"Europako arrantza kuotak zientziak dioenaren gainetik erabakitzen dira gehiegitan"

  • Itsas zientzietan lizentziatua eta duela urtebetetik Ekologistak Martxan taldeko Espainiako Estatuko arrantza arduraduna da Eneko Aierbe donostiarra. Arrantza jasangarria lortzeko eta Europar Batasunak arrainen berreskurapenerako ezarritako epeak betetzeko kanpaina egiten ari da azkenaldion. Egunotan –elkarrizketa hau egin ondoren– Bruselan erabaki diren gehienezko arrantza kopuruek epe horiek baldintzatuko dute.

Eneko Aierbe Donostiako portuan. “Kantauriko eta Iberiar penintsulako arrain stocken egoera ez da aldatu azken urteotan: erdia era jasangarrian ustiatuta, eta beste erdia gehiegi”. (Arg.: Dani Blanco)
Eneko Aierbe Donostiako portuan. “Kantauriko eta Iberiar penintsulako arrain stocken egoera ez da aldatu azken urteotan: erdia era jasangarrian ustiatuta, eta beste erdia gehiegi”. (Arg.: Dani Blanco)

Zer da proposatzen duzuen arrantza jasangarria?

Arrantza jasangarria zientzialariek aholkatzen duten neurrian arrantzatzea da. Frogatuta dago ona dela guztiontzat, epe luzera gehiago arrantzatzen uzten duelako. Kantauriko eta Iberiar penintsulako stocken egoera ez da aldatu azken urteotan: erdia era jasangarrian ustiatuta, eta beste erdia gehiegi. Ezagutzen ditugun populazioei buruz ari gara, beste batzuei buruz ez baitago nahikoa daturik neurketa egiteko. Mediterraneoan, aldiz, erabateko arazoa dago, Atlantikoan baino askoz okerrago dago egoera han.

Orduan kuotak murriztea da konponbidea, populazioak berreskura daitezen.

Ez da beti derrigorrez murriztea, zenbait kasutan zientzialariek onartzen baitute gehiago arrantzatu daitekeela. Adibidez, oraintsu egon da Atlantikoko hegaluze eta hegalaburraren kontserbaziorako nazioarteko ICCAT batzordearen bilera eta, hegalaburraren egoera hobea denez, igoera onartu dute datozen urteetarako. Atunaren egoera hobetu da azken urteetan, oso maila baxuan egon zelako, baina igoera guztiak neurriz egin behar dira, aurreko puntura ez itzultzeko. Zigalaren kasuan, aldiz, jasangarritasunerako bidean dago, aurten, zientzialariei kasu eginda, Kantauri itsasoan ezin izan delako harrapatu.

Nolakoa da arrantzaren egoera Europako uretan?

Arrantza politika bateratua 2014an indarrean sartu zenean ekologistok pozik hartu genuen, zentzudunak ziruditen hainbat hobekuntza zekartzalako. Arrantza jasangarria lortzeko epemuga batzuk ezarri zituen politika hark: 2015erako handinahikeria zirudien baina 2020rako, gure ustez Atlantikoan, Bizkaiko Golkoa barne, egingarria zirudien. Orain ikusten ari gara 2020rako ez garela iritsiko.

Berreskurapena azkartzea eskatzen duzue orduan?

Bai. Europar legediak dio 2020rako biomasa guztiak gehienezko errendimendu jasangarrira heldu behar direla, baina martxa honetan ez dugu helburua beteko. Helburua populazio guztiak era jasangarrian, etekin handiena lortuz arrantzatzeko moduan egotea da. Zorionez badirudi gero eta hobeto goazela, baina ez goaz abiada egokian.

Zer da gehienezko etekin jasangarria?

Oreka puntua litzateke, populazioak gehien non ematen duen jakinda, hor jartzea kuota. Azken batean, arraina baliabide berriztagarria da. Berreskuratzen ari den populazioa heltzen da kopuru batera azkar, baina puntu batera heldu eta gero ez da abiadura handiagoz haziko, muga biologikoak daudelako. Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak (ICES) kalkulatua da, bertan parte hartzen dute AZTIk eta Espainiako Ozeanografia Institutuak (IEO), beste askoren artean. Hainbat datu bildu ondoren gai dira esateko populazioen egoera zein den eta horren arabera noraino arrantzatu daitekeen.

Europak ez du bere legea betetzen orduan?

Arrantza politika bateratuak dio 2015erako eta zenbait salbuespenekin 2020rako bete behar dela gehienezko etekin jasangarria, irizpide horrekin ustiatu behar direla arrain populazio guztiak, baina ikusten ari gara ez dela beteko.

Zer ari dira erabakitzen Bruselan egunotan?

Legeak helburuak ezartzen ditu 2020rako, baina gero urtez urte kopuru zehatzak erabakitzen dira, ministroen kontseiluan. Urtero abenduan erabakitzen da zenbat arrantzatu arrain mota gehienentzat. 28 arrantza ministroak biltzen dira, ateak itxita, eta ez dakigu zer gertatzen den bilera horretan. Gure susmoa da kromo trukea dela. Zientzialariek emandako kopuruetatik gora ibiltzen dira gehiegitan. Adibidez, legatza azken urteotan aholkatutakotik gora arrantzatzen da. Zapoaren kasuan kontrakoa gertatu da: aholkatutakoa bete dute politikariek eta, ondorioz, neurrian harrapatuta, hazten ari da populazioa eta urtez urte haziz doa kuota. Gure sentsazioa da arrantzaren elkarte handiak hor daudela lobby lana egiten, beren interesak babesten. Guk negoziazioak irekiak eta gardenak izatea eskatu dugu, baina ez dute nahi.

Lobby lana egiten dute agerian?

Hainbatetan ikusi ahal izan da bilera horiek egiten zirenean industriaren ordezkariak eraikin barruan zeudela. Urtero agertzen da sare sozialetan eta prentsan ministroa industriaren ordezkariekin biltzen dela, beraien ikuspuntua ondo ordezkatuta egoten da bilera horietan.

Zuek ere lobby lana egiten duzue, Bruselari eta Madrili begira.

Noski, guk argi diogu politikariengan eta jendearengan eragin nahi dugula. Como pez en el agua (Arraina uretan bezala) kanpaina jarri dugu martxan gai hau gizarteratzeko, eta politikariekin bildu gara, jasangarritasun helburuei eutsi diezaietela eskatzeko. Legea nahiko ona da eta epean betetzea besterik ez diegu eskatzen.

Arrantzaleak kontuan hartuta

“Arrantzaleekin ikuspuntuak trukatzen saiatzen gara ahal dugun guztietan. Arrantzale txikiak babesteko aldarria egiten dugu, gure kezka ez delako arrainekiko soilik. Lanpostu kopurua jaitsi da, arrantza ontzi kopurua ere bai, eta gure ikuspuntutik okerrena izan da ontzi txikietan egon dela galera, artisautza arrantza egiten dutenetan. Erritmo kontuak-eta ez dituzte garbi ikusten, jatekoa dutelako lehentasun. Etorkizunera begiratu eta ados jarri behar dira batzuetan urruti dauden arrantzale taldeak, horregatik ez da erraza, baina uste dugu etorkizuna hor dagoela. Guztien arteko (administrazio, zientzialari, arrantzale eta GKEak) kudeaketa egokia eginez lor dezakegu etekina natura babestuz”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrantza
Arrantzaleak haserre agertu dira arrantza debekuarekin

Bizkaiko Golkoko uretan arrantza debekatu dute hilabetez, izurdeak babesteko. Arrantzaleek prezioen igoera aurreikusi dute, eskaintzak behera egingo duelako. Talde ekologistak neurriaren alde agertu dira.


Bi arrantzale desagertu dira Ziburun, itsasontzi bat hondoratuta

Hiru arrantzaleetatik bi desagertuta daude, eta erreskatatu dutena Baionako ospitalean artatu dute, hipotermiak jota.


Arrantzale asko ezin bozkatu geratuko dira datozen hauteskundeetan ere

Bai hauteskunde egunean, bai posta bidez botoa eskatu ahal izateko epean itsasoan direlako, arrantzale asko ezin bozkatu geratzen dira hauteskundeetan. Telematikoki bozkatu ahal izan dezaten legea aldatu bitartean, oraingoan ere abstentzionisten zerrendan sartuko dituztela... [+]


Eguneraketa berriak daude