Gerra medikuntza berria XXI. mende gatazkatsurako

  • André Vltchek (1962) kazetari eta dokumentalgilea mundua korritua da gatazka armatuen berri emanez. Leningradon sortua (San Petersburgo, Errusia), iparramerikarra nazionalitatez, ezaguna da hedabide handi bezala txikietan argitaratu kronikengatik, halaber liburuengatik, azken biak Inperioaren gezurrak erakutsiz eta Aurora, fikziozkoa. Euskal Herrian Txalapartak argitaratu zion Noam Chomskyrekin egindako Mendebaldeko terrorismoa. Dokumental saila ere egina du, Ruanda eta Kongoko gerraz eta beste hainbatez. Une honetan, Borneon Indonesiak gobernua burutzen duen hondamendi ekologiko eta humanoaz ari da filmatzen dokumental  bat. Lana independentzia osoz burutzearen maitale, jarraitzaileen artean diru bilketan ari da: Internetez Saving Borneo/Kalimantan Island!!! bilatuz aurki daiteke proiektua diruz sustatzeko modua.

    Ghassan Abu Sittah doktorea, Kuwaiten jaiotako palestinarra, Britainia Handian ikasi eta berezitu ostean Beiruteko Unibertsitate Amerikarrean kirurgia plastiko sailaren arduraduna da. 2015ean mediku eta soziologo batzuekin batera plazaratu zuen “Conflict Medicine: A Manifesto” agiria Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen babesean. Aldarrikatzen dutenez, “manifestuarekin nabarmendu nahi dugu hobeto ezagutu beharrean gaudela zaurien eta ber-zauritzeen dinamikak, aldatzen ari den gerraren ekologiaren baitan. (...) Gerrak aldatzen du biosfera, alegia, azpiegitura fisikoak eta jendea bizi den ingurumen biologiko eta soziala. Gerrak dakartzan suntsiketa eta aldaketak sarritan konponezinak dira eta epe luzerako ondorioak dauzkate pertsonengan eta gizartean”.

    Vltcheken elkarrizketa hau estreinakoz Counterpounch gune aurrerazalean plazaratu zuen Middle Eastern Surgeon Speaks About Ecology of War” tituluarekin 2017ko apirilean. André Vltchekek (bere wbgunea hemen, Twitter kontua hemen) eskuzabaltasunez eman dio ARGIAri baimena euskaraturik ia osorik zabaltzeko.

Ghassan Abu-Sittah doktorea bideokonferentziaz Beiruteko ospitaletik laguntzen Gazan operazioa egiten ari den zirujauari. (Argazkia: AUBMC)
Ghassan Abu-Sittah doktorea bideokonferentziaz Beiruteko ospitaletik laguntzen Gazan operazioa egiten ari den zirujauari. (Argazkia: AUBMC)

Ghassan ‘Gus’ Abu-Sittah doktorea Kirurgia Plastiko sailaren zuzendaria da AUBMC Amerikar Unibertsitateko ospitalean, Beiruten (Libano). Bere espezialitatea: kirurgia berreraikitzailea. Munduaren parte honetan zera esan nahi duena: gerra eremuetatik jendea ekartzen dizutela zatikatua, aurpegirik gabe, ez ezagutzeko adina erreta, eta zuk berriro biziarazi behar dituzula.

Abu-Sittah doktorea pentsalaria ere bada. Kuwaiten sortutako palestinarra, Britainia Handian ikasi eta bizi izana da, Ekialde Hurbileko zenbait gudu lekutan egin du lan, Asian ere bai, onartu zuen arte gaur Beiruteko AUBMCn daukan enplegua.

Modu bitxian egin genuen topo. Duela hilabete batzuk oina erre nuen Hego-Ekialdeko Asian hondar gorituan jarrita. Poliki ari zen sendatzen baina Afganistanera joan nintzenean, Herateko checkpoint batean nengoela oin hutsik jarrarazi ninduten eta berriro zornetu zen zauria. Londrestik pasatzean, Abu-Sittahren irakasle ohi batek artatu ninduen, eta esan nionean Libanon ere egiten dudala lan, gomendatu zidan bisitatzea “gure ikasle onenetako bat gaur Beiruten ari dena”.

Hala egin nuen. Al-Mayadeen telebista pan-arabiarra elkarrizketa bat grabatzen ari zitzaidan nire azken nobela politiko-iraultzailea den “Aurora”, munduaren Hegoaldearen egoera, Mendebaldearen inperialismoaren berrindartzea eta abarrez. Nire harridurarako, Abu-Sittah eta bere kolega medikuek jarraitzen zituzten nire lan eta ideia politikoak. Ondo zaildutako medikuontzako harramazkada ahul bat baino ez zen nire oinaren “arazoa”. Benetan interesatzen zitzaidana zen AEBen erasoa Siria eta Palestinaren kontra, eta Ipar Korearen kontrako probokazioak.

Zauria ondo sendatu zitzaidan eta Abu-Sittah eta biok lagun egin ginen. Zoritxarrez  Beirutetik alde egin beharra daukat Asia Hego-Ekialderantz, eta ez dut harrapatuko gerrako ekologiari buruzko biltzarra handia, zeina bultzatzen baitute Abu-Sitta doktoreak eta bere kolegek maiatzaren 15ean.

Gaia benetan da kitzikagarria eta funtsezkoa gure gizadiarentzako, baita bere biziraupenerako ere. Uztartzen ditu filosofia, medikuntza eta zientzia.

Zer gertatzen zaio jendeari gerra eremuetan? Zer da benetan gerra eremu bat? Biok antzeko ondorioetara iritsi ginen, biok ideia berarekin ari garelako lanean baina bi angelu ezberdinetatik begiratuta: “Miseria gerra da. Estatu indartsuak desegiteak gatazka dakar. Planetako jende pila bat bizi da gaur egun gatazka edo gerran, sarritan ohartu ere egin gabe: txabolategietan, errefuxiatu kanpalekuetan, edo arras hondoa jokako estatuetan”.

Elkarrekin asko mintzatu gara: beldurraz, zeina ari baita irensten Britainia Handia bezalako herrialdeak, indibidualismo eta berekoikeri uhin berriaz eta honen sustraietan dagoen frustrazioaz. Une batean esan du doktoreak: “Munduko leku gehienetan ‘askatasuna’ hitzak esan nahi du gure herrialdeen independentziaren aldeko borroka. Aldiz, Erresuma Batua bezalako lekuetan, haren sinonimoak gehiago dira indibidualismoa, berekoikeria eta norberaren eskubideak”.

Mintzatu gara inperialismoaz, medikuntzaz eta Ekialde Hurbilaren sufrikarioaz. Eta azkenean erabaki dugu elkarrizketa hau publikatzea, argi pitti bat egiteko “Gerrako Ekologia”z, filosofiarako bezala medikuntzarako funtsezkoa den disciplina berri honetaz. Elkarizketa 2017ko apirilaren 25ean eduki genuen, Beiruteko Younes kafean.

"Miseria gerra da. Munduan jende pila bat bizi da gaur gatazka edo gerran, sarritan ohartu ere egin gabe: txabolategietan, hondoa jotako herrialdeetan, errefuxiatu kanpalekuetan..."

Kontratu Sozialaren urradura aipatzen duzu  mundu arabiarrean eta Europan

Munduaren Hegoaldean medikuntza eta osasun zerbitzuak estatu post-kolonialaren osagai funtsezkoak ziren. Estatu postkolonialak kontratu sozialaren osagaitzat antolatu zituen Irak, Egipto eta Sirian geneuzkanak bezalako osasun sistemak, beren sorrerako muinean zeuden. Estatuak horrela erakusten zuen boterea bi eratan zerabilela, era hertsatzailean (estatuak sartu zaitzake presondegian, edo baita bortizkeria erabili ere zure kontra) baina batik bat modu ez-hertsatzailean, bortxarik gabe: eman behar dizu etxea, hezkuntza, osasun zerbitzuak, eta abar. Estatuari botere ez-hertsatzaile hori  funtsezkoa zaio bere legitimatze prozesuan.

Digresio bat baimentzen bazait, begiratu nola eraitsi zuten estatua. Iraken kontrako zigorrren helburua ez zen Makhabarat [zerbitzu sekretuak] edo armada ahultzea, baizik eta Irakeko estatuari kentzea bere indar ez-hertsatzailea, bere ahalmena jendeari emateko bizimodua, hezkuntza. Eta 12 urte ondoren estatua erabat hondoratu zen barnetik, ez bere indar hertsatzaileak ahulduak zirelako, baizik eta bestelako botere hori ostu ziotelako, jendeei bizimodua segurtatzeko ahalmena.

Beraz, nolabait estatuaren eta herritarren arteko kontratua hautsi zutela.

Dudarik gabe! Eta zuk kontratu hori bera zeneukan herrialde post-kolonial gehienetan. Gero sartu zituzten Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak sustatutako politikak, zeinen arabera osasun zerbitzuek negozio aukerak ematen baitzizkieten agintean zeuden eliteei eta korporazioei eta, aldiz, doako osasun zerbitzuak estatuentzako zama ziren. Orduan hasi zen estatuaren aginte ez-hertsatzaileen ahultzea Egipto eta Jordania bezalako herrialdeetan, honek ekarri zuelarik beren legitimotasunaren ahultzea. NDF eta MBaren helburua zen osasuna produktu salgarri [commodity] bihurtzea, hura jendeari saltzeko zerbitzua bailitzan… pagatzeko moduan daudenei saltzeko.

Beraz, AEBetako eredua, baina askoz modu basatiagoan, soldatak herrialde horietako gehienetan askoz ere apalagoak direlako.

Hori da. Eta honela mamitzen duzu operazioa: bi mailako sistema sortzen duzu eta publikoa den mailari dirua kendu, jendeak jo dezan sektore pribatura. Orduan, sektore pribatuan aurkitzen dituzu osasungitza pribatuaren osagai arrakastatsu guztiak, osasun asegurutik hasita arreta zerbitzu eta botiketaraino.

Paradoxikoki, horixe bera ari da gertatzen oraintxe bertan Britainia Handian.

Britainia Handian eta Europako beste herrialde askotan. Baina aurretik gure eskualdean gertatu zen, mundu arabiarrean. Hemen osasun zerbitzuak funtsezkoak ziren estatuen sorrerarako, eta funtsezkoak beren legitimotasunarentzako.

Oso agertoki zinikoa izan da: Mendebaldeak osasun sistema pribatua inposatzen zien herrialde arabiarrei eta munduko beste askori eta bitartean Mendebaldean bertan, salbu eta AEBetan, zerbitzu medikuek jarraitzen zuten publiko eta ia doakoak izaten. Esan nahi dut Europan, Kanadan, Australian eta Zelanda Berrian.

Bai. Europan ongizate estatua II. Mundu Gerratik sortu zen, kontratu sozialaren atala zen osasuna segurtatzea. Thatcherismoaren eta Reaganismoaren etorrerarekin ongizate estatua eraitsiz joan ziren, baina Britainia Handian, eta berdin Alemania bezalako herrialdeetan, beste lekuetan iritsitako neurrietaraino iristea politikoki arriskutsua zen, hauteskundeetan galtzea ekarriko zuelako.

Beraz, bigarren plana izan zen osasun sistema hondatzea, milaka putzadaz pixkanaka hura hiltzeko. Horrek eramaten zaitu Britainia Handian bezala osasun saila zatika-zatika pribatizatzera. Eta jendeak ez daki, ez da ohartzen sistema pribatizatzen ari direla. Edo Alemanian bezala, gobernuak ez pagatzera osasun zerbitzuagatik: gobernuak diruz laguntzen ditu aseguru etxeak eta hauek ateratzen diote etekina osasungintza pribatuari.

Bada dilema filosofiko bat gaur medikuntzako profesionalen artean eztabaidatu behar litzatekeena. Europako aseguru soziala bera ere ez al da neurri batean konponketa ziniko bat? Europako herrialdeak bloke inperialistaren zati dira gaur egun AEBekin batera eta horiek ari dira arpilatzen gainerako mundu guztia, Ekialde Hurbila, Afrika eta Asiako zati osoak, eta beren sistema soziala ari dira diruz laguntzen lapurreta horretatik. Hau batetik. Baina, gainera, gertatzen da Britainia Handian edo Alemanian ari diren mediku eta erizain asko askoz herrialde pobreagoetatik ‘inportatu’ dituztela, hauetan hezi ondoren doan. Beren beharrean diren herrikideei laguntzeko ordez, orain ari dira lanean Europako jende zahartu, mimatu eta esijenteenei, sarritan mediku instalazioak ‘klub sozialak’ bailira erabiltzen dituzten jendeei.

Nire ustez gertatu dena da Europan ongizate estatuaren hondatze bat atal guztietan. Politikoki ez zen posible gainetik kentzea doako osasungintza. Britainia Handian ikus dezakezunez, arazoa da osasunean agertzen direla jendeak bizi dituen faktore sozial eta ekonomikoen ondorioak. Zuk langabezia kronikoa baldin badaukazu, bigarren eta hirugarren belaunaldiko langabetuen arazoa, horrek ondorioak dakartza osasunean. Suntsitzen baldin badituzu erretiroak eta aldi berean langabetuentzako babeserako laguntzak, horrek ondorioak dakartza. Etxebizitzen egoera txarrak osasun ondorioak dakartza. Langabezia masiboak osasun arazoak dakartza.

Mendebaldeko osasun sistemak gaur galtzen ari diren bataila zera da: pentsatu dute haiengan uztea sistema kapitalista brutalaren ondorioak, osasun sistemak tratatuz Gobernuz Kanpoko Erakundeak balira bezala

Politikoki erraz lortu zuten ongizate estatuaren beste osagaiak gainetik kentzea, baina orduan topo egin dute osasun arazoarekin. Horregatik, Mendebaldeko osasun sistemak jokatzen eta galtzen ari diren bataila zera da: pentsatu dutela haiengan uztea sistema kapitalista brutalaren ondorioak, osasun sistemak Gobernuz Kanpoko Erakundeak balira bezala.

Baina badakigu bizimoduen aldaketek jendearen osasunean kalteak eragindakoan, beranduegi dela sendatu edo prebenitzeko. Eta horixe da Europako osasun sistemek egiten dutena, ahalegintzen dira jendeari adabakiak jarrita berriz kalera bidaltzen. Horrela, umeak baldin badauzkazu asma kronikoarekin, asmak tratatzen dituzu baina ez haurrak bizi diren zabor-etxeak. Eraso bortitzak baldin badauzkazu eta bortxagatiko traumak, traumak tratatzen dituzu, agerpen fisikoak, ez gazteen langabezia den desastrea, edo honek sorrarazten duen arrazismoa.

Beraz, zuk [sistemak] “anomalia” deitzen duten hau sostengatzeko, behar duzu osasun zerbitzu puztu bat, zeren eta jendea gaixoarazten duzu eta orduan hura konpontzen ahalegintzen zara, hura berriro ez gaixotzeko modua egiten baino. Horregatik sortu dira mediku-burmuin ihesak, eta horra nola ghanatar doktore gehiago dagoen New Yorken Ghanan bertan baino.

Eta erizain filipinar armada oso bat daukazu Britainia Handian, Manilan erizain kualifikatuen eskasia dagoen bitartean.

Dudarik gabe. Hori gertatzen da gaur egun jendearen osasuna ‘gertatzen’ delako osasun sistemaz kanpo. Osasun sistema suntsitu ezin duzunez, bukatzen duzu osasun sistema puztu bat edukitzen ataritik iristen zaizkizun gaixotasunak konpontzen saiatzeko.

Zuk eskualde guztian egin duzu lan, Iraken bezala Gazan. Biok egin dugu lan Gazako Shifa ospitalean. Gerra garaian Libanoko hegoaldean aritu zinen lanean. Zenbateraino dago gaizki osasungintza Ekialde Hurbilean? Zein neurritan izan da txarra Iraken gaixotutako jendeentzat, alderatzen baldin baditugu Mendebaldeko gaixoekin? Zein neurritan da krudela Gazako egoera?

Neskatxa errefuxiatu gerran zauritua bere senideekin Handicap International GKEren laguntza jasotzen.  (Argazkia: Elias Saade)

Begiratzen jarrita Irak bezalako lekuetara, Irakek 1980ko hamarkadan ziurrenik eskualdeko osasun sistemarik aurreratuena zeukan. Gero gertatu zen Iraken kontrako lehenbiziko gerra [Kuwaiten inbasioa] eta jarraian 12 urteko zigorrek  erabat eraitsi zuten osasun sistema. Ez gara ari soilik ospitale eta botikez eta medikuen eta osasun profesionalen atzerriratze bortxatuaz, baizik eta baita ere ur eta estolderia eta argindar planten suntsiketaz, jendearen bizimoduetan eragin zuzena daukaten atal horiena.

Eta gero etorri zen uranio pobretua…

Eta mix horri gehitu iezaiozu 2003ko gerra eta ondoren estatuaren suntsiketa eta eraiste erabatekoa, eta Irakeko doktoreen erdiaren emigrazioa…

Nora alde egin zuten?

Mundu osora, Golko arabiarrera bezala Mendebaldera, Ipar Amerikara, Europara… Beraz, Iraken daukazu sistema bat ez bakarrik hautsia baizik eta galdu dituenak berreraikitzeko beharrezkoak diren osagaiak oro. Iraken ezinezkoa zaizu mediku belaunaldi berri bat entrenatzea, zeren eta irakasteko gai diren guztiek alde egin baitute atzerrietara. Ezin duzu osasun sistema bat sortu Iraken, zeren eta sortu duzun gobernu azpiegitura berez baita ezegonkorra eta oinarritua aginte guneen multi-polaritatean, gune bakoitza beste guztiekin borrokan estatuaren opila kontrolatu nahian… Horregatik irakiarrek osasuna azpikontratatzen diete ospitale mailan Indiari, Turkiari, Libanori edo Jordaniari, gurpil zoro batean sartuta daudelako.

Baina hori ez da izango pagatzeko gai direnentzako besterik.

Bai, pagatu dezaketenentzako, baina berdintsu gertatu da gobernuak dirua eduki duen boladetan ere, ezin izan du sistema berreraiki inolaz ere. Horregatik azpikontratatzen ditu osasun zerbitzuak atzerrian, sistema hain hautsia dagoenez diruak berak ere konpondu ezin duelako.

Berdin gertatzen al da inguruko beste herrialdeetan?

Berdina ari da gertatzen Libian, eta berdina Sirian, medikuen ihesari dagokionez. Siriak nozituko du Iraki gertatu zaionaren oso antzeko zerbait gerra bukatzen denean, baldin eta Siriako estatua suntsitzen badute.

Baina oraindik zutik atxikitzen du.

Bai, eta Sirian oraindik osasun zerbitzua eskaintzen dio populazioaren gehiengo oso handiari, baita matxinoen kontrolpeko eskualdeetan bizi direnei ere. Jarraitzen dute Damaskora eta beste hirietara bidaiatzen kardiologia edo onkologiako artatzeak jasotzera.

Galderarik gabe, “gaixo baldin bazaude tratatuko zaitugu” eta puntu?

Baita ISISek kontrolatutako eskualdeetatik datozenei ere, jendea joan daiteke eta tratamendua jaso, estatuaren lanetako bat horixe delako.

Hezkuntzarekin berdin gertatzen da. Siriak oinarrizko zerbitzu guztiak eskaintzen ditu oraindik.

Dudarik gabe. Baina Libian, estatua erabat desagertu edo suntsitu delako, hori guztia bukatu da.

Honez gero Libia ez da herrialde ere…

Libian ez dago herrialde bateraturik eta hor bai ez dagoela inolako osasun sistemarik. Gazan eta Palestinan, okupazioarekin eta setioarekin segurtatzen dute osasun sistemaren garapen normalizatu bat ez egotea. Gazaren kasuan israeldarrek diote “hainbeste urtean behin joan eta segaz belarra moztu behar diezu”. Ahalik eta jende gehiena hiltzen duzu gerra basati eta intentso horietan, segurtatzeko ondoren beste urte batzuetan jendeak nahiko lan izango duela zuk eragin diozun hondamendiaren erdian bizirauten.

Israelgo medikuen laguntzaren bat ba al da?

Bai, noski. Oso mediku bakanak, baina badira… Baina gaur egun Israelgo establishment medikua Israelgo establishmentaren osagai intrintsekoa da, Israelgo medikuntzako ikasketa sistema den bezala. Israelgo Medikuen Elkargoak ez du kondenatu nahi doktore israeldarrek aztertzea preso politiko palestinarrak haiek “galdeketarako gai izateaz”. Eta hau funtsean da… zu ikustera etorriko zaizula doktore bat erabakitzen duena zenbat tortura jasateko gai zaren hiltzeko puntura iritsi aurretik.

Honek gogorarazten dit 2015ean esan zidatena Pretorian, Hego Afrikan, Bakearen aldeko Psikologoen Nazioarteko Batzarrera konbidatu nindutenean. AEBetako zenbait psikologok kontatu zidaten ustezko terroristen galdekatze eta torturetan psikologo profesionalak eta baita psikiatra klinikoak ere egoten zirela aurrean, askotan galdetzaileei laguntzen.

Bai, gaur ezagunak diren bi-hiru psikologo amerikarrek diseinatu zituzten CIAren galdeketa sistemak, haien prozedurak.

Zuk Palestinan gertatzen dela azaltzen duzun hau, antza, oso hedatutako sistema da. Indiak kontrolatutako Kaxmirren kontatu didate inteligentziako ofizial israeldarrek irakasten dizkietela beren galdekatze eta tortura metodoak Indiakoei. Prefosta, AEB honetan ere sartuta daude.

Irakasleak zaintzen ditu lotan dauden haurrak Gazako babesleku batean, 2014ko bonbaketa batean. “Gazaren kasuan israeldarrek diote: ‘hainbeste urtean behin joan eta segaz belarra moztu behar diezu’”. (Argazkia: Ghassan Abu-Sittah)

Gerrako medikuntza Napoleonen gerren garaian sortu zen. Gerra haietan bi armadak egiten zuten talka, gehienik fronte-lerroetan. Batak besteari egiten zioten eraso, batak besteari tiro edo egurra eman. Zauritu gehienak gudariak ziren, gero ospitale militarretan artatzen zituztenak. Baina gerrako medikuntzan bilakaera gertatu da.

Ekialde Hurbilean zera gertatzen da gure ustean: gerra edo gatazkak ez direla, ez intentsitatez eta ez iraupen luzerari dagokionez, denbora jakineko guduak, ez dira hasi eta bukatzen. Beren iraupen luzeagatik ekologia aldatzen dute, jendea bizi den ekologia. Gerrako ekologia sortzen dute. Ekologia honek bizirauten du tiroketak bukatu eta askoz beranduago ere, zeren eta jendea bizi den ingurumen osoa eraldatu baita.

Zuriak dira fisikoak, psikologikoak eta sozialak; ingurumena eraldatu da arriskutsu izateraino, bai osasun onean direnentzako baina batez ere zaurituentzako. Horrela gertatzen da botika ugarirekiko erresistenteak diren mikrobioekin; mundu osoan gaur arazo handia diren bakterio botikekiko erresistente hauetakoak dauzkaten Irakeko gerran zaurituen %85ek, Siriako gerran zaurituen %70ek… horregatik diogu: ekologia honek, gatazkek sortzen duten biosfera honek, bakterioen ADN oinarrizkoa bera ere eraldatzen dute. Badugu zenbait teoria horretaz; neurri batean, botika modernoek daramatzaten metal astunen kontua da, horiek piztu baitezakete bakterioen mutazioa antibiotikoekiko erresistente bilakatzeraino.

Beraz, zure biosferak, zu bizi zaren burbuila ekologiko horrek, etengabe aldatzen dirau. Eta ez da desagertuko bonbak desagertutakoan ere. Eraitsi beharra dago, eta horretarako ulertu egin behar dituzu gerrako ekologiaren dinamikak. Horrexegatik abiatu zen gure programa unibertsitatean, Libanoko gerra zibilean eta israeldarren 1982ko inbasioan irakaskuntza zentro nagusi izan den horretan. Geroago hasi zen gerra Iraken, eta beranduago Sirian, eta hasi ginen gaixoak herrialde haietatik jaso eta hemen tratatzen. Ohartu ginen gatazketako medikuntzaren dinamikak eta gerrako ekologia ulertu beharra geneukala nola gertatzen diren gerraren ondorio fisiko, biologiko, psikologiko eta sozialak; dena aldatzen baita, bakterioetatik uraren zikloak, gerraren arrasto toxikoak, jendearen gorputzen erreakzioak… Nik artatu ditudan gaixo irakiarretako askok familiako kide asko dauzkate zaurituta.

AUBMC ospitalea pioneroa da gerrako ekologiaren ikerketan?

Bai, Libanoko gerra zibilaren eta Ekialdeko gerra errejionalen ondorioengatik.

Ekialde Hurbilean gerrak ez dira hasi eta bukatzen. Beren iraupen luzeagatik ekologia aldatzen dute, gerrako ekologia sortzen dute. Ekologia honek bizirauten du tiroketak bukatu eta askoz beranduago ere

Azken finean, eskualde mailako gerra perpetuo batez ari gara.

Gatazka perpetuoaz, bai, lehen etxean egosia eta gero eskualde mailan. Irakeko Osasun ministerioarentzako erreferentziazko zentroa gara, Irakeko Barne ministerioarentzako ere bai, eta jokatzen dugu eskualde mailako zentro gisa. Gure programak helburu dauka denbora eta energia gehiago ematea gerrako ekologia honen nondik norakoak ulertzeko.

Nire idatzi eta filmetan sarritan nabarmendu dut gerraren eta muturreko txirotasunaren artean dagoen paralelismoa. Munduko txabolategizko auzunerik txarrenetan jardun naiz lanean, Afrikan, Erdiko Amerika eta Kariben, Asia hegoaldean, Filipinetan, denetan. Eta jabetu naiz teorian bakean bizi diren gizarte askotan benetan bizi direla gerra iraunkor edo baita perpetuoetan. Muturreko miseria gerra mota bat da, nahiz eta ez egon “gerra deklaraziorik” inon eta fronteko lerro zehatzik ere ez. Informazioa landu dut ezin konta ahala gerratan eta beste hainbeste muturreko miseriazko guneetan, eta deigarri egiten da bien arteko paralelismoa, batez ere gizakiengan daukaten ondorio fisiko, psikologiko eta sozialei dagokienez. Zure ikerketetan ikasiarekin, berdin pentsatzen duzu?

Zalantzarik gabe, bai. Jendearen “deshumanizazioa” dago horren muinean. Muturreko pobrezia bortizkeria mota bat da. Zenbat eta muturragokoa pobrezia, orduan eta hurbilago bortizkeriaren izaera fisikotik. Gerra da jendearen bizimoduaren degradazio oso azkarra muturreko pobreziaraino iristeko. Baina txirotasun horretara iritsi daiteke prozesu gradualago batez ere. Gerrak egiten duen bakarra da prozesua azkartzea.

Muturreko txirotasun perpetuoa, hortaz, gerra edo gatazka perpetuo baten antzekoa da?

Ezbairik gabe. Da gerra bat egina batez ere baldintza horietan bizitzera bortxatutakoen kontra. Txiroen kontrako eta munduaren Hegoaldearen kontrako gerra. Eta bada txiroen kontrako gerra Mendebaldeko hirien barruan ere.

Gerrako ekologiaz ari zaretenean, ikertzen duzue muturreko txirotasunak gizakien gorputzetan eta bizitzetan dauzkaten ondorioetan? Ekialde Hurbilean, muturreko txirotasuna sarri aurkitzen da errefuxiatu kanpaleku erraldoietan, eta munduko beste eskualde askotan hirietako txabolategietan.

Aipatzen dugun ekologian sartzen da muturreko txirotasun hau ere.  Ekologiaren ezaugarrietako bat honela gertatzen da: gorputz zauritu bat hartu eta kokatzen duzu ingurumen fisiko arriskutsu batean, orduan ikusten duzu gorputz hau behin eta berriro ber-zauritzen, ingurumen gaiztotu hori gudu zelaiaren jarraipen bihurtua da, horregatik gertatzen da amai ezinezko zauritzea. Ez zaude Siriako fronteren bateko zokoren batean, baina zure haurrak bizi dira kanpin denda batean beste zortzi pertsonarekin nahastuta, eta horregatik daude horiek ere errefuxiatuen kanpalekuetan nozitzen dugun ume erreen epidemiaren biktima, bizileku txiro eta arriskutsuetan egoteagatik.

Beste puntu batetik ere aztertu dezakegu: zer da gerrako zauria, gatazka bati dagokiona? Oinarrizkoena litzateke tiro batek eragindakoa edo metrailak eragina. Baina zer gertatzen da gorputz zauritu hori hartu eta denda batean uzten duzunean? Konplikazioak dauzkala ingurumen arriskutsu batean egoteagatik. Gerrako zauriak dira ala ez? Jendea hainbeste pobretzearen ondorioz baldin badauzkazu haurrak etxebizitza arriskutsuek eragindako zauriak dauzkatenak, gerrak zauriez ari gara? Badauzkagu ere haurrak laneko zauriak dauzkatenak, familia osoaren ogia irabaztera lanera irten beharra daukatelako, lan eginez kotxeak konpontzen, zama lanetan edo ahal dutenetan. Kontuan hartu behar dituzu ere gaixotasun batzuk zu zatozen herrialdean tratatzeko modukoak direnak baina osasun sistema suntsitu duten lekuetan ezin direla inola tratatu, ospitalerik ez dagoelako edo medikuek alde egin dutelako… Ez dira gerrako zauriak? Beraz, ekologiari osotasunean begiratu behar diogu: baletatik eta metrailatik harago, nahiz eta hauek bereganatzen dituzten titularrak hedabideen lehen 20 segundoetan.

Zuen ikerketak garrantzizkoa dirudi munduko leku gehienetarako.

Ziur. Zeren eta badakigu krisi humanitario deitzen dituzten horiek soilik existitzen direla hedabideen eta Nazio Batuetako agentzien irudimenetan. Krisirik ez dago.

Berriro egiten dugu topo egoera perpetuo batekin.

Hain zuzen ere, perpetuoa da. Ez da gelditzen. Etengabe dago hor. Horregatik ez dugu aipatzen “aldi bateko krisia” bezalakorik, gu ideia horren kontra gaude. Ez da arbitrorik bere txilibituarekin krisien amaierak txistukatzen dituenik. Telebista kamerek alde egiten dutenean, hedabideek eta gero munduak erabakitzen dute krisiak bukatu direla. Baina badakigu, esate baterako, Laoseko jendeak nozitzen dituela gaur egun ere munduko anputazio kopuru handienak.

Ondo dakit, bai, gaur oraindik minatuta dauden hango eremuetan lanean ibilia naiz.

Edo begira ezazu Vietnamen, dauzkana aurpegia deformatutako umerik gehien mundu osoan Agent Orange [dioxina] pozoiaren ondorioz.

Ni ere bizi izana naiz Vietnamen. Eskualde osoak sufritzen ditu oraindik ere “Gerra Sekretua” deitu zutenaren kalteak. Laosen hain da larria txirotasuna, ezen jendeak behartuta daude AEBetako armadaren bonba lehertu gabeak txatarretarako saltzen. Tarteka lehertu egiten dira. Kanbodian badira herriak non jendeak oraindik hiltzen diren edo zangoak galtzen dituzten aspaldiko gerrako bonbengatik. Baina India ere gerra eremua da, Kaxmirretik  hasita Ipar-ekialderaino, Bihar eta Munbaiko txabolategietaraino…

Gatazka bat neurtzeko modurik gordinena erabiltzekotan, hau da, armaz hiltzen diren jendeen kopuruak, Guatemala eta El Salvadorren oraintxe bertan jende gehiago erailtzen da gerra garaian baino. Baina bortizkeriaren itxura aldatu denez, gaur egun ez daramalako halako etiketa politiko bat, eztabaidan agertu ere ez da egiten. Baina jendea da jendearen kontra ari dena.  

Idatziz eta irudiz azaldu ditut El Salvador, Honduras eta Nikaragua behin baino gehiagotan. Hango muturreko bortizkeria da Mendebaldeak, bereziki AEBek, ezarri zuten gatazkaren ondorio zuzena. Berdin esan daiteke Jamaika, Dominikar Errepublika eta Haitiri dagokionez. Kolapso sozial ia erabatekora eraman dituzte.

Bai, Jamaikan CIAk protagonismo handia eduki zuen 1970ko hamarkadan.

Munduko paraje horietan ez gara soilik txirotasunaz ari…

Ez, ez… AK-47 fusilez ari gara!

Hain zuzen ere. Behin filmaketan ari nintzen San Salvadorren, bandek kontrolatutako eremuan… Lagun batek eraman ninduen harantz, askapen teologiako apaiz batek. Bi saio egin genituen. Lehena ondo pasatu zen. Bigarrenean su egin zuten gure Lan Cruiserraren kontra, munizio larriz. Gure autoaren albo bat bala zuloz beteta zegoen, bi gurpil zulatu zizkiguten, llanten gainean alde egin behar izan genuen. Herrietan mara taldeetako jendeak nahi duena egiten du, etorri, ostu eta bortxatu. Gerra da.

Gurutze Gorriak gerrako medikuntza sartuta dauka Kolonbia eta Honduraseko medikuntza fakultateetako curriculumetan. Herrialde horiek benetan gerran daudenez, doktoreak horretarako prestatu behar dituzu, jakin dezaten nola jokatu egunero armaz zaurituta iristen zaizkien lau edo bost eriekin.

Utz iezadazu kontatzen behin nire begiz Haitin ikusi nuena, esan duzun horren haritik. Duela urte batzuk Cité Soleil auzoan ari nintzen, Port-au-Princen. Esaten dute munduan den auzune edo txabolategi arriskutsuena dela. Han esaten dute: “Sartu, sar zaitezke, baina sekula ez zara bizirik irtengo”. Kamioi batean sartu ginen, bi zaindari armatu eta guzti, baina bakar-bakarrik utzi ninduten kale gorrian, nire bi kamera handi eta material guztiarekin. Ez neukan beste aukerarik, lanean jarraitu behar izan nuen. Halako batean eraikin baten ondoko harresiaren aurrean jende ilara luzea ikusi nuen. Hurbildu nintzen. Eta agertoki harrigarri batekin egin nuen topo: jendeak zurezko mahai batzuen gainetan etzanda, odola nonahi, eta AEBetako mediku militarrak kale bazter hartan kirurgia egiten. Bero egiten zuen, dena euli eta hauts… Gizon batek esan zidan bere andreak tumore handi bat zeukala. Aztertu ere egin gabe zer zen, medikuek etzan zuten mahai batean, eman zioten [anestesia] ‘lokala’ eta hasi zitzaizkion hura kentzen. Operazioa bukatutakoan, senar-emazteak poliki-poliki autobus geltokira hurbildu ziren oinez eta etxerantz. Handik kilometro pare batera aurkitu nuen AEBen zentro mediku ondo ekipatua, baina soilik AEBetako tropa eta ekipoentzako. Medikuei galdetu nien ea benetan zertan ari ziren Haitin eta lasai ederrean argitu zidaten, esanez: “Gerra agertokirako entrenatzen gara hemen. Gerra baten hurbilagokorik ezin dugu aurkitu hau baino”. Gizakiekin ari ziren esperimentatzen, noski, ikasten nola operatu gudu guneetan…

Izenetan dago diferentzia bakarra.

AEBetako militarrak Haitiko karrika batean, lurrikarak zauritutako herritar bat operatzen gerrako baldintzetan. Militarrek hondamendiok erabiltzen dituzte gerrarako prestatzeko. (Argazkia: André Vltchek)

Zu zarenez kirurgialari bat lan egin duzuna Ekialde Hurbilaz gain munduko beste leku askotan, nola alderatuko zenituzke Asian, Afrikako Aintzira Handietan edo bestetan dauden gatazkak?

Ekialde Hurbilean oraindik bada jendea gogoan duena ospitaleak eduki zituztela.  Gure ospitalera datozen irakiarrak oroitzen dira 1980ko garaiez. Bizimodua ezberdina zen orduan eta ezberdin izan zitekeen. Osasunaz alfabetatuta daude. Beste alderdia da soilik 2014an 30.000 irakiar zauritu zituztela. Zenbakiak beldurgarriak dira. Libiako kopuruez ez daukagu arrastorik, Libian gertatzen ari diren garbiketa etnikoaren eta  hilketen kopururik. Zenbakiak berak larriak dira, baina eraginei dagokienez oraindik des-medikalizazio fasearen hasieran gaude. Ez da sistema horiek ez dutela eboluzionatu: desegin egin dituzte. Atzeraka doaz.

Mendebaldearen inperialismoari egozten diozu errua?

Erreparatzen baldin badiezu zigor ekonomikoei eta horiek osasun sistemari egindako kalteari, jakina baietz! Begiratzen badiozu Libiari, jakina baietz! Esaten denean estatu horiek desegin egin direla, hori gezurra da. Ondo ezagutzen ditugu zigor ekonomikoen dinamikak Iraki eragindako kalteak, edo zer gertatu zen Iraken 2000az geroztik. Ondo ezagutzen dugu zer gertatu den Libian.

Edo Afganistanen…

Mujahidinek Afganistan edo Contrak Nikaraguan egin zuten lehenbiziko gauza izan zen klinikak atakatzea. Iparramerikarrek beti jakin dute estatua suntsitu dezakezula lehen aipatu ditugun ahalmen ez-koertziozko horiek herritarrei ematea eragotziz.

Iruditzen zaizu munduaren alderdi hau dela gehien kaltetuena?
Gaur egun bai, dudarik gabe. Estatistikek erakusten dute. Uste dut gerretan hiltzen diren guztien %60 inguru eskualde honetan hiltzen direla…

“Eskualde hau” diozunean, geografian nola zehazten duzu?

Afganistandik Mauritaniaraino. Barnean harturik Aljeria eta Mali arteko muga. Libiako muga… Sudanen zatiketa izan den katastrofea, Hego Sudanen gertaten dena, Somalian gertatzen dena, Libian, Egipton, Sinai desertuan, Sirian, Yemenen, Afganistan, baita Pakistanen ere droneekin han hiltzen dituzten jendeekin…

Baina badauzkagu Kongoko Errepublika Demokratikoan hil diren 10 milioi jendeak ere, ruandarren 1995ko inbasioaz geroztik…

Hori ezberdin samarra da. Hori beste ‘fase aurreratuago’ bati dagokio: estatua erabat desagerrarazi duzunekoari… Mundu arabiarrean Libia dago agertoki horretatik hurbilen. Petrolio konpainiek hartu dute menpean herrialdea. Meatze konpainiek okupatu dute Kongoko Errepublika Demokratikoa eta gerrak beren eskutik zuzenean kudeatzen dituzte, Mendebaldeko armadek baino gehiago. Higatzen duzu estatua, erabat, azkenean estatua desagertzeraino eta orduan korporazioek agintzen dute zuzenean, kolonialismoaren aroan egin zuten moduan, East Indian Companyren eta Holandako inperioko konpainien garaian bezala, haiek dira jokalari nagusiak berriro.

Zein da zuen ikerketaren helburua, ‘Ecology of War’ deitu proiektu erraldoiarena?

Azpimarratzen dugun ezaugarrietako bat da hurbilketa holistikoa. Konpartimentazioa zentsuratze prozesuaren parte da. “Zu mikrobiologoa zarenez, soilik erreparatu behar diozu halako bakteriori zer gertatzen zaion… Zu kirurgialari ortopedikoa zarenez, zuk aztertu leherketen zauriak, bonbenak, lurreko minenak…”. Konpartimentatze  honek eragozten du elkartzea argazkia bere osotasunean ikusteko gai litzatekeen jendea. Horregatik azpimarratzen dugu programa honek badauzkala soziologoak, politologoak, antropologoak, mikrobiologoak, kirurgialariak… Bestela ez dugu ikusiko zientzia tipia baizik. Saiatzen gara zientziak elkarlanean jartzen argazki handia ikusteko, puzzlearen atalak elkartuz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Nicolas Goñi
Oihanen kolapsoa saihestu dezakeen bioaniztasun globala nola zaindu?

Ekosistema askok itzulera gabeko puntuak dituzte, hau da, estresa maila berezi bat pairatuz gero –izan klima aldaketa, kutsadura edo kalte fisiko zuzenarengatik– desagertzen ahal dira, eta ekosistemak haien artean konektatuak izanez gero hurrenez hurren elkar... [+]


Heriotzaren merkatarien harrokeria

Moncloa jauregia, martxoak 18: industria militarreko elitea Espainiako presidente Pedro Sánchez eta Defentsa ministro Margarita Roblesekin bilduta. Azken lerroan, euskal ordezkaritza: Juan Ignacio López Gandasegui (Aernnova); Jokin Aperribay (SAPA); Carlos Azola... [+]


Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


Eguneraketa berriak daude