrak janzten dituzten askok bestalde, kentzeko joera hartu dute, kontur
“Nork behar ditu aurikularrak bilera gaztelaniaz jarraitzeko?” galdetu eta uste baino gutxiagok erantzuten du baietz, alegia, ez dute euskaraz hitz egiten baina ulertzen dute. Aurikularrak janzten dituzten askok bestalde, kentzeko joera hartu dute, konturatu direlako haiek uste zutena baino gehiago ulertzen dutela euskara. Argazkia: Dani Blanco.

Ikasturte hasiera gehienetan errepikatzen diren hitzorduak dira guraso-bilerak. Bergarako Aranzadi Ikastolan ere ohikoak dira gurasoekin informazioa partekatzeko batzarrak eta azalpenak emateko hizkuntza hautuak buruhauste bat baino gehiago eman die orain arte zentroko arduradunei. Bertako haurrek D ereduan ikasten dute eta gurasoen %80 dira euskaldunak.

2010. urtearen bueltan Euskararen Plan Estrategikoa egiten hasiak ziren Aranzadin. Ikastolako zuzendari Ane Barrusoren arabera, “plana egiterakoan hutsunea ikusi genuen guraso-bileretan. Euskaraz eta gaztelaniaz egiten genituen eta eduki bera lantzen genuen lehenengo euskaraz, eta erdaraz ondoren”. Bi hizkuntzetan egiteak hainbat kalte ekartzen zituela du gogoan Barrusok, besteak beste, bilerak aspergarriak izatea eta denboran oso luze joatea. Arazoari erremedioa jartzeko asmoz, galdetegi bat luzatu zieten gurasoei hiru aukerekin: bata, ordura arte bezala jarraitzea; bigarrena, bilera euskaraz egitea eta euskarri informatikoak nahiz paperekoak gaztelaniaz izatea; eta azkena, bi bilera paralelo egitea, bata euskaldunekin eta bestea ez-euskaldunekin.

Bigarren aukeraren alde egin zuen gurasoen gehiengoak, baina guraso erdaldunak erabakiarekin gustura ez, eta kontrako jarrera hartu zuten, bileretara azaltzeari utziz. “Euren hizkuntz eskubideetan erreparatu zuten guraso erdaldunek eta ikastolako bazkide ere badirenez, beren hizkuntza ere errespetatua izatea nahi zuten. Bazterkeria hitza erabiltzen zuten” azaldu du Barrusok. “Gure ikastetxeko komunitatea euskalduna dela esan genien eta bi hizkuntzetako eskubideak bermatzen genituela adierazi”. Guraso erdaldunen kexei erantzuna emateko, beste bide batzuk aurkitzen saiatu ziren eta aldibereko itzulpenaren aukera probatzearen alde egin zuen ikastolak.

Itzulpen zerbitzuaren beharra zutela azaltzeko harremanetan jarri ziren Aranzadi Ikastolakoak Bergarako Udaleko Euskara Zerbitzuarekin. Estepan Plazaola Udaleko euskara teknikariaren ustez begi onez ikusi zuten aldibereko itzulpenarena eta ideia lantzen hasi ziren: “Ikastolaz gain gainerako bileretarako ere erabilgarri izan zitekeela pentsatu genuen”. Hasiera hartan alokatu egiten zuten makina, baina azkenean, ematen zitzaion erabileraren maiztasuna ikusita, tresneria erostea erabaki zuen Udalak.

Aranzadi Ikastola da gaur egun itzulpenerako tresneria gehien erabiltzen duen elkartea Bergaran; lortu du ordura arte arrakala sortu zuena konpontzea: “Lehenengo proba ikastolako batzar nagusian egin genuen eta bilera hiru ordukoa izan beharrean, ordubete inguruan amaitzea lortu genuen. Denek ikusi zituzten euren eskubideak bermatuta” azaldu du Ane Barrusok. Hurrengo pausoa guraso-bileretan sistema ezartzea izan zen eta gaur egun ere horrela egiten dute. Itzultzaile lana irakasle boluntarioen esku dago eta bilera aurretik edukia prestatua izateak lana dezente errazten duela dio ikastolako zuzendariak: “Lehen ere bilerak bi hizkuntzetan prestatzen genituenez, ez da lan gehiago izan. Azalpenak euskaraz ematen ditugu eta itzultzea behar duenak aurikularretik entzuten du azalpena gaztelaniaz”.

Gurasoen batzarrez gain, beste pauso bat ere emana du Bergarako Aranzadi Ikastolak eta dagoeneko bestelako hitzaldietara ere zabaldu du aldibereko itzulpen zerbitzua. Ikasturtean zehar gurasoentzat antolatzen dituzten hitzaldiak ere euskaraz egiten dituzte ikastetxean eta unean bertan itzultzen dituzte saioak irakasleek. “Aurretik gaiari buruzko hitz ohikoenak itzulita izaten ditugu. Egia da nahiko nekeza izaten dela lana, baina txukun samar ateratzen da” Barrusoren ustetan.

‘Belarriprestak’ azaleratu dira

Ikastolako guraso komunitateak pozik jaso zuen aldaketa Bergaran eta guraso erdaldunek ere eskertu dute zerbitzua. Estepan Plazaola euskara teknikariak azaldu duenez, “horri esker konturatu gara zenbat jendek ulertzen duen euskara eta jende hori bera konturatu da euskara ulertzeak baduela balioa”. Barrusoren esanetan ere ‘belarriprestak’  –Euskaraldian ‘belarriprest’ direnek  ‘ahobiziei’ eskatuko diete haiei euskaraz egiteko, ulertzeko gai direlako– sortzea ahalbidetu du aldibereko itzulpena martxan jartzeak: “Guraso askok esan digute beraiengatik horrenbesteko lana ez hartzeko. Gehienek orain ez dituzte aurikularrak hartzen eta euskaraz ulertzen ahalegintzen dira, ulertzen ez duten momentuko kontu hori ondokoari galdetuz. Batzuen aurrean aparatua hartu nahi ez izatearen ondorioz ‘belarriprest’ bilakatu dira hainbat guraso”.

Zerbitzua herritar guztien eskura

Beharrezko tresneria bereganatu zuenetik, herritarrek eskuragarri dute aldibereko itzulpena bermatzen duen sistema Bergarako Udalaren eskutik. Tresnak doan lagatzen ditu Udalak eta aurretiaz eskaria bideratzea beharrezkoa izaten da horretarako. Itzultzaile lanak egingo dituen pertsona ere sistema behar duenak aurkitu behar du. Udaleko euskara teknikari Estepan Plazaolaren arabera sistema erabiltzeko nahikoa da oinarrizko ezagutza teknologikoak izatea eta lehenengo aldiko esperientzian laguntzeko, argibideen dokumentua ere prestatuta dute.

Horretaz gain, sistema erosteak Bergarako Udalera ere ekarri du onura. Udalak antolatzen dituen aurkezpenetan aldibereko itzulpena bermatzen du orain eta horretaz arduratzen dira Euskara Saileko teknikariak edo kasu batzuetan, alorreko udal teknikariak. Udalaz gain, herriko beste hainbat elkartek ere erabiltzen dute zerbitzua eta ikasturte honetan bertan, esaterako, herriko beste bi ikastetxek ere ekin diote aldibereko itzulpena bileretan eskaintzeari.

Ateak zabaltzen dituen teknologia, ate gehiagotara iristen

Bergarakoa baina, ez da adibide isolatua Euskal Herrian. Plazaolak berak ezagutzen ditu antzeko sistema eskuragarri duten zenbait udal: “Ordizian aspalditxotik dute, eta Eskoriatzan, Lasarte-Orian, Irunen eta Hernanin ere badute”. Bergarako euskara teknikariaren ustetan, Bergaran duten sistema ez da espresuki itzulpengintzarako egindako tresna, turismo gidariek ere erabiltzen omen dute. Hala ere, ez da aldibereko itzulpena bermatzeko sistema bakarra eta teknologia aurreratuz doan heinean, ekonomikoki eskuragarriagoak izan daitezkeen tresnak sortzen ari dira. Adibidez, Donostia 2016 Fundazioak eta Talaios Kooperatibak ‘Interprest’ izeneko plataforma garatu zuten duela urte pare bat. Interpresten bidez aldibereko itzulpenak egin daitezke smartphoneak erabiliz, itzultzailearen seinalearen artean eta entzulearen artean modem funtzioa duen tresna bat erabiliz.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskararen erabilera  |  Hizkuntza eskubideak

Euskararen erabilera kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2018ko uztailaren 22a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude