Ikusten ez denari estalkia kentzen

  • Elkarbizitzarako denbora behar omen da, elkarrekin bizitzeko harremanak behar omen dira eta gure gizartean (Euskal Autonomia Erkidegoaz aritu gara) ‘gu’ hemen eta ‘haiek’ han bizi omen gara. Hala esan digute mahaiaren inguruan bildu ditugun Mikel Mazkiaran, Gorka Moreno eta Katia Reimbergek. Ados dira koexistentzia baketsuan bizi garela, baina badakite ideala ez den nolabaiteko oreka hori hauskorra dela. Koexistentzia baketsuak ez du esan nahi immigranteak diskriminaziorik bizi ez duenik. Diskriminazio ugariena egunerokoan gertatzen da, sarri oharkabean pasatzen dela.
     

Ezkerretik eskuinera Gorka Moreno, Katia Reimberg eta Mikel Mazkiaran. Argazkia: Aritz Loiola.
Ezkerretik eskuinera Gorka Moreno, Katia Reimberg eta Mikel Mazkiaran. Argazkia: Aritz Loiola.
Mikel Mazkiaran: Gipuzkoako SOS Arrazakeriako abokatua

Lasarte-Orian bizi da eta 1967an jaio zen. Espainiako Estatuan argitaratzen den Arrazismoaren Urtekariaren koordinatzailea da.
 

Gorka Moreno: Immigrazioaren Behatokiko zuzendaria

1979an jaio zen Irunen eta Zornotzan bizi da. Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakaslea da EHUn. Etorkinen integrazioaz eta haiei buruz bertakoek dituzten iritziez egin du hainbat ikerketa lan.

Katia Reimberg: Bidez Bide elkarteko kidea

Sao Paulo (Brasil),1977. Donostian bizi da. 2009tik etorkinei ikasketak homologatzeko aholkularitza eskaintzen die. Harreman estua du etxeko eta zaintza lanetan ari diren emakume hegoamerikarrekin.

Zein da gurera datorren immigrantearen argazkia?

Gorka Moreno: Hiru fase nabarmendu izan ditugu etorkinen etorreraren argazkia egiterakoan. Lehenengo fasea oso lotuta dago 2000tik 2007rako oparoaldi ekonomikoaren garaiari. Etorraldi handiena orduan izan zen. Batik bat hegoamerikarrak etorri ziren, ekuadortarrak, kolonbiarrak, boliviarrak. Bigarren fasean, atzeraldian, fluxuak makaldu egin ziren, 2013-2014. urteetan fluxuek behera ere egin zuten. Orduan hegoamerikarren kopuruak nabarmen egin zuen behera, klasikoek (marokoarrek) etortzen jarraitu zuten, eta berriak agertu ziren, adibidez pakistandarrak. Lehen fasean, batik bat, jatorrizko herrialdeetatik datoz zuzenean eta atzeraldian berriz jatorritik eta beste autonomia erkidegoetatik paretsu. Hirugarren fasean, aktibazio ekonomikoaren garaian, batez ere azken bi-hiru urteetan, gora egin du hegoamerikarren fluxuak; paraguaitarrak, hondurastarrak eta nikaraguarrak ageri dira, baita bere garaian klasikoak ziren kolonbiarrak ere. Boliviarrek ere behera egin zuten eta ikusi dugu gora datozela. Beste era batera esanda, badirudi egoera ekonomikoak fluxuen tamaina markatzen duela, eta badirudi oparoaldi ekonomikoan gaudenean gizarteak populazio hegoamerikarra eskatzen duela. Katiak hobeto azalduko du zein diren hegoamerikar horiek.

Eta generoari dagokionez?

G. Moreno: Herrialdearen araberakoa da, latinoamerikarrak iristen direnean gehienak emakumeak dira, gero familia ekartzen dute eta orekatzen da generoa. Ekuadortarrek eta kolonbiarrek oreka nahiko handia lortu dute, aldiz, berriagoak direnek, hondurastarren eta nikaraguarren taldeak askoz feminizatuagoak dira. Magrebtarren eta Saharaz hegoaldekoen taldeak askoz maskulinoagoak dira eta europarren eta Asiakoen taldeak, pakistandarrak albo batera utzita, orekatuagoak dira. Eta argazkia osatuagoa izan dadin: jende gaztea dator.

Katia Reimberg: "Emakume zaintzaileen eremuan igogailu sozialak ez du funtzionatzen. Amak hasten dira zaintza lanetan, Latinoamerikan dituzten seme-alabak ekartzea lortzen dute. Amak ordukako lanetan hasten dira eta alabak interno lanetan"

Katia Reimberg: Nik sektore bat ezagutzen dut bereziki. Hego Amerikatik datozen gehienak emakumeak dira, zaintza lanetan aritzen dira, aste osoa etxe batean igarotzen dute edo orduka dira etxeko langile.

Mikel Mazkiaran: Badirudi berriz ere inflexio puntuan gaudela, irteerak baino sarrerak gehiago daude. Bestalde, historikoki hala izan da eta hala izaten jarraitzen du, sarrerak informalak dira, ez datoz bat Atzerritarrei buruzko Legearekin. Turista moduan datoz, dagokien denbora pasatzen dute, irregular gelditzen dira hemen eta erregularizazio prozesua egin nahian hasten dira.

Beste ezaugarri bat da, fluxu migratorioak autoerregulatu egiten direla oso neurri handian. Europatik datozkigun tramankuluek, Atzerritarrei buruzko Legea eta horrelakoek, halamoduzko eraginkortasuna daukate. Fluxu migratorioak autoerregulatu egiten dira.

G. Moreno: Ez dute mundu bola hartzen eta “hona noa” esaten, esan dezagun nolabaiteko “merkatu azterketa” egiten dutela aurrez.

K. Reimberg: Esate baterako, Latinoamerikatik datozen gehienak emakumeak izatea ez da kasualitatea. Hain justu hemendik eskaera dago, zaintza kontuengatik. Eskaerarik egongo ez balitz, emakume horiek ez lirateke hona etorriko. Gorka, esan duzu datozen berrienak Hondurasekoak eta Nikaraguakoak direla, emakume horiek familiako lehen kideak izaten dira etortzen, guraso bakarrak dira, eta haurrak dituzte haien zaintzapean han. Lan eremu jakin bat betetzen dute hemen. Badakite zertara datozen, badakite zertan dagoen lana. Etorraldi femeninoa da beraz. Eraikuntzaren garaian aldiz maskulinoa izango zen. Krisiaren ondorioz aldaketa dago, lehen gizonak, orain emakumeak. Aldaketa hori gertatu da errealitate sozial bat dagoelako, zaintzaren gaia ez delako konpondu, ez direlako neurriak hartu, urteak ditu zaintza krisiak eta orain orekatzen ari da emakume horien bizkar.

Zein da sektore ahulena?

K. Reimberg: Nire ustez emakume etxeko langileen taldea da ahulena.

G. Moreno: 2010eko eta 2014ko datuak ikusita kolektibo ahulena magrebtarrena eta Saharaz azpiko afrikarrena da. Jarduera tasa baxuenak dituzte, langabezia tasa oso altuak. Txinatarren kolektiboa guztiz bereizita agertzen da, haien adierazle ekonomikoak dezente gerturatzen dira bertakoenetara. Europa ekialdeak eta Amerikako hegoaldeak (Uruguai, Brasil, Argentina), nahiko adierazle onak dituzte. Erdibidean errumaniarrak eta latinoamerikarrak daude, eta azken horiek, Katiak esan duen moduan, lan prekarietate maila handia dute zaintza lanetan, baina aldi berean enplegu tasa oso altua. Ez dut esango lan merkatuan egoera onenean daudenik, baina beste batzuk baino hobeto daude. Hori da datu sozioekonomikoek esaten digutena.

M. Mazkiaran: Inkestak adierazten du kolektibo batzuek zaurgarritasun maila handia dutela, besteengandik nahikoa urrunduta, magrebtarren taldeak hori erakusten du. Egin dezakegun hausnarketa da noraino izan behar den begirada bakarra erakunde publikoek politika publikoak egiten dituztenean. Agian, ordua da kolektibo bakoitzarentzat begirada bat izateko, errumaniarren eta magrebtarren beharrak ez dira berdinak.

Argazkia: Aritz Loiola.

Talde ahulenez ari garela Gorkak eta Mikelek magrebtarrak aipatu dituzue eta Katiak berriz emakume hegoamerikarrak. Nola ulertu behar dugu hori?

M. Mazkiaran: Ikuspegi kontua da. Jatorrian jartzen baduzu fokua, magrebtarrak dira nabarmen zaurgarrienak. Lan sektoreari begiratzen badiozu, Katiarekin oso ados nago, etorkinak biltzen dituen lan sektore zaurgarriena emakume zaintzaileena da. Tratu txar hutsen eta lan baldintza neurrigabekoak jasan behar izatearen arteko muga oso mehea da.

G. Moreno: Ziurrenik inkestek halako datuak ez dituzte azaltzen.

Aurreiritziek, estereotipoek, zenbaterainoko indarra dute? Jarrera bat baino ez dira ala pentsamolde horien ondorioz jokaera batzuk ditugu?

K. Reimberg: Nik uste dut gu hemen esaten ari garena praktikan ikusten dela, islatzen dela. Sumatzen duguna baino askoz gehiago gertatzen da. Aurreiritzi eta estereotipo asko ia oharkabean pasatzen dira. Hedabideetan diskriminazio basak erakusten dizkigute, baina egunerokoan, ia ikusezin bada ere, egur handia ematen zaigu estereotipoen bidez.

G. Moreno: Baieztapen horrekin ados nago. Ulertzen dut, Katia praktikan dabil, egunerokoarekin lotutako informazioa dauka, eta gure begirada urrunekoagoa da. Uste dut badagoela muga bat aurreiritziaren eta gero eman dezakezun pausoaren artean. Batek esaten zuen jendea tabernan erradikala dela, han berotu eta botatzen duzu eta gero ezkaratzera itzuli eta ondoan bizi den immigrantea normaltasunez agurtzen duzu. Jakina, aurreiritzia baduzu joera izango duzu horren arabera jokatzeko, baina badaude sekuentzia hori apurtzeko moduak. Zurrumurruen aurkako estrategia adibidez (eta badut zeresana horri buruz) eta zigor sozialak. Genero gaietan ere gertatzen da, pentsatzen duzu gauza bat, baina ez duzu esaten edo ez duzu horren arabera jokatzen, bada immigrazio gaietan gauza bera gerta daiteke. Inportantea da jarrerak sustatzea immigrazioaren eta aniztasunaren alde, baina estereotipoa finkatuta dagoenean ia ezinezkoa da deuseztea. Garrantzitsuagoa da aurreiritzitik jokaerara pasa ez gaitezen tapoia jartzea.

Diskurtso politikoek eragin handia dute, politikari batek gauza zehatz bat esan eta hegoak ematen dizkio aurreiritzi bati.

M. Mazkiaran: Diskriminazioak ondoko bidea egiten du: Estereotipoak dauzkagu, a prioriak sortzen goaz. Gehienok aurreiritzi horietatik ez gara ekintzara pasatzen, hor geratzen gara. Azken pausoa ematen laguntzen duen elementu bat diskurtsoa da. Norberaren jokaera diskriminatzaileak landu ditzakegu hainbat estrategiaren bidez, adibidez, zurrumurruen aurkako estrategiaren bidez, baina estrategia horrek ez du balio diskurtsoaren aurrean. Zeren jada ez da zurrumurrua, diskurtso artikulatua da. Oso zaila da diskurtso politikoari aurre egitea, baina berebizikoa da. Politikariek esaten badigute diskriminatzea ondo dagoela bada diskriminatzea ondo dago. Batetik, tabernan katarsi kolektiboa egin dugu ardoa hartzen, eta bestetik, politikariak esan du ez dela ezer gertatzen.

K. Reimberg: Datorrenaz irudia eginda daukagu. Etxeko langile aritzeko niri enplegu-emaileak telefonoz galdetu zidan ea zein herrialdetakoa nintzen, eta brasildarra nintzela erantzun nion. Elkar ikustekotan geratu ginen. Aurrez aurre geundenean esan zidan: “Brasildarra zara, baina zuria”. Hori aurreiritzia da, hori diskriminazioa da, zuria banaiz ondo, eta bestela ez hain ondo, ezta? Lehen esan duzue muga alde batetik bestera pasatzea oso erraza dela.

Mikel Mazkiaran: "Koexistentzia baketsua daukagu eta baketsua izatea ez dago batere gaizki. Hala ere, ez naiz Gorka bezain optimista. Datuak hor daude, lan prekarietatea eta abar"

Zein dira aurreiritzirik indartsuenak?

M. Mazkiaran: Ikuspegi Behatokiarekin bat egin dezakegu, laguntzekin lotutakoak. Aurreiritzi oso barneratua da: immigranteek gainerako herritarrek baino laguntza gehiago jasotzen dituzte. Gero dator osasun zerbitzuena, besteak beste, gainezka daudela uste izatea.

G. Moreno: Gizarte laguntzen gaiak dauka pisurik handiena eta gainera arriskutsuena da. Osasun kontuak, babes ofizialeko etxeak, baita matxismoa eta delinkuentzia ere, oso-oso atzetik doazela iruditzen zait.

K. Reimberg: Etxeko langileak, emakume hegoamerikarrak, merkatu beltzean ari dira lanean, ez dago zaintzailearen kontratu eredurik. Sistema oso bat sistematik kanpo dago. Zuek fluxu migratorioen argazkiaz hitz egin duzue, datu estatistikoak dituzue, gizarte segurantza eta lan kontratua dutenak hartu dituzue kontuan, baina hortik kanpo dagoen mundu batez ari naiz hitz egiten. Aurreiritzia? Zakua hustera etorri garela. Laguntza ikusgarriak dituzue, eta gu horiek nola baliatu gabiltza, diru sarrerak bermatzeko errenta lortzeko azpijokoan, eta gainera dirua etxera bidaliko dugu. Azterketa batek esan du diru sarrerak bermatzeko errentako iruzurra %0,3koa dela. Gorkaren bidetik noa, oso arriskutsuak dira mezu horiek.

Gorroto delituak Zigor Kodeak jasotzen ditu. Aldiz, egunerokoan kode horretan jasotzen ez diren diskriminazio ugari gertatzen da. Legea bigarren horietarako prestatuta al dago, nola beharko luke?

M. Mazkiaran: Gorroto delitua diskriminazioa baino askoz gehiago da, erasoa da, aurreiritziengatik (sexu orientazioa, arraza, erlijioa…) egina. Ez dakit bera nor den, baina uste dut atzerritarra dela eta nik nahi dudana da atzerritar bat erasotzea. Edo atzerritarrari ez diot lokalean sartzen utzi nahi. Erasoa, iseka, baita hilketa ere.

Beste gauza bat da tratu desberdina ematea pertsonei eta kolektiboei erlijioagatik, jatorriagatik… Adibidez, emakume batek lanpostua ez du eskuratu zapia daramalako.

Beraz, gauza bat da gorroto delitua eta bestea diskriminazioa. SOS Arrazakeriak adibidez, fokua bigarrengoan jarri nahi du. Gorroto delituak oso ondo erregulatuta daude kode penalean. Fokua zabaldu behar da, eguneroko diskriminazioak lantokietan daude, zerbitzuak eskuratzerakoan, begirada iraingarrietan, autobusa beteta dago eta zure ondoan ez da inor eseri… Beste gauza bat da nola borrokatzen den hori. Erreminta legal bat behar da, hau da, lege integral bat, baina nik uste dut kontua ez dela hogei mila lege egitea. Horrez gain, pedagogia eta sentsibilizazioa behar dira.

Espainiako Estatuan gorrotoaren diskurtsoa ezerezean uzten ari dira, terrorismoa goratzea gorroto diskurtsoarekin nahasten dute eta egiaz zaurgarriak diren kolektiboez ahazten ari dira. Politikariak dira ‘gorroto diskurtsoa’ kontzeptua esku artean darabilten lehenak, ardura gabezia nahikotxorekin.

K. Reimberg: Diskriminazioez ari garela etxeko langile batzuei egiten zaizkien kontratuak aipatu nahiko nituzke. Ia aste osoa enplegu-emailearen etxean igarotzen dute zaintza lanetan, egunean 24 orduz ia. Etxeko langile horien egoera XXI. mendeko esklabutza da. Kontratu horietako bat ekarri dut, idatzita dago, legala da, gizarte segurantzan kotizatzen ari da, baina enplegatzailearen esanetara dago ia aste osoa.

M. Mazkiaran: Hori diskriminazioa da, zeren pertsona horiek ez balira atzerritarrak ez zieketen ezarriko hainbat baldintza. Hemengo langile batek ez lituzke onartuko hor jartzen diren hainbat baldintza. Horregatik dago abusua. Etxeko langileen sektoreak arazo asko ditu eta mugak oso meheak dira erabateko diskriminazioaren eta lan baldintza batzuk betetzearen artean. Etxeko langileen lege baldintzak lan sektore gehienen artean ahulenak dira, etxeko lanek ez dute hitzarmen kolektiborik. Lan baldintzak ezartzerakoan irekitasun handia dago, enplegatzailearen eta langilearen arteko harremana izaten da, bi pertsonen arteko harremana. Langileok oso zaurgarriak dira, garbi ikusten da adibidez irregular daudenen kasuan.

2016an, Iruñean, arrazakeriaren aurkako festa eguna. Argazkia: Idoia Zabaleta / Argazki Press.

Kontratuotan biltzen diren baldintzak muga-mugan dabiltzala diozu, baina kontratuok legalak izaten jarraitzen dute.

M. Mazkiaran: Hain dago prekarizatua sektorea, kontratua egin diezaiokezu lanbide arteko gutxieneko soldatarekin eta horren %30 erabili langilea jakiz hornitzeko, baldin eta langileak lana egiten duen etxean bertan lo egiten badu. Praktikan 300 eurorekin gelditzen zara. Nork nahi du lan hori? Kontratua behar duenak bere egoera erregularizatzeko edo etxera dirua bidaltzeko beharra duenak. Eta zeinek betetzen ditu baldintza horiek? Atzerritarrak.

G. Moreno: Mikel, zuk aipatu duzun gorroto delitu edo gorrotoaren diskurtsora itzuliko naiz. Kontzeptuaren banalizazioa aipatu duzu. Niri beldur pixka bat ematen dit jendeak salaketa banalizatzeko eta goresteko duen joerak. Batetik, kontzeptuak (gorroto delituak) duen indarra banalizatzen da, eta bestetik, batzuek norbera salatua izatea nahi dute bozgorailu mediatikoa izateko. Zigor Kodea goresteak beldurra ematen dit eta ondorio arriskutsuak izan ditzake.

M. Mazkiaran: Gai konplexua da. Bat: Zigor Kodeak ez du balio gorroto diskurtsoa deitutakoa borrokatzeko. Bi: arraroa egingo zaigu agian, baina norbanakook eta kolektiboek irainak eta kritika neurrigabeak jasateko prest egon behar dugu. Gorkak zera esan nahi du: kolektibo bat iraindua sentitu da politikariren baten esanengatik edo sare sozialetan zabaldu denarengatik eta aurre egiteko balio ez duten erremintak aktibatu nahi dituzte. Irainok adierazpen askatasunaren barruan daude. Arazoa iraingarritik arriskutsura pasatzea da. Nik diodana ez da proposamen bat, Europako auzitegian horrela jasota dago. Adibide bat jarriko dut: Otegik erregeari torturatzaile deitu dio, eta Europako giza eskubideen auzitegian absolbitu egin dute. Iraina da, baina ez da delitua.

Gorka Moreno: "Guk eman ditzakegun datuek baino inpresio handiagoa egiten du lehen eskutik jakiteak nola den diru-sarrerak bermatzeko errenta lortzeko bizipena: umiliazioa, kontrola, kontatu beharra ia minutuz minutu zer egin duzun… ikaragarria da"

Hitz egin dezagun aurreiritzietan erregina den diru sarrerak bermatzeko errentaz.

M. Mazkiaran: Guk SOS Arrazakerian galdera asko jasotzen ditugu diru sarrerak bermatzeko errentaren inguruan. Gaur egun paperei buruz pertsona batek daukan arazorik handiena lana eta Lanbide dira, diru sarrerak bermatzeko errenta.

K. Reimberg: Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak harrigarriro kontrolatuta daude. Kontua ez da hara joan, hainbat dokumentu erakutsi, eta kito, ez, gauza asko justifikatu behar dira. Jendeak uste du erraza dela lortzea eta jarraitzea edukitzen, baina etengabe kontrolak pasatzen dituzu, formazio ikastaroak egiteko prest egon behar duzu nahiz eta zure formazioarekin bat ez etorri… Arinkeria handiz hitz egien da diru sarrerak bermatzeko errentaz. Oso kontuz ibili behar da.

Kontrako iritzia du bada jendeak.

K. Reimberg: Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duen jendea, nik ezagutzen dudana, Lanbidetik negarrez atera izan da, umiliatuta; galdetu diote zer egin duen, zer ez duen egin, batzuetan jatorriko herrialdean lortu behar diren paperak eskatzen dituzte, 350 euro balio dezake tramiteak. Polizia ere hor dago: Nolatan ez daukazu lanik? Zergatik ez zaude erroldatuta? Alokairu kontratua ba al daukazu?

G. Moreno: Hitzaldietan-eta diru sarrerak bermatzeko errentaren gaia ateratzen da. Gu ibiltzen gara horri buruz hitz egiten, baina baliogarriagoa litzateke gu joatea baino [Mikeli begira] bizi duenak kontatzea. Guk eman ditzakegun datuek baino inpresio handiagoa egiten du lehen eskutik jakiteak nola den bizipena: umiliazioa, kontrola, kontatu beharra ia minutuz minutu zer egin duzun… ikaragarria da. Paperak gaztelaniara itzuli behar eta 300-400 euro kostako zaizu, nola bada halako egoera ekonomikoan egonda. Horrelakoak ez dira jakiten.

M. Mazkiaran: Katiak oso ondo azaldu du, ez dago ezer gehitu beharrik.

Immigranteei buruzko iritzia aldatu egiten da egoera ekonomikoaren arabera?

G. Moreno: Ez dago aldaketa erradikalik iritzietan eta jarreretan, baina batik bat gai zehatz batzuek eragin dezakete, onerako edo txarrerako. Tolerantzia Barne Produktu Gordinarekin alderatzen dugu eta harremana dago. Zenbat eta egoera ekonomiko hobea tolerantzia indizea altuagoa da, eta alderantziz.

Norberaren egoera ekonomikoak eragin handia dauka. Klase ertainak etorkizun ekonomiko egonkorra irudikatzen badu, kolektibo zaurgarriek baino askoz jarrera hobea du immigrazioaz. Haiek hona etorrita lortu ditzaketen etekinez baliatzeko aukera guztiak dauzkate. Horrela gauza asko ulertzen dira: bozkak, populismoa, alderdi ultraeskuindarrak… Ez dakit nori kopiatu diodan esaldi hau: esertzen garen tokitik pentsatzen dugu eta normalagoa da immigrazioaz diskurtso positiboagoak izatea unibertsitateko irakaslearen aulkian eserita, tabernan lana egiten duen baten aulkian eserita baino.

Argazkia: Aritz Loiola

M. Mazkiaran: Ikuspegik hiru talde egiten ditu: uzkurrak, anbibalenteak eta toleranteak. Anbibalenteak dira gehiengoa. Iritzia aldakorra izan daiteke. Egon gaitezke herri batean immigrazioaren gaia lantzen, mila neurri lantzen, eta gatazkatxo bat gertatzen da eta ordura arte egindako lan guztia hankaz gora jartzen da. Hedabideek ere garrantzi handia dute. Hedabideek legeetan eragiten dute, albistegi kolpeka egiten dira legeak. Genero indarkerian eta adingabeen gaian gauza bera gertatzen da. Zerbait gertatzen da, albistegietan agertzen da, politikari batek dio legea gogortu behar dela eta hurrengo egunean kode penala aldatzen hasten dira. Etorkinez dugun iritzia oso zaurgarria da, izan dezakezu iritzi ona haiekin esperientzia ona izan duzulako, eta egun batean lapurreta egin dizu eta lapurra beltzarana zen, eta iritzia aldatzen duzu.

G. Moreno: Askotan immigrazioari buruzko jarrerak baino aldarteak neurtzen aritzen gara.

K. Reimberg: Nik Ikuspegiko txosten batean irakurritako esaldia aipatu nahi dut. Hor esaten du populazio femenino hegoamerikarra adierazle onenetakoa dela gizarte honen osasun ekonomikoa neurtzeko. Emakume hegoamerikarren kopuruak gora egin izanak esan nahi du egoera egonkortu edo hobetu egin dela.

G. Moreno: Oparoaldi ekonomikoa detektatzeko zeharkako adierazle bat izan daitekeela esan nahi du, emakume latinoamerikarra datorrenean ekonomia ondo doa. Klase ertaina hobeto kokatuta dago, asmo hobeak ditu eta emakume horiek kontratatzen hasten dira zaintzarako eta etxerako. Agian ez da esaldi egokia, zakarra da nolabait, baina adierazle bat da.

K. Reimberg: Irakurri nuenean telefonoz deitzeko gogoa etorri zitzaidan eta pare bat gauza esatekoa. Harri eta zur geratu nintzen.

G. Moreno: Zein zentzutan?

M. Mazkiaran: Ikuspegi utilitarista uler daitekeelako. Orain balio digute, orain ez.

K. Reimberg: Hala da.

G. Moreno: Ikuspegi utilitaristak indarra izan dezake gauza zehatzetan. “Krisi garaian etortzen jarraitu behar dute?”, galdetzen diozu jendeari eta ezetz diote. “Lana kentzen digute?”. Garai onetan diote ezetz eta garai txarretan baietz. Alabaina, ez dugu pentsatu behar diskurtso utilitaristak diskurtso uzkur bihurtzen direnik. Eztabaida gogorra da hau. Kontuan izan behar dugu immigrantea ere ikuspegi horrekin datorrela, enplegu bila. Horrek ez du esan nahi eskubide batzuk izan behar ez dituenik. Badakit eztabaidagarria dela adierazle honen kontua eta esaldi horrek min egin dezakeela.

Zein dira kontzeptu egokiak? Integrazioa, kultura-artekotasuna…

M. Mazkiaran. Elkarbizitzan ‘haien’ eta ‘gure’ artean harremana dago. Koexistentzian haiek hor daude, gu hemen gaude. Argazki ohikoa koexistentzia da. Immigranteek haien sareak, lagunak, dituzte eta aldika nahasten dira integrazio ahaleginak egiten direlako, lanagatik edo ekintza bereziak egiten direlako horretarako. Koexistentzia baketsua dei genezake, ez da ez ona ez txarra, dagoena dago.

G. Moreno: Euri asko egin du eta gatazka handirik ez gertatu izana ona iruditzen zait, koexistentziari balorea ematen diot. Denbora gutxian jende asko etorri da. Espainiar Estatura 15 urtean 6,5 milioi atzerritar etorri dira. Elkarbizitzarako denbora behar da seguruenik, harremana behar da.

M. Mazkiaran: Koexistentzia da daukagun eredua, elkarbizitzara jo beharko genuke, baina bere erritmoak dauzka. Ospe ona duena integrazioaren eredua da, asimilazioaren eta multikulturalismoaren aurrean. Kultura-artekotasuna izango litzateke filmeko ona. Asimilazionista gaiztoa da. Multikulturala batzuetan ona da eta besteetan pelikulako txarra. Kultura-artekotasuna izan genezake herrialde ideal batean, baina daukaguna daukagu eta kultura-artekotasuna ere ondo ulertu behar da, zeren elkarri eskubideak onartzea esan nahi du, ez gaitezen aurkitu asimilazionista sinpatiko batekin. Integrazioa, kultura-artekotasuna… lan horiek oso konplexuak dira, zailak lortzen. Agian espazio txikietan lor daiteke, auzo batean, herri txiki batean. Koexistentzia baketsua daukagu eta baketsua izatea ez dago batere gaizki. Hala ere, ez naiz Gorka bezain optimista. Datuak hor daude, lan prekarietatea eta abar.

G. Moreno: Lehenengo belaunaldiak prekarietate maila batzuk jasan beharko ditu. Uste dut abiapunturako ez dela hipotesi ona adibidez pentsatzea 15-20 urtetan bertakoen parera iritsiko direla. Atzerritarrak dira, egoera juridikoa halakoa dute, baina horretaz gain batzuetan kapital falta ere badaukate. Horien seme-alabak izan behar ditugu batik bat kontuan.

K. Reimberg: Niri koexistentzia gustatzen zait kontzeptu bezala. Gorkak esan duena ere gogorarazi nahi dut, non eserita zauden, hala ikusten dituzu gauzak. Ez da gauza bera datu estatistikoez hitz egitea edo immigranteak bere esperientziatik hitz egitea.

G. Moreno: Epe ertain eta luzera elkarbizitzarako bide arrazoizko bat bilatu behar dugu, asmo handirik gabe, jakinda jende askori ez zaiola gustatzen elkarbizitza, ez zaiola gustatzen immigranteekin egotea, eta ez dut uste berebiziko arazoa denik. Bestalde, lan asko egin behar da integrazio sozioekonomiko eta materialean. Eskola oinarrizkoa da. Izan ere, immigrazioaz baino gehiago estratifikazio sozialaz ari gara hitz egiten. Lortu behar dugu immigranteen seme-alabek haien gurasoek baino enplegu hobea izatea, mugikortasun soziala.

M. Mazkiaran: Bigarren eta hirugarren belaunaldiek ikusi behar dute igogailu sozialak funtzionatzen duela. Gaur egun ez du funtzionatzen. Frustrazio handia ari da eragiten eta horrek elkarbizitzatik asko urruntzen gaitu. Elkarbizitza ideala da, baina immigrantearen seme-alabak ikusten badu hala delako igogailua geldirik dagoela, horri eskatzea alaia eta jatorra izatea, elkarbizitzarako ahalegina egitea… ez dakit bada.

K. Reimberg: Emakume zaintzaileen eremuan garbi ikusten dugu igogailuak ez duela funtzionatzen. Amak hasten dira zaintza lanetan, Latinoamerikan dituzten seme-alabak ekartzea lortzen dute. Amak interno lanak utzi eta ordukako lanetan hasten dira eta alabak interno lanetan hasten dira. Igogailuak ez du funtzionatu.

Bizilagunak ekimena azaroan egin da. Hainbat jatorritako jendea etxean biltzen da otordua egiteko. Argazkian Rosabel Argote CEAR Euskadiko kidearen etxean ageri dira, Gasteizen. Argazkia: Jaizki Fontaneda / Argazki Press.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-04-10 | ARGIA
Migratzaileei laguntzeagatik gutxienez 117 pertsona auzitara eraman dituzte Europan 2023an

Pertsona migratzaileak laguntzea kriminalizatzen duten politikak nagusi dira Europar Batasunean, eta hori egiteagatik auzitara eraman dituzten pertsonen kopuruak errekor berria ezarri du 2023an: gutxienez 117.


Eguneraketa berriak daude