ARGIA.eus

2020ko irailaren 27a
ANALISIA

Badago zertaz lotsatu eta izutu

Mikel Asurmendi @masurmendi
2018ko maiatzaren 06a

ETAk eragindako kaltea onartu du. ETAren agiria bi testutan heldu da. Batean, “eragindako kalteari buruzko adierazpena” helarazi dio Euskal Herriari. Bigarrena adierazpenari buruzko argibide oharra da. ETAk egindako mina onartzea ez da harritzekoa, areago, bera sostengatu izan duten herritarrentzat –ETAk Euskal Herria deitzen duenentzat– lasaigarria da. Edonola ere, adierazpenari buruzko “argibide oharra” idatzi behar izateak gatazka ebazteko egun lantzen ari den moduak ez du normalizazio politikoa bermatuko.

Bi arrazoik egin dute posible ETAren agiria: bat, politikoki ez duela deus galtzerik ez irabazterik ere. Ez ETAk, ez politikoki historikoki berarengandik gertuen dagoen aukera politikoak. Bi, agiri horren bitartez, euskal preso politikoen etorkizunak hobera egin dezakeela. Hala ere, bigarren hau ez dago bermatuta. Areago, ETA desmobilizatuko da, presoak aterako dira kalera, baina inork ez du bermatzen etorkizunean preso politikoak, biktimak, borroka armatua edo “terrorismoa” izanen ez denik.

ETAren agiriak ez du dena esaten, ezinezkoa baita dena esatea. Erran nahi baitut, 1958ko, 1968ko, 1978ko… ETA, egungo ETA al da? Zenbat ETA izan dira sei hamarkadatan? Egungo ETAk hitz egin al du ETA guztietan aritu direnen izenean?

Gehiago esateko eta partekatzen hasteko, agiria idatzi dutenek ETAren beraren 60 urteko kidegoekin hasi behar dute bizitakoa partekatzen, bizirik daudenekin behintzat. Kidego horietan suerte guztietako herritarrak daude, mota guztietako biktimak, torturatuak, estatuek errepresaliatuak nahiz ETAk berak jazarriak, baztertuak edota hitz batean “damutuak”.

ETAk eragindako kaltea onartzea ez al da egindakoaz “damutzea”?

ETAk Euskal Herria deitzen duenak has lezake orduan gertatutakoa digeritzen. Eta guztia digerituta ere, hori egiteak ez du legea ezartzeko biolentziaren monopolioa dutenek “eurek eragindako mina eta inposizioa” aitortzea bermatuko. Espainiako eta Frantziako estatuek –ez berauek sostengatzen dituzten herritarrek ez agintariek– ez dute egindako minez eta kalteez ez “damu” ez dolurik aitortu beharrik. Euren legeek salbuetsita daude.

ETAk Euskal Herria deitzen duen horrek badu zertaz lotsatu, eta zertaz beldurtu ere. Ostera, zertan daude Euskal Herria horretaz harago eta honago daudekeen Euskal Herriak? Ba al dago Euskal Herria izaterik Espainia eta Frantzia izanda, ba al dago bi estatu hauek –ondoan– izan gabe?

Ba al dago Euskal Herria izaterik –ETAk Euskal Herria deitzen duen hori– ETA desegin edo amaitu ostean?

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: ETA-ren amaiera

ETA-ren amaiera kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2018ko maiatzaren 06a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude