Urretxindorra proiektua

Gazteak ume migranteei bidea errazten

  • SOS Arrazakeria elkarteak 3. ikasturtez Urretxindorra proiektua eraman du aurrera: jatorri atzerritarreko 10-14 urte arteko ume banarekin astean hiru ordu eman dituzte 28 gaztek, borondatez, aisialdia partekatuz. Migrazio prozesua bizi duen umearen “motxila” arintzen laguntzen duela kontatu digu Loira Manzani SOS Arrazakeriako kideak, eta “proiektua aldebiko onuraren isla dela” azpimarratu digute tutoretza lan horretan boluntario aritu diren Aitor Martín Camerón eta Oihana Bellido Sesmak. Gure herrietako hainbat umeren bizipenak ikusarazten lagundu digute euren hitzek.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2017ko uztailaren 16a
Oihana Bellido Sesma, Urretxindorra proiektuan borondatez aritu den tutorea; Loira Manzani SOS Arrazakeriako langilea eta Aitor Martín Camerón tutorea. Argazkia: Dani Blanco.
Oihana Bellido Sesma, Urretxindorra proiektuan borondatez aritu den tutorea; Loira Manzani SOS Arrazakeriako langilea eta Aitor Martín Camerón tutorea. Argazkia: Dani Blanco.

Kataluniako Ruiseñor proiektua “kopiatu eta hemengo egoerara egokitu” dutela kontatu du Manzanik. Bizitzako garai batean bera baino nagusiagoa den gazte baten erreferentzia ongi etorriko zaien umeei aukera hori ematea da helburua: “Badira beren emozioak kudeatzen eta adierazten ikasi behar duten umeak, badira sozialki harremanak izateko zailtasunak dituztenak, badira iritsi berri direnak eta beraz ingurua ezagutzen ez dutenak...”. Manzanik adierazi du horrelako beharrak edozein umek izan ditzakeela, baina Urretxindorra proiektuan jatorri migranteko umeetan zentratu direla, SOS Arrazakeria elkartearen egitasmoa delako, alde batetik, eta migrante egoerari lotutako motxila batzuk ere badirelako, bestetik: “Ume askoren bizipena da gurasoengandik banatu zirela jatorrizko herrian, gurasoak hona etorri zirelako lan bila. Handik urte batzuetara hemen elkartzen dira berriz, nerabezaro betean, ordura arteko bere erreferenteak diren lagun eta helduak jatorrizko herrian utzita”. Migrazio doluaz mintzatu zaigu Aitor Martín Camerón, Hondurasko 14 urteko umearekin borondatezko mentoretzan aritu den Tuterako gaztea: “Etortzeko erabakia bere gurasoek hartu dute, eta urte eta erdiz egon zen ama gabe, bere ama hemen zegoelako lanean bera ekartzeko dirua irabazten. Horrek ondorioak ditu umearengan. Tutoreok ondoan gaude, bere borondatearen aurka hartutako erabakiak ekarri dion egoera aldaketara egokitzeko prozesuan”.

Tutorea: erreferente gaztea eta ez instituzionala

Urretxindorra proiektuan lehen aldiz parte hartzen duten kide denei zail egiten omen zaie ulertzea juxtu zein den mentoreen funtzioa; bai gurasoei, umeei eta tutoreei beraiei ere. Martín Camerónek azpimarratu du tutorearen eta umearen arteko harremanaren oinarria “pertsonala dela, ez da ezer instituzionala. Lagun egin gara, eta nire haurrak behar zuen instituzioetatik kanpoko figura bat egunerokotasunean, ordura arte zituen baliabide gehienak instituzioek emandakoak baitziren”. Manzanik azaldu du berariaz hautatzen dituztela tutore gazteak, “helburua baita erreferentziazko pertsona hori ez izatea umeak guraso edo irakasleekin identifikatuko duen heldua. Umeek ikus dezatela eurak urte gutxi barru izango direla egun mentorea den pertsona hori”. Oihana Bellido Sesma Donostiako gazteak berretsi du laguntasunezko harreman izan duela 9 urteko boliviarrarekin: “Ni pixka bat zaharragoa izanik eta gertutasunari esker, konfiantza izan du bere arazoak kontatzeko”. Manzanik azaldu du mentore izateko ez dela aparteko formaziorik behar, “eskatzen dieguna da enpatia eta motibazioa”. Tutorearen funtzioa ongi mugatua baina bere horretan emankorra dela adierazi du: “Ondoan egotea astean hiru ordu horietan, saiatuz aisialdiko denbora hori hezitzailea eta eraikitzailea izan dadila. Eta konfiantza izatea elkarren artean, umea eroso sentitu dadila mentorearekin, nahi duena kontatzeko edo proposatzeko. Horraino. Arazo horiek konpontzen saiatzea ez dagokio mentoreari. Ongi pasatzea da oinarria, eta hori bera ere ez da gutxi egoera zaila bizi duten umeentzat. Gazte batek galdetzea zer den egin nahi duena eta hori bilatzea, asko da!”.

Hemengo ere sentitzen laguntzeko

Bikote bakoitzak erabaki du hiru ordu horiek nola antolatu eta denbora horretan zer egin. SOS Arrazakeriak Urretxindorra proiektuan parte hartzen duten kide guztiei zuzendutako ekintzak antolatu ditu, eta nahi izan dutenek bertan parte hartu dute. Martín Camerónek kontatu du asko baliatu dituztela jarduera hauek, “oso gustura egoten baikinen beste mentore eta umeekin. Horrela, biltzen ginen atzerrietan jaiotako umeekin, eta horrek asko irekitzen du lurraldetasunaren kontzeptua, proiektua aprobetxatu dugu asko ikasteko. Eta bestalde, nire haurrak bazuen aukera beste mentore batzuk ezagutzeko, bertakoen erreferentzia gehiago izateko”.

Bai Martín Camerónek eta bai Bellido Sesmak azpimarratu dute Urretxindorra proiektuaren bidez ume hauek hiria, kultura eta hizkuntza gehiago ezagutu dituztela. Beren jatorrizko kulturari eusteari garrantzia handia ematen diote, eta aldi berean, bertakoari leku bat egiten saiatu dira tutoreak. Martín Camerónek azaldu duenez, “nire haurra duela bi urte etorri zen, 12 urterekin, eta dagoeneko oso ongi ezagutzen zuen Donostia fisikoki, baina ez zen gerturatzen hemengo bizitzeko modura eta kultur ekitaldietara. Ezagutzen zuen Olentzero edo Donostia Eguna, baina ez zituen bizi. Kontua ez da ez duenik ekitaldi horietara gerturatu nahi, baina parte ez sentitzearen sentimendua bazuen. Kontziente zen bera beste leku batekoa zela. Pareta hori gainditzen saiatu naiz, hemen dagoen unetik, hemengoa ere badela transmititzen”.

Umeek euskararekiko duten harremana estutzen saiatzen dira Urretxindorra proiektuan. Ume batzuek jarrera ezkorra dute euskararekiko; Manzanik jarri die hitza haien sentimenduei: “Euskara bizi dute eskolako eta akademiako hizkuntza bailitzan, beste haurrak iristen direnera iristen uzten ez dien elementu gisa. Euskararekiko hesi emozional hori haustea da gure helburua, estimua izan diezaiotela, eta ikus dezatela euskara badela maitasunaren hizkuntza ere, laguntasunarena, eguneroko bizitzarena...”. Martín Camerónen haurrak ez zuen jarrera ezkorrik euskararekiko, baina hitz egiteko gaitasunik ere ez. Oriora joan ziren egun batean, euskara herri horretan komunikazio hizkuntza arrunta dela ohar zedin, eta umeak kafetegian asteroko colacaoa euskaraz eskatzea izan zen Martín Camerónen helburu xumea. Bellido Sesmaren umeak gaitasun handiagoa zuen, eta zinema euskaraz ikustera joan dira, jolasak ere euskaraz egin dituzte... Tutoreren batek umea bere familiara eraman du, euskara etxeko hizkuntza ere badela erakusteko, edo kuadrillarekin euskaraz aritzen dela erakutsi dio...

Ikasturtearen amaieran Urretxindorra Proiektuko partaideek eginiko festako argazkia.
Ikastetxearekin harremanetan

SOS Arrazakeriak ikastetxeei azaltzen die proiektua, eta parte hartzea ongi etorriko zaien umeak hautatzen ditu ikastetxeak. Hautatutako ume hauek eta gurasoek nahi badute, Urretxindorra proiektuan parte hartzen hasten dira. Manzanik adierazi duenez, “denei garbi uzten diegu ez dela jarduera akademiko bat, helburua ez dela eskolako emaitzak hobetzea... baina eskolak ere baloratu behar dituela emaitza akademikoak ez diren edukiak eta batzuetan emozioei, harremanei eta egoera pertsonalei lotutako faktoreek eragina dutela emaitza akademikoetan. Eskolek ikusten dute umeak hobeto daudela, irekiago, harreman hobeak dituztela... Funtsean, autoestimua hobetzen zaiela eta batzuetan horrek eragina duela emaitza akademikoan, ume hauetako asko ez baitabiltza aise eskolan”.

Neurtuta, hazten doan proiektua

Zazpi bikotek hasi zuten Urretxindorra proiektua duela hiru ikasturte, Donostian eta Errenterian. Hurrengo ikasturtean, 14 bikotera igaro ziren, eta bi herriei Hernani gehitu zitzaien. Aurtengo ikasturtean 28 bikotera hazi da kopurua, hiru herri hauetan. Hurrengo ikasturterako, 35 bikotera iristeko aukera du SOS Arrazakeriak, eta hiru herri hauez gain Lasarte, Tolosa eta Urnietara zabaltzea. Baina Manzaniren arabera, kopuruak ere zaindu beharrekoak dira: “Agerian geratzen ari da behar erreal bati erantzuna ematen ari garela, baina argi dugu helburua ez dela kuantitatiboki proiektua haztea. Ezezkoa esan behar izan diegu ikastetxe batzuei, pertsonen arteko harremanez ari garelako eta harremanak zaindu egin behar direlako. Ezin dira bikote pila bat sortu ondoren ez badugu denborarik harreman horietan sortzen diren arazoak lantzeko”.

Tutore izateko nola eman izena

Irailera arte dago zabalik hurrengo ikasturtean tutore modura izena emateko epea. Deitu dezakezu 943 321811 zenbakira edo idatzi urretxindorraproiektua@gmail.com-era. Euskaraz dakitenei lehentasuna ematen diete.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Aisialdia  |  Gipuzkoa  |  Migrazioa

Aisialdia kanaletik interesatuko zaizu...
2018-09-20 | Imanol Epelde
Erori zaizu inoiz sagarrik arbola baten azpian?

Semaforoari begira egotea igual, igual… 10 minutuz. Ikusteko nola jartzen den aurrena gorri, gero berde, eta gero gorri berriz. Izan daiteke denbora galtzeko modu egokia hori. Denboraren bila minutu bakar bat ere galdu beharrik izan gabe.  


2018-09-16 | Edu Zelaieta Anta
Usoei begira

Lehen aldiz balitz bezala begiratzea omen da kontua. Hain da zaila, baina, biziaren laugarren hamarkadan sartuta! Udan oparitu dizuten John Bergerren liburuak lagundu dizu biluzte horretan. Eta, batez ere, enperadoreen jantziak ongi bereizten ez dituzten hamar urteko semearen begi zoliek. Azken asteotan egin dituen –dituzuen– behaketen artean, hiriko usoak hartu dituzue hizpide behin baino gehiagotan. Ahantzixea zenuen mundu bat berreskuratu duzu zuk (zenbat uso zauritu eraman... [+]


2018-09-09 | Bea Salaberri
Azken bainua

Azken bainua hartu genuen Kantaurin. Ez diogu sekulan gure buruari aitortzen azkena dela, ongi dakigun arren; egun luze eta goxoak izanen direla oraino, uda ez dela bukatu, udazken hasieran ere itzultzen ahalko garela uretan murgiltzera, halaxe diogu; alta, badakigu azkena dela, gero lanak, sartzeak, kezkek, haurren gorabeherek irentsiko gaituztela. Orduan, azken hori besteak bezalakoa, besteen arteko bainua baizik ez da kasik.

Alabaina, ongi pasa genuen aste zenbaitez, argi da. Euskal... [+]


2018-09-03 | Mikel Asurmendi
(H)ernio maitatzeko hogei irudi eta etsipen gabeko testu bat

Urteak dira, ez irail guztietan ere, Ernio mendira igotzeko dugula jaidura. Irailean igandeak zenbat halaxe aukerak. Aurten bost.


Plazeretik euskarari errazago eusten zaio

Zazpi egun. Hamazazpi gazte. Bost begirale. Hamaika bizipen. Elkarren arteko lotura euskara. Horrela topatu ditugu Zestoako Sastarrain baserri-eskolan UEMAk udalerri euskaldunetako gazteentzat antolatutako Salto! udalekuetan parte hartutako lagunak.


Natura eta eskola, gogoetarako hainbat apunte

Baso-eskolei buruzko “Naturaz eta naturan ikastea” ikastaroan izan ginen, EHUren Udako Ikastaroen baitan. Hona hausnarketarako entresaka labur batzuk arriskuez, kontrolaz, berdeguneez, elitismoaz eta Euskal Herriak duen potentzialitateaz, entzundako hitzaldien artetik arrantzatuak:


"Mingaina dantzan" kanpaldia
Gaztetxoek euskaraz gehiago egiteko erremintak esperimentatzen

2017ko uda, Mundaka. Mingaina dantzan udalekuak antolatu zituzten Eusko Jaurlaritzak, Ebete hizkuntza-aholkularitza enpresak eta Ttakun Kultur Elkarteak. Helburua: 13-14 urteko gaztetxoek euskaraz ahalik eta gehien egitea. Baziren beste bi helburu ere: nerabeek ondo pasatzea eta erabilera areagotzeko tresnen baliagarritasuna probatzea. Nerabeak poz-pozik itzuli ziren etxera eta antolatzaileek esperimentua errepikatzea erabaki zuten. Uztailean Berrizen elkartuko dira gaztetxoak eta begiraleak.


2018-05-02 | Miren Osa Galdona
Joko-aretoak Gasteizen: prekarietatea, dudazko aisialdi eredua eta auzoak kaltetuta

Gaur egun 27 joko-areto daude Gasteizen eta urte amaierarako beste bost areto zabalduko dituztela jakin berri da asteotan. Judimendiko Gazte Asanbladak euren auzoan dagoen aretoa aztertu du hainbat hilabetez; horrelako espazioek zelako aisialdi eredua eskaintzen duten, zein bezero joaten den eta langileek dituzten lan baldintzen berri izateko. Azterketaren emaitzek espazio horietan egon ohi den errealitate iluna azalerazi dute.


Eraldatutako hainbat jolastokiren esperientzia jaso dute "Patioa denona da" liburuan

"Espazioaren transformazioa aitzakia besterik ez da jolastokiko dinamikak aztertu eta aldatzeko". Filosofia horrek gidatuta, 2014tik hainbat ikastetxe laguntzen aritu da Elkartoki ekimena, jolastokiak birpentsatu eta eraldatzeko prozesuan. Bidean ikasitakoa eta sortutako zalantzak liburu batean bildu dituzte orain: Patioa denona da.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude