"Direna izatea baimentzen zaien lehen belaunaldia dira haur transexualak"

  • Urteak daramatza lanean UEUko Nafarroako arduradun, askotan korrontearen kontra, unibertsitate horren balioen alde. Duintasun eta identitateen aldeko beste ekimen handi batean dabil buru-belarri: bere haur txikiena bezala, transexualitate egoeran dauden haurren eskubideak aldarrikatzen ditu Chrysallis Elkartetik.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Edurne Koch Elizegi (Irun, 1973)

Duela hamaika urtetik Nafarroako UEUko arduraduna da, baina hori baino lehen argazkilari profesionala izan zen familiaren estudioan eta Euskaldunon Egunkarian. Nafarroako Basaburuko herri txiki batean bizitzea hautatu zuen. Hiru haurren ama da. Txikiena, zakila duen neskato bat da. Chrysallis Euskal Herria, transexualitate egoeran dauden haur eta gazteen familien elkarteko kidea da.

Argazkilaritzarekin aspaldiko harremana duzue familian, ezta?

Aita, aitona eta birraitona argazkilariak ziren. Birraitona Alemaniatik Donostiara etorri zen 1898an eta argazki estudioa zabaldu zuen. Nik hautatu nuen negozioarekin jarraitzea aitak utzi behar izan zuenean. Imajinatzen dut lau ahizpetako batek hartu behar zuela erreleboa eta ni izan nintzen.

Beraz bokazioa edo beharra?

Akademian ikasten hasi nintzen, baina aitarekin zuzenean ofizioa ikasteko aukerarik ez nuen izan, gaixotu egin baitzen. Aitarengandik txikitatik ikasi nuen ordea gauzak begiratzeko modua. Horrela, beraz, bat-batean negozioaren zama nire gainera etorri zen 19 urte bete berritan. Handik gutxira Euskaldunon Egunkarian lan egiteko aukera sortu zitzaidan eta bi lanetan batera denboraldi batez aritu nintzen, bietako bat hautatzeko unea iritsi zen arte. Erabaki nuen negozioa ixtea izugarrizko zama zelako niretzat. Prentsan egin ahala ikasi nuen argazkilariaren lana. Gustura ibili nintzen lehen urteetan, baina gero digitalerako jauzia etorri, papera krisian sartu eta ondorioz argazkilariei kristoren presioa sartu ziguten. Ordutegi finkorik gabe, asteburutan lanean, presioa, kaleratzeak... jasangaitza. Zortzi urte pasatuta, utzi egin nuen. Krisi pertsonal handi bat izan nuen. Denarekin moztu eta Nafarroara etorri nintzen. Imoztar batekin maitemindu eta hona etorri nintzen bizitzera.

UEUra nola iritsi zinen?

Lehen bi seme-alabak eskolan hasi ondoren ikusi nuen iragarki bat lanpostu horretarako. Aurkeztu eta hartu ninduten. Bederatzi urte pasa dira dagoeneko. Oso proiektu polita da.

UEUrentzako haize berriak Nafarroan orain, ezta?

Aldaketa itzela. Azken urteotan UEUk ez ezik, euskalgintza osoak pairatu behar izan duen bazterkeria ikusita oraingo egoera izugarria da. Alfonbra gorria jarri digute, diru laguntzak, harrera ofizialak…

“Boikota hain handia izan da ezen jende asko orain ezagutzen ari baita UEU Nafarroan”. Argazkia: Dani Blanco.

Itsuskeria asko jasan behar izan duzue?

Aurrekoen politika moldea horrelakoa izan da: euskararekin lotua dagoen guztia satanizatzen dute. Nafarroa inbaditzera datorren EAEko jendea bagina bezala tratatu gaituzte beti. “Que-vienen-los-vascos” mamu horrek funtzionatu du eta funtzionatzen du oraindik.

Gogoan dut nola Xabier Azanza Euskarabideako zuzendariak gure edukietan Euskal Herriaren aipamena egiten zela leporatu zigun behin eta berriz.

Boikota hain handia izan da ezen jende asko orain ezagutzen ari baita UEU Nafarroan. 40 urte daramagu udan ikastaroak antolatzen Iruñean eta hamabost urte udazken eta udaberrian.

Zergatik da beharrezkoa UEU gaur egun?

Helburu nagusia euskal unibertsitatea sortzea da. Hori politikoki ezin da gauzatu gaur egun, horretarako erabakimen sendorik ez dagoelako. Egoera horretan UEUk egiten duena da erdaraz aritzen diren unibertsitate horiekiko elkarlana sustatzea euskarazko graduondoak eta ikastaroak eskainiz, euskal komunitate zientifikoa bildu eta haien arteko sareak sortuz, eta unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jarri.

Erakundeek eman diguten babesari esker eta egin den zabalkunde lanarengatik matrikulazioa boskoiztu egin da azken bi urte hauetan. UEU ezagutzen duenak gero berarekin jarraitzen du, euskarazko formakuntza beharra dagoelako.

Udako unibertsitatea, baina urte osoan lanean?

Gainera orain balantza aldatzen ari da: lehen udakoa izaten zen eskaintza nagusia, eta orain aldiz, indar handia hartu dute udazken eta udaberriko ikastaroek.

San Ferminen ondoren UEUko ikastaroak ziren Iruñeko basamortu latza alaitzen zuten ekimen bakanetakoa, baina data aldatu duzue.

Bi urtez egin ditugu ikastaroak ekainaren bukaeran eta oso emaitza onak jaso ditugu. Beste aldaketa handi bat izan da erdigunera ekartzea. Urtez urte egoitzaz aldatzen ibili gara ezinbestean. Orain, azkenean, udako ikastaroak egiteko Ezpeleta Jauregia eskaini digu Nafarroako Gobernuak, Iruñeko bihotzean, Kale Nagusian. Aldaketa ikaragarria izango da.

“Aizarotz herri txikian bizita gure seme-alabei askatasunean hazteko aukera eman nahi genien. Oso pozik gaude, gasolinatan ordaintzen ari garen arren”

Hiru haurren ama izatea ere ez da lan makala izanen.

Hiru seme-alabak heztea nire lanik konplikatuena da zalantzarik gabe!

Zergatik erabaki zenuten herri txiki batean bizitzea?

Gure seme-alabei askatasunean hazteko aukera eman nahi genielako. Oso pozik gaude, gasolinatan ordaintzen ari garen arren. Hemen bokataren bila etortzen dira etxera eta ondorengo orduetan ez ditugu ikusten. 6 eta 15 urte bitarteko neska-mutilak askotan ibiltzen dira jolasean, elkar zaintzen, gauzak egiten, elkarri gauzak irakasten… eta tamalez hori gaur egun hirietan ez da asko ikusten. Nire ustez ikasketa prozesu garrantzitsuena kalean dago.

Ni beste modu batez izan naiz hezia, umearen hitzak entzuten ez ziren garaikoa naiz eta saiatu naiz gure haurrei kontrakoa transmititzen, arau batzuekin, noski, horiek ere beharrezkoak direlako. Gainera hemen tempoa desberdina da, dena pausatuagoa. Iruñetik etorriz gero lasaitasuna eta naturaren babesa sentitzen dira. Hirian beti estimulu pila dago. Alaba nagusiak dio nahiz eta urte batzuk kanpoan ibili hona itzuli nahi duela bizitzera. Pozgarria da.

Zuek Aizarotzen bizi zarete. Zer du berezi herri horrek?

Hemengo udalak duela zenbait urte apustu batzuk egin zituen jende gaztea erakartzeko. Ernaizu emakumeen kooperatiba bultzatu zuen, adibidez, emakumeak bertan lan egin eta bizi ahal izateko eta Aizarotz herria sortu zuen. Lau etxe soilik ziren, bi familiaren esku zeudenak, eta etxe txiki eta merkeak egin zituen gazteak erakartzeko. Orain oso herri gaztea da. Bizpahiru adineko daude, besterik ez. Erroldatutako 176 pertsona gaude, horietatik 58 adingabekoak. Bizitzeko beste filosofia baten bila etorritakoak, asko, eta komunitatearen aldeko lanean gabiltza, ekimen ugari horretara bideratuz.

“Nire begiradarekin Beñati transmititzen nion oso femeninoa zen seme bat neukala, eta onartzen nuela, baina berak bilatzen zuena ez zen hori. Orduan hasi zen etengabe, egunero-egunero, galdetzen: ‘Ama, ni neska naiz?’” Argazkia: Dani Blanco.

Zuen hirugarren umea Beñat da, zakila duen sei urteko neska.

Beñat etorri da eskema guztiak haustera. Zakila duen neska da, baina ez ginen hori ikusteko kapazak izan lau urte bete zituen arte. Ikusteko gai izan nintzen une hori ez zait sekula ahaztuko. Ni barnetik hautsi egin nintzen. Haurra bi urtez aritu zen guri modu desberdinetara esaten erratuta geundela. Bera ez zela guk pentsatzen genuena. Oso berandu hasi zen hitz egiten eta ordura arte ez ginen gai izan bere beste mezu horiek ulertzeko. Mundua ulertzeko modua erabat aldarazi zigun. Oso potentea da. Nahiz eta buru-belarri ibili borrokan, Chrysallis EH elkartean, eta Beñati eskua eman eta bere ondoan nagoela lehen mementotik esan, gogorra izaten ari da, emozioak pil-pilean ditut.

Haur asko dago egoera horretan?

Elkartean 500 familia gaude Espainiako estatuan, horietatik 50 Euskal Herrian. Pentsa, Euskal Herriko Elkartea zortzi familiak osatu zuten 2015. urtean, beraz bi urtean izugarri hazi gara. Haurren transexualitatea bereziki tabua izan da orain arte eta hori apurtzera etorri gara. Umeok direna izatea baimentzen zaien lehen belaunaldia dira eta oso handia da gizarte guztiarendako, aniztasunaren diskurtsoan jartzen gaituelako. Transexualitate egoeran dauden helduek esaten digute haurtzaroa galdu zutela etengabe ezeztatuak izan zirelako; haien suizidio saiakera tasa oso altua da, beldurtzekoa. Horregatik errealitate hori gizarteratzearen garrantzia.

Adin guztietako haurrak ditugu elkartean, baina jakintza hazi ahala gero eta nerabe gehiagok erabakitzen dute pausoa ematea, beraien egoera ulertu eta ausartu egiten dira. Nerabeok kristoren motxila daramate, baina behin onartuta eta gizarteratuta, zoriontsu izatera heldu daitezke.

Haur transexualei beren identitatea ukatzen ari zaie, guztion partetik eta egunero. Oso gogorra da. Gehienek izugarrizko nortasuna dute, baina beste batzuek ez. Batzuetan arazoak sortuz adierazten dute zerbait gaizki doala. Batzuk, adibidez, beren organo genitalak mutilatu nahian hasten dira. Zorionez ez da gure kasua. Beñatek naturalki eraman du prozesua.

Nola jakin zenuten Beñat neska zela?

Txiki-txikitatik soinekoak janzten zituen, amonaren eraztunak, oihal bat buru gainean ile luzea balu bezala, makillatzen zen, azazkalak margotu… Femeninotzat jotzen diren portaerak muturrera eramaten zituen. Hori dena onartzen geniola ikusita, haurra hasi zen mutilen gauzak baztertzen, mutilak baztertzen, aita eta aitona baztertzen. Antsietate zantzuak ere hasi zen erakusten eta ulertezinak zitzaizkigun amorru aldiak izaten. Sentitzen zuen ez zela zen bezala onartua eta hitz egiten hasi zenean neska zela esan zuen. Guk esan genion baietz, nahi zuena izango zela eta guk igual maitatuko genuela, baina mutil tratatzen jarraitu genuen. Erdaraz hitz egitean artikulu maskulinoa erabiltzen genuen. Nire begiradarekin umeari transmititzen nion oso femeninoa zen seme bat neukala, eta onartzen nuela, baina berak bilatzen zuena ez zen hori. Berak bere identitatearen onarpena bilatzen zuen. Orduan hasi zen etengabe, egunero-egunero, galdetzen: “Ama, ni neska naiz?”.

Autobus transfoboaz: “Kritikak eta astakeriak esaten dituztenek ez dituzte gure haurrak eta familiak entzun”

Informazio bila hasi zineten.

Bagenekien zerbait gertatzen zela, baina ez genekien zer. Hasi ginen informazioa biltzen eta beste guraso batzuen testigantzak aurkitu genituen. Orduan argi ikusi nuen. Hurrengo egunean galdetu zidanean esan nion: “Bai, zu neska zara. Zakila duen neska eta zu bezala beste askotxo ere badaude”. Ordura arte ikusia ez nion barne poza atera zuen bat-batean. Geroztik ez dit berriro galdetu. Nire onarpena zuen eta gero hasi zen familia osoarena bilatzen. Bere aitarekiko harremana aldatu zen, eskolako mutilekin berdin eta oro har bere ezinegonak desagertu ziren, alaitasunari bide egiteko. Haur gehienek patroi berberak segitzen dituzte: oso femeninotzat edo maskulinotzat jotzen ditugun jarrerak muturrera eramaten dituzte benetan sentitzen dutena ikusarazteko. Inork ez du atzera egiten. Beñat oso txikia da eta garaiz lortu du onarpena, baina ez da ohikoa, nahiz eta sufrimendua eragozteko prest gauden gurasoak gero eta gehiago garen, asko daude oraindik ezeztatuak direnak. Azken datuen arabera, mila umetik bat transexualitate egoeran jaiotzen da.

Zer izan da Chrysallis Elkartea zuentzat?

Chrysallis niretzat argia izan da. Haiei esker ulertu dut etxean zer nuen. Oso zaila da denarekin puskatzea. Presio sozialarengatik, sinesmenengatik… familia askok etxe barruan dituzte arazoak. Beñatek izugarrizko zortea izan du jaio den tokian jaio izanda, familia honetan, komunitate txiki honetan eta eskola honetan. Hemendik ateratzen denean 16 urte izango ditu eta ordurako nortasun oso sendoa izango du. Orain gu ari gara etengabe mundu guztiarekin hizketan, azalpenak ematen Beñat neska bezala onartua izan dadin. Igeriketara apuntatu genuen, adibidez, eta denei banan-banan azaldu behar izan genien neska dela eta nesken aldagelan aldatuko dela. Beste haurrak bezala hazi nahi dugu eta ez dadila desberdina sentitu. Bailara osoko neska zakildun bakarra dela jakitea kudeatzearekin nahikoa du. Beñat oso txikia da eta ez daki ezer eramaten ari garen borrokaz. Guk errespetuzko begiradak jasotzea nahi dugu, gutxienez. Denek uler dezaten eskatzea ezin da, baina errespetua jende guztiari eskatu behar zaio. Oso kontu polita da umeekin lantzeko: denok desberdinak gara eta denok errespetu bera merezi dugu.  

Zer uste duzu autobus laranja moduko ekintza transfoboez?

Ezjakintasunak ekartzen ditu beldurrak eta ondoren fobiak. Errealitate hori dagoela gizarteratzea da gure lana. Kritikak eta astakeriak esaten dituztenek ez dituzte gure haurrak eta familiak entzun. Familien testigantzak adituko balituzte, desberdin jokatuko lukete.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transexualitatea
Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Trans legearen erreformaren harira, Ekai Lersundiren aitak: "Egun berezia da Ekaik nahi zuena lortzeko"

Lege honek oztopoak kendu eta aitortza legala izatea “berebizikoa” dela adierazi du Naizen elkarteko Bea Severrek. 


EAEko Trans Legearen erreforma onartu dute

Osasunean, hezkuntzan eta lan eremuan eragingo du erreformak, eta pertsona ez binarioak eta intersexualak kontuan hartuko ditu.


2024-02-13 | Leire Artola Arin
Trans legea onartu eta urtebetera, 227 pertsonak egin dute aldaketa EAEko erregistroan

Polemika artean atera zen aurrera Espainiako Estatuko Trans Legea, 2023ko otsailean. Erregistro Zibilean izena eta sexua aldatzeko prozesua erraztea zen helburuetako bat. Urtebetean 227 pertsonaren aldaketa burutu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.


Eguneraketa berriak daude