"Muga asko gainditu zituen Elbira Zipitriak, eta nik ere bai, haren historia kontatzeko"

  • Ideia batzuen atzetik bide luzea egin behar izaten da maiz; eta beste batzuetan, ideiak berak dira zu aurkitzen zaituztenak. Halako zerbait gertatu zitzaion Maider Oleaga zinegileari (1976, Bilbo). Geroztik, sei urte eta zientoka lan-ordu joan dira, baina azkenean amaitu du Muga deitzen da Pausoa filma. Hezkuntzan zein politikan aitzindari izan zen Elbira Zipitria ezagutzeko egin duen bidea kontatu du lan horretan.

Zazpi urteren ondoren Mexikotik itzuli zenean, lagun batek bota zion galdera: ba omen zuen etxe bat Donostiako Parte Zaharrean, konfiantzazko norbaiti alokatu nahi ziona, eta ea hartuko zuen berak. Etxea ikusi eta berehala eman zion baiezkoa. Bazekien aurrez Elbira Zipitria delako batena izan zela, baina ez zion garrantzirik eman. Zipitria nor izan zen jakin zuen gero, baita etxe hori bera eskola klandestino gisa erabili zutela ere. Ezin izan zion tentazioari eutsi: berak kontatu beharreko historia zuen hor, parez pare. Sei urte eman ditu lan horretan. Bitartean, beste bi proiektutan ere murgildu da: ETBk eskatutako Iragan gunea Berlin zuzendu zuen, eta dena du prest Kuartango herrian egindako western bat ardatz izango duen Kuart Valley filmari ekiteko.

Zerk ekarri zintuen dokumentalgintzara?

Ni fikzioan hasi nintzen. Ikus-entzunezkoak ikasi nituen Iruñean eta zine zuzendaritza Madrilen. Fikziozko zuzendari gisa izan nintzen hezia, eta gero, Mexikon, egin nituen lan batzuk zuzendari gisa ere. Baina ez nituen lan-tresnak menperatzen: kamerak, post-produkzioa… Zinemara modu artisauago batean hurbiltzeko beharra sentitu nuen. Film labur bat egin nuen Bolivian lan horiek guztiak nire gain hartuta, eta horrek zerbait aldatu zuen nigan. Oraindik badut fikziora itzultzeko gogoa, baina aurrez dokumentalarekin eta errealitatearekin harreman handiagoa nahi nuen izan. Zinemarekin dudan erlazioan sakontzeko bidea izan dira dokumental hauek.

“Iragana orainera ekartzeak laguntzen digu gaur egungo gauza asko ulertzen”

Nire irakasle izan zirenek Elbira Ziptriarekin ikasi zuten, eta gehiago edo gutxiago, eman ziguten haren berri. Baina han edo hemen galdetuz gero, inor gutxik daki nor izan zen.

Egin zuen lan guztia kontuan hartuta, ez da batere ezaguna. Ia zazpi urte dira ikertzen hasi nintzela, eta interneten ez zegoen ia ezer. Liburu bakanen bat dago, bat hil zenean egin ziotena, eta pedagogiaz ari diren beste batzuk. Baina haren bizitzaz, ez dago ia ezer. Lehenengo bi edo hiru urteetan ikertzen aritu nintzen, eta oso saturatuta bukatu nuen prozesu hori. Bera bizi izan zen garaia eta egin zituen gauza guztiak ulertzeko, asko arakatu behar nuen. Hizkuntza, politika, hezkuntza… Mila alor landu zituen. Horrek eraman nau jende asko ezagutzera: haren lagunak, ikasleak… Neurri handi batean, Elbiraren munduan sentitu naiz.

Fikzioaren eta errealitatearen arteko muga fina dela azpimarratu izan duzu.

Oso gai zabala da. Niretzat beti dago fikzioa, baita dokumental batean ere. Nire pertsonaia dokumentalean sartzearekin batera, fikzio bat eraiki dut hor. Kasu honetan, Elbira Zipitria pertsonaia historikoa da. Hala ere, nik pertsonarengana hurbiltzeko izan ditudan errekurtsoak irudimenezkoak dira: besteen oroitzapenak eta nire harremana jada hilda dagoen pertsona batekin. Hori forman ere nabaritzen da. Ez nuen biografia bat egin nahi: hasieran ikerketa sakona egin arren, gero liberatu egin nintzen horretaz. Bilaketa ez da izan hainbeste historikoa, pertsonala baizik. Nahi nuen jakin nolakoa zen emakume hori eta zergatik gertatu zitzaion gertatu zitzaiona.

Zu zeu ere dokumentalaren parte zara. Dokumentalak egitean ohikoa da bilaketa batean murgiltzen den zinegilearen figura. Eroso sentitu zara paper horretan?

Pelikula honetan nahitaezkoa zen ni agertzea. Orain urte batzuk, lotsagatik edo, zalantza egin nuen. Baina nire buruarekin zintzoa izanda: ezinbestekoa zen. Grabatzen hasi ginenean deserosotasunak ahaztu nituen. Egin behar nuen, eta kito. Hiru astez grabatu genuen nire etxean, bost laguneko taldean. Hor agertzen den Maider hori pertsonaia da. Ni naiz, baina ez naiz ni. Pertsonaia bat da, konflikto bat duena. Eta pelikularen zerbitzura jarri dut. Off-ahotsa ere nik neuk jarri dut eta hor sentitu naiz biluziago.

“Zinema industrialetik kanpoko lanetan ere
fokua jartzea komeniko
litzateke, baina alde askotatik
eragin behar da horretarako”

Izenburua bera ere prozesuan aldatu diozu: Muga deitzen da Pausoa izena du orain.

Proiektua hasi zenean, IRA26-2 jarri nion izena. Ira zen Elbiraren ezizena, eta 26-2 da etxearen helbidea. Niretzat etxeak pisu handia du eta horregatik jarri nion izen hori. Gainera, lehen gidoiak 26 kapitulu zituen. Bertsio berriak egin ahala, 26 kapituluenak zentzua galdu du, eta zenbaki hori ere ez da pelikulan agertzen. “Muga deitzen da pausoa” esaldia Elbira Zipitriaren lagun batek erabili zuen nirekin hitz egin zuen batean. Pedro Mari Otañoren poema batetik ateratako esaldia omen da. Apuntatu nuen asko gustatu zitzaidalako, eta gero muntatzeko garaian, zentzua zuela ikusi nuen. Uste dut Elbirak muga asko gainditu zituela bere bizitzan, eta nik ere bai filma egitean: hasteko, enkoadrea bera; filmean ni agertzea.

Zipitriari buruzko dokumentalarekin ari zinen bitartean egin duzu Iragan gunea Berlin filma ere. ETBk eskatuta hurbildu zara Agirre Lehendakariak Berlinen eman zituen garaietara. Zaila izan da bi lanak uztartzea, bat enkarguzkoa, bestea oso pertsonala?

Oso ondo etorri zitzaidan ETBk jarritako enkarguari heltzea. Saturatu xamar nengoen ordurako Elbirarekin. Urtebete eman nuen Iragan gunea Berlinen egiten, eta bost hilabete Berlinen bertan. Uste dut mesede egin diola Muga deitzen da Pausoa-ri ere. Pelikulari ze forma eman oso zaila izan da, eta distantzia hori hartuta, argiago ikusi dut gero.

Pertsonaia historikoak ezagutzeko gaur eguneko pertsonetatik hurbiltzeko joera dago bi filmetan.

Iraganarekiko nire jokabidea eta interesa zein den adierazten du horrek. Egin behar da ikerketa historiko bat ulertzeko testuinguru haiek, baina uste dut iraganera beti orainetik gerturatu behar garela. Elbiraren kasuan bereziki ikerketa izan da orainetik, hemendik. Iragana orainera ekartzeak laguntzen digu gaur egungo gauza asko ulertzen. Gizarteaz, gure identitateaz…  Aurrera egiteko ezinbestekoa da. Horregatik saiatzen naiz alde pertsonaletik hurbiltzen pertsonaia historiko horiengana. Iragan gunea Berlinen ere bazegoen ahalegin bat gaur egungo pertsonen bidez Agirre Lehendakaria nolakoa izan zitekeen irudikatzekoa. Horretan badute lotura.

“Ohitzen bagara zinema soilik Hollywoodeko ereduarekin eta entretenimenduarekin lotzera, zaila da gero
beste funtzio bat duen zinea ikusi eta gozatzea”

Zure lanerako hizkuntza zein izan ohi da? Elbira Zipitriari dagokionean filmak berak eskatu dizu euskaraz egitea?

Madrilen ikasi nuen, eta gero Mexikon eman ditut zazpi urte. Lan asko egin dut gaztelaniaz, eta Muga deitzen da Pausoa izan da euskara hutsean egin dudan lehenengoa. Niretzat, euskararekin harremana asko aldatu da Elbirarekin, asko hurbildu nau euskarara. Banekien aurrez ere, baina ez zegoen nire bizitzaren zentroan. Elbiraren munduan sartuta, ulertu nuen, baita nire gorputzak ere, hautu bat dela, eta zuk erabakitzen duzula horrela bizi ala ez. 

Dokumentalak muntaian egiten direla esan ohi da. Baina hala bada ere, film batek aurrera egingo duen edo ez finantziazioa bilatzean erabakitzen da askotan, oraindik muntaia oso urrun dagoenean. Eroso zaude egiteko modu horrekin?

Hala dela onartu behar da. Batzuetan sentitzen duzu gezurretan ari zarela; ideia idazten duzunean badakizulako erabaki asko daudela oraindik hartzeko. Baina dosierra irakurtzen duenak ere badaki hala dela. Ez zait erraza egiten. Hala ere, uste dut ariketa polita dela, behartzen zaituelako pelikula irudikatzera. Egia da, baita ere, ideia asko gelditu zaidala kaxoian, eta oraindik ere gertatuko zait. Baina, uste dut sakon sakonean argi izan behar duzula proiektu batean sinesten duzula eta aurrera nahi duzula egin. Konbentzituta ez bazaude, oso zaila izango da bidea egitea. Indar hori behar duzu, prozesua oso zaila eta luzea izaten delako. Muga deitzen da Pausoa-ren kasuan, nik banekien, finantziazioarekin edo ez, filma egin nahi nuela.

Argazkia: Lander Arretxea.

Errementarik eta bereziki Handiak arrakasta nabarmena izan dute. Mesede egiten dizue horrek oso bestelako bidea lantzen duzuen zinemagileei ere?

Pozgarria da arrakasta, noski. Baina normalean film ikusgarrienak handiak dira. Zine mota asko daude, eta publikoak ez du ezagutzen lanean ari den jende asko. Gauza asko daude horren atzean. Zinema industrialetik kanpoko lanetan ere fokua jartzea komeniko litzateke, baina alde askotatik eragin behar da horretarako. Hezkuntzan, adibidez, zinemak oso toki txikia du. Ohitzen bagara zinema soilik Hollywoodeko ereduarekin eta entretenimenduarekin lotzera, zaila da gero beste funtzio bat duen zinea ikusi eta gozatzea.

Film bati buruzko film bat egitea da zure hurrengo proiektua: Kuart Valley.

Hori ere kasualitatea izan da. Zoriz joan nintzen Kuartango herrira, eta han jakin nuen western bat egin zutela bertan. Pentsatu nuen hor bazegoela pelikula bat. Gero, Iragan gunea Berlineko ekoizlea den Mario Madueñok deitu zidan esanez Madrilgo ekoizle batek jakin zuela film horren berri, eta nahi zutela zerbait egin. Zuzendari bila ari ziren eta esan nien baietz. Oraindik hasierako fasean gaude, baina helburua da kontatzea nola egin zuten Algo más que morir filma zazpi urtean, modu amateurrean eta herritarren laguntzarekin, herri osoa horretarako egokituz… Murgiltze prozesua martxotik aurrera hasiko da eta orduan erabakiko dugu nola kontatu eta irudikatu. Hori izango da erronka.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Dokumentalak
Kronika
"Bidasoan barrena, beti dira bide berak"

Bidasoa 2018-2023 dokumentalaren proiekzioa

Non: Martuteneko espetxean, Donostian

Noiz: Abenduaren 22an, ostirala, 16:00etan

Sarean ikusgai: Primeran plataforman

------------------------------------------------

Gabonak dira. Ostiral bazkalostea. Martuteneko... [+]


2024-01-12 | Euskal Irratiak
Italia eta Afrika ardatz Miarritzeko FIPADOC festibalaren seigarren edizioan

FIPADOC Nazioarteko dokumental jaialdia berriz heldu da Miarritzera. Urtarrilaren 19tik 27ra ospatuko dute, eta seigarren edizio honetan «Italia eta Afrika» izanen dira protagonistak.


Netflixek iragarri du Cabezudoren auziari buruzko dokumentala emango duela

En el nombre de ellas dokumentalean agertzen diren biktimek eta ekoiztetxeak eskerrak eman dizkie plataformari "ausardiagatik" eta beren historia kontatzeagatik. Disney+ 2022ko azaroan zen dokumentala estreinatzekoa, baina atzera egin zuen. 


2022-11-11 | Leire Artola Arin
Olga Rodríguez, Ekialde Ertainean aditua
"Matxismoa Egiptoko estatuaren muina da, eta armadak beti aplikatu du"

Egiptoko matxinadetan emakumeei egin zizkieten sexu erasoak ditu abiapuntu As I Want (Neuk nahi bezala) 2021eko dokumentalak. Samaher Alqadi zuzendariak lehen pertsonatik eta gordin erakusten ditu 2011 eta 2013 artean bizitakoak, besteak beste, Kairon piztu ziren emakumeen... [+]


2022-09-11 | Kepa Matxain
Dolutik sortutako bidaia tantrikoa

Hilabete gutxiko tartean hil zitzaien ama Irati Gorostidiri (Eguesibar, 1988) eta Mirari Echavarriri (Iruñea, 1988), biak 1978an Lizason egonkortutako Arco Iris komunitate tantrikotik igarotakoak. Lehendik ere esperientzia hari buruzko interesa bazuten, dolu prozesuan... [+]


Eguneraketa berriak daude