Baserriko nekazaritza iraunkorraren topagunea Miarritzen


2017ko azaroaren 3an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Euskal Herriko Laborantza Ganbararen proiektua da Lurrama, baserriko laborantza iraunkorraren alde urtero antolatzen den festa. 12. edizioa izanen da aurtengoa, eta azaroaren 10etik 12ra bitartean ospatuko dute Miarritzen (Lapurdi), Iratiko erakustazokan. Asteburu osorako egitaraua prest dute beste behin antolatzaileek, nekazarien, herritarren nahiz agente politikoen inplikazioa eta parte hartzea bultzatzeko helburuarekin.

Herri nekazaritzaren alde, jaigiroan

Nekazaritza iraunkorraren aldeko apustua egina dute Lurraman parte hartzen duten ekoizleek, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen filosofiarekin bat eginik: tokiko garapena bultzatzea, ekoizteko eta saltzeko sare kolektiboak erabiltzea, produkzio baldintzak eta moduak argi azaltzea, ekoizpenerako sasoiak eta natura errespetatuz lan egitea, tratamendu gutxi erabiliz eta produkzioen aniztasuna bultzatuz. Horiek dira, besteren artean, Lurraman parte hartzen duten nekazarien konpromisoak.

Ipar Euskal Herriko 50 ekoizle inguruk hartzen dute parte Lurramako azokan. Ezinezkoa izango litzateke ekimena aurrera ateratzea, ordea, bolondres lanean diharduten 600 laguntzaile ingururen inplikaziorik gabe. Herritarren eta laborarien elkarlanaren emaitza da Lurrama.

Azoka baino zerbait gehiago

Euskal Herrian ezezik, Frantziako Estatuan ere erreferentzialtasuna irabazi du Lurramak azken urteetan, eta 2010eko edizioaz geroztik lurralde edo eskualde gonbidatu bat izaten dute. Aurtengoan, Provence-Alpes-Côte d’Azureko Confédération Paysanne sindikatuko laborariak izanen dira Miarritzen, beraien abere eta produktuekin.

Bestelako hamaika ekitaldi ere izanen dira festibalean: etxaldeetako abereen eta lanen erakusketak, hitzaldiak, haurrentzako ekimenak, lehiaketak, produktu dastaketak, mahai inguruak, film proiekzioak, kontzertuak… Lurramako eskaintzen artean, aipatzekoa da azken urteetan bertako sukaldeak hartu duen fama: kalitatezko, sasoiko eta tokiko ekoizpenekin prestatutako 3.000 otordu zerbitzatuko dituzte festibalean. Zer ikusia, ikasia eta entzunaz gain, zer dastatua ere izanen da Miarritzen goizetik hasi eta gauera arte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baratzetik mundura
2025eko irailaren 22
UAWC hazien bankua Palestinan
Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

2025eko irailaren 1
Gidari artzain eskola
Artzainen hurrengo belaunaldiaren bila

2025eko uztailaren 28
Udako azoka ekologikoak
Aurtengo hamabi plazak

Eguneraketa berriak daude