Aiora Eizmendi Otaegik (Errezil, 1997) Administrazio eta Finantzako Goi-mailako Zikloa egin zuen eta urte batzuetara Lehen Hezkuntzako Gradua egin zuen EHUn. Uztaro aldizkarian argitaratu ditu "Arnasgune bateko haurrak eta hitanoa: hastapena eta helduen begirada" ikerlanaren nondik norakoak eta berarekin izan gara gaiaz hitz egiteko.
Hitanoa jarri nahi izan duzu erdigunean. Zergatik?
Gipuzkoa erdialdeko herri txiki batekoa izanik, ingurune erabat euskaldunean hazi eta bizi naizela esan dezaket. Egunerokotasunean komunikatzeko euskara erabiltzeaz gain, euskarak barne hartzen duen tratamendu hau hurbiletik entzun eta ezagutzeko aukera izan dut. Betidanik entzun izan dut inguruan hitanoa, familian, kalean nahiz lagun artean, baina entzun soilik, erabilerarako pausoa oso ingurune txikian eman dut. Egoera hau gero eta ohikoagoa den irudipenetik abiatuta, honen arrazoia edo jatorria ulertzeko asmoz jarri dut hitanoa erdigunean.
Gipuzkoako herri txiki batean kokatu duzu ikerketa. Zergatik?
Lehen Hezkuntzako Graduak praktikaldiaren bidez eskola nahiz ikasleak hurbiletik ezagutzeko eskaintzen digun aukera eta hitanoaren gaia uztartuz, haurrek hitanoan dituzten hastapenak ezagutzea izan da helburua. Horretarako, bizi izan dudan antzeko testuinguru bat duen ikastetxe bat hautatu nahi izan dut, ingurune euskaldun bateko herri txiki bat.
Eskola-ingurunea, familia, generoa... haurrak hitanoa erabiltzen hasteko eragina duten zer aldagai hartu nahi izan dituzu kontuan?
Haurrak hitanoa erabiltzen hasteko garaian eragina izan dezaketen ahalik eta aldagai gehien kontuan hartzen saiatu naiz ikerketan, praktikaldiak eskainiriko aukera baliatuz, haurrak nahiz haurren ingurunea hurbiletik ikertzeko. Familia, lagunartea eta eskola izan dira ikerketa egiteko garaian kontuan hartu ditudan taldeak, bertan aurki daitezkeen aldagai eta harreman mota ezberdinekin. Hau guztia generoarekin ahaztu gabe, hitanoaren erabileran generoak duen zeresana ikusita, tratamendu honen lehenengo pausoetan aldagai horrek dakartzan ezberdintasunak kontuan hartzea garrantzitsua baita.
Zein izan da prozedura?
Ikerketarako datuak biltzeko, behaketa, elkarrizketa eta galdetegiez baliatu naiz. Lehendabiziko pausoa, behaketak egitea izan da, haurrek egunerokotasunean egiten duten hitanoaren erabilera ezagutzeko.
Adin nahiz genero ezberdineko ikasleen behaketetan lortutako datuak aztertuta, adin bakoitzeko 3 ikasle-profil ezberdin identifikatu ditut bakarkako elkarrizketa eginez haien hitanoaren erabilera eta hitanoarekiko duten pertzepzioa sakonago ezagutu ahal izateko. Aldi berean, irakasleen eta gurasoen artean galdeketa bana zabaldu dut haurren ingurutik zuzeneko informazioa jaso ahal izateko.
Zer ezaugarri ageri dira haurra hitanoa erabiltzen hasteko? Zer diote emaitzek?
Gaur egun haurrek parekoekin praktikatuz ikasten dute hitanoa, entzule soil gisa jokatu beharrean erabiltzaile gisa ere jokatuz. Noski, horretarako ezinbestekoa da tratamendu hau ezagutzea eta ondorioz inguruan entzutea, baina argi geratu da entzutea bezain garrantzitsua dela erabiltzea. Hika hitz egiten dutenen artean generoaren eragina nabaria izan da, mutilen artean hitanorako jauzia modu naturalean egiten den moduan, nesken artean nekezago gertatzen baita.
Hitanoaren erabileraren joera beheranzkoa dela diozu... Nola eten joera hori?
Belaunaldiz belaunaldi hitanoarekin lotu diren estereotipoak gainditu behar dira, tratamendu hau genero guztietara zabaldu eta ingurune ezberdinetan bizirik mantentzeko. Horretarako haurrek eredu anitz eta sendoak izatea beharrezkoa da, erreferente diren guraso nahiz irakasleengandik hitanoaren erabilera jasoz, jakina den moduan entzuten edo erabiltzen ez denak izateari uzten baitio. Aurrez aipatu moduan, erabiltzea da gakoa, beste edozein hizkuntza bezala, hau ere erabiliz ikasten baita ondoen.
Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Oso garrantzitsua iruditzen zait horrelako plataformek egiten duten lana, gai ezberdinei buruzko datu nahiz informazio ugari eskaintzen baitigute.
Hika edo hitanoari buruz ari garela, edo, hobeto esanda, hitanoa “zuzen” erabiltzeari buruz ari garela, tarteka-marteka pizten denez debate txikiren bat –dela sare sozialetan, dela oraindik bizitza erreala deitzen diogun horretan–, ez ote den komeni hemen... [+]
Zergatik ari dira gizonak, lagun talde batean, euren artean hitanoa erabiltzen, gizonak ez diren bestelako gorputz eta identitateak ere zirkulu horretan baldin badaude? Zer esan nahi du horrek? Zer sentsazio sortzen dira? Eta horri aurre egiteko, emakumeek ere hitanoa erabiltzea... [+]
Badihardugu euskara elkarteak egindako inkestaren arabera, parte-hartzaileen %55,6k dio bere herrian hitanoaren egoera kaskarra edo oso txarra dela. %5ak baino ez du uste bere herrian nokaren egoera ona denik eta tokaren kasuan %24k.
Euskaraldiarekin batera, Goierri aldean Gipuzkoan beste ekimen batean ari dira egun hauetan: Hikaldia. Aittu euskara elkarteak antolatzen du, bikoteka aritzeko lehiaketa bezala. Hitanoz egiteko ariketa batzuk proposatu dira, eta audio bidez grabatu behar dituzte... [+]
Aste honetan jarri da app dendetan Appa Hi! aplikazioa, Oñatiko hitanoa ikasten laguntzeko sortua. Aplikazioa da Ingo Xonau! proiektuaren parte da, hitanoa herri hizkeratik ez desagertzeko ekimen bat, Oñatin garatua.
Gaueko hamarrak dira Axular kultur elkartean. Edalontzien txilin-hotsek bat egiten dute noizbait jendearen berbaroarekin, eta ingurumarian nagusi dira garagardoa, kea eta Arratiko gazteen itzalak. Azken horiek hor-hemenka dabiltza, barreka, kontu kontari, Igorreko herriko... [+]
“Xaukena xauk!” esaten omen dute oñatiar gazteek “besterik ez zegok!” adierazteko. Boladan jarri omen da esaera. Hikako forma horren erabilera, ordea, ez da hitanoaren osasun onaren adibide. Mutilek hala moduz darabilte toka, “xaukena... [+]
Ingo Xonau! proiektua aurkeztu genuen larunbat goizean, Oñatin. Hika dakiten emakumeen argazkia atera, Lazarraga lorategian, eta ondoren ekitaldia egin genuen Santa Ana antzokian. Emanaldian erakutsitako bideoa sarean ipini dugu gaur!
“Hitano ikastaroa egin dut”; “Hara ba, ni neu oraintxe hastekoa naiz!”; “Beste hari entzun diot bere herrian ere antolatu dutela”. Batean eta bestean, halako elkarrizketak entzuten dira, beti ere, Gipuzkoan. Ikastaroak inoiz baino gehiago... [+]
Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko tresna izenburupean, egun osoko jardunaldiak izan ziren atzo, zapatua, Emakumeen Txokoan.
Ezertarako balio ez duena, baserrikoa, gizon plantak egitekoa, zakarra, zatarra, mari mutilena, bortitza, harrotutakoan erabiltzekoa, baita bekatua ere. Nokari halako ‘harribitxiak’ atxiki zaizkio urte luzez. Emakume femenino eta aratza izan nahi zuenak ahalik eta... [+]