Gontzal Fontaneda, gerra ondoan euskaltzale

"Carabancheleko kartzelan onartu genuen guk euskara batua"

  • Iragan mendeko 60ko hamarkadaren bihotzean euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta lagun izan zen. Kultur borroka beti bezain politikoa zen, eta horrela heldu zitzaizkion guardia zibilak beti bezain guardia zibil, eta sartu zuten zulora Euskal Herritik aparte.

Miel Anjel Elustondo
2017ko azaroaren 12a
Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Gontzal Fontaneda Orille (Gasteiz, 1943)

Garai bateko egoeraren lekuko da Gasteizen, gerra ondoko frankismoarena. Euskararen pizkundea bizi izan zuen, 1958ko euskarazko eskolak eta mugimendu haren eragileak. Banketxean lan eginez atera zuen bizia 1962az gero, nahiz eta euskara irakasle ere izan zen urte askoan. Fontaneda.net helbidean da interneten, non euskararen gramatikaren edukiak eta 2009an Oiongo Araba Euskaraz-en karietara egindako dokumentala ere ageri baitira. Babazorro bloga abiarazi du ARGIAn bertan.

Gasteizen jaioa zara, eta bertan hazia.

Herrandarren kalean, Gasteiz bukatzen zen alderdian. Bestalde, han zen Judimendi gaina, gasteiztarren arnasgunea, haraxe joaten ginen patata tortilla hartuta. Harantzago, Errepublika garaian egindako etxeak ziren, “etxe merkeak”, gaur egun Estibalitz hiribideko txalet estimatuak direnak. Eta hantxe Maltzagatik Lizarrara zihoan trenaren geltokia ere. Eta besterik ez… Aita 4 urte nituela hila, ama alargun, lanean hasi zen Haur Lorategia izenekoan.

“Haur Lorategia”?

Bai. Espainiako Falangearen emakumeen saileko gizarte sorospena, esateko moduan. Gasteizko jenderik pobreenarentzako haurtzaindegia zen. Zenbat Cara al sol kantatu ote nuen han. Goizean, Espainiako bandera jasotzean, Cara al sol, eta arratsaldean, jaistean, berriz. Heziketari dagokionez, Franco eta Jose Antonio [Primo Rivera] guztiz presente zeuden han. Ama haurtzaindegiko sukaldari izan zen; beste zenbait langilerekin batera egiten zuen lan han. Hura sukaldeko lanean, ni ume, haurtzaindegian. Gainerako umeak etxera joaten ziren arratsaldeko zazpietan. Ni, berriz, hantxe geratzen nintzen amarekin, berak lana bukatu arte. Eskolako adinean, Samaniego eskolara hasi nintzen. Bazkaltzeko garaian, nire lagunak etxera, eta ni Haur Lorategira beti.

Gerra ondoko bizimodua zuena.

Halaxe. Gero, maistra bat izan nuen, Teresa, itsua, kontuak eramateko ondoan hartu ninduena. Elkar asko maite genuen. Beraren bitartez, falangeko sail batek Jesusen Bihotza ikastetxean batxilergoa egiteko beka eman zidan, eta ikastetxe hartan gertatu zen nire baitako aldaketa. Batxilergoko bosgarren mailan ginen. Mahaikide nuen Ibarrangeluko mutiko bat, Arrotegi deitura zuena. Eguberriak ostean, batak besteari oporretako berri kontatu geniolarik, Arrotegik bi pezetako txanpon bat erakutsi zidan. Alde batean, kapelu frigiar bat zuen emakume baten irudia ageri zuen, “Gobierno de Euzkadi” zioela. Nik, emakume hura Euzkadi ote zen galdetu nion, eta berak txotxoloka eraso zidan. “Euzkadi euskaldun guztion aberria duk!”, esan zidan. Dena gaztelaniaz, jakina.

Askoz geroago ikasi baitzenuen euskaraz.

Bai, eta garai eta giro hartan Gasteizen, bestela ere gaztelania zelako hizkuntza bakarra. Arrotegik hura esan zidan arte, aberri bakarra Espainia zelakoan nengoen ni. “Euskaldun guztion aberria”… Arrotegik ez zuen atertzen, Franco haizatu zuen, gobernuaren kontra altxatu zela eta hau eta hura. Ordu arte aditu nuenaren kontrakoa esan zidan hark.

Ordu arte ikasitakoa batetik, Arrotegik esan zizuna, bestetik.

Liburutegi publikora joanda erabaki nuen auzia. Espasa entziklopedia zuten, eta han dena zioen: Euzkadi, Espainiako Mugimendua, Uztailaren 18ko altxamendua… Oraindik liburutegian daukate entziklopedia. “Hau duk hau, Arrotegik arrazoi dik!”. 1958ko urtarrilean ginen, eta urte hartako urrian euskaraz ikasten hasi nintzen.

1958an Gasteizen, Ramiro Maeztu Institutuko eskola haietan, orain EAEko legebiltzarra den horretan?

Bai, euskalduna izan behar nuela guztiz konbentzituta. Jakin nuen eskola haiek zirela eta joan nintzen. Batere arazorik, polizialik, ez zen izan. Peli Lopez Presa izan genuen irakasle, dozena bat ikasle ginela. Oso irakasle saiatua zen Peli, euskaltzale amorratua. Andoni Urrestarazu Umandi-ren gramatika erabiltzen zuen metodotzat. Bi urte egin eta hango eskolak bukatu zirenean, Peli Presak Jesus Langilea ikastetxera jotzeko esan zigun. Hurrena, Arte eta Langile Eskolan ere eman zituzten euskara eskolak… Gauzak mugitu egin ziren, aldatu.

Argazkia: Zaldi Ero.

Peli Lopez Presa beti irakasle zuek.

Jesus Langilea ikastetxean poliziaren bisita izan genuen, eta handik alde egin behar izan genuen, Peli Presaren etxera orduan. Pelik bazituen laguntzaileak, Barrueta, Peli Martin Latorre... Eta gero, ni kartzelatik irten nintzenean, talde gehiago eta irakasle gehiago ziren. Gogoratzen naiz Gernikako bat ere bazela, Pertika, Kordoban erbesteratua eduki eta gero Gasteizen bizi zena. Haren autoak ere Kordobako matrikula zuen, eta jendeak kontra egiten zion: “Hi, andaluza!”. Berak, berriz, euskaraz isilarazten zituen.

Zeu ere irakasle izan zinen garai hartan.

Euskaraz jakin gabe hasi nintzen irakasten, 1966an. Elizbarrutiaren eskolan, orain unibertsitate campusean dagoen eskola horretan. Felipe Ibarraran zen han irakasle, baina soldadutzara joatekoa zen eta niri eskaini zidan eskola haiek ematea, eta zer edo zer banekienez –askorik ez–, neuk zuzendu nuen talde hura urritik 1967ko ekainera. Ezin izan nuen kurtsoa amaitu, guardia zibilek harrapatu ninduten eta.

Euskaraz bazenekien.

Gutxi. Irakatsi ere, beharbada gaztelaniaz irakasten genuen. 70eko hamarkadaren hasieran Juan Bautista Gamiz irakasle taldea sortu zenean, orduan bai, euskarazko metodoa egin genuen. Eusebio Osa, Pako Eizagirre, Jeni Prieto… hainbat irakasle ginen. Metodoa egin genuen, geure erakoa: Hizketan zuen izena. Aditza eratzea –nor-nori-nork eta beste–, neuk egin nuen; Eusebio Osak, testuak, langileak gora eta nagusiak behera; eta Maribel Elizondok jo zuen material hura makinaz. Aurretik, Umandiren gramatika, eta geroago, Patxi Altunaren Euskera, hire laguna! izenekoa erabili genuen. Gogoratzen naiz ez genekiela zer zen “hire” hura, eta galdetu edo libururen batean begiratu behar izan genuela.

Esan diguzunez, ez zenuen zure estreinako irakasle urtea amaitu. Atxilotu egin zintuzten 1967ko ekainean.

Hemen San Vitor mendiko eguna ospatzen da uda atarian. Garai hartan, polizia ez zen mendira iristen eta urte hartan sekulakoa egin zuten EGIkoek. Bateko ikurrina, besteko oihuak… Guardia zibila hara ez iritsita ere, baten batek ikusi zituen zertan zebiltzan gazte haiek, eta salatu. Eta bata eta bestea, jendea atxilotzen hasi ziren. PNVkoak lehenik, eta gainerako guztiak ondoren. Ni ez nintzen mendian izan, baina atxilotuak jotzen hasi zirenean, izenak eskatzen, batek nirea esan zuen eta kito, atxilo eraman ninduten, beste askorekin batera. Hogeiren bat mutil, eta neska bat, barrura.

Beraiek esanda dakigu: mutil haien artean zen Jesus Estrada [ARGIA, 2.087 zbka.] eta neskari dagokionez, berriz, Arantxa Aretxandieta zen [ARGIA, 2.105 zbka.].

Bai, Jesus Estrada zen bat. Jesusek eta beste batek Olarizu mendian zegoen telebista antena bat saboteatu zuten futbol partida bat ematen ari ziren bitartean. Emisioa eten zuten, edo antena hondatu, behintzat!

Jipoitu egin zintuztetela esan zigun Jesus Estradak.

Bai. Jipoitu, denok. Hala ere, ez zen izan gero ezagutuko genuen tortura: bainuontzia eta horiek. Ni, adibidez, gogotik jipoitu ninduten, baita koronel tenienteak berak ere. Barrua behar du, agintean eta jotzen. Jipoitu ez ezik, behatz artean taulatxo batzuk jarri eta estutu egiten zizkidaten. Hura mina, hura! Guardia zibilaren tortura ohikoa zen. Horrekin batera, presio psikologikoa. Haiek bazekiten ama alarguna nuela, eta esaten zidaten, kolpeka erasotzen zidaten bitartean: “Dena kontatzen ez badiguk, atxilo ekarriko diagu hire ama”. Bakea kaleko kartzelan eduki gintuzten atxilotu guztiok, behean gu, mutilok, eta goian Arantxa, bera bakarrik. Ekainaren 21ean harrapatu ninduten ni, eta abuztuaren lehenean behin-behinean libre utzi gintuzten guztiok. Hurrengo urtean, berriz, berriro atxilotu gintuzten, eta orduan ez nintzen hain erraz libratu, bigarren aldia nuelako.

Argazkia: Zaldi Ero.

1968an bigarren erorketa.

Bai, euskarazko meza esaten zen brigidetan, eta hantxe ibiltzen ginen Arantxa Aretxandieta eta biok. Esana genion elkarri: “Gutako bat harrapatzen badute, besteak hobeto du ihesi joan”. Esan eta egin. Guardia zibilak nire bila etorri ziren, eta Arantxak alde. Bestalde, poliziak Sabin Arana atxilotu zuenean, guardia zibilak sarekada egin zuen. Gu erreta geunden ordurako, guardia zibilak aurreko urtetik zuen gure berri. Eta barrura 1968ko martxoan.

Gasteizko Olabide ikastolaren historia kontatzen duen liburuan Peli Martinek dio 1967-1968 ikasturtean ikastolaren ingurukoak bilerak egiten hasi zirela Estibalizko santutegian ikastolak, euskara, eta euskal kultura Araban sustatzeko asmoz. Baina martxoko bilera eta gero, han izandako bi lagun atxilotu zituztela eta bertan behera utzi zituztela bilera haiek.

Xabier Bareño Etxebarria eta biok. Hil zen Bareño, gernikarra, ETAko liberatua sasoi hartan. Nik harremana nuen Estibalizko priore Isidro Baztarrikarekin. Nire irakaslerik onena izan zen: Nor-nori-nork, El secreto del verbo vasco liburua eman zidan eta betiko izorratu ninduen. Kar, kar… Beharbada berak aipatuko zidan bilera egitekoak zirela, giroa aldatzen ari zela edo halakoren bat. Bestalde, garai hartan oso ohikoa zen Gasteizetik Estibalizera joatea, eta halaxe joan ginen Bareño eta biok, oinez.

Martxoaren lehenengo igandean izan zen bilera.

Eta handik laster etorri zitzaizkidan guardia zibilak banketxeko lanera. Kuartelillora eraman ninduten. Poliziak Sabin Arana eta Koldo Grajales harrapatu zituen. Guardia zibilek bazekiten non ibiltzen ginen, Ariznabarra auzoan bilera eginak ginen euskarazko eskolen inguruan. Bazuten gure berri. Harrapatu nindutenean Estibalizko bileren gainean ere galdetu zidaten, baina ETAkoa nintzela zen akusazioa. Sabin Arana gora eta behera ibili zitzaizkidan. Hura ez zen nire hirurkokoa, ordea, eta ez nekien askorik. Bost axola haiei, ni kartzelara berriro. Nirekin batera atxilotuak behin-behineko askatasunaz atera ziren kartzelatik. Nik hiru urte eta erdi egin nituen kartzelan, eta ez nuen jakin zer izan zen Gasteizen bilera hura eta gero, ikastolak aurrera egin zuela besterik.

Euskara batuaren auziak jo zintuen zu ere?

Bai, baina obedienteak ginen. Euskara batuarena Carabanchelen geundela lehertu zen. Aldizkari bat egiten genuen han, marrazkiak nireak. Carabanchelen izenordainak erabiltzeko tirria zuten: “¡Esa comida! ¡Ese Fontaneda!...”. Oihurik ezagunena, hala ere, “¡Esa cena!” zen. Eta, horrela, guk Apari ori! jarri genion izena aldizkariari. Hala ere, laster aldatu zen hura, Afari hori! izena hartu baitzuen. Alegia, hantxe aldatu zen euskara guretzat. Eta onartu genuen. Lagunartean, etxean, jolasean… ontzat ematen genuen nork bere euskara erabiltzea, euskalkiak eta beste, baina bestela, euskara batua behar genuen, beste hizkuntza guztiek bezala. Beharbada eztabaidaren bat izango zen, baina Afari hori! agertu zenean, onartuak genituen Euskaltzaindiaren erabakiak. Carabanchelen onartu genuen euskara batua.

1971n irten zinenean, zer giro zen Gasteizen?

Euskara taldeak egituratuak zeuden, irakasleak eta ikasleak. Politikari dagokionez, erreta nengoen, ETAren barneko zatiketa gauzatua zegoen –Jaeneko kartzelan geundela gertatu zen bosgarrenaren eta seigarrenaren artekoa–, Gasteizko kalean euskara gehiago entzuten zen –nahiz eta gutxi–, eta gainerakoan, aldaketa handirik ez nuen nik sumatu. Hiru urte tarte txikia da ezer errotik aldatzeko, gertakari handiren bat ez bada, behintzat. Martxoaren hirukoak, adibidez, bai, gauzak aldarazi zituen. Gainerakoan, poliki-poliki aldatzen da gizartea.

Militatzen segitu zenuen.

1971n kartzelatik irtendakoan bai. ETA VI.ekoa nintzen, baina erreta geundenok aparte biltzen ginen, erdi-militante ginen. 1975 aldera, Espainiako Langileen Alderdi PTEra sartu nintzen, eta 1979an, alderdiak bat egin zuen beste batekin, ORT [Langileen Alderdi Iraultzailea] izenekoarekin. Baina hark ere ez zuen luze iraun, 1980an desagertu baitzen. Orduantxe kito niretzat militantzia politikoa. Kartzelatik irten eta gero, eraikuntza-materialeko enpresa batean hasi nintzen lanean. Ezin izan nuen itzuli lehengo lanera, Banco Vizcayara, ze lehen kondena jaso eta hilabetera, kartzelan nengoela, eskutitza jaso nuen bankutik, esanez lanetik kanpo uzten nindutela. 1973an Lankide Aurrezkian hasi nintzen lanean, harik eta amnistia bat-edo eman zuten arte. Orduan, sindikatuen borroka eta gero, berriz hartu ninduten Banco Vizcayan, 1976an. Lankide Aurrezkia utzi eta lehengo Banco Vizcayara itzuli nintzen, duintasunez, eta duintasunagatik. Aspaldi utzi nion militatzeari, baina ez boto emateari. Beti ematen dut, garai batean boto ematerik ere ez zegoen eta.

Kultura

“Guardia zibilak bigarren aldiz harrapatu ninduenean, Estibalizko santutegira sartzen ikusi nindutela esan zidaten. Nik, baietz, bilera egin zela, baina kultur gaiak jorratu zirela han, bertan zela Isidro Baztarrika priorea ere, bilerak ez zuela ETArekin ez politikarekin ikustekorik. Eta egia zen”.

Sarerik ez

“Batzuk eta besteak ari ginen Gasteizen euskaraz irakasten garai hartan, baina ez genuen bata bestearen berririk. Aditua nuen Izaskun Arrue Zerkabarren kalean haurrei euskaraz irakasten ari zela, baina besterik ez. Esaterako, ez nuen inoiz Izaskun ezagutu”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Frankismoa  |  Gasteiz  |  Euskara batua

Frankismoa kanaletik interesatuko zaizu...
Bost gurutze frankista kendu dituzte Nafarroako Gobernuaren eraikinetatik

Karlos III. Etorbideko eraikinetik kendu dira horietako lau eta beste bat Ogasunaren egoitzatik.


Franco eta Primo de Riveraren eskelak publikatu ditu berriro ere Vocento taldeko ABC egunkariak

Vocento taldeko ABC egunkariak Francisco Franco eta Jose Antonio Primo de Riveraren eskelak argitaratu ditu 2018ko azaroaren 15ean. Bien alde otoitza eskatu eta omenaldietara gonbidapena luzatu dute.


2018-11-14 | ARGIA
Iru˝eko monumentu frankista batean grabatzeagatik bi dokumentalgile epaituko dituzte asteazken honetatik aurrera

Carolina Martinez eta Clemente Bernarden kontrako epaiketa asteazken honetan hasiko da: Iruñeko Erorien Monumentu frankistari buruzko dokumental bat egiteagatik auziperatu dituzte eta fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatu du bien kontra.


Derioko seminarioko itxialdia
Eliza aldatu erregimena suntsitzeko

1968ko azaroan 60 abade inguruk Derioko seminarioa okupatu eta ia hilabeteko itxialdia egin zuten, hierarkia katolikoak frankismoarekin zuen konplizitatea salatu eta Eliza errotik aldatzea eskatzeko. Errepresioaren aurrean geldirik egoteaz asperturik zegoen jende eta mugimendu askoren katalizatzaile bihurtu ziren abade horiek 60ko hamarkadan, eta gogorrago erantzun behar zela jabeturik, “Gogor” taldea sortu zuten. Pulpituek oraindik botere itzela zuten garaian, haien erabateko... [+]


Lezo Urreiztietak egin ez zuena

Santurtzi, 1907ko urriaren 16a. Lezo Urreiztieta Rekalde kontrabandista, mugalaria eta Jagi-Jagi nahiz ELAko kidea jaio zen. Txikitatik, aitaren itsasontzia izan zuen eskola eta hamar urte betetzerako kontrabandoan ari zen. 1981ean hil zen Baionan eta bere bizitzan egindakoak sinestezinak dira, literalki.


'Kili-kili'-tik 'Argia'-ra: 'Gogor' diskoaren 50 urteak

Melaminazko mahaien egur iluna hautsak hartuta dago Kili-kili aldizkariaren Bilboko Goienkaleko erredakzio zaharrean. Armairu baten barruan, alanbre oxidatuz itxitako 40x40 cm inguruko kaxatan sartuta aurkitu dugu altxorra: Gogor diskoak.

Duela 50 urte Derioko seminarioko itxialdia egin zuten abadeek grabatu zuten diskoa, borroka luze hark iraun bitartean abesten zituzten doinuekin. Baionako Agorila zigiluak argitaratua –2012 CDan berrargitaratu zuen–, frankismoaren kontrako... [+]


Tortura, ezkutuko krimena?

ETB2k Torturas, el crimen mejor escondido dokumentala eman zuen igande gauez 360 grados saioan, eta askori oraindik hotzikara ez zaio gorputzetik joan han entzundakoengatik. Emankizunak momentu batzuetan hartzen duen estilo sentsazionalistaz edo dituen hutsune larriez –batez ere Ertzaintzak egindako torturez ari denean– hitz egin dezakegu. Baina torturaren drama islatzea lortu duela zalantzarik ez da.


2018-11-04 | ARGIA
'Gogor' diskoaren abesti guztiak

Oroimen antifrankistaren altxorra da 'Gogor' diskoa. Klandestinitatean grabatua, 1968an Derioko seminarioa okupatu zuten abadeek abesten zituzten letre berak dira honakoak. Errepresio egoera gordinean, eduki politikoa nabari zaie kanta liturgikoei eta bertsoei: Eleiza pobrea, Iltzalle bat bezela, Egun da Santimamiña, Iñok nai ba'dau eta Ez, ez dut nahi dira abesti ezagunenetako batzuk. Gehienak Youtuben daude entzungai, hemen bilduma:


82 urteko zauria osatzen

Patxi Lakunzak, 6 urteko umeak, tiro hotsak entzun zituen errekan arrantzan zela. Bi pertsona ikusi zituen, 17 urteko gazte bat fusilatu berri zutenak. “Alde hemendik eta ez esan ezer” esan zioten. 80 urte geroago, Jose Angel Munduate eta haren familia osaba zaharraren –Marcelo Lasa Ceberio, Olaberria (Gipuzkoa)– heriotzaz ikertzen hasi zen.


Francok egindako 'Raza' filma kultur intereseko ondare izendatzea eskatu zuen Nafarroak 1993n

1993an Nafarroako Gobernuaren aginduz 'Raza' pelikula eta 'NO-DO' babestutako ondare ez-material dira. Garai hartan Juan Cruz Alli zen (UPN) presidentea. Javier Zubiaur zen Kultur arloko zuzendari eta dio ez duela halakoren berririk. El Pais egunkariak atera du honen inguruko berria. 


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude