Potere al Popolo hautagaitza

Esperantza izpi bat ezkerrarentzat Italiako hauteskundeetan

  • Italian ospatzear diren hauteskunde orokorren atarian, zenbait mugimendu sozialen erraietatik fenomeno politiko berria sortu da, Potere Al Popolo. Krisiak eta prekarietateak gogor kolpaturiko italiarren ahotsa izan nahi du martxoaren 4ko hauteskundeetan.

Xuban Zubiria @xubanzubiria
2018ko martxoaren 04a
Argazkia: Potere al Popolo

Abenduan Sergio Matarella Italiako Errepublikako Presidenteak parlamentua disolbatu eta hauteskunde orokorrak deitu zituen. Italiako ezkerrarentzat hauteskunde hauek badakarte berritasunik, aipagarriena Potere al Popolo zerrenda herritarraren agerpena izan da. Egun gutxitan hauteskundeetara aurkezteko beharrezkoak zituen 25.000 sinaduren hirukoitza lortu ostean, inork espero ez zuen bezala sartu da mugimendua hauteskundeen lasterketan.

Alderdi tradizionalen izaera eta egiturarik gabe, Napolin sortutako herri iniziatiba aparra bezala zabaldu da Italia osora. Proiektuaren lemazain eta zerrendaburua Viola Carofalo aktibista napolitarra da. Alderdi komunistaren hauteskundeetarako hautagaitzak porrot egin ostean, martxoaren 4an Italiako ezker eraldatzailearen erreferente bakar gisa aurkeztuko da Potere al Popolo.

Egunotan ezkerreko zenbait pertsonaia ezagunek babesa adierazi diote Carofaloren zerrendari. Horien artean daude Ken Loach zinemagile famatua edo Paolo Sollier futbolari ohia, besteak beste. Hurrengo egunetan Napoliko alkate Luigi de Magistris-ek eta ezkerreko hainbat pertsonaia esanguratsuk Potere al Popolo-ren aldeko bozka eskatzea espero da.

Italiako eragile sozial andanaren babesa izanik ere (No TAV!, USB, CGIL…), ikusteko dago zerrenda herritarrak parlamentuan sartzea lortuko duen. Parlamentuan ordezkaritza izateko hauteskunde lege berriak exijitzen duen bozken %3a gainditzea zaila izango dute. Italiako hainbat hedabidetan argitaratutako inkesten arabera, botoen %2-%2,5 eskuratuko luke hautagaitza berriak.

“Espero den abstentzio handiaren gainetik, inoiz bozkatzen ez dutenengana iritsi eta estatuarentzat ikusezin bihurtu diren horiek ere konbentzitu nahi ditugu”, zioen Carofalok La7 telebista kate italiarrari eskainitako elkarrizketan. Ezkerreko hauteslegoaren babesa eskuratzeko bidean, aurrean izango ditu Bost Izar Mugimendua (M5S), orain arte gobernuan egon den Matteo Renziren PD alderdia eta Pietro Grassoren Liberi e Iguali alderdi sortu berria.

Zentro-ezkerra zatitua
Zentro ezkerra zatituta iritsi da 2018ko hauteskunde orokorretara. Azken legegintzaldian gobernuan egon den PD alderdiak zuzendutako austeritate politikek arrakalak eragin dituzte sozialdemokrazian.

Haustura horren ondorio politikoetako bat, Pietro Grasso buru duen Liberi e Iguali alderdiaren sorrera izan da. Lehen ministro ohi eta PDko buru Matteo Renziren hautagaitzak, zentroko hauteslegoa bereganatzeko, bere mezua nabarmen moderatu du. Bitartean Liberi e Iguali mugimendua ezkerreko botoa monopolizatu nahian dabil, PD-k eskuinaren tesiak besarkatu dituela argudiatuz.

Iragarpenak txarrak dira bi alderdientzat. Ikusteko dago martxoaren 4aren ostean irekiko den eszenatoki berrituan alderdiek zein bide hartuko duten. Zentro-ezkerraren krisia probestu dezake Potere al Popolo-k bere freskotasunaren aldarria egin eta ezkerreko benetako alternatiba bezala agertzeko gizarte italiarraren aurrean.

Bost Izar Mugimendua (M5S)
Beppe Grillo komediagileak sortutako M5S alderdia indartsuen agertzen da inkestetan  eta lehen indarra izateko aukera asko du. Halere, ezinezkoa izango du gobernurik eratzea beste alderdi nagusiren batekin akordiorik lortu ezean. Grilloren alderdiak eta PD-k osaturiko gobernuaren aukera, egun urruti atzematen da.

M5S-k sorreran aldarrikatutako balore ezkertiarretatik urrun, azken urteetan immigrazioaren aurrean agerturiko jarrera atzerakoiek faktura pasa diezaiokete bere boto emaileen aurrean. Are gehiago pasa den astean Maceratta hirian eskuin muturreko militante batek etorkin afrikarren aurka egindako atentatuak sortu duen haserrearen ostean. M5S-ren diskurtso populista arriskutsua salatzea izango da Potere al Popolo-k martxoaren 4 bitartean izango duen beste erronketako bat, ezkerreko botoaren zati bat bereganatu nahi badu behintzat.

Eskuina eta eskuin muturraren aliantza
Aliantzak beharrezkoak izango diren eszenatoki honetan, gobernua osatzeko aukeren artean indar handien hartu duena eskuineko hainbat alderdik osaturikoa litzateke. Berlusconiren Forza Italia, Lega Nord eta Fratelli di Italia alderdi xenofoboen baturak eskuineko gehiengo parlamentarioa osatzea ekar lezake. Hortik gobernua eratuko den edo ez, ikusteko dago.

Hauteskundeetako emaitzei beldurrik izan gabe, Potere al Popolo-ren sorrera, Italiako mugimendu sozialek azken urteetan bizi duten ahalduntze giroaren seinale da. Actual local, think global filosofiaren barruan, Napoliko auzo asanblada bateko ideia hauteskunde orokorretan alternatiba izan nahi duen tresna bihurtu da. Emaitzak emaitza, ez da makala Italiako eragile sozialek hilabete gutxiren buruan lortutakoa. Hauteskundeen ostean ere eta gobernuari itxaron gabe, esperientzia hau sostengatu duten eragileek herrigintzan jarraituko dute.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Italia  |  Antikapitalismoa

Italia kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude