Emakumeak borrokan
Irantzu Abad [Mediku akats batek kaltetua]

"Galdutako hankarentzat protesiak ordaintzeko dagokidan kalte-ordaina da eskatzen dudan bakarra"

  • Irantzu Abad Aznarez dut izena, Iruñekoa naiz eta 23 urte ditut. Hanka galdu nuen 14 urte nituela mediku batek meningitisa (sepsis meningococica) beharrean gripea diagnostikatu zidalako.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk
2017ko abenduaren 10a

18 urte bete nituenean salaketa jarri nuen eta aurtengo uztailean behin-behineko epaian 250.000 euroko kalte-ordaina zegokidala ebatzi zen arren, oraindik ez dut dirurik jaso epaileak eta Osasunbideak kopuru hori jasotzeko beste horrenbesteko abala jartzeko eskatzen didatelako. Badakite ezinen dudala inoiz halako dirutzarik berme gisa jarri; are gutxiago orain, ikasle izanik.

Protesi berria behar dut aurrekoa min ematen hasi zaidalako, baina ez dut dirurik. Hiru urte daramatzat honekin eta bi baino gehiagoz ez luzatzeko gomendatzen dute. Beste hanka ere birrindua dut eta behatz-hezur asko apurtuta.

2008ko Gabonetan hasi zen dena, garai hartan Nafarroako Gobernuaren tutoretzapeko babes-etxe batean bizi nintzen eta Olentzerotarako opariak erostetik bueltan oso ahul itzuli nintzen zentrora. Min handia nuen lepoan eta hanketan, batez ere. Hezitzaileek Lehen Arreta Zerbitzuko medikuarenera eraman ninduten eta honek, lepoa eta hankak begiratu ere egin gabe, etxera bidali ninduen parazetamol kutxa errezetatu ostean. Gripea izanen zela eta zortzi egunen buruan pasako zitzaidala esan zidan, garai hartan gazteen artean meningitis-agerraldia zegoela kontuan hartu gabe. Oso gau txarra pasa nuen sukarragatik dardarka, botaka eta hankako zein lepoko minez. Sekulako zurruntasuna nabari nuen burutik behera, eta hezitzaile batek dutxan sartzeko gomendatu zidan, horrela kalentura jaitsiko zitzaidalakoan.

Hurrengo egunean okerrago nengoen eta ezin nintzela altxatu ikusita, larrialdietara eraman ninduten anbulantzian. 40,5 graduko sukarra nuen eta hanketan iltzeak banitu bezala nabaritzen nuen, sekulako mina. Bertan ikusi zidaten hankak beltzunez josita nituela, beraz, arropak guraizeekin moztu, zunda gastrikoa ipini eta unean bertan ospitaleratu ninduten. Oso larri pasa nituen egun batzuk, gaitza ziztu bizian hedatzen delako. Orduz ordu gorputz-adarretan gero eta kalte handiagoak eragiten ditu eta hanka belzteaz gain, eskuko zenbait behatzetara ere iritsi zitzaidan, izozketa-sintomen itxuraren antzera. Hil ala bizi egon nintzen, organo nagusiak kaltetuta, giltzurrunak geldi eta biriketan likidoa pilatuta. Abenduaren 24an esan zieten senideei aurrera aterako nintzela. Nik ez dut egun haietako oroitzapen gehiegirik, baina badakit ikaragarri beldurtu nintzela hanka beltz eta amaren aurpegia ikusita. Ez dakit irudi horiek inoiz ahaztuko ditudan.

Martxo arte egon nintzen ospitalean baina beste bizpahiru urtez ibili nintzen ebakuntza eta mediku artean. Institutura itzuli nintzenean jazarpena pairatu nuen zenbait ikaskiderengandik eta eskola uztea erabaki nuen. Prozesu zaila izan da, psikologoak eta zirujauak asko lagundu didate baina oraindik, batzuetan, antsietatea izaten dut.

Zerbitzari gisa hasi nintzen taberna batean, baina hirugarren egunerako lana utzi behar izan nuen hanketako minagatik. %66ko elbarritasun-maila aitortu didate baina ez dut inolako pentsiorik jasotzen. Aparkatzeko txartelik ere ez didate eman, oinez ibil naitekeela argudiatuta. Ikasten jarraitu behar nuela erabaki nuen orduan, eta irakasle partikular baten laguntzaz sei hilabetetan DBHko 3. eta 4.mailak atera nituen. Hezkuntza Departamentuak berak saria eman zidan horregatik. Egun, Erdi Mailako Heziketa Ziklo bat egiten ari naiz, asmoa gero Goi Mailakoa egitea da, eta aurrerago, agian, Unibertsitate Ikasketak. Medikuntza ikasiko nuke gustura, gogobetetze pertsonalagatik bada ere.

Gaitza lehenago harrapatu izan balidate, akaso, orain nire bi hankak izanen nituzke, edo ondorioak txikiagoak izanen lirateke, behintzat. Lehen Arreta Zerbitzuan artatu ninduen medikua ez zuten kargugabetu, jubilatuta dago jada, baina aurpegira erratu egin zela esatea gustatuko litzaidake.

Nire ustez gaixotasun, profesional baten arduragabekeria edo istripu baten ondorioz eskua, besoa edo hanka galdu duen pertsona orok ordezkoa jartzeko eskubidea izan beharko luke. Baina gaur egun, zoritxarrez, dirua duenak soilik jar dezake halakorik. Nafarroan Ortopediara bideratzen diren laguntzak arautzen dituen legea (17/1998 Foru Dekretua) oso zaharkituta dago, duela ia 20 urtekoa da eta pezetetan esleitutako kopuruak eurotan dira jasotzen dituenak, irrigarriak, alegia. Gainera, ez dira errentaren araberakoak, eta hori ez da justua.

Nire auziaren epaiketa ikusle gisa jarraitu behar izan nuen, ez zidaten deklaratzeko aukerarik eman. Abokatuak darama kasua eta politikari zenbaitekin bildu naiz, baina ez didate irtenbiderik ematen. Eskertuko nuke auzia bideratzen lagunduko didatela esanen balidate, behintzat. Ez naiz gutizia batengatik mailegua eskatzen ari, gizarte-zerbitzuen ardurapean nengoela, mediku akats batengatik galdutako hankarentzat protesiak ordaintzeko baizik.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Gure eskubideak  |  Osasuna

Gure eskubideak kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude