De Miguelek lanpostuan jarraitzen du Jaurlaritzak ez duelako Epaitegi Gorenaren epaia jaso, Tapiaren esanetan

  • Jaurlaritza legea betetzen ari dela eta kondenatuen lan kontratuak sententzia jaso bezain azkar etengo dituztela adierazi du Arantxa Tapiak. El Correo-k egun berean argitaratu duenez, urtarrilean ezagutu zenetik 53 egunera aurkeztu du Jaurlaritzak sententzia jasotzeko eskaera formala epaitegietan.

Irudia: irekia.eus

2023ko martxoaren 08an - 07:02

Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntza Batzordean eman ditu azalpenak Arantxa Tapiak, asteartean, Elkarrekin taldeak eskatuta. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Jaurlaritzaren jarduera defendatu du beste behin. Azaldu du Espainiako Epaitegi Gorenak urtarrilean jakinarazi zuen epaia ez duela jaso Jaurlaritzak oraindik: “Ez zaie jakinarazi ez akusatuei ezta Jaurlaritzari ere”. De Miguel Hazi fundazio publikoan ari da lanean, eta 12 urte eta 4 hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen ustelkeriagatik. Koldo Ochandiano burukide ohiak ere lanpostua mantentzen du arlo publikoan, Arabako Parke Teknologikoan, 7 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra jaso bazuen ere.

Tapiak ziurtatu du lehenago kanporatzea bi kondenatuen eskubideak urratzea litzatekeela, baina jakinarazpena jasotzean etengo dietela biei kontratua: “Arabako Probintzia Auzitegiak betearazpen-auto hori eskuratu bezain laster, De Miguel eta Ochandiano jaunen kaleratzea gauzatuko da”.

53 egun epaia eskatzeko

Tapiak adierazpen horiek egin dituen egun berean El Correo egunkariak argitaratu du Jaurlaritzak 53 egun itxaron dituela Arabako Probintzia Auzitegiari epaia formalki eskatzeko. Egunkariaren arabera, martxoaren 3an erregistratu zuten eskaera Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek. Epaia urtarrilaren 9an egin zen publiko, eta hurrengo egunean urtarrilak 10, Tapiak adierazi zuen “lehenbailehen” etengo zirela kondenatuen lan kontratuak.

Oposizioa aurka

Oposizioko taldeek ez dituzte balekotzat eman Tapiaren azalpenak. Sailburuaren agerraldia eskatu duen Elkarrekin taldeko David Sotok adierazi du kanporatzea posible ez balitz –Hazi fundazioko estatutuen arabera posible litzateke, ez delako espresuki aipatzen ustelkeriagatik zigortutako norbaiten epaia irmoa izan behar duenik kaleratzea gauzatzeko– bazirela bestela “konponbide estetikoak” behintzat, hala nola soldata etetea edo santzio motaren bat. EH Bilduko Josu Estarronak Jaurlaritzari leporatu dio luzamendutan aritzea, eta “lehen minututik” esku hartu behar zuela aurpegiratu dio. PPko Carmelo Barriok adierazi du Jaurlaritzaren jarrerak De Miguelen “erabateko defentsaren susmoa” ematen duela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: De Miguel auzia
2023-07-06 | Ilargi Manzanares
De Miguel eta Otxandiano burukide ohiak Arabako espetxean sartu dira

Otxandiano asteazkenean sartu da, eta De Miguel ostegun goizean. 72 orduko epea eman zien Arabako Probintzia Auzitegiko 2. sekzioak beraien kabuz espetxean sartzeko. Hego Euskal Herrian epaitutako ustelkeria politiko sare handienean parte hartzeagatik zigortu zituzten.


2023-05-30 | ARGIA
De Miguelen espetxeratzea berretsi du epaileak, ez baititu haren alegazioak onartu

Ustelkeria auziagatik kondenatuta dagoen Alfredo de Miguelek kartzela saihesteko alegazioak aurkeztu ditu, baina Arabako Probintzia Auzitegiak ez dizkio onartu, tramaren burua bera zela eta espetxean ez sartzeko aparteko arrazoirik ez dagoela argudiatuta, besteak beste. Erregu... [+]


'De Miguel' auziko bost kondenatu ez dira kartzelan sartuko

Arabako Lurralde Auzitegiak zigorra eten die bost lagunei, bi urte baino gutxiagoko kondenak dituztelako eta ez dutelako aurrekaririk. Ainhoa Bilbao eta Iratxe Gaztelu-Urrutiaren kasuan fiskaltzaren iritziaren kontra hartu du erabakia auzitegiak.


Del Miguel Auziko kondenatuei kartzela zigorra ezarri die Arabako Auzitegiak

Alfredo de Miguel, Koldo Otxandiano, Iñaki Telleria eta Xabier Sanchez EAJko buruzagi ohiei kartzela zigorra ezarri die Arabako Probintziako Auzitegiak. Era berean, 146.230,80 euro itzuli beharko dizkie Autonomia Erkidegoei.


2023-03-16 | ARGIA
Hamar eguneko epea dute "De Miguel" auziko zigortuek espetxean sartzeko

Arabako Probintzia Auzitegiak Espainiako Auzitegi Gorenaren epai ofiziala jaso du. De Miguel eta Koldo Otxandiano burukide ohiak lanpostu publikoetan lanean jarraitu dute orain arte, eta Arantxa Tapiak adierazi du kaleratu egingo dituela.


Eguneraketa berriak daude