ARGIA.eus

2021eko urriaren 20a
Askapena

30 urte mugaz gaindi eragiten

  • Askapena erakunde internazionalistak hiru hamarkada daroatza Euskal Herriaren eta munduko herrien artean elkartasun zubiak eraikitzen. Ezin uka, aldaketa ugari dakartela 30 udaberrik; are gehiago, borrokan murgildurik dauden lurraldeez edo herri zapalduez mintzo bagara. Horretaz jakitun, garaian garaiko beharretara egokitzeko neurriak hartu izan ditu Askapenak, beti ere, sortze egunean finkaturiko oinarrizko balioak mantenduz.

Iker Oñate Aiastui @iker_onate
2017ko uztailaren 02a
Aurtengo brigaden aurkezpena Agurainen. Argazkia: Askapena
Aurtengo brigaden aurkezpena Agurainen. Argazkia: Askapena

Aintzat hartu beharrekoa da 1979an Nikaraguan pizturiko Iraultza Sandinista, Euskal Herriko mugimendu internazionalista –ez, Askapena– aztertzean. “Nikaraguako prozesuak euskal herritarron kontzientziak astindu zituen. Hala, mugaz gaindi zegoenaren inguruko jakingura piztu zitzaigun”, dio Juan Jose Peciñak, Askapenako kide ohiak.

Kanpo gatazkekiko kezkak bultzaturik, antolatzeari ekin zion gizarteko sektore batek; tokian tokiko talde internazionalistak sortu ziren. Euren arteko harremana bermatzeko, bestalde, Euskadiko Elkartasun Komiteen Koordinakundea jaio zen; Euskal Herriko erakunde internazionalistak batu zituen askotariko jendea aurki zitekeen batzarrean. “Erakunde anitza zen. Beraz, internazionalismoan sakontzen hasi ginenean, askotariko estrategiak agertu ziren”, dio Peciñak.

Besteak beste, koordinakundean, ezbaian zegoen Euskal Herriak nazioarteko elkartasunean izan beharreko rola. “Gehienok, Euskal Herrian diseinaturiko internazionalismoan sakontzeko garaia zela uste genuen, gu ere gatazkan murgilduriko herria baikinen. Modu horretan, joan-etorriko elkartasuna zegokeen erdigunean”, argitu du Peciñak. Ordura arte, beste herriekiko elkartasunean besterik ez zuen sakontzen koordinakundeak: “Soilik eman egiten genuen, ezer jaso gabe”.

Hori horrela, erakunde internazionalisten estrategia aldaketa eskatzen zuen aldarria indartzen zihoan; eta, horrek, eragina izan zuen hurrengo urteetan internazionalismoaren praktikan. Aipaturikoa agerian geratu zen 1987ko urriaren 7an Zarautzen eginiko batzarrean, bitan zatitu baitzen Euskadiko Elkartasun Komiteen Koordinakundea: Askapena eta Komite Internazionalistak eragileak sortu ziren egun hartan. Beraz, 1987an hasi zen Askapenaren ibilbidea.

Europako borroken presentzia
Garaian garaiko egoerara moldatu beharra izan du Askapenak, tarteka, estrategien norabidea aldatuz. Bide horretan, 90eko hamarkadaren amaieran –batez ere, 1994ko altxamendu zapatistaren ostean– Europako herri zapalduekiko elkartasunean sakontzea erabaki zuen, ordura arteko jarduera zokoratu gabe. “Europako herri zapalduekiko elkartasunean sakondu behar genuela konturatu ginen, gure guda zelaia den aldetik”, azaldu du Goienetxeak. Hori horrela, Korsika, Bretainia eta Eskozia bezalako herrialdeetara hedatu zuten jarduera esparrua.

Europako herriekin elkarlana indartzen jardun du Askapenak azken urteetan. “Europan gogor dihardu inperialismoak. Tresna zapaltzaileak sortzen ditu; eta, horren aurka egin beharra dago. Europako beste erakunde batzuek ere borroka berdinean dihardute, beraz, lagungarri zaigu haiekin estrategiak elkartrukatzea”, esan du Goienetxeak. Zeregin horren bueltan dute, adibidez, NATOren aurkako borroka.

Brigadak, formazio iturri
Askapenaren estrategiaren barruan, garrantzia handia ematen diote formaziori; brigadak antolatzen dituzte horren bidean. Askapena sortu aurretik jaio zela brigaden egitasmoa: 1984an antolatu zen Euskal Herriko lehen brigada, Nikaraguarekiko –funtsean, Iraultza Sandinistarekiko– elkartasunean sakontzeko eginiko nazioarteko topaketaren ostean. Garai hartan, batez ere, laborantza kooperatibetan edo eraikuntzan laguntzen zuten brigadako kideek. “Asko ikasten genuen brigada horietan”, dio Peciñak.

Bide horretan, urteek aurrera egin ahala –eta, batez ere, 1987ko estrategia aldaketaren ostean–, Askapenak garrantzia handia eman dio militanteen eta brigadako kideen formazioari; brigaden egitasmoan esku hartzen duenak ez duela zertan erakunde internazionalistako militante izan. “Beste herrietako egoera ezagutzen ez badugu, ezinezkoa da haiei elkartasuna adieraztea. Inguruko injustiziekiko ezjakina den gizartea eraiki gura du sistemak. Beraz, horren aurka egin beharra dago”, azaldu du Peciñak.

Finean, brigadako kideak eurak dira Euskal Herriaren eta beste herrien arteko zubi lana egiten dutenak. Behin norakora helduta, brigadako kideena da Euskal Herriko egoeraren inguruko informazioa eskaintzearen ardura. Horrez gain, kontrako bidea ere eurei dagokie, hau da, mugaz gaindiko herri horiei buruzko informazioa ekartzea; hitzaldi, tailer eta gisako beste ekimenen bidez.  Esan moduan, erakunde internazionalistak joan-etorriko harremanean dihardu beste herriekin. Euskal Herriaren Lagunak (EHL) sarea da etorriko harremanaren adierazle argiena.

Bestetik, gaur-gaurkoz, harrera ona du Askapenaren brigaden egitasmoak. Aurtengo brigadetan 65 bat lagunek parte hartuko dute. Jada hasiak dira aurre lanketarekin. “Formazio saio minimoak jasotzeaz aparte, garrantzitsua izaten da brigadako kideak elkar ezagutzea, gero, denbora luzea igaro behar izango baitute elkarrekin”, dio Goienetxeak. Aurtengoan, Argentina, Uruguai, Bolibia, Brasil, Mexiko, Venezuela, Kuba, Palestina, Herrialde Katalanak, Bretainia-ZAD eta Italiara egingo dute bisita Askapenako brigadek.

Oro har, 2017ko brigada kanpainari dagokionean, “irakurketa positiboa” egin du Askapenak. “Jendearen interesa pizten jarraitzen dute brigadek; eta, gainera, sekulako prestutasuna agertzen dute izena ematen duten horiek”, azaldu du Goienetxeak. Dena den, Askapenak ere badu meriturik egitasmoaren arrakastan: hiru hilabeteren buruan brigadei buruzko 70 hitzalditik gora eskaini dituzte.

30 urteak, ospatzeke
Lanerako ez ezik, aisialdirako tartea hartzea komeni da usu. Bada, bide horretan dihardute Askapenako kideek, 30. urteurrenaren ospakizun egunaren antolaketan murgildurik. Jada finkatuak dituzte eguna eta lekua: urriaren 7an elkartuko dira Berriozarren. Egun osoko egitaraua prestatzen dihardute; besteak beste, ekitaldi politikoa, bazkaria eta kontzertuak egingo dituzte, hiru hamarkadetako brigada kideak elkartu nahirik.

Urteurrena ospatzeko hautaturiko lema ere jakinarazi dute: Borrokak uztartzen, herriok burujabe!. “30 urte hauetan borroka anitz ezagutu ditugu; lagun ugari egin dugu bidean. Hori horrela, borrokak uztartzen dihardugu, hein bateko burujabetza bermatuko baitute aliantzek”, dio Goienetxeak.

Euskal Herriaren Lagunak, datorren elkartasunaren sarea

Eman ez ezik, elkartasuna jaso egiten du Euskal Herriak. Badira urteak munduko herri askotan, Euskal Herriari elkartasuna adierazi nahirik, eragile internazionalistak agertzen hasi zirela. Bide horretan, duela hamar urte talde horiek saretzeko beharra ikusi zuen Askapenak; eta hala, Euskal Herriaren Lagunak (EHL) sarea sortu zuten. Gaur-gaurkoz, Venezuelan, Irlandan, Italian, Alemanian eta Espainiako Estatuko zenbait herritan, besteak beste, aurki daitezke EHL-ko elkartasun komiteak.

“Euskal Herriaren aurka egindako erasoen arabera antolatu da EHL sarea. Bide horretan, estatuek gure aurka gogor jardun dutenean, indartu egin da EHL”, dio Askapenako kide Izaskun Goienetxeak. Horren adibide, Askapenaren aurkako 2010eko sarekadaren bueltan, mugaz gaindiko eragileek helaraziriko elkartasuna: atxilotuei munduko toki askotatik iritsi zitzaizkien babes mezuak. Egun kargurik gabe libre dauden sei kide atxilotu zituzten sarekada hartan.

Iraultza Sandinista: internazionalismoaren pizgarri Euskal Herrian
Askapenako lehen asanbladetako bat. Argazkia: Askapena.

Nikaraguako Iraultza Sandinistak esangura handia du elkarte internazionalisten sorreran. Herriko sektore baten kontzientziak astindu zituen, elkartasun eta borroka eremua Euskal Herritik kanpora zabalduz. Horren adierazle, 1980an, matxinatuekin elkartasuna adieraziz, Euskadiko Elkartasun Komiteen Koordinakundeak Donostian eginiko bilkura.

Ordurako, Iraultza Sandinista martxan zegoen. Hain zuzen, Nazio Askapenerako Fronte Sandinistak (FSLN) 1979ko uztailaren 19an lortu zuen Somoza familiaren diktadura garaitzea, gerrilla-taldeek Managua hiriburuan sartzea lortu zutenean; Anastasio Somozaren agintearen amaieraren hasiera izan zen egun hura.

Indar ezkertiarrek osaturiko gobernu demokratikoa finkatu zen Nikaraguan; eta, berori, 1990eko otsailaren 25era arte egon zen indarrean. Agintea galdu zuten egun hartan, hauteskundeak Oposizioaren Batasun Nazionalaren aurka galdu ostean. Ordura arte, gobernuaren aurka ziharduen oposizioak, AEBen laguntzarekin.

Gatazkan murgildurik zegoen Nikaragua. Horretaz jakitun, Euskal Herriko militante internazionalistek laguntza bidaltzeari ekin zioten; besteak beste, materiala eta teknikoak –irakasleak edota medikuak, kasu–. Bestalde, erakunde internazionalistek bultzaturiko protesta kanpainek gora egin zuten Euskal Herrian. Tartean da 1981ean Eskuak Nikaraguatik kanpo. Ez dira pasako lemapean antolaturiko kanpaina; osteko urteetan ere antolatu zuten gisakorik.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Askapena  |  Nikaragua  |  Elkartasuna

Askapena kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2017ko uztailaren 02a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude