Urte berean bigarren topaketak egingo dituzte

  • Urtebeteko tarterik ere ez dute hartu bigarren topaketak egiteko. Lehenengoa 2017ko urtarrilaren 28an egin zuten eta bigarrena azaroaren 18an egingo dute.  Ez da seinale txarra. Haizea Alonso Aberasturik eta Jon Insausti Bizkarrak errepikatu egingo dute. Urtarrileko topaketetan oso ondo pasa zuten eta orain gogoz eta jakin-minez gerturatuko dira Gasteiza.

Urtarrilaren 28an elkartu ziren lehen aldiz Arabako gazte euskaldunak Topaguneak antolatutako topaketetan. 60 lagun inguru bildu ziren. Argazkia: Topagunea.
Urtarrilaren 28an elkartu ziren lehen aldiz Arabako gazte euskaldunak Topaguneak antolatutako topaketetan. 60 lagun inguru bildu ziren. Argazkia: Topagunea.

Arabako gazte euskaltzaleak elkartuko dira Gasteizen. Haizea Alonso baino gazteagorik apenas azalduko den topaketetara. 16 urte ditu, Gasteizen Lanbide Heziketan sukaldaritzari lotutako ikasturtea hasi berri du eta Mendialdeko Urizaharra herrikoa da. 3.000 biztanle bizi dira Mendialdean, Kanpezu du herri nagusia (1.200 biztanle inguru) eta Urizaharran 300 bat herritar bizi dira.

Urtarrileko topaketetara antolatze lanetan aritu zen Unai Vianak, Topagunean Gorbeialdeko Mintzalagunako koordinatzaileak, deituta joan zen, animatzeko esan zion eta Alonso joan egin zen. Pena du goizez ez zelako joan eta badakielako eguneko lehen zatian Araba osoko gazteek euskararen inguruan egiten ari diren esperientziak kontatu zituztela. Arratsalde-pasa hura asko gustatu zitzaion eta orain egun osorako doa. Ondo pasatzea ez da Alonsoren helburu bakarra, inguruko gazteei topaketetara joateko gogoa piztea nahiko luke, aisialdian euskara bultzatzea nahi duelako. Topaketak jendea gerturatzeko amua izan daitezkeela uste du.

Euskara etxetik eta ikastolatik jaso du.   Aitak euskaraz badaki, amak ez. Izebek euskaraz egiten dute. Beste kontu bat da zenbat egiten duten euskaraz egunerokoan, Alonsoren ustez, nahi baino gutxiago. Urizaharran ia urte osoan euskara oso gutxi entzuten dela dio, baina udan giroa aldatzen dela, euskara gehiago entzuten omen da. Alonsok herriko eta inguruko herrietako lagunekin gutxi egiten du euskaraz, nahiz eta badakien haietako askok euskaraz badakitela. Aldiz, Gasteizen askoz gehiago egiten du, lagun gehienekin euskaraz aritzen da. Gasteizen egin ditu ikasketak, euskaraz, eta orain ere Gasteizen ari da ikasten. Esan genezake bere bigarren bizilekua dela. Arabako hiriburuan ditu lagun asko, ikastolakoak eta bestelakoak. Bere herriko eta hiriburuko giroaren artean halako diferentzia zergatik dagoen galdetu diogu eta hauxe esan digu: “Nik nabaritu dut, Gasteizen gazteen artean euskara gero eta gehiago erabiltzen da, nire inguruan behintzat bai, baina ez dakit zergatik den hala”.

Topaketetara zein intentziorekin doan galdetu diogu eta esan digu jende asko joatea nahiko lukeela, ondo pasatzeko gogoa duela, euskara erabili nahi duela, eta nola ez, hirugarren topaketak antolatzea nahiko lukeela. Ez da ordea, topaketa helburu. Etxera, Urizaharrera, itzulitakoan honelako esaldiren bat entzun nahiko luke gazteen ahotik: “Zergatik ez dugu egiten halako edo bestelako?”. Eta herria gaindituta Arabako kuadrillen artean lanean hastea nahiko luke.

Argantzunen gazteek helduko diote euskara elkarte ahulduari

Jon Insausti Bizkarra Argantzungoa da. Argantzun Espainiako Burgos probintziako udalerria da. Trebiñuko barrendegian dago eta Trebiñuko barrendegiko beste udalerria Trebiñu da. Argantzunen 500 biztanle inguru bizi dira.

Lehenengo topaketetan bazkalondoren. Argazkia: Topagunea.

Insaustik 20 urte ditu eta urtarrilean Unai Vianak gonbidatuta eta Trebiñuko bi lagunekin izan zen topaketetan. Asko gustatu zitzaion, oso polita izan zela dio eta uste baino jende gehiago (60 inguru) bildu zela du gogoan. Kuadrilletako esperientziak entzutea aberasgarria izan zela uste du eta haien artean diferentzia handiak ez daudela iruditu zitzaion. Bigarren topaketetan ere izango da, baina ez urtarrilean moduan. Bigarren honetan antolaketa lantaldean izan da, Urizaharrako Haizea Alonso bezalaxe. Hainbat bilera egin dituzte topaketak antolatzeko. 

Urtarrileko topaketek ezten lana egin zuten gazte batzuen artean. Argantzunen euskara elkartea dago Gutxisolo izenekoa, baina kideak zahartzen ari dira eta erretiroa hartzekotan dira. Topaketetan sua piztuta, gazte batzuek txanda egitea pentsatu dute, eta elkartzen hasi dira. Zaharrenak 24 urte ditu. Insaustiren gertueneko bidaideak bata Sasetakoa eta bestea Saratsukoa dira, Trebiñukoak alegia.

Argantzunen euskaldunak badaudela dio, baina gazte askok Miranda de Ebron ikasi dute, gaztelaniaz, eta euskaraz ez dakite. Bere ustez, Gutxisolo elkartearen inguruko jendea eta 40 urte inguruko batzuk dira euskaraz gehien egiten dutenak: “Nahiz eta euskaldunberriak diren, edo agian horregatik, euskara lantzeko lana egin dutelako, gehiago erabiltzen dute. Gazteen artean, berriz, gutxi”.

Insaustik etxean euskaraz egiten du gurasoekin eta anaiarekin. Ikasketa guztiak berriz, Gasteizen egin ditu, Argantzungo ikastola ez zegoeneko garaikoa baita. Euskaraz ikasi du. Ez du Haizea Alonsok bezala diferentzia handirik aurkitu Argantzunen eta Gasteizen artean. Bietan saiatzen da euskaraz egiten, beste kontu bat da zenbatetan lortzen duen hala egitea. Banakako harremanetan askoz gehiago egiten du euskaraz eta taldean gaztelaniaz.

Topaketetarako gogoz dago, baina badaki egun hori mugatua dela. Prestaketa lanetan Arabako kuadrilletako gazteei ideia piloa bururatu zaie eta Insaustiri iruditzen zaio topaketak bukatu eta gerorako zeregina izango dutela.

Oharra: Lehenengo topaketen ondoren Unai Viana antolatzaileak ARGIAri egindako balorazioa artikulu honetan irakur daiteke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Araban
Eskolaz kanpoko aisialdi euskalduna bermatzeko eskatu diote gurasoek Gasteizko Udalari

Euskaraz izango direla iragarri baina gaztelaniaz izaten amaitzen duten ekintzak, teorian elebidunak diren eta praktikan gaztelania hutsean egiten diren saioak edota zuzenean euskaraz eskaintzen ez den aisialdia. Gasteizko gurasoen kexak ugariak dira eta mezu garbia dute:... [+]


Oihane Perea. Bertsolaria, irakaslea eta kultur eragilea
“Leku batzuetan euskara atzeraka ari den aldi berean, Araban izugarria izan da berreskurapen prozesua”

Euskararen erabilera galtzen ala berreskuratzen ari da? Non begia, han ahoa. Ahobizarrik gabe mintzo da Oihane Perea Perez de Mendiola (1977, Gasteiz) euskalgintzak zein bertsogintzak Arabari emandako bueltaz. 30 urteren ostean bertso txapelketen fokupetik atera berritan, plazen... [+]


2022-06-16 | ARGIA
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeari bukaera emanen diote ekainaren 30ean

Lazarraga Kultur Elkarteak 2014an sustatutako proiektuari bukaera eman, eta Gasteiz Antzokiaren proiektuan zentratuko da elkartea.


Alex Vadillo
"Gasteiz Belarriprest hiria bihurtu behar genuke"

Ikasle garaian bere ibilbide profesionala ingeniaritzara bideratzeko asmoa zuen arren, beste aukera batzuk bidean agertu, eta euskarari lotutako ibilbide esanguratsua egin du ordutik Alex Vadillok. AEKn 15 bat urtez, lehenik, eta Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuan beste 18... [+]


Manuel María Ruiz. Mendi ingeniari euskaltzaina
"Gure udaletan obra goseak ez du azkenik"

Neurrizko, zentzuzko, zuhur ageri da zaratotsa nagusi den mundu zementuz josian. Mendi eta basoak izan ditu lantegi, eta sen on handiz mintzo da hala naturaz, nola haren girbin hiriaz. Apal eta sotil ari da Arabaz, toponimiaz, euskaraz... Indarraren arrazoirik gabe, arrazoiaren... [+]


Eguneraketa berriak daude