Zaharrek %30 haurrek %5,5

  • Hitanoa Azpeitiko hizkeraren bereizgarrietako bat da, baina azken urteotan kezka sortu da belaunaldien arteko transmisioaren inguruan. Hori dela eta, ikastetxeetan lanketa berezia egiten hasi ziren duela ikasturte batzuk. Iaz, bestalde, kale neurketa egin zuten, hitanoaren osasunaren diagnostikoa egiteko asmoz. Emaitzetako bi argiak dira: gizonek emakumeek baino gehiago erabiltzen dute, eta zaharrek gazteek baino gehiago.

Azpeitian, kaleko elkarrizketetatik %18,1 izan dira hitanoz. Hiztunak zenbat eta zaharragoak are eta hitano gehiago darabilte. Gizonek emakumeek baino gehiago hitz egiten dute hitanoz. Argazkia: Dani Blanco.
Azpeitian, kaleko elkarrizketetatik %18,1 izan dira hitanoz. Hiztunak zenbat eta zaharragoak are eta hitano gehiago darabilte. Gizonek emakumeek baino gehiago hitz egiten dute hitanoz. Argazkia: Dani Blanco.

Hamar elkarrizketetatik zortzi izaten dira euskaraz Azpeitiko kaleetan. Euskararen arnasgune izanik, hitanoa ere bizirik dago, herritar askok erabiltzen dute. Azken urteotan, ordea, kezka zabaldu da herrian; antzeman dute gazteek gutxiago erabiltzen dutela eta hitanoaren kalitatea galtzen ari dela –noka eta toka ez desberdintzea, adibidez–. Azpeitiko hizkeran berezkoa den ezaugarria sustatu nahian, bi norabidetan egin dute lan Soziolinguistika Klusterrarekin: ikastetxeetan hitanoa lantzeko unitateak sortu dituzte eta 2016an hitanoaren kale erabilera neurtu zuten.

Ikastetxeetako lanketarekin 2010ean hasi ziren. Azpeitiko hiru eskolak –Iraurgi ikastetxea, Ikasberri ikastola eta Karmelo Etxegarai ikastola– egitasmora batu ziren, eta urteotan Soziolinguistika Klusterreko kideekin elkarlanean jardun dute hitanoa lantzeko unitate didaktikoak diseinatzen eta finkatzen. Azpeitiko proiektua baino lehen, Klusterrak Urola bailaran bertan, Zumaian, landu zuen gaia, eta Azpeitian ekimen haren berri jakin zutenean, bertan ere egitera animatu ziren. Ordutik, eskolen bidez hitanoaren arau sozialak eta formak transmititzen dihardute.

Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailara egiten dute lanketa, eta maila bakoitzean bi unitate didaktiko dituzte. Soziolinguistika Klusterreko Olatz Bengoetxeak azaldu duenez, “hitanoa erregistro bizia eta lagunartekoa izanik, ikasleek modu jolasti samarrean eta testuingurutik hurbil lantzeko proposamena egin da”. Esaterako, LHko ikasleek ingurukoei inkestak egiten dizkiete hitanoaren inguruan, eta gelan landutakoarekin AzpeitHika kartel erakusketa osotu izan dute azken urteetan, Sanagustin Kulturgunean. Esketxak, inkestak, azpeitiarrek  hitanoarekin izandako bizipenak grabatzea… hamaika bide erabiltzen dituzte hitanoa lantzeko.

Neska eta mutilen arteko aldea

Ikasleentzat hitanoa ez da kontu arrotza; neurri handi edo txikiagoan, umetatik bizi izan dute inguruan. Ana Garate Karmelo Etxegarai ikastolako irakaslearen hitzetan, “bakarren batzuk egongo dira lanketarekin zerotik hasiko direnak, baina gehienek txikitatik dute harremana hitanoarekin”. Ama hizkuntza euskara dutenek maiz entzuten dute etxean eta lagunartean; ama hizkuntza euskara ez dutenak, aldiz, geroago jabetzen dira euskaraz komunikatzeko modu horretaz.

Ezagutzak ezagutza, erabileran alde nabaria dago nesken eta mutilen artean. Edurne Illarramendi Iraurgi ikastetxeko irakaslearen esanetan, “mutilek bai, erabiltzen dute beren artean, baina neska batzuentzat arrotza da”. Arrazoiak ez dira garbiak, baina antzeman dute neska batzuentzat hitanoak ez duela prestigiorik: “Zenbait neskak dio horrela ezin dela hitz egin esaten diotela etxean, edukazio txarrekoa dela”. Ideia horiei buelta ematen eta hitanoari balioa ematen jarduten dute saioetan.

Horrez gain, irakasleek azaldu dute noka gutxi erabiltzen dela ikasgeletan. Ikasberri ikastolako Marijo Ezama DBHko irakaslea da, eta azaldu duenez, “mutilak neskei askotan toka zuzentzen zaizkie, eta neskek ere batzuetan toka egiten dute euren artean”. Ezamaren ustez, ohitura horietan eragitea ez da erraza, are gutxiago nerabezaroan: “Guk zuzen edo egoki nola den esaten badiegu, eurek kontra egiten digute, adin horretan daudelako edo”. Kontzientziazio lana egiten ari da behintzat, eta denborarekin horrek erabileran ere eragina izatea espero du: “Agian, 18-20 urterekin beste klak bat izango dute”.

Edurne Illarramendik gaineratu du mutil batzuk, euren artean hika egin arren, neskei zuka egiten dietela: “Zergatia galdetuz gero ez dakite erantzuten”; halaxe irteten zaie, berez, inkontzienteki. Ana Garateren hitzetan, “neskek hika gutxiago egiten dutenez, horregatik agian mutilek ere gutxiago egiten diete beraiei hika”.

Hiru irakasleek azaldu dute ikasleentzako gaia motibagarria dela. Erabileran eragitea hain erraza ez bada ere, kontzeptuak barneratzen ari direla ikusten dute, eta lanketa horrek urteen poderioz erabileran eragina izango duela uste dute.

Kaleko datuak

Euskararen kaleko erabilera neurtzen hainbat urtetako eskarmentua du Soziolinguistika Klusterrak. 2016an, lehenengoz, kale neurketa horien baitan hitanoaren erabilera ere neurtu dute, Azpeitian eta Usurbilen. Azpeitiko neurketan, kaleko elkarrizketetatik %18,1 izan dira hitanoz.

Neurketak baieztatu du herrian zegoen pertzepzioa eta Azpeitiko irakasleek ikasgeletan hauteman dutena: gizonek emakumeek baino gehiago erabiltzen dute hitanoa; gizonezkoen artean, neurtutako elkarrizketen %28,2 izan dira hitanoz, eta emakumezkoen artean, aldiz, %10,6. Nokaren erabilera ere, txikia da tokaren aldean: jasotako elkarrizketetan %45,1 toka ari ziren; %37,2 hika neutroan –zein formatan ari ziren baloratu ezin izan den hika–; eta %17,5 noka.

Adinari dagokionez, adinekoek erabiltzen dute gehien, %29,8k. Helduen arteko elkarrizketetan, %23,5 izan dira hitanoz, eta gazteen artean, %25. Haurren artean, berriz, %5ak egin du hitanoz kale neurketan jasotakoaren arabera. Nokaren erabilera dela eta, nagusienek erabiltzen dute gehienbat; solaskideak gero eta gazteagoak izan, noka gutxiago. Gazteen adin-tartean, elkarrizketen %15,1 toka izan dira, %8,1 hika neutroan, eta %1,7 noka. 

Neurketaren emaitzak baloratzerakoan, Josu Labaka euskara zinegotziak esan du datuak tentuz hartu behar direla: “Ikerketak erakutsi du hitanoa erabili erabiltzen dela, asko edo gutxi esaten ez dakit; beste herri batzuekin alderatu beharko genuke”. Egoeraren argazkia edukitzeari eman dio garrantzia Labakak. Hitanoaren transmisioarekin jarraitu eta hemendik denbora batera beste azterketa bat egitea da asmoa, Azpeitiko hitanoak datozen urteetan zer bilakaera izango duen ikusteko: “Asmoa da bide bat eraikitzea hitanoaren inguruan, berau aztertu eta sustatzeko”. Azpeitiko esperientzia beste herri batzuentzat ere baliagarria izatea espero du euskara zinegotziak.

Azpeitian, geldirik, behintzat, ez daude. Bertako hizkeraren transmisioari lotuta hainbat ekimen egiten ari dira. Izan ere, hitanoaren lanketaz gain, Natul elkartearen lana ere aipatzekoa da; Azpeitiko euskarazko hitzak eta adierak berreskuratu nahian ari dira, bertako kale hizkerari balioa emateko helburuarekin. Josu Labakak nabarmendu duenez, “gure aldaeraren aberastasuna eta adierazkortasuna lantzea erabilera sustatzeko modu bat da. Euskarak berak ematen dituen tresnak mahai gainean jarri eta sustatzea da helburua”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hitanoa
Urrezko arau bat

Hika edo hitanoari buruz ari garela, edo, hobeto esanda, hitanoa “zuzen” erabiltzeari buruz ari garela, tarteka-marteka pizten denez debate txikiren bat –dela sare sozialetan, dela oraindik bizitza erreala deitzen diogun horretan–, ez ote den komeni hemen... [+]


Hitanoak generoan eragiten dituen zapalkuntzak, gogoetagai

Zergatik ari dira gizonak, lagun talde batean, euren artean hitanoa erabiltzen, gizonak ez diren bestelako gorputz eta identitateak ere zirkulu horretan baldin badaude? Zer esan nahi du horrek? Zer sentsazio sortzen dira? Eta horri aurre egiteko, emakumeek ere hitanoa erabiltzea... [+]


%11k baino ez du uste bere herrian hitanoa egoera onean dagoenik, inkesta baten arabera

Badihardugu euskara elkarteak egindako inkestaren arabera, parte-hartzaileen %55,6k dio bere herrian hitanoaren egoera kaskarra edo oso txarra dela. %5ak baino ez du uste bere herrian nokaren egoera ona denik eta tokaren kasuan %24k.


2023-12-04 | Sustatu
Aldaera berriak hitanoa sustatzeko Appa Hi aplikazioan

Hitanoa praktikatu eta ikasteko Appa Hi aplikazioak aldaera desberdinekin probatzeko aukerak gehitu ditu azken egunetan. Batetik, Eibarko hitanoa gehitu zaio, eta bestetik Leintz haraneko zenbait herritako formak ere bai: Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz... [+]


2022-11-21 | Sustatu
Hikaldia ere martxan da Goierrin Euskaraldiarekin batera

Euskaraldiarekin batera, Goierri aldean Gipuzkoan beste ekimen batean ari dira egun hauetan: Hikaldia. Aittu euskara elkarteak antolatzen du, bikoteka aritzeko lehiaketa bezala. Hitanoz egiteko ariketa batzuk proposatu dira, eta audio bidez grabatu behar dituzte... [+]


Eguneraketa berriak daude