Saharako egarria asetzeko, emakumeek dute giltza

  • Jakina da gizakiok eta izaki bizidunok bizitzeko nahitaezko dugula ura. Nazio Batuen Erakundeak ere gizaki guztiok ura izateko dugun eskubidea txertatua du bere oinarrietan. Baina, nola bizi dute eskubide hori, esaterako, Hamadako desertu idorrean bizi direnek? Saharako errefuxiatu kanpamentuetan kalitatezko ura lortzeko zailtasunek erronka bihurtu dute herritar guztiek urerako sarbidea bermatua izatea. Horretarako laguntza lanean dihardu Arabako SEADen Lagunen Elkarteak.

Kanpamentuetako bilkura batean, uraren kudeaketa sistema ilustratzen duten afixak eskuetan dituztela. / Arabako SEAD-EN

Elmaa: Hasanieraz, sahararren hizkuntzan, ura. Garrantzia bereziko hitza da elmaa Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetan. Udan 45 graduko tenperatura jasaten duten eremu lehorrean, ez da gutxiagorako. 40 urte baino gehiago daramatzate 165.000 saharar inguruk Hamadako basamortuan sortutako kanpamentuetan bizirauten, euren herrira noiz bueltatuko zain. Erresistentziaren ikur da sahararren borroka, eta erresistentzia modu bihurtzen da errefuxiatuen eguneroko bizitza kanpamentuetan.

1975ean okupatu zuen Marokok ordu arte Espainiaren kolonia zen Mendebaldeko Sahara, Martxa Berdea bezala ezaguna den inbasioaren bidez. Gerra hasi, eta milaka herritarrek beren etxeetatik ihes egin behar izan zuen, ustez denbora tarte txikia izango zen aldi baterako. “Gerratik ihesean zihoazela, ura zegoen lekurantz joan ziren errefuxiatu sahararrak kanpamentuak ezartzeko”, azaldu digu Arabako SEADen (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa) Lagunen Elkarteko kide Geert Demonek.

Izan ere, ur poltsa handiak daude Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetako lurraren azpian. Hasierako urteetan, errefuxiatuek eurek eskuz egindako putzu probisionaletatik ateratzen zuten ura, familia-putzuetatik. 1994an ordea, euriteek uholdeak eragin, eta saneamendu sistema egokirik ez zegoenez, urak kutsatu eta kolera izurritea eragin zuen El Aaiunen. Autoritate sahararrek familia-putzuak itxi eta uraren kudeaketa antolatzeari ekin zioten.

Ur fosila basamortuaren azpian

Urez hornitzeko egun darabilten sistema konplexua da. Ura herriguneetatik kanpo dauden ehun metro inguruko sakonerako putzuetatik ateratzen dute. “Ur fosila da kanpamentuen azpian dagoena, duela milaka urte pilatuta dagoena. Ur fosilak esan nahi du ateratzen den kantitatea ez dela inoiz bueltatuko, petroleoa bezala da”. Dena den, segituan azpimarratu du Demonek milaka urtetarako ur kopurua dagoela kanpamentuen azpian.

Zulaketetatik lortzen duten uraren kalitatea, hala ere, ez da guztiz ona: “Gatz kopuru handiak ditu, eta baita nitratoenak ere”. Horregatik, ura tratatzeko osmosi plantak eraiki dituzte eta kloratze sistema ezarri. “Instalakuntza horiek ez dute gaitasun nahikoa kanpamentuetako biztanle guztiei ur tratatua emateko, ordea. Horregatik, zenbait willayatan (kanpamentutan) txandakatu egiten dute: denbora tarte batean ur tratatua, beste tarte batean tratatu gabea”, dio kideak. Dajlako willayan, adibidez, tratatu gabeko ura soilik hartzen dute, osmosi plantarik ez dutelako.

Behin ura erauzita eta zenbait kasutan plantetan tratatua izan ondoren, nola egiten dute banaketa? Bi modu dauzkate: zenbait kanpamentutan zisterna-kamioien bitartez, eta beste zenbaitetan hodi sarearekin. Kamioiek kanpamentuen kanpoaldeko puntuetan jasotzen dute ura eta errepide ondoan familiek pilatzen dituzten deposituetan deskargatzen dute, auzo bakoitzeko ordezkariaren —beti emakumezko bat— gidaritzapean. Hoditeria bidezko ur banaketa sarea ere ez da etxe bakoitzera iristen: iturri komunitarioak daude, eta auzo bakoitzeko ordezkaria da iturriari tutu malgua erantsi eta familien deposituok betetzeaz arduratzen dena. “40 urteren ondoren oso ongi antolatuta dute eta oso ohituta daude banaketara”, dio Geertek.

Emakume sahararra,uraren banaketan arduradun

Ura izateko eskubidea denena bada ere, Saharako kanpamentuetan emakumeak dira eskubide horren erantzule. “Familiako betebeharrak dituen emakume bakoitzak metro kubo bat ur jasotzeko eskubidea dauka. Berdin dio emakumea ezkonduta, bananduta edo dibortziatuta dagoen”, dio Geertek. Dena dela, banaketa ofizial horren ondoren familia eta bizilagunen arteko elkartasunaren bidez uraren nolabaiteko birbanaketa egiten da, familia bakoitzeko beharren arabera.

Uraren banaketaren antolakuntzan ere emakumeak dira protagonista. Daira bakoitzak –willayaren barruan banatzen diren hiriguneak dira dairak– bere Uraren Komitea dauka, eta denak emakumezkoak dira komite horietan: daira bakoitzeko lau auzoetako ordezkariek, lehendakariak eta idazkariak osatzen dituzte. Uraren eskualdeko zuzendaritzan eta, maila nazionalean, Uraren eta Ingurumenaren Ministerioan emakumeen presentzia txikiagoa da, katean gora egin ahala gizonezkoak nagusitzen baitira.

Emakumeen komiteetako rol garrantzitsu horren inguruan galdetuta, uraren gaian ez ezik gizartearen antolaketa osoan nabarmentzen dela kontatu digute arabar aktibistek: “Bestelako komiteak ere badaude, elikagaiena edota hainbat zerbitzurena adibidez, eta horietan ere emakumeak dira nagusi. Beraiek daukate kanpamentuetan zer eta nola banatzen denaren kontrola, eta beraiek arduratzen dira guztiengana iristeaz”, dio Usune Zuazo elkarteko kideak. Izan ere, emakumeak izan ziren kanpamentuak eraiki eta bertako gizartea antolatu zutenak, eta gerra ondoren gizonezkoak bueltatu zirenean rolen eta funtzioen banaketa berria gertatu bazen ere, emakume sahararrak bertako gizartean paper oso garrantzitsua mantendu duela nabarmendu dute denek.

Arabako SEADen Lagunen Elkartea eta uraren proiektua

“SEADeko gobernuaren lana babestea eta herri sahararraren autodeterminazio eskubidearen defentsa egitea da gure lana, besteak beste”. Raquel Calvo elkarteko kidearen hitzak dira. Taldearen 30 urteko ibilbidean perspektiba horrekin proiektu ugari jarri dituzte martxan, eta horietako bat da urarena.

Uraren banaketak bere arazoak izanda ere, gutxi gorabehera ongi egiten zela ikusi zuten elkarteko kideek, baina kateko azken puntuan huts egiten zuen: “Familien metro kubikoko deposituek arazo handiak zituzten: zink galbanizatuzkoak ziren eta oso zaharkituak zeuden, herdoilduta”, azaldu du Geertek. Herdoilak depositu asko zulatu zituen eta ondorioz ura galdu eta honen kalitatea ere kaltetu egiten zuten. Eusko Jaurlaritzari deposituak aldatzeko proiektua aurkeztu eta diru-laguntza eskatu zuten 2015ean: jasotako laguntzarekin ia 3.000 polietilenozko depositu berri eta horiei altura emateko euskarriak erosi ahal izan zituen SEADeko gobernuak.

Urgentziaz aldatu beharreko deposituen erdiak aldatzea lortu zuten lehen proiektu hartan, eta 2017an proiektuaren bigarren zatia onartu zuen Eusko Jaurlaritzak: beste 1.700 depositu eta euskarri aldatuko dituzte aurten. Horrez gain, proiektuaren barruan zisterna-kamioi bat eta horien konponketarako piezak ere bidaliko dituzte kanpamentuetara.

Saharaz blai

Saharaz Blai bideo lehiaketa antolatu berri du Arabako SEADen Lagunen Elkarteak. Euskal Herriko eta Saharako errefuxiatu kanpamentuetako gazteak uraren gaineko hausnarketa egitera bultzatzea izan du helburu lehiaketak: “Zein harreman dugu urarekin? Ba al dakigu nola eta zein baldintzatan iristen den gure etxeetara? Nork kudeatzen du? Zer gertatzen da isuri kutsatzaileekin?”. Galdera horiek planteatu zizkieten parte-hartzaileei elkartekoek.

Daniel Bengoechea de la Cruz eta Oihane Alonso Escudero lehiaketako irabazleek Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan ura kudeatzen duten emakumeen inguruan dokumental labur bat grabatzeko aukera izanen dute orain. Elena Molina dokumentalistaren gidaritzapean eta EFA Abidin Kaid Saleh kanpamentuetako zinema eskolako ikasleekin batera eginen dute lan gazteek esperientzia aberats horretan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Uraren kudeaketa
2024-02-01 | Jon Torner Zabala
Larrialdi egoera ezarri dute Katalunian bere historiako lehorterik okerrenagatik

Ter eta Llobregat ibaietako ura heltzen den zonaldeetan ezarri du Generalitateak larrialdi-egoera. Lehortea bereziki gogorra da Bartzelonako eskualdean, Gironako eremu zabaletan eta Costa Bravan: urtegietako ur-maila edukieraren %15,8an dago, alerta gorena ezartzen den mailatik... [+]


2024-01-28 | Daniel Hofnung
Klimaren narratiban uraren kudeaketa sartu beharraz

Urarena da Lurra planetak bizi dituen krisi nagusietakoa. Zehatzago esateko, ur gezaren krisia. Batean alarma pizten du lehorteak eta biharamunean uholdeak, eta bata bestearen gainean pilatuz doaz gizateriaren biziraupena arriskuan jartzen duten ondorioak. Landa eremuak gaur... [+]


2024-01-28 | Daniel Hofnung
Klimaren berotzetik harago: Uraren zikloak eta karbonoarenak nola osatzen duten elkar

Klimaren arazoa gero eta kezkagarriagoa ari da bihurtzen: uda gero eta beroagoak, lehorteak eskualde askotan, kalte materialak eta giza galerak eragiten dituzten fenomeno meteorologiko bortitzak… Arazoaz eman ohi den azalpen bakarra izaten da "klimaren... [+]


Eguneraketa berriak daude