Zahar etxeetako asistentzia-kalitatea

  • Herritar gehienek ezagutzen dute, zuzenean eta zeharka, jende askoren bizitzaren amaiera tokiak diren zahar etxe publiko eta erdi-publikoetako egoera. Zuzenean ezagutzen dituztenek, salbuespen batzuk kenduta, ondo dakite zein muga eta gabezia dituzten eta asistentzia-kalitate eskasaren lekuko dira. Zalantzarik gabe, egoera horren arrazoietako bat da pertsonal falta, baita soldatetan eta politika sozialetan dagoen zekenkeria ere.

     

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bizkaiko zahar etxeetako emakume langileen 300 egunetik gorako greba luzeak eta etenik gabeko mobilizazioek –aurreko astean Eusko Legebiltzar parean ere izan ziren–, denen bistan jarri digute ezkutatu ezin den errealitate hori. Bizkaiko Foru Aldundiak duen erantzukizuna ere azalerazi dute, grebalariekin negoziatzeari uko egin baitio. 5.000 lagun inguruko lantaldea dago Bizkaian 7.500 pertsona zaintzeko; prekarietatea, lanegun nekagarriak, soldata oso baxuak eta langile eskasia salatu dituzte. 1.200 euroko soldata, 35 orduko lan astea eta lantaldea handitzea eskatzen dute. Eta ziurtatu dute greban segitzeko asmotan dabiltzala helburu horiek lortzeko. Berrikitan akordioa lortu dute zahar etxeetako enpresa nagusiarekin.

Baliteke adinekoen senide batzuk grebarekin gogaituta egotea. Baina orokorrean badirudi gehiengoak greba errespetatu ez ezik babestu ere egiten duela, azken batean aldarrikapen horiekin euren familia-kideen ongizatea ere defendatzen ari baitira, eta etorkizun batean zahar etxean amaituko duen beste jende askoren ongizatea ere bai. Ezeren gainetik, gure zaharrei eskaintzen diegun arreta eta asistentzia-kalitatea dago. Politikariek jakin beharko lukete hori, eta neurriak hartu beharko lituzkete baliabideak jartzeko. Greba luze hau ondo amaitu dadila da neurri horietako bat.

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude