Itsasoan animaliak adina plastiko

  • Gure ozeanoak kutsatzen dituzten hondakin plastikoen gaia orrialde dezente ari da hartzen azkenaldian komunikabideetan. Nazio Batuen Erakundeak berak neurriak hartuko dituela adierazi du, 2020. urterako mikroplastikoak eta erabilpen bakarreko plastikoak ezabatu nahi ditu eta. Zenbaterainoko kaltea eragiten dugu hondakinokin, ordea?

Garazi Zabaleta @tirikitrann
2017ko maiatzaren 28a
(Argazkia: Greenpeace)
(Argazkia: Greenpeace)

1901eko maiatzaren 14an balea agertu omen zen Orioko kostaldean. Hori dio Euskal Herrian ezaguna zaigun bertso sortak. Antzeko zerbait gertatu da aurtengo otsailean Norvegiako Sotra irlan. Han ere balea agertu zen kostaldean, baina zetazeo hura gaitzak jota, hilzorian iritsi zen itsasbazterrera. Zientzialariek 30 plastikozko poltsa aurkitu zizkioten sabelean. Itsasoko ekosistemetan gertatzen ari denaren –edo egiten ari garenaren– adibidetzat har daiteke balearen kasua.

Erreportaje hau irakurtzeko beharko dituzun hamar minutuetan, hamar zabor kamioi oso deskargatuko dituzte ozeanoetan

“Minutu bakoitzeko zabor kamioi batek daukan hondakin kopurua botatzen dugu itsasora”. Esaldi horrekin hasi zuen Ibon Galarraga ekonomialariak bere hitzaldia martxoan egin zituzten EkoFish jardunaldietan, Donostiako Aquariumean. Zer esan nahi du datu horrek? Bada, erreportaje hau irakurtzeko beharko dituzun hamar minutuetan, hamar zabor kamioi oso ozeanoetan deskargatuko dituztela: 120 tona hondakin, gutxi gorabehera. Bada zerbait.

Plastikozko irlak

Ezagunak egin dira azken urteetan “plastikozko irla” izendatutako ozeanoetako zabor pilaketak. Itsasoko ur korronteek gure arrasken antzera funtzionatzen dute: “biraketa ozeaniko” deiturikoak errota formako ur korronte erraldoiak dira, milaka kilometroko diametroa hartzen dutenak. Itsasoan barreiatutako plastikoek eta zaborrek errotaren erdigunean pilatzeko joera dute. Horrela sortu dira egun Ozeano Barean, Atlantikoan eta Indiakoan dauden bost “plastikozko irlak”. Handienak, Ozeano Bare iparraldekoak, 1,4 milioi kilometro koadroko azalera du, Iberiar penintsula osoaren bi halako baino gehiago.

Hainbat ikerketaren arabera, planktona baino plastiko gehiago dago itsasoan gaur egun. (Arg.: iStockphoto / Fergregory)

Hainbat ikerketaren arabera, eta Javier Franco AZTIko ikerlariak EkoFish jardunaldietan azaldu bezala, planktona baino plastiko gehiago dago itsasoan gaur egun. “2050. urterako itsasoan arrainak baino plastiko gehiago egongo dela uste da, pisuaren arabera”. Baina nondik iristen dira hainbesteko zabor kantitateak gure itsasoetara? Zeintzuk dira hondakin horien iturri nagusiak?

Itsas hondakinen %80 inguruk lehorreko jardueretan dauka jatorria: ingurune industrializatuak eta biztanle-dentsitate handiko tokiak dira iturburu nagusiak, eta lurretik itsasorako sarbidea erreketatik egiten du plastikoen gehiengoak; zehazki, lehorreko jatorriko plastikoen %80 modu horretan iristen da ozeanoetara.

Ozeano Barean, Atlantikoan eta Indiakoan bost “plastikozko irla” daude; handiena, Ozeano Bareko iparraldekoa, Iberiar penintsularen bi halako baino gehiago da

Bestalde, itsasoko jardueretan hondakin gehien sortzen dituena arrantza da. Aipatzekoa da, esate baterako, “mamu arrantzaren” eragina itsas ekosistemetan: utzitako sareek edota arrantzako materialek, aktibo ez daudenek, itsasoko animalia eta organismoak harrapatzen eta kaltetzen jarraitzen dute urte luzeetan, plastikoak degradatzeko behar duen denbora guztian.

Itsasoko ekosistemen hiltzaile

Hondakin plastikoek itsasoko bizidunei eragiten dizkieten kalteez hitz egitean, garrantzitsua da plastikoen tamainaren araberako sailkapena egitea. “Hondakin handiek organismo handiagoei eragiten diete, baleei edota arrainei, esate baterako. Tamaina txikiagoko hondakinek —nanopartikulek, mikropartikulek—, berriz, maila baxuagoko egitura biologikoei eragiten diete”, zioen Javier Francok.

Makroplastikoetan jarri zuen arreta Javier Francok bere hitzaldian: arrantzako sareak, plastikozko poltsak, sei latako pack-en plastikoak, plastikozko botila eta ontziak… Nola eragiten die horrek guztiak itsasoko fauna eta florari?

Batetik, organismo asko plastiko zatiekin korapilatu edota urkatzen dira. Itsas hegaztien kasuan, adibidez, 400 espezie ingururen artean 103 dira kaltetuak (%25), eta itsas ugaztunen artean %42 inguru. Korapilatzeek modu askotan eragiten diete animalioi: ahoa harrapatu eta elikadura galaraziz, mugimendu askatasuna murriztuz, gorputzeko atalen anputazioak eraginez edota infekzioak sortuz, adibidez. Animalia ugari hiltzen dira arazo horien ondorioz.

Beste ondorio bat asfixia eta itotzea dira. Batez ere itsas hondoan pilatzen diren plastikoek eraginda, hainbat organismori ezinezko zaio bere funtzio fisiologiko nagusiak behar bezala betetzea. Esaterako, landare-espezie eta komunitate askoren hazkundea murriztu egin da hondakin asko dauden guneetan, eguzki argia pasatzen uzten ez dutelako. Fotosintesia ongi egitea galarazten diete hondakinek mangladi, fanerogamo eta paduretako landare-espezieei eta organismoei. Hainbat koralen kasutan, %85 arte galdu direla kalkulatzen dute zientzialariek arazo horien ondorioz.

Itsas hegazti baten gorpua, sabelean pilatutako plastikozko hondakinak agerian.
(Arg.: Chris Jordan)

Plastikoa irenstea da beste ohiko arazo bat. Itsas hegaztien %40 dira kaltetuak, eta ugaztun espezieen erdiei eragiten die arazo horrek. Animaliek plastikoak beren harrapakinekin nahasten dituzte maiz –horretan plastikoen koloreak eragin handia du–, eta beste zenbait kasutan, animalia filtratzaileenean adibidez, nahi gabe irensten dute. Antzekoa gertatzen da bigarren mailako irenstearekin, hau da, animalia batek beste bat jaten duenean sabelean plastikoak dituela.

Plastikozko confetti-a itsaso zabalean

Jakin badakigu, honezkero, plastikoen ezaugarri bereizgarria dela degradatzeko behar duten denbora luzea. Hori da plastikozko hondakinen arazo handienetakoa gaur egun. Ondoko grafikoan ikus daitekeenez, behin itsasora iritsita plastikoek urteak, hamarkadak edo mendeak ere pasatu ditzakete uretan bueltaka, desintegratu arte. Eta zer gertatzen da plastikoa uretan dagoen denbora luze horretan? Pixkanaka zatitu egiten dela.

“Haustura mekanikoen eta fotodegradazio eta biodegradazio prozesuen ondorioz, itsasoko plastikoak zatitzen doaz, horietako asko mikroplastiko edo nanoplastiko bihurtzeraino”. Amaia Orbea EHUko ikertzailea eta PLASTOX proiektuko kidea da. Mikro (bost milimetro baino gutxiago) eta nano (1-100 nanometro) tamainuko plastikoek itsas ekosistemetan duten eragina aztertzen ari da, besteak beste.

Plastikoen ezaugarri berezia, eta haien kudeaketaren arazo nagusia, degradatzeko behar duten denbora luzea da. Behin itsasoan, hamarkadak edo mendeak eman ditzakete uretan bueltaka, desintegratu arte

200.000 mikroplastiko partikula inguru daude gaur egun itsasoan kilometro koadro bakoitzeko, Ekologistak Martxan elkarteak Itsas hondakinak, plastikoak eta mikroplastikoak txostenean argitaratu duenez. Plastiko pieza txiki horiek erpin oso zorrotzak izan ohi dituzte, eta irensten dituzten animaliei zauriak eragiten dizkiete sarritan. Hori gutxi balitz, urteak itsasoan daramatzan plastikoak mikrobio ugari biltzen dituela kontuan izanda, zauri fisikoa ez ezik, patogeno askoren iturburu izaten dira mikroplastikoak arrainentzat, hegaztientzat, eta beste animalia askorentzat.

Arrisku nagusia da beren tamainagatik kate trofikoko oinarri-oinarriko organismoek irentsi ditzaketela. Organismo txiki horiek ondorengoei pasatzen dizkiete herentzian mikroplastikoak, eta modu horretan kate trofiko osoan sortzen dituzte kalteak, kasu batzuetan gure plateretan bukatu arte. “Arazo honek ekosistema osoari egiten dio kalte. Ekosistemak sistema oso konplexuak dira etengabeko hartu-emanean daudenak, eta atal bat kaltetua denean sistema osoak sufritzen ditu ondorioak”, azaldu zuen Orbeak EkoFish jardunaldietan.

Gaur egun, plastiko handiagoen degradazioak sortutako mikroplastikoez gain, erabilpen industrialerako propio ere sortzen dira tamaina horretako plastikoak. Kosmetika enpresa ugarik, esaterako, plastikozko mikroesferak erabiltzen dituzte krema eta esfoliatzaileetarako. Milaka, milioika mikroesferak itsasoan bukatzen dute egunero gure saneamendu sistemen bidez.

Nola heldu gara honaino?

1950eko hamarkadan plastiko sintetikoen produkzio masiboari ekin zitzaionetik, esponentzialki hazten joan da material horren produkzio eta kontsumoa. Gaurko gure gizartean plastikoekiko erabateko dependentzia dugu, nonahi dago material hori. “Plastikoarena egungo industria nagusietakoa da, milioika eta milioika euro eta dolar mugitzen ditu urtero”, esan zuen Amaia Orbeak bere hitzaldian.    

Urtean 300 milioi tona inguru plastiko sortzen dira munduan, eta orain arteko hazkunde joerak jarraituko balu, 2050. urterako 2.000 milioi tonarainoko produkziora iristea aurreikusten da. Larriena da, kalkuluen arabera, fabrikatzen diren produktu plastikoen erdiak erabilpen bakarra duela. “Plastikoen eta itsas hondakinen gaiak gure baliabideen kudeaketa txarraren adibide bat gehiago dira”, zioen Ibon Galarragak.

Hondoetako plastiko pilaketak fotosintesia ongi egitea galarazten du. (Arg.: Electrolux)

Izan ere, hondakin plastikoek ingurumenari eragiten dizkioten ageriko kalteez gain, ekonomialariaren ustez kontuan edukitzekoak dira alde ekonomikoak ere. “Plastikoa sortzeko erabilitako petrolio guztiaren eta eragin ditugun kalte guztien ondoren, materialaren balioaren %95 galdu egiten da urtero. Plastikoen hain erabilpen txarra egiten dugu, ezen bere balioaren zati handiena galtzen dugula, komuneko zulotik 100.000 milioi euro inguru botako bagenitu bezala”.

Horri gehitu behar zaizkio itsasoko plastikoek sektore ekonomiko garrantzitsuetan, batez ere turismoan eta itsas aisialdian, eragiten dituzten galerak. Europar Batasunak kostalde eta itsasoak garbitzen urtero 630 milioi euro gastatzen ditu, besteak beste.

Plastikorik onena, sortzen ez dena

Zer egin kalteak gutxitzeko? Ekologistak Martxan elkarteak hainbat gomendio ematen ditu aipatutako txostenean, plastikoaren ekonomia zirkular baterantz pausoak ematen hasteko: ezer baino lehen, plastikoa murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea (ingelesezko 3 R-ak: Reduce, Reuse, Recicle) lirateke eredu zirkular horretara pasatzeko oinarrizko neurriak. “Plastikoaren zikloa zerbait linealtzat hartu dugu beti: lehengaiak hartu, produzitu eta bota”, zioen Galarragak. Horri buelta ematea da kontua.

Baina ez da nahikoa 3 R horiek buruz ikastea. Nahitaezkoa da gizarteak ekonomia zirkularraren beharra ulertzea eta jokatzeko modu orokorrean txertatzea, gure etxeetan eta enpresetan, adibidez. Gobernuei eta instituzioei neurriak har ditzatela eskatzea garrantzitsu izanik ere, erosketetara goazenean oihalezko poltsatxoa eramanez, erabilpen bakarreko ontziak baztertuz edota ontziratu gabeko produktuak erosiz, ekintza txiki handi horiekin ariko gara benetan egoera aldatzeko lehen pausoak ematen.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Kutsadura  |  Hondakinen kudeaketa  |  Itsasoa

Kutsadura kanaletik interesatuko zaizu...
2018-12-10 | ARGIA
Pinudiak airetik oxido kuprosoz ez fumigatzea eskatu du Bilboko Mediku Zientzien Akademiak

1895ean sorturik 120 urte baino gehiago dituen BMZA Bilboko Mediku Zientzien Akademiak gaur kaleratu duen agirian Euskal Autonomi Elkarteko agintariei eskatu die ez dezatela oxido kuprosozko fumigaziorik erabili gaitzak jotako pinudien gainean, lekuko herritarren osasuna eta ingurumena kaltetuko dituelako. Administrazioari eskatu diote basogintza iraunkorrago baterako trantsizioari ekin diezaiotela, aldi berean hondamendiak jo dituen pinuen jabeei ekonomikoki lagunduz. 


Iberiar penintsula baino handiagoak diren bost plastikozko uharteek gizakion osasunean kalte larriak eragiten dituzte

Ozeano Atlantikoan 580.000 plastiko pieza daude kilometro karratu bakoitzean, Sea Education Society elkartearen arabera. Plastikoaren kutsadurarengatik urtean 100.000 itsas-dordoka eta hegazti hiltzen dira, Eco Portal gune ekologistak jaso duenez.


Airearen kutsadura "jasanezina" dela salatu du Lezoko herritar talde batek

Duela bi aste Pasaiako Portuan agintari nagusiei errautsak bota zizkien laguna defendatu dute, errauts hori herritarrek egunero irensten duten zati “nimiño” bat dela esanaz. Larunbatean elkarretaratzea egin zuten Lezoko udaletxearen aurrean, eta sinadura bilketa abiatu dute.


2018-11-22 | Arabako Alea
Zesio-137a aurkitu dute Garoņako bi estoldatan

Kutsadura horren jatorria duela 33 urtera arte kontrolik gabe egondako aireztapen batean egon zitekeela uste du CSNk.


Itsasoan gertatzen dena, gure etxe parean hasten da

Flyschak plastikoz beteta ikusteak harrabotsa eta kezka sortu du azkenaldian, gure kostaldean dagoen kutsadura eta zikinkeria dela-eta. Baina itsasoan amaitu duten hondakin horien zati handi bat gure lurraldetik joan da eta hori oso gutxitan aipatzen da, aipatuta ere ez da zehazten. Ematen du askoz errazago egiten zaigula arazoa kanpoan kokatzea, baina hemen ere badauzka bere sustraiak.


2018-11-12 | ARGIA
Erandion 1969an kutsadura salatzeko protestan poliziak hildako bi herritarrak omendu dituzte

1969an poliziak modu basatian zanpatu zituen Bizkaiko Erandion orduan han bizi zuten kutsadura larriagatik herritarrek antolatu zituzten protestak: kaleko manifestazi baketsu haien inguruan bi pertsona tiroz hil zituen polizia frankistak. Gertakizuna berriro gogora ekarri zituzten Erandion igandean, 11, omenaldia eskaini zitzaien Anton Fernandez eta Josu Muruetari eta "Egia, Justizia, Erreparazioa eta berriro ez gertatzeko Bermeak" eskatu zituzten.


Itsasoko animaliak merkurioaren kutsaduratik babestu nahi dituzte Karibeko herrialdeek

Gizakiongan arazo fisiko zein mentalak sor ditzakete merkurioz kutsatutako arrainek, eta horren gaineko kontrola ezarri nahi dute Karibe Elkartea osatzen duten Karibe itsasoaren hegoaldeko herrialdeek.


Eguzkik dei egiten die herritarrei Deba eta Zumaia arteko flyschean plastikoak auzolanean garbitzera

Oier Bartolomek orain dela gutxi zabaldutako bideo biral batean, Zumaia eta Deba bitarteko flyscha plastikoz beteta ikusi dugu. Irudi tamalgarri hauen aurrean, pertsona askok “zerbait” egiteko beharra adierazi dute. Eguzkin ere horrelako mezu bat baino gehiago jaso ditugu. Gauzak horrela, erabaki dugu flyschean garbiketa-egun bat antolatzea, auzolanean.


2018-11-06 | Arabako Alea
Nitratoen kutsaduragatik arrisku eremu izendatu du Jaurlaritzak Larrazubiko zati bat

Eremua babesteko neurriak hartu beharko dira, lurpeko urek nitrato-maila gainditzen dutelako.


Plastiko birziklatua duten jostailuek toxiko arriskutsuak dituzte

Europako ikertzaile talde batek, Ekologistak Martxanekin elkarlanean, jatorria hondakin elektronikoetan duten toxiko arriskutsuak aurkitu dituzte birziklaturiko plastikoetan, hala nola, jostailu edota kontsumorako saltzen diren beste hainbat produktutan.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude