Ustelkeriak Sabin Etxearen atea jo du

  • Euskal Herrian inoiz epaitu den ustelkeria kasu handienetakoa da De Miguel auzia. Besteak beste, dirua zuritu, legez kanpoko komisioak jaso eta hirigintza operazioekin iruzurra egitea egozten diete Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohiaz gain auzipetutako beste 25 laguni, horietako asko alderdi jeltzaleari oso lotuak. Ikusteke dago euskal Gürtelak zer faktura ekarriko duen, baina Sabin Etxean aspaldi ari dira altzariak estaltzen alderdia ahalik eta gutxien zipriztintzeko.

Arabako Justizia Jauregian egiten ari diren 'De Miguel' auziko epaiketan, lehen lerroan ezker-eskuin ageri dira EAJko Arabako buruzagitzan aritutako Koldo Otxandiano, Aitor Telleria eta Alfredo de Miguel (arg.: Foku / Jaizki Fontaneda)
Arabako Justizia Jauregian egiten ari diren 'De Miguel' auziko epaiketan, lehen lerroan ezker-eskuin ageri dira EAJko Arabako buruzagitzan aritutako Koldo Otxandiano, Aitor Telleria eta Alfredo de Miguel (arg.: Foku / Jaizki Fontaneda)

“Boterea dute, ez dira pertsona isolatuak edo beroaldiak, baizik eta establishment osoak babesturiko jendea”. Josu Izaguirre fiskalaren hitzak, Gasteizko etorbidean dagoen eta okasiorako propio handitu duten Arabako Justizia Jauregiaren horma sendoak igaro eta Bilboko Albia lorategiraino iritsiko ziren seguruenik urtarrilaren 18an, De Miguel auziaren epaiketa hasi zenean. Fiskalaren argudioa misil balistiko bat bezalakoa da Sabin Etxean ondu duten diskurtsoaren kontra, eta epaiketan zehar batzuk eta besteak izaten ari diren jarrera taktikoaren erakusgarri da.

Espainiako Estatuan ustelkeria kasu batek bota ditu gobernuan zeudenak, Kongresuan oposizioaren gehiengoak mozioa onartu eta gero. Mariano Rajoyk gutxi esperoko zuen bi aste lehenago estatu aurrekontu orokorren tramitea igarota halako trantzean aurkituko zuenik bere burua: ustelkeriagatik kalera. EAJ izan da alderdi popularrari ostikoa jo diona, Aitor Estebanen hitzetan “etika politikoagatik eta erantzukizunagatik”; izan ere, diputatu jeltzalearen esanetan Gürtel auziaren sententzia “mugarria” izan da.

Paradoxikoki, gurean, euskal Gürtel ere deitu izan den De Miguel auzian, EAJren itzala edonon ikus daiteke. Bere buruzagiak saiatu dira kasua alderdiarengandik bereizten, esanez hemen ez dagoela alderdia finantzatzeko inongo azpijokorik –Valentziako PPrekin ez bezala–, eta Iñigo Urkullu lehendakariak ere adierazi zuen gertaera “isolatu” bat dela, ustelkeriak ez duela “bat egiten gure kulturarekin eta balore politiko eta sozialekin”. Auzian inplikatutako EAJko kideei euren afiliatu karnetak entregatzeko eskatu zieten gainera.

Zergatik behar izan zituzten De Miguelek, Otxandianok eta Telleriak hamar hilabete EAJko afiliatu karnetak entregatzeko?

Errealitatea egoskorra da ordea, galde diezaiotela Moncloako lehengo maizterrari. Zergatik behar izan zituzten hamar hilabete karnetak entregatzeko? Zerrenda batean jarriz gero De Miguel auzian nahastuta daudenak, jabetuko gara Arabako egitura jeltzalea bete-betean harrapatu duela ustezko ustelkeria kasuak (ikusi 27. orrialdeko koadroa). Esaterako, Araba Buru Batzarreko kide esanguratsuak daude zerrenda horretan: Alfredo de Miguel –foru diputatu ohia ei zen sarearen erdian zegoena, Iñaki Gerenabarrena Arabako EAJko presidente ohiaren oso gertukoa–, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano; baita alkate izandakoak eta Eusko Jaurlaritzako kargudunak ere. Hala Bedik antolatutako mahai-inguru batean Jose

Fiskalari emandako audioetan entzun daiteke Etxaburu enpresaria esanez ustezko komisioa "normala denaren barruan" zegoela, horrelako jokabideak zein zabalduta egon litezkeen antzemateko balio duen esaldia

Manuel Cámara kazetariak azaldu zuen gisan, “EAJ zen dena batzen zuen pegamendua”.

“Zer egingo dugu inozo honekin?”

Arabako Justizia Jauregiko auzi-saioek gutxienez datorren azarora arte iraungo dute. 26 auzipetu daude eta denera hamaika delitu egozten diete, tartean eroskeria, dirua zuritzea, dokumentuak faltsutzea eta prebarikazioa. 439 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskaltzak akusatuentzat: Alfredo de Miguelentzat 54 urte, eta besteentzat 32 eta 4 urte arteko zigor eskaerak daude. 150 lekuko inguruk hartuko dute parte saioetan eta 20 perituren iritzia jasotzea espero da. Epaiketaren iraupen luzeak zenbait momentutan bere eragin mediatikoa lausotzea ekarri du.

Seguruenik orain arteko saioetan arreta gehien deitu duena lekuko nagusiaren deklarazioa izan da: Ainhoa Alberdi enpresariarena. Berak azaleratu zuen 2009an kasua. Alfredo de Miguelek eta Aitor Telleriak 100.000 euroko komisioa eskatu ziotela salatu zuen, Miñanoko teknologia parkeko hedakuntza obrak Urbanorma Consulting bere enpresari esleitzeagatik, eta hori frogatzeko elkarrizketen grabazio batzuk eman zizkion Arabako fiskalari. Haietan entzun daiteke Alberdiren bazkide ohi eta Arabako obra publiko ugari egindako Jon Iñaki Etxaburu enpresaria esanez komisioa “normala denaren barruan” zegoela, horrelako jokabideak zein zabalduta dauden antzemateko balio duen esaldia. Hari horretatik tiraka, beste 700.000 euro komisiotan, 16 milioi euroko eragiketa irregularrak eta 65 milioi euroko hirigintza operazio antzu bat atzitu dute.

“Zer egingo dugu inozo honekin?”, galdegin zuen e-posta bidez Alfonso Arriola Miñanoko kudeatzaileak, Alberdik egindako obren faktura pasa zionean. Enpresariak estortsio saiakera ere salatu du, komisioa ordaintzeari uko egin zionean haren aita Juan Antonio Alberdirengana jo baitzuten –EAJko militantea– dirua eskatzera. Hortik aurrera, gainera, beste obretan “betoa” izan zuela dio lekukoak.

Adi! Arabako ustelkeriaren aurkako elkarteak epaitegi aurrean elkarretaratzea egin zuen lekukoari babesa adierazteko “jasan dituen mendeku, presio eta deskalifikazio pertsonalen aurrean”. Alberdik fiskaltzan salaketa jarri zuenetik mediku tratamenduan dago. Bere intimitatea babesteko neurri bereziak behar izan ditu deklaratzeko unean, eta hala ere akusatu eta ustezko delitugileengan beharrean lekuko baten bizkarrean jarri dituzte hedabideek begirada guztiak. “Pertsegitua” izan dela azaldu du Alberdik. Defentsaren abokatuek ordu luzez itaun dute auzi-saioetan, haren osasun egoeraz, ogasunarekin ustezko arazoez, fiskalarekin zuen harremanaz… zenbait kasutan burla egiteraino; Iker Rioja El Diario.es-eko kazetariak bere kronika luze eta zehatzetan deskribatu du hori guztia.

Adi! Arabako ustelkeriaren kontrako elkarteak egindako elkarretaratzea, kasua salatu zuen Ainhoa Alberdi enpresari eta auziko lekuko nagusiari babesa emateko (arg: Foku / Juanan Ruiz)

Abokatu horiek oso ezagunak dira EAJren inguruan: Cuatrecasas bulegoko Gonzalo Susaeta, Javier Beramendi –Bravo, Cabieces eta beste zenbait auzitan aritutakoa–, Ricardo Palacio –hau ere Bravo auzian aritua–, Eneko Goenaga, Jesús Villegas, Carlos Chacón… horietako askok EAJn karguak izan dituzte. Badirudi Andoni Ortuzar buru duen alderdiak bere zuzenbide aparatu guztia akusatuen esku jarri duela. Modu bitxia auzipetuek “EAJrekin zuten harremana garbitzeko”, Urkulluk esan zuen gisan.

Afiliatu karneta galdu dute, baina zenbaitek soldata publikoa ez: Alfredo de Miguel berak Hazi-n lanpostua eman diote, “eskubide laboralak indarrean” dituelako, fundazioko zuzendariaren esanetan.  Deigarria izan zen De Miguelen eta Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko EAJko bozeramailearen arteko besarkada 2011n, deigarria ere azken honek instrukzio-epailearen kontra 2015ean esandakoak, iradokiz auzipetze autoan ondorio “politikoak” atera dituela. Deigarria eta bitxia, kasu honi loturiko dena bezala.

2010eko martxoaren 17a: atxiloketak

Ainhoa Alberdik Olympus markako grabagailu bat erosi zuen denda batean, Alfredo de Miguelen eta Aitor Telleriaren presioen aurrean “babestuta” egoteko. Baina aita tartean sartu zutela jakitean audioak eta e-postak Arabako fiskalari ematea erabaki zuen. 2009ko abendua zen eta hortik hilabete gutxitara, martxoaren 17an, Ertzaintzak operazioa abiatu zuen zortzi lagun atxilotzeko, tartean De Miguel, Telleria eta Otxandiano; miaketa ugari ere egin zituen polizia autonomikoak etxe partikularretan eta bulegoetan, baita elkarte gastronomiko batean ere.

Alfredo de Miguel EAJko foru diputatu ohia (lepokoarekin) eta Cuatrecasas bufeteko haren abokatu Gonzalo Susaeta, epaitegira bidean (arg.: Foku / Jaizki Fontaneda)

Operazioa Gasteizko 4. instrukzio-epaitegiko magistratu Roberto Ramosek agindu zuen, Arabako fiskalak Madrilgo ustelkeriaren kontrako fiskaltzari abisua pasa eta gero. Sekulako lurrikara eragin zuen Arabako Aldundian –EAJrekin batera agintzen zuen EA alderdiak “traizio” hitza ere erabili zuen– eta Eusko Legebiltzarrean ere batzorde bat sortu zen kasua ikertzeko: EAJko karguei “erantzukizun politikoak” egotzi zizkien amaierako diktamenak.  

Ramosek, bere aldetik, bost urteko instrukzioaren ondoren kaleratu zuen 26 lagunen kontrako auzipetze autoa 2015ean. 183 orrialdeko dokumentuan epaileak dio Alfredo de Miguelek enpresa “pantaila” sare bat osatu zuela “ardura politiko edo administratiboak zituzten beste inputatu batzuekin batera” esleipen publiko irregularren bidez dirua eta komisioak lortzeko. Auto horretan, Asier Arzallus –Xabier Arzallus buruzagi jeltzale historikoaren semea– auzitik kanpo utzi zuen, De Miguelen sareko enpresa bati egindako “zalantzazko” esleipena ezin delako kode penaletik epaitu.

Epaiketa hasi bezperetaraino eskatu dute akusatuen defentsek bertan behera uztea, aurkeztutako audioak ez direla baliagarriak esanez. Baina Jaime Tapiak presiditutako epaimahaiak ez du eskaera aintzat hartu, eta gogorarazi du froga gehiago ere badaudela.

Koaderno granate bat, faltsututako dokumentuak…

Auzi-saioen erdia eginda, epaiketak eleberri bat idazteko adina eman du dagoeneko. Iker Rioja kazetariaren kronikek –kasu horretaz Dentro de lo normal (normala denaren barruan) liburua idatzi du– ez dute hitz bat soberan eta haien bidez jakin ditzakegu auziaren detaile txikienak.

Alberdik emandako frogez gain, ertzainek Koldo Otxandianoren etxeko gelaxka batean aurkitutako granate kolorezko koaderno bat ere funtsezkoa da, sareak ustezko komisioak nola kobratzen zituen jakiteko. Arabako Batzar Nagusien armarria daramaten paper koadrikulatuetan enpresei ordaintzea zegokiena apuntatzen zuen eskuz ABBko kide ohiak: “Obra %4 Kataia” irakur daiteke esaterako, Kataia Consulting De Miguelen sasi-enpresetako batek esleipenaren ehuneko hori beltzean jaso behar zuela aditzera emanez.

"Obra Kataia 4%" irakur daiteke Otxandianoren koaderno gorrixkan, ustezko komisio ilegala erakusten duen oharra (arg: El Diario.es)

Denera 25 sozietate inguru izan daitezke sare horrek iruzurrerako propio sorturikoak, gehienetan senideen izenean gainera. Horietako batek, Errexal SL-k, Lapuebla de Labarcan eta Zigoitian Loizate enpresak egindako obra batzuengatik jaso zituen halako “koskadak”.  Loizate oso ezaguna zen Arabako eraikuntzan esleipen publikoak eskuratzeagatik; haren jabe Jon Iñaki Echaburu auzipetuta dago. De Miguelekin lotura zuten sozietate askok ez zuten langilerik izan eta Gizarte Segurantzan ere ez zuten izenik ematen, Eskamelo SL enpresa kasu: bere bidez 65.000 euro lortu zituen EAJko buruzagi ohiak, fiskaltzaren esanetan.

Iruzurrerako beste mekanismo bat Eusko Jaurlaritzako Gazteria sailetik egin gabeko lanak kobratzea izan zen –denera 210.000 euro–. Dirudienez Kataia, Errexal eta Ortzi Muga enpresei esleipenak “nahieran” egiten zizkien Xabier Sánchez Robles Gazteriako zuzendariak (EAJ): “Bere karguaz baliatu zen enpresa horiei mesede egiteko”, dio auzipetze autoak.

Koldo Otxandianoaren etxean ertzainek atzemandako koadernoan, ustezko iruzurraren inguruko datuak ageri dira eskuz idatziak. Besteak beste Alfredo de Miguelek (Txitxo ezizenez ezaguna) eta beste batzuek beltzean jasotakoa ageri da, baita sasi-sozietateek faktura faltsuen bidez jasotzen zuten komisioaren ehunekoa ere. (arg.: El Diario.es)

Esleitutako dozenaka lan horiek justifikatzeko, Jaurlaritzaren erregistro zigilua daramaten dokumentuak aurkeztu ditu epailearen aurrean Gazteriako zuzendari jeltzale ohiak; baina Riojak Eldiarionorte-n erakutsi duenez faltsuak, erregistratu gabeak edo plagiatuak dira –zigiluetako batean, esaterako, 2007ko otsailaren 29a ageri da, egun hori sekula existitu ez zen arren–.

Zanbranako poligono egin gabea

Epaitzen ari diren auziak hamabi atal ditu, ezinezkoa denak hemen deskribatzea. Zanbranako operazio urbanistikoa da garrantzitsuenetako bat bere tamainagatik. Udalerri hartan sekula egin ez zen poligonoa esleitzeagatik hiru milioi euroko komisioa kobratu zioten Riera eraikuntza enpresa katalanari. Fiskalaren esanetan, Iosu Arrutik gidatu zuen trama hori Sidepur enpresaren bidez, eta honek De Miguelen sareari ordaintzen zion ondoren. Zanbranako EAJko alkate ohi Maria Justina Angulo ere inplikatuta dago –lau urteko kartzela eskatzen dute berarentzat–, poligonoa eraiki behar zen lurrak birkalifikatzeko garaian egindako ustezko irregulartasunengatik.

Enpresariek euren poltsikotik bezeroari ordaindutako txalet pertsonalen erreformak, Arabako Aldunditik apetaz egindako esleipenak, komisioetatik jasotako diru beltzarekin erositako terrenoak birkalifikagarriak… Oraindik asko dago ikusteko eta jakiteko Euskal Herrian inoiz epaitu den ustelkeria kasu handienean.

EAJ, familia handi(egi) bat

Josu Izagirreren zorroztasuna erabatekoa da eta Arabako fiskalaren aurrean Eusko Jaurlaritza nabarmen geratu da, haren abokatuak hamalaugarren saiora arte ez baitu galderarik egin. Aldiz, Ertzaintzako adituek irmo defendatu dute euren lana eta akusatuen abokatuekin tentsio uneak izan dituzte. Bizkaiko Aldundia ere –EAJren esku– akusazioaren eserlekuan dago enpresa batzuek egindako delitu fiskalengatik.

Josu Izagirre Arabako fiskalaren zorroztasuna erabatekoa izaten ari da epaian, eta Eusko Jaurlaritza nabarmen geratu da bere aurrean, haren abokatuak hamalaugarren saiora arte ez baitu galdera bakar bat ere egin

Zer irakurketa politiko egin liteke argazki horrekin? Ezin ahantzi dugu EAJren barnean dauden familien arteko botere borrokek bete-betean jo zutela alderdiaren egitura Araban, hain justu ustelkeria kasua azaleratu zenean. Estado de Excepción eztabaida saioan, Ahoztar Zelaieta ikerketa-kazetariak sektore “independentista” eta “PPko ustelekin hitz egiten duena” bereizi ditu. Bere ustez, De Miguel auzia Arabako EAJren sektore independentistari –Gerenabarrenaren ingurukoak hor kokatu izan dituzte analista politikoek– kontra egiteko “suebaki” bat izan da, azken batean “historia txiki bat” baita Zelaietaren aburuz.

Zer gertatuko litzateke Ainhoa Alberdik 2009an “kutxatilatik pasatzea” agindu ziotenean, kasu egin eta fiskaltzari ezer kontatu ez balio? Akaso izango al genuke De Miguelen berri gaur? Eta zer gertatuko litzateke Ainhoa Alberdi gehiago baleude, Euskal Herria urte luzez politikoki eta ekonomikoki gobernatu dutenen pegamenduari tira egiteko ausardiarekin?

'De Miguel' auziko 26-ak

ALFREDO DE MIGUEL AGIRRE. Arabako Tokiko Administrazio eta Lurralde diputatu ohia EAJtik, alderdi horren Araba Buru Batzarreko (ABB) kide esanguratsua izan zen. Zigor eskaera: 54 urte eta 11 hilabete.

AITOR TELLERIA LANBARRI. EAJren ABBko kide ohi, batzokiak eraikitzen zituen Landaburu Etxea SL-ko enplegatu izan zen, lehenik De Miguel eta gero Iñaki Gerenabarrenaren eskutan zegoen enpresa.Zigor eskaera: 32 urte eta 2 hilabete.

KOLDO OTXANDIANO GREDILLA. EAJren ABBko kide ohia, Miñanoko Teknologia Parkearen finantza arduradun izan zen. Zigor eskaera: 32 urte eta 2 hilabete.

AINHOA BILBAO LASA. De Miguelen bikotekidea, sareko hainbat enpresen izen-mailegatzailea. Zigor eskaera: 30 urte eta 6 hilabete.

ARACELI BAJO LOPEZ. Telleriaren bikotekidea, sareko hainbat enpresen izen-mailegatzailea. Zigor eskaera: 21 urte eta 6 hilabete.

IRATXE GAZTELU-URRUTIA SANCHEZ. Otxandianoaren bikotekidea. EAJko hautagai 2009ko hauteskunde autonomikoetan. Kataia Consulting-eko bazkide. Zigor eskaera: 21 urte eta 6 hilabete.

AINTZANE DE MIGUEL AGIRRE. De Miguelen enpresen kontuak eramaten zituen. “Faktura faltsuak” sortzea leporatzen diote. Zigor eskaera: 13 urte.

ALFONSO ARRIOLA LACRUZ. Miñanoko kudeatzaile izan zen eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko auditore ere bai. Zigor eskaera: 21 urte.
MIREN LOURDES BILBAO LARRAURI. Miñanoko parkeko zuzendari ohi. Zigor eskaera: 11 urte eta 6 hilabete.

JULIAN SANCHEZ ALEGRIA. Euskal Parke Teknologikoen sareko presidente ohi Ibarretxeren garaian. Epsilon kasuagatik ere ikertua. Zigor eskaera: 17 urte.

GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.  Jaurlaritzako Gazteriako sailburuorde ohia (EAJ). Gazteriako ustezko kontratu irregularrak sinatu zituen. Zigor eskaera: 17 urte.

JAVIER SANCHEZ ROBLES. Jaurlaritzako Gazteriako zuzendari ohia (EAJ). Sail horretako esleipenak “nahieran” egin zituen.  Zigor eskaera: 18 urte eta 4 hilabete.

SERGIO FERNANDEZ OLEAGA. Stoa SL enpresako administratzaile ohi eta EAJko kide batzuen sozio. Zigor eskaera: 12 urte.

IÑAKI SAN JUAN BILBAO. EAJko Leioako Kultura zinegotzi ohi. De Miguel sareko enpresen administratzaile izan zen. Zigor eskaera: 19 urte eta 2 hilabete.

JON IÑAKI ETXABURU BARAINKA. Loizate enpresaren jabea, Araban EAJren kontrolpeko obra publiko ugari esleitu dizkiote, ustez modu irregularrean. Zigor eskaera: 11 urte.

IOSU ARRUTI LETEMENDIA. Zanbranako hirigintza operazioa bideratu zuen enpresaren jabe. Zigor eskaera: 19 urte eta 10 hilabete.

JESUS ARRUTI ODRIOZOLA. Aurrekoaren aita, Zanbranako operazioko enpresetan parte zuen. Zigor eskaera: 19 urte eta 6 hilabete.
ESTIBALITZ ARRUTI LETEMENDIA. Zanbranako operazioko Sidepur enpresako langile bakarra. Zigor eskaera: 6 urte.

GORKA ERRASTI FLAÑO. Aurrekoaren bikotekidea, Zanbranako operazioko enpresetan parte zuen. Zigor eskaera: 6 urte.

PRUDENCIO HIERRO LOPEZ DE ARBINA. Eraikuntzako enpresaria, EAJko Gasteizko egoitza berriaren diseinuarekin eta De Miguelen enpresekin lotura zuzena zuen. Zigor eskaera: 7 urte.

JOSU MONTES AZKARRAGA. Bilboko erakunde publikoetan aritutakoa EAJk proposatua. De Miguel sareko enpresetan lan egin zuen. Zigor eskaera: 17 urte eta 6 hilabete.

JOAQUIM SABATER BOU. Zanbranako operazioan parte hartu zuen Riera enpresa katalanari lotua. Zigor eskaera: 7 urte eta 6 hilabete.

RAMON TOMAS RIBA. Riera-rekin lotura zuten enpresen administratzaile. Zigor eskaera: 7 urte eta 6 hilabete.

PLÁCID CASAS BAQUES.  Riera-rekin lotura zuten enpresen administratzaile. Zigor eskaera: 7 urte eta 6 hilabete.

FRANCESC FERNANDEZ JOVAL. Riera eraikuntza enpresako kontseilari delegatu ohia. Zigor eskaera: 7 urte eta 6 hilabete.

MARIA JUSTINA ANGULO. Zanbranako EAJko alkate zen udalerrian poligonoa egiteko birkalifikazioa egin zenean. Zigor eskaera: 4 urte eta 6 hilabete.

*Asier Arzalluz eta Pablo Larrabide auzitik kanpo utzi ditu instrukzio epaileak.


ASTEKARIA
2018ko ekainaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: De Miguel auzia
2023-07-06 | Ilargi Manzanares
De Miguel eta Otxandiano burukide ohiak Arabako espetxean sartu dira

Otxandiano asteazkenean sartu da, eta De Miguel ostegun goizean. 72 orduko epea eman zien Arabako Probintzia Auzitegiko 2. sekzioak beraien kabuz espetxean sartzeko. Hego Euskal Herrian epaitutako ustelkeria politiko sare handienean parte hartzeagatik zigortu zituzten.


2023-05-30 | ARGIA
De Miguelen espetxeratzea berretsi du epaileak, ez baititu haren alegazioak onartu

Ustelkeria auziagatik kondenatuta dagoen Alfredo de Miguelek kartzela saihesteko alegazioak aurkeztu ditu, baina Arabako Probintzia Auzitegiak ez dizkio onartu, tramaren burua bera zela eta espetxean ez sartzeko aparteko arrazoirik ez dagoela argudiatuta, besteak beste. Erregu... [+]


'De Miguel' auziko bost kondenatu ez dira kartzelan sartuko

Arabako Lurralde Auzitegiak zigorra eten die bost lagunei, bi urte baino gutxiagoko kondenak dituztelako eta ez dutelako aurrekaririk. Ainhoa Bilbao eta Iratxe Gaztelu-Urrutiaren kasuan fiskaltzaren iritziaren kontra hartu du erabakia auzitegiak.


Del Miguel Auziko kondenatuei kartzela zigorra ezarri die Arabako Auzitegiak

Alfredo de Miguel, Koldo Otxandiano, Iñaki Telleria eta Xabier Sanchez EAJko buruzagi ohiei kartzela zigorra ezarri die Arabako Probintziako Auzitegiak. Era berean, 146.230,80 euro itzuli beharko dizkie Autonomia Erkidegoei.


2023-03-16 | ARGIA
Hamar eguneko epea dute "De Miguel" auziko zigortuek espetxean sartzeko

Arabako Probintzia Auzitegiak Espainiako Auzitegi Gorenaren epai ofiziala jaso du. De Miguel eta Koldo Otxandiano burukide ohiak lanpostu publikoetan lanean jarraitu dute orain arte, eta Arantxa Tapiak adierazi du kaleratu egingo dituela.


Eguneraketa berriak daude