Helen Clark

"Hiru indar boteretsu ditugu munduan, AEBak, Errusia eta Txina, eta euren esku dago dena"

  • Zeelanda Berriko lehen ministro ohia eta Nazio Batuen Erakundeko Garapen Programako idazkari ohia da Helen Clark (Hamilton, Zeelanda Berria, 1950). Munduko emakume liderrik eraginkorrenetakoa, ustelkeriaren aurka egin duen lana nabarmendu izan dute. Hitzaldiak ematen ditu han-hemen, jasangarritasunaz eta emakumeak botere postuetan izatearen garrantziaz.

Amaia Zabala Tolosa
2018ko maiatzaren 20a

Unibertsitatean hasi eta berehala hainbat gazte mugimendutan sartu zinen.
Aldaketa politiko ugariko garaia zen eta gazteok oso engaiatuta geunden, aldaketak nahi genituen. Vietnameko Gerraren aurkako mugimendua bizi-bizi zegoen, Apartheidaren aurkako protestak ere bai, atzerriko militarrek Zeelanda Berrian baseak ezartzearen kontra ere altxatu ginen, hemengo indigenen eskubideen alde, Pazifikoan egiten ari ziren proba nuklearrak salatzen genituen…

Unibertsitate irakasle egin eta gero, politikan sartu zinen Alderdi Laboristaren eskutik.
Politikak aldatzeko gobernua aldatzea ezinbestekoa da. Gelakide askok gobernua presionatzeko taldeetan lan egitea erabaki zuen, baina nik alderdi politiko batean sartzea erabaki nuen, politikak aldatzeko biderik eraginkorrena delakoan. Gainera, garai hartan, 1972an, gobernu aldaketa izan zen, Alderdi Laboristak irabazi zuen eta guk defendatzen genituen hainbat aldaketa egin ahal izan ziren: Zeelanda Berriko soldaduak etxera etorri ziren Vietnametik, rugby taldeak Hegoafrikaren aurkako finaleko partidua bertan behera utzi zuen Apartheidarekiko gaitzespena adierazteko, Gobernuak Pazifikoko proba nuklearren aurkako jarrera ofiziala hartu zuen…

“Erakunde guztietan daude isilpeko finantzazio-iturriak eta hori ez da zuzena. Gizarteak gardentasun osoa merezi du”

1981ean parlamentari, ondoren Etxebizitza, Osasun eta Kontserbazio ministro, eta 1990ean lehen ministro. Postu horretara ailegatu zen bigarren emakumea izan zinen Zeelanda Berrian, eta bederatzi urte egin zenituen karguan.
Dagoeneko esperientzia handia nuen politikan, baina lehen ministro izatea goreneko mailara iristea da. Politika berriak egiteko eta herrialdea nazioarteko mugimenduetan sartzeko aprobetxatu nuen. Lan askoko urteak izan ziren, baina aldi berean oso hunkigarriak eta politak; azkar pasa ziren.

AEBak Irak inbaditzearen aurka gogor egin zenuen eta lehen ministro zinela Zeelanda Berria lehen herrialdea izan zen Afganistan berreraikitzen laguntzeko tropak bidaltzen.
Bai, baina nazio txikia izanik ez daukagu gatazka eta politika internazionaletan asko erabakitzerik. Gainera, AEBek aliatu fuerteak zituzten, horien artean Australia, Erresuma Batua eta Espainia. Afganistanen kasuan berriz, militar ingeniariak bidali genituen berreraikitzen laguntzeko (elektrizitate instalazioak, ospitaleak, ikastetxeak…). Baina urtebetez soilik, oso arriskutsua baitzen soldaduentzat bertan bizitzea; ez ziren borrokarako tropak.

2009an Nazio Batuen Garapen Programako idazkari izendatu zintuzten, lehen emakumea erakunde honen buru. Zein izan zenuen erronkarik handiena?
Finantzazio-iturri guztiak argitu eta hauek publiko egitea. Erakunde guztietan daude isilpeko finantzazio-iturriak eta hori ez da zuzena. Gizarteak gardentasun osoa merezi du. Erakunde barruko txosten eta proiektuen inguruko informazio guztia publiko egiten ere lan handia egin nuen, herritar guztiek sarbide irekia izan zezaten. Bestalde, lehenengo lanetako bat izan zen ohiko lan egiteko sistema tradizionaletik atera eta Garapen Programak munduan dituen bulegoetan egiten duten lana publikoari ezagutzera ematea, horretarako sare sozialak erabiliz. Izan ere, kontatzeko historia izugarriak zituzten eta oso garrantzitsua iruditu zitzaidan horiek zabaltzea.

“NBEk ez du inongo parte-hartzerik egingo Sirian, potentzia handiak beraien artean ez baitatoz bat erabakietan eta inongo idazkari orokorrek ez du potentzien tartean sartu nahi. Horregatik, Idazkariaren rolak aldaketak behar ditu”

Idazkari izatera iritsi eta bi urtera, munduko erakunderik ireki eta gardenenaren saria jaso zuen Garapen Programak.
Erakundearen kulturan eta funtzionamenduan erabateko aldaketa izan zen, lorpen izugarria.  Inongo erakundetan ez da inoiz dena primeran joango, ezta inongo gobernutan edo GKEtan ere, baina gakoa da gauzak oker doazenean aurre egin eta gardentasun osoz konpontzea.

Garapen bidean dauden herrialdeetan aritu zara lanean. Zein zentzutan lagundu diezula esango zenuke?
Erakunde erraldoi bat lideratu dut baina ezin izan naiz denera iritsi eta gai batzuetan zentratu behar izan dut. Maila eta prestigio altuko erakunde internazionala izanik, errazagoa da botere eta eragin gehien duten pertsonengana iristea eta lorpenik handiena horixe izan dela esango nuke, presidenteengana eta ministroengana iristea. Garatzen doazen herrialdeak dira, baina horretarako estrategia eta plangintza egokiak behar dituzte eta lorpena da gobernu hauei ematen zaien diru-laguntza iraunkorra izatea, agenda globalean sartuz. Gauza bera jasangarritasunari dagokionean, kooperazio lan handia egin dugu horretan ere. Baina beti ere herrialdearen eskaeren eta erritmoaren arabera; nahi dutena eta eskatzen dutena konpontzen lagundu behar duzu une bakoitzean, ezin duzu ezer inposatu, baina Nazio Batuen Erakundeak zehatz-mehatz jarraitu nahi du agenda globala eta hor eztabaida handia sortu ohi da. Uneotan, Nazio Batuen lan handiena klima aldaketa da eta hark darama diru zatirik handiena, 4 bilioi inguru, eta kopurua ziztu bizian ari da handitzen.

Pentagonoan, 2002an.

Larrialdi egoerako herrialdeen garapenean ere parte hartu du Programak.
Bai, Siria, Somalia edo Yemenen esaterako. Gerra izugarriak dituzten herrialdeak izan arren eta gatazkako eragileen presioak ikaragarriak izan arren, Nazio Batuen Garapen Programak dirua lortu du herrialde horientzat. Bertako erakundeekin elkarlanean, herritarrek bizi ahal izateko gutxieneko baliabideak eskaintzen saiatu gara. Gutxieneko ekonomia batek aurrera jarraitu beharra dauka, bizitzak aurrera jarraitu behar du.

Nazioen arteko gerrak saihesteko sortu zen NBE, 1945ean. Horretarako erakundeak bere esku dagoen guztia egiten duela uste duzu?
Ez guztiz. Tentsio handiko garaian gaude. Hiru indar boteretsu ditugu munduan, AEBak, Errusia eta Txina, eta euren esku dago dena. Aldiz, beste herrialde batzuk segurtasun kontseiluan egon ere ez daude. Gainera, idazkari orokorraren postuak gero eta botere gutxiago du, herrialde indartsu horiek gainetik dituelako. Idazkari orokorraren rolak aldaketak behar ditu: arriskatu eta jarrera hartu behar du. Siriako gerraren kasuan gertatzen ari dena ikusi besterik ez dago. NBEk ez du inongo parte-hartzerik egingo, potentzia handiak beraien artean ez baitatoz bat erabakietan eta inongo idazkari orokorrek ez du potentzien tartean sartu nahi. Ziurrenik, Siriako gerrak amaiera beldurgarria izango du, eta bertako eragileez gain Errusiak, Iranek eta hein batean Turkiak ere parte hartu beharko dute.

“Emakume arrakastatsuak nahi ditugu, baina ez diegu aukerarik ematen. Emakumeok jabetu behar dugu errealitate hau ez dugula horrela aldatuko: haserretu, antolatu eta alarma soziala sortu beharra dugu”

Zeintzuk dira NBEren erronkarik handienak?
Arazorik handienetarikoa da AEBak klima aldaketaren aurkako neurrien akordiotik atera izana, nahiz eta aurretik ere izan diren AEBek NBEko programak babestu ez eta kontribuzioak ordaindu ez dituen urteak. Hori gobernatzea ez da erraza izango, baina politika oso dinamikoa da eta mugimendu handiak izaten dira. AEBak urrundu egin dira Parisko Akordiotik, baina Txinak berriz, esan du dena emateko prest daudela klima aldaketaren aurka borrokatzeko, eta eskerrak. Dena den, nik uste AEBak gogoeta egin eta itzuli egingo direla, gainontzean alferrik ari gara lanean.

2016an NBEko idazkari nagusi izateko hautagai aurkeztu zinen. Lehen emakumea izango zinatekeen postu horretan eta aldeko kanpaina handia egin zen, baina Antonio Gutierres izan zen hautatua. Genero arazoa dago NBEn?
Sekulakoa! Bederatzi idazkari orokor izan ditu sortu zenetik eta guztiak gizonezkoak. 2016an horri buelta emateko aukera ezin hobea egon zen: emakumea izatea tokatzen zen bai ala bai eta primeran prestatutako hainbat emakume hautagai aurkeztu ginen, Irina Bokova bulgariarra eta Susana Malcorra argentinarra esaterako, baina alferrik. Politika arloan, makina bat emakume geratu dira bidean, ongi prestatuta egon arren eta primeran lan egingo luketen arren nahikoa boto lortu ez dutelako. Barregarria da, zoritxarrekoa: emakume arrakastatsuak nahi ditugu, baina ondoren ez diegu aukerarik ematen.

Mundu osoko emakume liderrekin batera hainbat kongresutan parte hartu duzu eta hainbatetan defendatu duzu zeinen garrantzitsua den arlo guztietako ardura eta lidertza postuetan emakumeak egotea.
Oinarrizko eskubide kontua da. Garapen Programan lanean aritu naizen urteetan ikusi dut oso herrialde gutxik dituztela emakumeak goreneko postuetan. Ez da zuzena soilik gizartearen erdiak izatea erabakiak hartzeko rola. Emakumeok erabat ordezkatuak izateko eskubidea dugu eta horretarako parlamentuen %50a izan beharko genuke. 60, 70 eta 80ko hamarkadetan feminismoaren mugimenduari esker aurrerapen asko lortu ziren eta oraingo belaunaldiak sarri uste du guztia egina dagoela, baina zoritxarrez oraindik izugarri dago egiteko. 2017ko Munduko Ekonomia Foroan aurkeztu zuten txostenak dio egungo erritmoan, ehun urte beharko ditugula parlamentuetan ordezkaritza bera izateko eta 217 urte, lan esparruan berdintasuna lortzeko. Beraz, emakumeok jabetu behar dugu errealitate hau ez dugula horrela aldatuko: haserretu, antolatu eta alarma soziala sortu beharra dugu. Jakina, horretarako gizonezkoen babesa ere behar dugu.

2016an Forbes finantza aldizkariak munduko 22. emakumerik boteretsuena izendatu zintuen, Richtopia aldizkariarentzat munduko bigarren emakume liderrik eraginkorrena zara sare sozialetan, eta Zeelanda Berriko emakumerik boteretsuenatzat jotzen zaizu. Jende askorengana heltzeko gaitasuna eta ardura dakar horrek.
Beti gertu nago Twitterreko eztabaidetan, txio bakoitza jende pila batengana heltzen da-eta. Urte askoan izan naiz lider eta jende askok jarraitzen nau, jakin nahi dute arazo eta gatazken inguruan zer iritzi dudan edota ikusgarritasuna zein gairi ematen diodan. Normalean, inork interes handirik jartzen ez duen herrialde txikietako albisteen inguruan txiokatzen dut. Azken asteetan esaterako, Maldiva Uharteetako eta Gambiako gobernuetako gatazken jarraipena egin dut, hedabideek Trumpez eta Brexitaz besterik ez baitute hitz egiten eta bada beste mundu bat, garapenean dauden herrialdez osatua hain zuzen, zeinak munduko populazioaren %80a hartzen duen.

“Hedabideek Trumpez eta Brexitaz besterik ez dute hitz egiten eta bada beste mundu bat, garapenean dauden herrialdez osatua, zeinak munduko populazioaren %80a hartzen duen”

Zure karreran zehar inoiz galdu al duzu politikarekiko esperantza?
Ez, eta une etsigarriak bizi izan ditut gero! Ni lehen ministro izan ondoren, politika erabat ezberdina zuen hautagai kontserbadoreak irabazi zuen. Baina sistemak horrela funtzionatzen du. Politikaren bitartez aldaketa asko lortu daitezke eta Zeelanda Berria bezalako demokrazia txiki batean oraindik eta gehiago. Europan, une honetan politika sistema oso zatituta dago, alderdi demokratiko tradizionalak presio handia ari dira egiten herrialde askotan, baina Britainia Handian adibidez Alderdi Laboristak irabazi zuen inork espero ez zuenean. Portugalen, gobernu progresista ezartzea lortu dute lau alderdiren koalizioaren bitartez; aldaketa posible da. Gobernu progresista lortzeko aukera dagoenero saiatu behar da, gizartean eta ingurumenean oinarritutako politikak aplikatu daitezen. Zergatik ematen diote hainbesteko garrantzia Barne Produktu Gordina hazteari? Irabaziak garrantzitsuak dira, baina zertan inbertitzen den oraindik eta garrantzitsuagoa. Alderdi kontserbadoreek nahi duten bakarra tasak ezartzea da. Egia da azpiegiturak mantentzeko dirua behar dela, hezkuntzak dirua behar du, pentsioen sistemak dirua behar du… baina zergak kobratzearekin bat, gizartearen ongizatea ziurtatzea funtsezkoa da.

One year with Helen dokumentalaren amaieran zera diozu: “Zerbait konstruktiboa bilatuko dut”. Zein proiektutan ari zara orain lanean?
Bizitza guztia daramat politikan, batez ere nazioarteko gaietan, eta hori dela-eta hainbat erakundetatik deitzen didate ekimenetan parte hartu edo hitzaldiak emateko, bereziki jasangarritasunaren arloko gaiei edota generoari eta emakumeen lidertzari lotuta. Osasun gaietan ere gero eta gehiago ari naiz parte hartzen.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Zeelanda Berria kanaletik interesatuko zaizu...
Louisa Wall
"Datozen hamar urteetan Zeelanda Berriaren erabateko deskolonizazioa lortzeko esperantza daukat"

Zeelanda Berriko errugbi izarra, LGBTI kolektiboaren borrokan liderra eta herrialdeko komunitate indigenaren defendatzaile sutsua da Louisa Wall maoria (1972). Parlamentari dihardu, britainiarren kolonizazioak utzitako ondorioei aurre egitea helburu.


2017-03-15 | Jakoba Errekondo
Kiwi gorria ekoitzi dute Zeelanda Berrian lehen aldiz

Zeelanda Berriko Zespri enpresa ezagunak garatu du. Duela urte gutxi kiwi hori gozoa kaleratu zuen. Orain kiwi berde gozoago bat sortzeko lanetan ere ari da. Baina bere 20. urteurrenean gorria du berri nagusia.


2015-02-04 | ARGIA
Filtrazioa: Osasungintza publikoa salgai jartzea eztabaidagai AEB eta EB artean

AEB, Europar Batasuna eta beste zenbait herrialde sekretupean negoziatzen ari diren TISA akordioko dokumentu batek erakutsi duenez, osasungintza merkaturatzea aztertzen ari dira mundu osoko hainbat herrialde.


2014-10-29 | Nerea Ibarzabal
Erreferenduma egingo dute 2016an Zeelanda Berrian, euren banderatik Erresuma Batukoa kentzeko

John Key Zeelanda Berriko lehen ministroak bultzatutako ekimena da. Herrialdeko banderak “ikur esanguratsuago bat” behar duela adierazi du, “estatu moderno eta independente” bat delako.


Zeelanda Berrian erreferenduma bandera aldatu ala ez erabakitzeko

Zeelanda Berriak erreferenduma egingo du herrialdeko bandera aldatu ala ez erabakitzeko. Lehen Ministro John Keyk iragarri du. Egungo banderak bazter batean Erresuma Batuko ikurra du eta herritar askorentzat konnotazio kolonialista du.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude