"Gure lana erabiltzen ari dira beldurraren kultura zabaltzeko"

  • Espainiako Auzitegi Gorenak otsailaren hondarrean berretsi du Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtonyc’ (Sineu, Herrialde Katalanak, 1993) rap-kantariaren aurkako epaia: hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra. Espetxeratzeko aginduaren zain dagoen bitartean, mallorcarrak uko egin dio zigorra laburtzeko indultuari eta El Reincident lana publikatuz erantzun dio Espainiako Justiziari.

Argazkia: Jordi Borràs
Argazkia: Jordi Borràs

Erregearen argazkiak erretzeari buruzko kasuan, Estrasburgoko Justiziak Espainia zigortu berri du adierazpen askatasuna urratzeagatik. Zer deritzozu?
2007an kartzela zigorra eragozteko bermea ordaindu behar izan zuten gazteengatik pozgarria da albistea. Eta, noski, argi gelditu da, beste behin, ideiengatik Madrilek jendea zapaltzen duela. Europak arrazoia eman dio Kataluniari, Espainiako Estatuan adierazpen askatasunak tokirik ez duela agerian utziz.

Espainian epaitutakoentzat Europan al dago justiziaren giltza?
Tira, ez dugu besterik. Argi dago Espainian ez dela justiziarik egingo eta, beraz, behartuta gaude Europako Justiziara jotzera. Arazoa da Estrasburgok erantzuten azkarragoa izan beharko lukeela. Penagarria eta ulertezina da, adibidez, erregearen irudia erretzeagatik zigortu zituzten gazteen sententzia bederatzi urteko atzerapenarekin iritsi izana. Nire auziarekin berdina gertatzen da, badakit Europako justiziak arrazoia emango didala, terrorismoari gorazarrea eta monarkiaren kontrako kalumnia delituak Espainian daude bakarrik. Baina, seguruenik epai hori iritsiko da hamarkada inguru barru, espetxe zigorra beteta dudanean.

Zergatik egin diozu uko indultua eskatzeko aukerari?
Hasteko, uste dudalako ez dudala ezer gaizki egin eta, indultuak berezkoa du errua aitortzea. Nire lana eta afizioa da abestiak idaztea eta adierazpen askatasuna eta sorkuntza eskubideak erabili besterik ez dut egin. Bestalde, indultuarentzat ezinbestekoa litzateke Espainian ez dagoela adierazpen askatasunaren urraketarik argudiatzea. Begi bistan da, ez nagoela halakorik esateko prest eta beraz, indultua baztertzea argi izan nuen hasieratik.

Argazkia: Jordi Borràs

Momentuz helegitea aurkeztu duzue. Zertan da orain prozesu judiziala?
Auzitegi Gorenean helegitea ukatu zidaten eta orain Konstituzio Auzitegian aurkeztu dugu. Badirudi, urtebete inguru behar izaten dutela tramite horri erantzuna emateko. Edozein modutan, Espainiako auzitegiekin itxaropen txikia dut, beraz, helegite hau ere baztertzen badute, Europara joko dugu.

Baliteke egunotan espetxeratze agindua jasotzea, ezta?
Bai, normalean sententzia jakinarazi eta hilabete batera bideratzen dute agindua. Dagoeneko hiru aste pasa dira. Agertoki batzuk daude. Auzitegi Gorenak nire helegitea tramitera eramatea onartuko balu, espetxeratze agindua bertan behera geldituko litzateke, gutxienez, ebazpena iritsi arte. Baina, susmoa dut, helegitearen erantzunik ez jasotzekotan, prozesu judizialaren kapitulu berriak presondegitik kudeatu beharko ditudala.

Nolakoak izan dira egun hauek, giltzapetuko zaituztela jakinda?
Presio egunak dira. Testuingurua berezia eta arraroa da. Deitzen didaten toki guztietara joaten ari naiz, hitzaldiak, kontzertuak eta elkarrizketak egitera. Izan ere, ezinbestekoa iruditzen zait ahalik eta jende gehienak bertatik bertara ikustea eta jakitea bidegabekeriaren tamaina. Pertsona arrunta naiz, langilea eta 18 urte bete nituenetik ari naiz sistemaren zapalketa pairatzen. Irmoki zabaldu nahi dut lau haizetara gaur ni naizela biktima, baina bihar zu izan zaitezke.

Zure egunerokoa eten duzu adierazpen askatasunaren aldeko kanpaina azkar honetan murgiltzeko.
Arraroa da, giltzapetuko nautela dakidan une honetan ari bainaiz, lehen aldiz, gustuko dudan lana egiten. Orain arte fruitu kooperatiba batean lan egiten nuen. Mediatikoki nire auziak ekarri duen eztandagatik bertan behera utzi dut, espetxeratu aurreko aste hauetan behintzat, nire esku dagoen guztia egiteko.

Noiz eta nola hasi zinen rapeatzen?
Nire lehen maketa 2009an kaleratu nuen, 16 urte nituenean. Rapa niretzat gizartea eraldatzeko tresna da. Tira, niretzat eta genero honetan murgilduta gauden denontzat: ezin ahaztu musika mota hau afroamerikarrak erailtzen zituzten testuinguruan jaio zela, AEBetako Polizia eta estatu indarrak salatzeko. Gurean ere, bertako herrien kontrako errepresioa nagusi da, eta niretzat ezinbestekoa izan da, gaztetxoa nintzenetik salaketa hori musikaren bitartez kanporatzea.

Argazkia: Jordi Borràs

Zein da adierazpen askatasunaren osasuna gaur egun?
Gizarte demokratiko eta aski heldu batek aurrez aurre hartu beharko lukeen eztabaida da adierazpen askatasunarena. Argi dago Espainia ez dela demokratikoa, ezta heldua ere. Beraz, adierazpen askatasuna urratzen du, nahikoa babestuta dauden zapaltzaileak iraintzen ditugunean. Arazo nagusia da maila berean jartzen dituztela, adibidez, boteretsuen kontrako irainak eta gizartean, objektiboki, bazterkeria pairatzen duten LGTBI edo arrazakeriaren biktimen aurkako irainak.

Badago zure auzia neurritik aterata dagoela uste duen jendea, baina aldi berean desegoki ikusten duena zure abestietan ETAren hilketak behin eta berriz aipatzea. Zer errango zenioke?
Testuinguruaren araberako hamaika irakurketa egin daitezke nire abestiez. Betidanik argi izan dut sentiberatasunak pisu handia duela. Hala ere, Sirian biziko bagina terrorismoari gorazarre egitearen delitua eztabaidagarria izango litzateke. Baina hemen eta orain ez dago talde armaturik, eta beraz kexa gisa erabiltzen dugu musika, besterik gabe. Desberdina izango litzateke eduki hori panfleto batean publikatuko bagenu, edo komunikabideetan. Argi dago, nik ez dudala sekula ETAren hilketarik desio izan. Zentzugabea da muga horiek jartzea.

Non dago, zure ustez, gorroto delituaren eta adierazpen askatasunaren urraketaren arteko muga?
Gorroto delituak berezkoa du gizartean arriskuan dauden kolektiboen bazterketa sustatzea. Adierazpen askatasunak, aldiz, bermatu beharko luke, bakoitzak nahi duen gaiaren inguruan iritzia ematea, beti ere, baztertutako kolektiboei kalterik egiten ez dien bitartean. Begien bistakoa da nire abestietan iraintzen ditudanak nahikoa babesa dutela sistema zapaltzaile honetan.

Autozentsuraren bidea baztertu eta disko berria publikatu duzu hil honetan. Zein da lan horren helburu nagusia?
Espainiako Estatuaren errepresioarengatik, autozentsuraren atzaparretan erori direnentzat adibide izatea. Pablo Hasel eta ni oraintxe mandatari hutsak gara: gure lana erabiltzen ari dira gizartean beldurraren kultura zabaltzeko. Hainbat eta hainbat artistak autozentsuraren bidea hartzen dute egoera horren aurrean eta orduan, nire erronka egun hauetan izan da, auzipetuta egon arren, desobeditzea. Berriz diot, adierazpen askatasuna babesten dudalako. Isilarazi nahi nauzue? Ba disko berri batekin ozenago abestuko dut.

Sekula pentsatu zenuen zure kantuengatik espetxeratuko zintuztenik?
Inolaz ere ez. Gauza da monarkiaren aurkako kalumnien eta terrorismoari gorazarre egitearen delituak 2011n gehitu zirela Espainiako Zigor Kodean, eta ni 2009an hasi nintzen rapeatzen. Pablo Hasel atxilotu zuten lehen aldian konturatu nintzen ni ere arriskuan egon nintekeela.

Beldurrik izan duzu inoiz?
Noski, eta orain ere beldur naiz. Baina, zintzoki, beldurrik handiena zen nire herriaren isiltasunarekin talka egitea. Amak behin baino gehiagotan esaten zidan bide honetatik ez jarraitzeko, gizartea nitaz ahantziko delako. Argi dago oraindik ez naizela espetxean sartu, eta beraz, ez dakit nola erantzungo duen herri mugimenduak. Baina orain arte babes itzela jaso dut.

Argazkia: Jordi Borràs

Armiarma operazioa, txotxongilolariak, Alfredo Ramirez, Fariña liburua, Pablo Hasel, zu... Gertatzen ari denaren larritasuna kontutan hartuta, nahikoa antolatu al da gizartea?  
Esango nuke baietz, ezin estimatuago sentitzen bainaiz. Eta garrantzitsuena da antolatuta ez zegoen jende asko ari dela mobilizazioetan parte hartzen, eskubide kolektiboen kontrako zapalketaz ohartu delako. Nirea ez da gertakari isolatua. Garaia da mahai gainean kolpe irmoa jo eta Madrildik egiten ari direna eteteko. Duela hamar urte inork ez zuen pentsatu ere egingo egun musikariak edo Jordiak espetxeratuta eta hainbat politikari erbesteratuta egongo zirenik. Zintzoki, ez dut imajinatu ere egin nahi, gizarteak orain erantzuten ez badu, hemendik hamarkada batera zer egiteko gai izango diren. Herri gisa erantzun sendo baten premia dago.

Errepresioa errepresio, pasa den astean argitaratu zuten azken inkestaren arabera, Ciudadanosek eta PPk irabaziko dituzte Espainiako hauteskundeak. Nola da posible?
Botoak irabaztea oso erraza da komunikabideen kontrola dutelako: euren aldeko kanpaina egina dute eta, bide batez, zapaldutako herriak deabrutzen dituzte. Telebista eta irratia jende askok jarraitzen ditu eta, handik uneoro ari direnez boteretsuen aurpegi garbiketa sustatu eta Espainiako herri eta kulturen kontra bonbardatzen, jendeak sinetsi egiten du. Hori gutxi balitz, sistema aldatu nahi duten alderdi ezkertiarren lanabes erabilienak Twitter eta sarea dira. Muturreko eskuinak, aldiz, kaleak hartzen ditu, gutxienez Mallorcan. Esango nuke horrek ere ez diela laguntzen.

Egunean egunekoa bizitzen ari zara. Bihar giltzapetuko bazintuzte, zein mezu zabaldu nahiko zenuke?
Aski dela! 78ko Erregimenari amaiera emateko tenorea iritsi da. Eta hori ez da soilik kulturaren bueltan gabiltzanon ardura. Gizartean nagusi diren injustizia denak urratzeko garaia iritsi da: pentsiodunak baztertuta ditugu erabat, langileok geroz eta baldintza okerragoak ditugu, etxebizitza duinik gabe gelditzen ari gara… Gu adierazpen askatasunaren aldeko borrokan murgilduta gaude, baina, ezinbestekoa da herritar guztiok kalera ateratzea, kolektibo bakoitzak berea aldarrikatu eta sistema eraldatzeko.

Baikorra zara? Borroka honen emaitzak ikusiko al ditugu?
Estatuaren tresneria zapaltzailea hain da bortitza… zaila da baikorra izatea. Katalunian ikusi dugu, erreferenduma hankaz gora jartzeko gai ere izan ziren, polizia indarrak gizartearen kontra erabilita. Lau lagun ditugu epaiketarik gabe atxilotuta, etxetik 700 kilometrotara, eta hiru gehiago erbestean. Seguruenik borroka honen ondorioak ez ditut nik biziko, nire seme-alabek edo ilobek, akaso. Batek zioen bezala, ez gara itsasoa erdietsiko dugunak, baina erauntsiari aurre egingo diogu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024-02-01 | Gedar
Black Marfil abeslariaren kontrako zigorra berretsi dute: bi urte eta hilabete bat

Iruñeko abeslaria bere abestietako letrengatik kartzelaratuko dute, besteak beste, udaltzainen kontrako "gorrotoa eta indarkeria" sustatzea leporatuta.


2023-10-30 | ARGIA
Valtònyc rap kantaria Mallorcara itzuli da bost urtez erbestean egon ondoren

Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtònyc’ rap kantari mallorcarrari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak bere kantuetan “terrorismoa goratzea” eta Espainiako koroari “irain egitea”... [+]


2023-07-17 | Ilargi Manzanares
Sutan dagoen Ertzaintzaren furgonetaren argazkia "iraingarria" dela dio Jaurlaritzak

Donostiako Groseko jaietan larunbatean antolatu zen grafiti erakusketan sutan zegoen Ertzaintzaren furgonetaren irudia erakutsi zuten, eta Ertzaintza azaldu zen kentzera. Segurtasun sailburu Josu Erkorekak “gorroto eta indarkeria bultzatzen duen irudia” dela adierazi... [+]


Eguneraketa berriak daude