De Miguelekin legea bete duela dio Hazi fundazioak, “gizarteak ez duela egoera konprenitzen” onartzen badu ere

  • Ustelkeriagatik zigortutako Alfredo De Miguel langile duen Hazi fundazioak oharra kaleratu du, EAJko burukide ohiak betetzen dituen funtzioen inguruko informazioek eskandalua eta kritikak piztu ostean. Langile gisa De Migueli dagozkion eskubideak errespetatu zaizkiola eta “gardentasunez” jokatu duela adierazi du fundazioak, eta ezin duela bestelako erabakirik hartu 13 urteko espetxe zigorraren epaia irmoa izan arte.

Argazkia: rtve

2023ko urtarrilaren 05an - 11:10

Asteartean argitaratu zuen El Diario-k informazioa. Alfredo de Miguelek, Araba Buru Batzarreko buruzagi ohiak, ardura berriak hartu ditu administrazio publikoan, 2019ko abenduan epaitegiek ustelkeriagatik zigortu eta gero. Hedabidearen arabera De Miguel Itsas Garapen Elkartearen “gerente” gisa ari da lanean, eta Europako Batasuneko dokumentazioan elkarteko “manager” moduan agertzen da. Erakundearen ordezkari gisa De Miguelek parte hartu du bidaia ofizialetan, lurralde arteko topaketetan edo Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren bileretan. Hitzaldiak eman ditu, eta sariak jaso. Informazio horiei erantzunez “azalpen-ohar” luzea plazaratu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita dagoen Hazi fundazioak.

“Alfredo De Miguelek ez du konfiantzazko kargurik, ez izendapen askekorik, ez kargu politikorik (...) ez du inolako 'gerente' kargurik, eta bertan lanpostua du, baina langile laboral gisa”, dio oharraren lehenbiziko puntuak. Gogoratu du De Miguel fundazioko langile izatera bueltatu zela 2010eko apirilean (2010eko martxoan atxilotu zuen Poliziak ustelkeria egotzita, eta politikari loturiko kargu publikoak utzi zituen orduan), eszedentzia eten ostean. “Lan-aitorpen horrek barne-prozesuetan parte hartzeko eskubidea ematen dio, eta 2015eko uztailaren 10ean barne-deialdi bat egin zen, Landa eta Itsasertzeko Ekintzailetza eta Dinamizazio Arloko teknikari bat hautatzeko”, azaldu du fundazioak. De Miguel aurkeztu egin zen deialdi horretara, eta “puntuaziorik altuena lortu zuen”. Ordutik ariko litzateke Itsas Garapen Elkartean lanean, eta fundazioak azpimarratu du enpresa batzordeak prozesu hori “behar bezala” garatu zela adierazi zuela.

Ez dira De Miguelek bere aurkako auzia hasiz geroztik Haziko langile gisa lortu dituen hobekuntza bakarrak. 2020ko martxoan jakin zenez, hiru soldata igoera eta karguz goratze bat eskuratu zituen ordurako. Orduan ere dena legezkoa zela azaldu zuen fundazioaren zuzendari Asier Arresek, Gasteizko Legebiltzarreko agerraldi batean.

Legeak dioena edo ez dioena

“Gardentasunez” jokatu duela dio fundazioak, eta legea bete duela, De Miguelek langile gisa dituen eskubideak errespetatuta. De Miguelek eta zigortutako beste burukide batzuek zigorraren aurkako helegitea aurkeztu zuten 2019an, eta fundazioak dio gorenak ebazpena eman eta epaia irmoa izan arte ez duela bestelako erabakirik hartzeko aukerarik. Ideia bera errepikatu dute egunotan Jaurlaritzak zein Arantza Tapiak gidatzen duen sailak. Informazioa argitaratu zuen Iker Rioja kazetariaren arabera, fundazioak aukera izan zuen legez De Miguel langile moduan ez onartzeko: Haziren 2019ko hitzarmen kolektiboak bere kideen kaleratzea ahalbidetzen zuen delitu ekonomikoengatik sei urte baino gehiagoko zigorra jasoz gero, eta ez du zehazten epaia “irmoa” izan behar duenik.

“Ez dira erabaki errazak”

Bere jarduna defendatu arren, fundazioak onartu du informazioak asaldura sortu duela: “Hazi fundazioak ulertzen du gizarteak ez duela egoera konprenitzen, eta onartzen du pertsona horri buruz hartutako erabakiak ez direla errazak antolakundearentzat berarentzat”. Epaia irmoa izatean “erabaki bat” hartzeko aukera izango duela azpimarratzen du oharraren azken puntuak: “Epai irmo batek, edozein norabidetan dela ere, aukera emango die Hazi fundazioari eta haren mendeko sailari irizpide juridiko eta administratiboei jarraituz erabaki bat hartzeko”. Hiru urte baino gehiago pasa dira 2019ko abenduan Arabako Auzitegi Nagusiak De Miguel eta Arabako EAJko zuzendaritzako beste zenbait kide ustelkeriagatik zigortu zituenetik, zenbait urtetako zigor espetxetara, eta espero da 2023ko lehen hiruhilekoan emango duela epaia Gorenak.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: De Miguel auzia
2023-07-06 | Ilargi Manzanares
De Miguel eta Otxandiano burukide ohiak Arabako espetxean sartu dira

Otxandiano asteazkenean sartu da, eta De Miguel ostegun goizean. 72 orduko epea eman zien Arabako Probintzia Auzitegiko 2. sekzioak beraien kabuz espetxean sartzeko. Hego Euskal Herrian epaitutako ustelkeria politiko sare handienean parte hartzeagatik zigortu zituzten.


2023-05-30 | ARGIA
De Miguelen espetxeratzea berretsi du epaileak, ez baititu haren alegazioak onartu

Ustelkeria auziagatik kondenatuta dagoen Alfredo de Miguelek kartzela saihesteko alegazioak aurkeztu ditu, baina Arabako Probintzia Auzitegiak ez dizkio onartu, tramaren burua bera zela eta espetxean ez sartzeko aparteko arrazoirik ez dagoela argudiatuta, besteak beste. Erregu... [+]


'De Miguel' auziko bost kondenatu ez dira kartzelan sartuko

Arabako Lurralde Auzitegiak zigorra eten die bost lagunei, bi urte baino gutxiagoko kondenak dituztelako eta ez dutelako aurrekaririk. Ainhoa Bilbao eta Iratxe Gaztelu-Urrutiaren kasuan fiskaltzaren iritziaren kontra hartu du erabakia auzitegiak.


Del Miguel Auziko kondenatuei kartzela zigorra ezarri die Arabako Auzitegiak

Alfredo de Miguel, Koldo Otxandiano, Iñaki Telleria eta Xabier Sanchez EAJko buruzagi ohiei kartzela zigorra ezarri die Arabako Probintziako Auzitegiak. Era berean, 146.230,80 euro itzuli beharko dizkie Autonomia Erkidegoei.


2023-03-16 | ARGIA
Hamar eguneko epea dute "De Miguel" auziko zigortuek espetxean sartzeko

Arabako Probintzia Auzitegiak Espainiako Auzitegi Gorenaren epai ofiziala jaso du. De Miguel eta Koldo Otxandiano burukide ohiak lanpostu publikoetan lanean jarraitu dute orain arte, eta Arantxa Tapiak adierazi du kaleratu egingo dituela.


Eguneraketa berriak daude