Detroit edo krisiarekin hirietan nola bizi dutxa eta iturriko urik gabe

  • Komunaren tankea hutsik dago. Hortzak garbitzeko ura botilan. Goizean jaikitakoan ura sukaldean kazola batean berotuta gorputza atalka garbitu. Kontuz zenbat gastatzen duzun otorduetako ontziak garbitzen. Nola egiten da gobada ura moztu dizutenean? Ahaztu balkoiko loreak. Nor akordatzen da soropilaz. Milaka familiak egin dute denboran atzera mundu aberatseko hirietako auzune pobretuetan.

AP agentziak zabaldutako argazkian, karrikako protesta Detroiten 2014an, udala lehenbizikoz hasi zenean familia zordunei ur hornidura eteten. Aulki gurpildunean datzan boluntarioak aldarrikatzen du: “Erasotzaileari, itzuli muturrekoa”. Atzean daukaten ban
AP agentziak zabaldutako argazkian, karrikako protesta Detroiten 2014an, udala lehenbizikoz hasi zenean familia zordunei ur hornidura eteten. Aulki gurpildunean datzan boluntarioak aldarrikatzen du: “Erasotzaileari, itzuli muturrekoa”. Atzean daukaten banderolak salatzen du udalak bankuei 537 milioi dolar ematen dizkiela eta aldi berean herritarrei ura ukatzen. Mundu osoan zabaltzen ari den arazoa are gehiago konplikatzen da udalek ur hornidura pribatizatuta daukatenean.

Egunero Catherine Caldwellek botilaratutako hiru galoi (11,3 litro) ur igotzen ditu bainugelaraino, bi galoi (7,5 litro) gehiago sukalderaino. 19 litro horiekin moldatu beharko du lauko familiak eskuak garbitu, komunean egindakoak pasarazi, kuzinatu eta platerak garbitzeko, sutan epeldurik noski. Dutxatzera amaginarrebaren pisura joan behar, bloke batzuk harantzago.

44 urte dauzkan Calwell, bere senarra eta bi biloba txikik lau hilabete daramate iturriko urik gabe Detroiten. Hamabostean behin botilatan ekartzen diete We The People of Detroit (Gu Detroiteko Jendea) elkarteak. Bigarren aldia da horrela daudela azken hiru urteotan. Faktura ordaintzeko iritsi ez zaienez, konpainiak eten egin die.

Zenobia Jeffries kazetariak kontatu du Yes aldizkarian horrelakoak gauza korrientea direla Detroiten, zeinaren herritarren artean txirotasun proportzioa %40ra iristen baita. Hemen iturriko uraren prezioa bikoiztu egin da azken hamar urteetan. Milaka familiak zor diote faktura udalari eta honek publikoki aitortua duenez 50.000 mozketa egin ditu zordunei hornidura eteteko kanpaina 2014an hasi zuenetik.

Urte hartan kiebra jo zuen Detroiteko udalak eta atzeratutako zorrak kobratu nahi zoroan fakturak xuxen pagatuak zituzten 900 familiari ere itxi zieten iturria hasieran. Gaur egun 10.000 edo 20.000 familia daude oinarrizko zerbitzu hori gabe eta 45.000 gehiagok oraindik ura badaukate txiroentzako laguntza bereziei esker, edozein unetan lehorrean geratzeko arriskuan.

Iturririk erabili ezina ez da Detroiteko familien lehenbiziko kalamitatea, ez bakarra. 1950ean 1,8 milioi biztanle edukitzera iritsi zen hiri hau krisi gorrian murgildu zen petrolioaren 1973ko shockaren ostean, hemen ekoizten ziren auto handi gasolina zurrupatzaileak merkatuan gainbehera joandakoan. Geroztik ez du bururik jaso Detroitek eta gaur 700.000 biztanle dauzka, txirotasun markak hautsiz.

Antzeko istorioak entzun daitezke AEBetako hainbat hiritan. 2010etik eta 2015era artean %41 igo zituzten tarifak. EPA Ingurumena Zaintzeko Agentzia publikoak kalkulatu du batez beste familia iparramerikar batek 1.500 litro ur kontsumitzen duela egunean, eta ur kontsumoa pagatzen ematen duela diru-sarreren ia %5.

Elizabeth A. Mack eta Sarah Wrasek aztertu dute arazoa AEBetako geografia osoa hartzen duen ikerlanean: “Uraren tarifak garestitzen jarraitzen badu ondoko bost urteetan, aurreikusi den moduan, gaur AEBetan pagatzera iristen ez diren familien %11,9 hori igo daiteke %35,6raino. Arazo larria da, kaskadan ekarriko dituen eragin ekonomikoengatik; ur zerbitzuen hornitzaileek bezero gutxiago edukitzean are gehiago garestitu beharko dute prezioa, ordaintzen ez dutenek eragindako kosteak berdintzeko”.

Arazoa konpontzea erraza ez da izango. Klimaren aldaketak handitzen du ur kontsumoa eta aldi berean murrizten inguruko mendien eta lurpeko geruza freatikoen emaria. Hiriak auzune urrunetara hazi izanak, Iparramerikak mundu osoan modan jarri duen etxe txikien eredu suburbanizatua gero eta gastu handiagoen iturri da. Aldi berean, Detroi bezalako hirietan populazioa eta jarduera ekonomikoa gutxitzeak handitzen du biztanle bakoitzari dagokion faktura puska. Hazkundearen beroan eraikitako azpiegituren matxurak ezin konpondu, beharrezko berriak ezin eraiki...

Amets amerikarretik iratzarri ezinik

We The People of Detroit erakunde presbiterianoak ur-larrialdietarako telefonoa eskaintzen die herritarrei. Beste 50 karitate eta solidaritate elkarterekin batera 2008tik daukate antolatuta People’s Water Board Coalition. Boluntarioek laguntzen diete ingurueneko ur banaketa gunea lokalizatzen edo udalarekin atzeratutako zorrak negoziatzen. 120.000 familia inguru (300.000 herritar, gezurra diruen arren) omen daude hirian goizago edo beranduago iturriko urik gabe geratzeko arriskuan.

Herritar behartsuenei laguntzeko aurkitzen duten arazo handietakoa da informaziorik eza, txirotasunak eragiten dituen egoerak estatistiketatik urrun geratzen baitira gehienetan. Hasteko, ur mozketen mapa bat osatu dute, krisiarekin gainbehera etorritako hiri baten erradiografia harrigarria marraztuz: urik gabe bizi diren familiak %5 azpitik badira erdiguneko auzo askotan, periferian urruntzen joan ahala handituz doaz portzentaiak… iritsi arte familien erdiak baino gehiago iturriko urik ez duten auzuneetaraino.

Ikasle eta akademikoei enkargaturik emergentziaren tamaina aztertzea, kuantitatiboki hondamendien osteko medikuntza eta osasun zerbitzuen beharra neurtzen duen CASPER metodologia erabili dute, ur mozketek azkenean ospitaleetan ere dauzkaten ondorioak ezagutzeko. Kualitatiboki, 40 boluntario entrenatu dituzte arazotan dabiltzanak metodoz elkarrizketatzeko, larrialdiaren ondorio psikologiko eta sozialak neurtzeko.

“Eredu horien bidez ezagutu nahi ditugu hiriak finantz-hondamendi honen erdian dauzkan osasun beharrak eta detroitar ahulenei eragin dizkien kalteen argazkia ezagutu. Guztiok merezi dugu komunitate osasuntsu eta kohesionatuetan bizitzea. Tamalez, Detroiteko dozenaka mila pertsonaren eguneroko ogia da borrokatu egin beharra daukatela giza eskubideak eskuratzeko, tartean ur on, garbi eta merkea eskuratzeko eskubidea”.

Michiganeko hirian industria eraitsi ondoren indar, diru eta biztanlez hustutako hiri eta auzoen adibide muturrekoa den arren, XXI. mendean gizarte hiritartu gero eta gehiagok nozitzen dituzten arazoen argigarri ere bada. Hazkunde hamarkada beroetan eraikitako auzo, azpiegitura eta zerbitzu asko gaur garestiegi bezain jasan ezin bilakatzen ari dira.

Auto pribatuen beharra, askotan soropil pribatua zaintzea, gas, argindar eta hur horniduren mantentze zaila… Krisia sakondu ahala garai batean modan egondako periferietako bizimodua konplikatu egin da eta gero eta gehiago dira administrazioak bere kontura bizirautera kondenatzen dituen familiak.

Zenobya Jeffriesek dio bere erreportajean aipatu Caldwell andreak burdindegian erreminta egokia erosirik bere eskuz ireki duela etxera ura ekartzeko giltza, legez udal langileek beste inork ukitu ezin duena. Tranpatan hartzen dio ura herriari, beste askoren gisan. Bost urteko espetxez zigortzen da “felony” (delitu larri) hori AEBetan. “Ez dizut gezurrik esango, neuk ireki dut pasoa. Ondo dakit kartzela arriskatzen dudala, baina bilobak dauzkat etxean”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pobrezia
Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Nafarroako Erriberan pobrezia arriskua iparraldean baino %40 handiagoa da

Nafarroako Gobernuak pobreziari eta desberdinketa sozialari buruzko zazpigarren txostena kaleratu berri du. Datuak adierazgarriak dira: Erriberako herriek pobrezia arrisku handiagoa dute, %40 iparraldeko herriek %10. 2021ean urtean 12.000 euro jasotzen zituzten herritarrak... [+]


Eguneraketa berriak daude