"Espetxeaz dugun irudia ez dator bat hango egunerokotasunarekin, askoz okerragoa da"

  • Kazetaria, dokumentalista eta antzezlea da Txell Bonet (Bartzelona, 1975). Ausardia eta borroka ditu bidelagun eta dioenez, artea salaketarako lanabes du. Duela lau hilabetetik, hamar hilabeteko semearekin batera, asteburuetan Soto del Real kartzela izaten du helmuga, bere bikotekide Jordi Cuixart matxinada eta sedizio delituak egotzita espetxeratuta baitute.

Saioa Baleztena @SaioB
2018ko martxoaren 11
Argazkia: Jordi Borrās

Gràcia auzoko Teatre Llliure antzerkian parte hartu duzu. Errepresioa salatzen du antzezlan horrek. Nola joan da?
‘En procés’ antzezlanaren bitartez, Txell Bonet gorpuztu asmoz, casting batean izena eman duen aktore alternatibo bat izan naiz. Gai naiz agertoki batera igo eta banaketa hori egiteko, beraz, erabat bereizi dut nire errealitatetik. Aspaldi ikasi nuen antzerkigintza egia bat esateko fikzioa den heinean, agertoki gainean aktoreok kanal hutsa garela. Ikusleak adierazpen bat ikus zezan nahi nuen nik, baina saiatu arren, zaila izan da jendeak nire baitan Txell Bonet ez ikustea.

Jende anitzek Jordi Cuixarten bikotekidea izanagatik ezagutu bazaitu ere, ibilbide luze eta aberatsa duzu bizkarrean.
Bai, konturatu gabe, norbaiten emaztea izatera pasa naiz. Nik lasaitasunez daramat, ez baitut beldurrik Cuixarti lotzeagatik. Ez dut nortasun galerarik. Are gehiago, normala iruditzen zait, eta egoera hain da salbuespenezkoa nik azala utziko dudala, ez bakarrik, preso politikoak aske gelditzeko, baizik eta 155. artikuluaren aplikazioa amaitzea nahi dudalako. Uneotan, errepresioa azalean bizitzen ari naizelako agertzen naiz komunikabideetan, baina nire betiko borrokaren beste etapa bat besterik ez da hau. Zorionez, Cuixartek eta nik, errespetuz eta babesa emanez, beti lagundu ditugu elkarren arteko bideak.

Urriaren 16ko gauan goibeldu zen Katalunia, Carmen Lamelak Jordiak espetxeratzea erabaki zuenean.
Eguna telebistaren aurrean pasa nuen, albistegiak jarraitzen. Aitortu behar dut auzitegitik pasa ziren guztiak, Trapero kasu, kautelazko neurriekin aske utzi zituztenez, Jordiak ere etxera itzuliko zirela pentsatzen nuela. Edozein modutan nire burua prestatu nuen, kolperen bat etor zitekeelako, eta indartsu egon behar nuelako. 22:00ak jota, albistea ezagutu eta minutu gutxira, balkoira atera nintzen, auzoko eltzekadak grabatzera. Ondoko apartamentu turistikoan zeuden finlandiarrek galdegin zidaten, zer gertatzen zen. Ez nintzen senarra giltzapetu berri zutela aitortzera ausartu, eta hiritarrak Espainiako Estatuaren kontra zeudela aipatu nien. Tira, une hartan erabakiak ez ninduen ezustean hartu, harrigarria dena da lau hilabete luzeren ondotik preso jarraitzea.

140 egun baino gehiago daramatza Cuixartek espetxeratuta. Zer moduz zaudete?
Indartsu gaude, osorik, badakigu geldirik mantenduz gero ezingo ditugula gauzak aldatu. Beraz, 100 ate jota agian baten bat irekiko dela pentsatuz, etengabe ari naiz mobilizatzen. Emozionalki Jordi eta nire artean konexio berezia dago, testuinguruaren kontra borrokatzen jarraitzeko lagungarria dena. Hori energia iturria da niretzat. Baina, errealitatea oso gogorra da, batez ere isolamenduagatik. Egoera luzatzen ari da, eta gure semearen lehen urtea lapurtu izana ez digu inork itzuliko. Sakrifikatzen ari gara eta, espero dut, erabat ez egitea.

Argazkia: Jordi Borràs

Hamar hilabeteko semetxoa duzue. Nola eragin dizue espetxeratzeak zentzu honetan?
Sentipen ezkorrak ez jaurtitzen ahalegintzen naiz. Bizitzan gertatzen zaizkigun pasarteak ez daude gure esku, baina aldiz, gure esku dago horiei aurre egiteko modua. Agian alboan dugun familia horrek ez du dispertsio fisikorik, baina ezin urrunduago daude mugikorra begira daudelako. Agian gure testuinguruak balio du, Euskal Herrian aspaldi nozitu duzuen dispertsioa gure azalean pairatu eta salatzeko. Zigorrak motibodunak direnean ere, eta espetxea beste mende bateko lanabesa dela kontuan hartuta, familiei erraztasunak jarri behar zaizkie. Tira, ez dut nahi nire semearentzat bere aita ezezagun bat izatea. Eta krudeltasun hau 20 astez adorez eusteak, ez du egoerak berezkoa duen ankerkeria kentzen.

Astebururo joaten zarete Soto del Real espetxera.
Nire semeak 10 hilabete bete berri ditu, 25.000 km daramatza bizkarrean. Denbora, diru eta energia galera da, nik beste edozein kausarako bideratuko nukeena. Espetxeaz dugun irudia ez dator bat hango egunerokotasunarekin. Askoz okerragoa da errealitatea. Nik bati baino gehiagori gomendatu diot Estremera edo Soto del Realgo espetxeak bisitatzera joatea: joan-etorriak eta presondegi barruan egoteak aldatzen du espetxeaz duten irudia. Ariketa interesgarria da.

Abenduaren 21eko hauteskundeen atarian batek baino gehiagok uste zuen presoak aske geldituko zirela. Hilabeteak aurrera doaz, aldiz, eta ez dago berririk.
Egoera askotatik pasa gara, denbora aurrera doan heinean zailagoa da testuingurua. Urriaren 1eko kargen gogortasunaren ondotik uste genuen, Jordien atxiloketa zuzenbide estatuaren mugak kontrolatzeko arazoaren beste ondorio bat zela, baina egoera baretuko zela, noski. Irakurketa hori zailtzen da, hilabeteak igarotzen diren heinean: argi dago baretzetik urruti, arrokatzen ari dela. Baina ezin dugu itxaropena galdu.

Bartzelonako Udalak pasa den astean dispertsioa salatu eta preso politikoak gerturatzeko ekitaldia antolatu zuen.
Zubiak eraikitzea ezinbestekoa da eta ezin hobeki ikusten dut, askotariko ñabardurak dituelako. Batetik, 41 zinegotzietatik 29k salatu zuten atxiloaldi prebentiboa, eta beste hainbat ordezkari sindikal eta elkarterekin batera eskatu zuten preso politikoen gerturatzea. Ekitaldi horrek agerian uzten du gauzak ez direla beti beltzak edo txuriak, eta bakoitzak, bere aukeren barruan, lan egiten duela bere ekarpena egiteko. Agian baten batek ez du begizta horia janzten, baina gaiaren inguruan idazten du, Jordi Évolek bezala. Ez dago laguntzeko modu bakar bat bakarrik.

PSCk aldiz ez du Bartzelonako Udalaren eskaria babestu. Zer deritzozu?
Bestearen azalean jartzeko enpatia gaitasun erraldoia dut, eta seguruenik nahiko nuke tarteka besteak ere nire azalean jartzea. Baina, PSCren erabakiari dagokionez, esango nuke ez direla eroso sentitu eskaria Barcelona en Comúk proposatu duelako. Ezin dugu ahaztu duela hilabete gutxi eten zuela Colauk PSCrekin zuen gobernu ituna 155. artikulua babestu izanagatik. Hala ere, baikorra naiz, agian etorkizunean eroso sentituko dira salaketa hori elkarte independente batek proposatzen badu. Eurek onartu dute atxiloaldi prebentiboa neurrigabea dela, eta seguru nago salaketa hori egiteko beste moduren bat aurkituko dutela.

Behin baino gehiagotan azpimarratu izan duzu, garrantzitsua dela zubiak eraikitzea.
Aurrez xedatuta gaudelako elkarbizitzera. Katalunia independentea izango balitz, gure bizilagunekin ongi egon beharko ginateke, bizilagun indartsuak izatea ezinbestekoa den heinean. Egia ispilu hautsi bat da eta irtenbidea beti dago erdibidean. Ez dugu bando gudarik nahi, muturreko jarrerek ez dute laguntzen. Beraz, adostutako erabakiak premiazkoak dira.

Kazetaria izanik, zein iritzi duzu Kataluniaz han eta hemen egiten ari den jarraipenaz?
Ez dut Espainiako komunikabideen jarraipenik egin, gehiago jarraitu dut nazioartean zabaldu dena. Hori bai, Jordik espetxean Espainiako telebistak izan ditu bakarrik eskura, eta behin baino gehiagotan aipatu dit okertutako kontakizunak nagusi direla. Duela egun gutxi larritu nintzen Cospedal andereak, Espainiako hedabiderik iruzurtienaren jabe den Eduardo Indaren aurrean, TV3 kritikatu zuenean. Kezkagarria da.

Argazkia: Jordi Borràs

Zein da Kataluniako testuinguruaren zerumuga?
Tira, zerumuga sekula iristen ez zaren gauza bat da… Besteen esaldiak aipatzea hainbeste maite duen David Fernàndezek behin esan zuen, “demokrazia nahi genuen independentziara iristeko, eta orain, independentzia nahi dugu demokraziara iristeko”. Norbaitek uste badu Katalunia independentea lortuz gero dena amaitzen dela, oker dabil. Ezkontza prestatzeagatik nekatuta iristen diren bikotekideei gertatzen zaiena gertatuko zaie: orduan hasiko da elkarbizitzen ikasteko lana. Erronka handiak ditugu. Orain errepresioari aurre egiten ari gara, baina gauza asko dugu sakonetik aldatzeko. Aberastasunaren banaketa desegokiaren ondorioz sustatu duten immigrazio oldarkorra kudeatu beharra dago, eta, etorkinak onartzea ezinbestekoa den arren, lan egin behar dugu jatorrizko herrialdeetan gaur egun nagusi diren gobernu ezegonkorrak ekiditeko. Edo ingurugiroari dagokionez, adibidez, nork daki, hemendik 10 urtera ez dugun bidegabeki espetxeratutako preso politikorik izango, baina agian muturra hausten ariko gara ura edo energiagatik, edo desertuak Espainia erdia hartu duelako.

Zer beharko luke izan derrigorrez Kataluniako Errepublika independenteak?
Iristear dagoena oso kezkagarria da. Kolektibitate eta estatu sena ezinbestekoa izango da. Hiritarren boteretzean sinisten dut. Jendeak egin zuen posible urriaren 1a, jarrera hori mantentzea da garrantzitsuena. Hori hamaika herrialderen independentzia baino aberatsagoa da. Agian urte batzuk beharko ditugu erabat gaiztotuta dagoen sistema hau berrorekatzeko, baina hori da gakoa.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Katalunia kanaletik interesatuko zaizu...
Eskola segregazioaren aurkako paktua Katalunian

Eskola segregazioa gainditzeko Zubiak Eraikiz plataformak aurkeztutako lege proposamena Eusko Legebiltzarrak atzera bota ostean, ez atzera ez aurrera dago gaia Euskal Herrian. Katalunian aldiz, 189 neurri jasotzen dituen paktua hitzartu berri dute, eskola publikoaren eta kontzertatuaren artean eta ikastetxe batzuen eta besteen artean ematen diren desoreka sozioekonomikoei aurre egin asmoz.


2019-02-28 | ARGIA
Iņigo Urkulluren deklarazioa:
"Ez genuen inolaz ere autodeterminazio eskubideaz hitz egin"

Espainiako Auzitegi Gorenean lekuko gisa deklaratu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk. Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren artean "elkarrizketarako bide bat" ireki eta "blokeo egoera" gainditzea helburu, bitartekotza egin izana onartu du.


2019-02-10 | Josu Chueca
1939ko 'Erretirada'
Azkena ote?

Duela 80 urte, 1939ko urtarrilaren 28an, frantziar agintariek Kataluniako Pirinioetako mugak irekitzea agindu zuten eta hurrengo egunetan milaka lagun igaro ziren frankistengandik ihesi. “Erretirada” deitu izan zaio migrazio erraldoi horri. Ez zen lehen erretirada izan ordea… eta azkena ote?


2019-01-23 | ARGIA
Independentisten arteko ika-mika Katalunian: Puigdemontek Konstituzionalean Torrenten aurka egin du

Urak nahasita datoz Katalunian: Carles Puigdemontek, atzerriratutako Generalitateko presidenteak, errekurtsoa jarri du Roger Torrent Kataluniako parlamentuko lehendakariaren kontra Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, parlamentuko mahaiak boto delegaturako aukera ukatu diolako.


Ehun urte eta gero geopolitikak agintzen du

Orain ehun urte Zeruko Argia argitaratu zen eta bederatzi hilabete geroago Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriko Udal Administrazioaren Batzarra antolatu zuen. Halere, katalanen atzetik genbiltzan, 1914an Kataluniako Mankomunitateak argia ikusi eta honen lidergopean 1919ko urtarrilaren 19an Kataluniak estatutu proiektu bat onartu zuen. Madrilek bertan behera utzi zuen, Espainiak ez zuen parte hartu Lehen Mundu Gerran eta, ondorioz, iberiar penintsulako estaturik gabeko nazioek ez zuten izan Europako... [+]


2018-12-23 | Saioa Baleztena
Clara Peya. Esentzia ikur
"Paritateak derrigorrezkoa izan behar du kulturan"

Aktibista, sortzailea, pianista eta konpositorea da Clara Peya (Palafrugell, Herrialde Katalanak, 1986). Piano ikasketetan graduatua, hamabi urtez Leonid Sintsev izan du irakasle eta, 32 urte izanik, zortzi disko publikatu ditu, dagoeneko. Musikaz haratago, Inpuxibles antzerki konpainia abian du.


Bi aldeen arteko tentsioa baretzeko balio duen bilera

Kataluniarekiko “gatazka” bat dagoela onartu dio Sanchezek Torrari atzo egindako bileran. Negoziaziorako bidea ireki dute. Independentistek hainbat ekintza antolatu dituzte gaurko, Bartzelonan egingo den Ministroen Kontseilua arbuiatzeko.


"La Manada"-ren epaileek 10 hilabeteko kartzelarekin zigortu dute bikotekidea hiltzen saiatu zen gizona

Erasotzailearen defentsak eskatzen zuena baina zigor txikiagoa ezarri diote. Epaiak ebatzi du “libreki eta borondatez” erabaki zuela emaztea ez hiltzea.


2018-11-18 | Saioa Baleztena
Tamara Carrasco, CDRetako kidea
"Ziegarik gabeko espetxean bizi naiz"

Kataluniako “CDRetako koordinatzaile izateagatik” Espainiako Fiskaltzak terrorismo, matxinada eta sedizio delituak egotzita, apirilaren 10ean atxilotu zuten Tamara Carrasco (Sant Vicençs dels Horts, Herrialde Katalanak, 1983). Bi egun Madrilgo kalabozoetan igaro ondoren, Diego de Egea epailearen aurrean deklaratu eta aske utzi zuten, kautelazko neurriekin: bere herritik ez ateratzea eta astelehenero Gavàko epailearen aurrean aurkeztea. Espainiako Auzitegi Nazionalak... [+]


2018-11-14 | ARGIA
Espainiako Errege-Etxeari buruzko ikerketa batzordea sortuko du Kataluniako Legebiltzarrak

Kataluniako Parlamentua ikerketa batzordea sortzear da Espainiako Errege-Etxearekin lotutako pertsonen ustezko "jarduera kriminalen" inguruan. JxCat, ERC eta Catalunya En Comun-Podem taldeek gehiengoa lortuko dutela egintzat ematen dute hainbat hedabidek.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude