"Federazio batek zer eskubiderekin esaten dio kirolari bati ezin duela kirolik egin?"

  • Eneko Fernandez naiz, 41 urteko donostiarra, eta ziklismoa dut pasio. Elite mailako lizentzia dut, baina Euskadiko Txirrindularitza Federazioak ez dit lehiatzen uzten. Proba bakarra dago Elite mailan, Euskaldun Txapelketa, eta federazioak bertan lehiatzea galarazten digu 26 urtetik gora ditugunoi. Alegia, baztertu egiten ditu txirrindularitza benetako afizioagatik praktikatzen duten hainbat ziklista. 

Batzuentzat, afizionatu mailak soilik balio du profesionalak ekoizteko. Hori al da kirola? Ni irakaslea naiz EHUko Hezkuntza eta Kirol fakultatean, eta beste modu batera ulertzen dut kirola. Bereizkeria dago euskal txirrindularitzan, eta diru publikoz ordaintzen da. Eusko Jaurlaritzak urtean 130.000 euro ematen dizkio federazioari.

Duela zortzi urtera arte ez zegoen adin mugarik. Orain hamabost bat urte bazegoen, baina jende gehiegi zegoelako: sei lasterketatan 300 baino gehiago irteten ginen. 2006an hori kentzea proposatu zen, jada jende gutxiago zebilelako, eta ez zen arazorik egon. Ordea, 40 urteko bi txirrindulari agertu, eta lasterketak irabazten hasi ziren. Dopatuta zebiltzan susmoa zabaldu zen. Hori Euskadiko Federazioari ez zitzaion gustatu, eta arazoak saihesteko adin muga ezarri zuen berriro.

Nik eskua altxa nuen orduan. Eta dopatzen ez ginenokin, zer? Bada, federaziokoek erantzun zidaten ni jada ibilia nintzela behar bezainbeste. Ez zidaten esan masterretan korritzeko; baizik eta, zuzenean, kirola utzi behar nuela. Federazio batek zer eskubiderekin esaten dio kirolari bati ezin duela kirolik egin?

Ustea zegoen tropelean mertzenarioak zebiltzala, diru-sarien bila eta dopatuta, eta horri konponbidea eman behar zitzaion. Ados nengoen horrekin. Honako proposamena egin nuen nik: nahi zuen guztiak parte har zezala, eta 25 urtetik gorakoentzat saririk ez zedila egon. Hala, diru hori dopinaren kontrako kontroletara bidera zitekeen. Kontrolak ez dituzte inoiz egiten. Bada, ezezkoa jaso dut behin eta berriz. Federazioak ez du benetako argudioekin erantzuteko adorerik. 

Emakumezkoetan ez dago adin mugarik. Nesken Euskaldun Txapelketan parte hartu izan du 50 urteko jendeak. Eta zer gertatu da? Ezer ere ez. Bakoitzak berea egin du, ondo pasatu du, eta kito. Zentzugabea eta legez kontrakoa da gizonezkook horrela ibili behar izatea. Izan ere, adin mugak urratu egiten du Euskadiko Kirol Federazioen 16/2006 dekretuaren 41. artikulua. Horren arabera, “lehiaketek irekiak izan beharko dute lizentzia duten pertsona fisiko eta juridiko guztientzat, inolako bereizketarik onartu gabe”.

Salaketa jarri nuen bere garaian, baina auzitegiek ebatzi zuten Euskadiko Federazioa erakunde pribatua dela, eta beraz, eskubidea duela nahi duena egiteko. Eta datorren urtean badio, demagun, judutarrek ezin dutela parte hartu? Bereizketa egiteko pribatua da, baina publikoa diru publikoa jasotzeko. Lasterketetara protesta egitera ere joan nintzen. Horren ostean, federazioaren mehatxuak jaso nituen, eta espedientea ireki zidan gezurretan oinarrituta. 

Iaz sinadura bilketa egin nuen txirrindularien artean. 152 sinadura lortu nituen; lasterketetan 150 ziklista ateratzen dira batez beste. Sinadura horiekin federaziora joan nintzen, baina presidenteak ez zien baliorik eman. Hurrena, taldeen artean egingo dut bilketa. Adin mugaren alde daude talde batzuk, indar eta diru gehien dutenak, hain zuzen. Baina kontra daude talde gehienak.
    Amorru handia ematen dit egoerak. Bila daiteke irtenbideren bat, baina federazioak entzungor egin dio eskaera orori. Nik kirola egin nahi dut, ez didate uzten, eta hemen mundu guztiak eskuak garbitzen ditu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gure eskubideak
2023-02-19 | Edu Zelaieta Anta
Norbera eskubide

Delacroix-en La Liberté guidant le peuple (Askatasuna, herriaren gidari) koadroa ageri da giza eskubideeen sarreran, Euskarazko Wikipedian. Ederki ekarria dago, nire iritziko, pintorearen irudi erromantikoa: askatasunarekin estuki lotuak dira giza eskubideak. Alabaina,... [+]


Azterketa egokitzeko eskatu duen ikasle itsuari ezetz erantzun dio irakasleak

Irati Egaña leioarrak 19 urte ditu eta itsua da. Psikologia karreran azterketa bat egokitzeko eskatu eta irakasleak esan dio ezin duela azterketa ONCEra bidali egokitzeko, hori egitea delitua dela. “Zur eta lur geratu nintzen”, kontatu digu. Ez da ikasle gisa... [+]


2020-10-26 | ARGIA
Euskal Herri osoan gauez kalean egotea debekatu dute estatuek ezarritako alarma egoerek

Ostiralean ezarri zen indarrean Ipar Euskal Herrian gaueko etxeratze agindua eta Frantziako Asanbladak larrialdi egoera otsailaren 26 arte luzatzea erabaki du. Espainiako Gobernuak ezarri berri duen alarma egoerak bi debeku hauek jarri ditu Hego Euskal Herrian: bai eremu publiko... [+]


Distortsioak

Gurean, eskubide historikoen inguruko nahasmen kontzeptual eta juridiko-politikoak ditugu gai horietako bat. Euskal/nafar eskubide historikoak alegia. Aztoraturik gaituen birus pozoi mikroskopiko horrezaz gain badaude bertzelako kontuak, zeinetaz ere ez zaigun komeni ahaztea... [+]


2018-01-14
Nerea Navarro [Beteluko zahar-etxeko langilea]
"Egungo baldintzetan ezin dugu kalitatezko zerbitzurik eskaini"

Nerea Navarro naiz, 48 urte ditut, eta Amma-Amavir taldeak Betelun duen zahar-etxean egiten dut lan. Bertan ez dira bermatzen lan-baldintza duinak. Ataka estuan dago sektorea eta, hori gutxi balitz, jabeek gutxietsi egiten dute Beteluko egoitza. Ez dituzte gure eskubideak... [+]


Eguneraketa berriak daude