AntzerkHizkuntza

Lotsak ahaztuta, euskarara hurbildu

  • AntzerkHizkuntza proiektuan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako neska-mutilak euskaraz hitz egitera ausartzeko bitartekoa da antzerkia. Bilboko Ave María ikastetxean B eredua dute eta urteak dira antzerkia baliatzen dutela.

Dabi Piedra
2017ko maiatzaren 07a
Imanol Canales irakaslea: “Batzuetan, ikasleek gidoia ahaztu eta inprobisatu egiten dute. Horrek kezkatu egiten ditu, baina irakasleok pozez hartzen dugu, euskaraz inprobisatu dutelako, hori aurrerapausoa da!”. Argazkian, Bilboko Ave María ikastetxeko ika
Imanol Canales irakaslea: “Batzuetan, ikasleek gidoia ahaztu eta inprobisatu egiten dute. Horrek kezkatu egiten ditu, baina irakasleok pozez hartzen dugu, euskaraz inprobisatu dutelako, hori aurrerapausoa da!”. Argazkian, Bilboko Ave María ikastetxeko ikasleak saio betean. Argazkia: Aritz Loiola.

Gaur egun, nerabe askok ikasgelan dute euskararekin harreman bakarra. Maiz, gainera, norabide bakarreko komunikazioa da: irakasleak euskaraz, ikasleek erdaraz. Edo bestela, isilik, beren euskara traketsa delakoan, erdaraz erosoago baitaude. Gazteei konplexuak gainditzen laguntzera eta modu ludikoan euskararen erabileran eragitera dator AntzerkHizkuntza proiektua. Irakasleak ez ezik, ikasleak ere pozik uzten dituen metodoa da, kurtso amaierako inkestak aintzat hartuz gero.

Bakoitzak bere buruaz duen pertzepzioa hobetzea eta konfiantza sendotzea dira AntzerkHizkuntzaren oinarriak. Proiektuaren koordinatzaile Garikoitz Lasak azaldu digunez, Lehen Hezkuntzako 4. mailatik Bigarren Hezkuntzara arteko ikasleekin lan egiten dute. Adin horretan, gazteek beren burua oso zorrotz epaitzen dute, lagun-taldean integratzea funtsezkoa baita. Erdaraz erosoago aritzen direnek nahiago izaten dute euskara baztertu, ingurukoen aurrean barregarri geratu baino.

Konplexu horiek gainditzeko tresna aproposa da antzerkia: gaitasun linguistikoak ez ezik, norbere buruaren kontrola lantzen da, talde-lana baloratzen ikasten da eta lotsa galtzen da. AntzerkHizkuntza klase orduetan lantzen dute. Ikasturtean zehar, astero ordubete eskainita, antzezlan bat prestatzea da neska-mutilen zeregina. Garikoitz Lasak argi eta garbi dio antzerkia ez dela helburua, bitartekoa baizik. “Denek antzezlanaren parte izan nahi dutenez, oso motibatuta egoten dira eta horrek euskararen aldeko jarrerak hartzera eramaten ditu. Guk nahi dugu haiek konturatu gabe ikastea, ondo pasatuaz”.

Argazkia: Aritz Loiola.

2009an ekin zioten egitasmoa eskolaz eskola eramateari. Bilboko Txurdinaga auzoko Berritzeguneko arduradunak esan zien proiektu ona zela, baina normalean halakoak ingelesa lantzera bideratzen direla. “Euskara teknikari hori euskaltzale sutsua da eta egitasmoa euskaraz mantentzeko eskatu zigun, –oroitu du Lasak–. Eta hala eutsi diogu, proiektu hau hizkuntza normalkuntzarako pentsatua da, eta euskarazkoa izango da beti”. Orain arte, Bizkaian landu dute (Barakaldon, Bilbon, Erandion, Igorren, Sopelan…), baina Arabara eta Gipuzkoara hedatzeko prest daude.

Giro euskalduneko zein erdalduneko ikasgela izan, ekimen eraginkorra da, euskaraz ondo hitz egitea ez baita parte hartzeko baldintza, euskaraz hitz egiteko gogoa baizik. “Batzuek erdarara jotzen dute, eta guk euskarara bideratzen ditugu, –dio Lasak–, ahalegina eskertzen diegu, errefortzu positiboaren bidez, euskaraz zein ondo ari diren esanez”.

Lasak onartu du, gramatikan behintzat, askorik ez dietela irakasten. “AntzerkHizkuntzan gauzak oker esan daitezke”, euskaraz esatea da kontua. Lasak eta bere kideek ere ez dute euskara jasoa erabiltzen ikasgelan, hizkera “probokatzailea” baizik, erdarakada eta guzti. “Nik ez dut eredu egokia izan nahi, eredu baliagarria baizik”. Behin euskaraz hitz egiteko ohitura hartuta, egongo da astia hobetzeko.

Gaitasunak lantzen

Orain arte euskaraz hitz egiteko gogorik izan ez duen ikaslea nola erakartzen du AntzerkHizkuntzak euskarara? Motibazioa eta inplikazioa dira giltzarriak. Ikasgelan gogaituta egon beharrean, astean ordubete jarduera dibertigarri bat egiten pasatzeko aukera ematen die antzerkiak. Denek parte hartu nahi dute, eta horretarako euskara behar dute. Lotsak ahazteko ingurune egokia da gainera: “Beren burua probatu dezakete besteen aurrean, baina esparru babestuan”.

Argazkia: Aritz Loiola.

Ikasleen artean egundoko aldeak daude, euskara mailan eta jarreran: lotsatiekin eta zaratatsuekin ezin da berdin jokatu. Lehenengoei diren bezalakoak agertzen laguntzen diete, taldearen onarpena sentitzen; bigarrenei ingurukoak errespetatzen irakatsi behar diete. Koordinatzailearen esanetan, ikasturteak aurrera egin ahala, nabarmen hobetzen da taldearen kohesioan eta kide guztien konfiantzan. Horrek eragin positiboa du euskararen erabileran, baina onurak ez dira linguistikoak soilik, ikasleentzat probetxugarriak diren beste zenbait alor ere hobetzen dira. Taldean lan egiteko gaitasuna, esaterako.

Helburuak betetzeko, ezinbestekoa da talde bakoitzaren ezaugarrietara egokitzea. Tutorearen lana garrantzitsua da; AntzerkHizkuntzako kideek eta tutoreek etengabeko komunikazioa dute. “Hasieran, tutoreek ikasleen inguruko informazioa ematen digute. Adibidez, ikasle bat lotsatia dela esaten badigute, modu indibidualean esku har dezakegu”.

Era berean, ikasleak hobeto ezagutzeko bidea da tutoreentzat. “Irakasleari tresna bat eskaintzen diogu, taldea ahoz nola moldatzen den entzuteko aukera dute, askotan euskara idatziz baino ez dutelako landu ahal izan”.

Ave María ikastetxearen esperientzia

Bilboko Ave María ikastetxean aspaldi hasi ziren AntzerkHizkuntza lantzen. Bigarren Hezkuntzako 3. mailan, B ereduan, irakasle dabil Imanol Canales Arrasate, eta kurtso hasieratik amaierara ikasleen jarreran igartzen den aldea nabarmendu du. Ave María bezalako ikastetxeetan, halako proiektuak oso lagungarriak dira. “Euskaraz jakin gabe heltzen diren zenbait etorkin ditugu, gainera B eredua da gurea eta, beraz, ikasleek kontaktu gutxi dute hizkuntzarekin”, azaldu du Canalesek. “Uste dut ikastetxeko euskara maila gora doala urtetik urtera eta AntzerkHizkuntzak badu zerikusia”.

Argazkia: Aritz Loiola.

Euskararen erabilera indartzeko programazioan AntzerkHizkuntza sartzea erabaki zuten, baina abantaila gehiago ere aurkitu dizkiote Ave Maríakoek: “Taldeen kudeaketan eta gorputz espresioan aurrerapenak dakartza”, –dio Canalesek–. “Batzuetan, ikasleek gidoia ahaztu eta inprobisatu egiten dute. Horrek kezkatu egiten ditu, baina irakasleok pozez hartzen dugu, euskaraz inprobisatu dutelako, hori aurrerapausoa da!”.

Beti ezin dira helburuak bete, Garikoitz Lasak aitortu du talde aldrebesak ere suertatzen direla. Baina, oro har, esperientzia positiboa izaten da. “Zoragarria da irakasle batek esaten dizunean ikasle hau edo hura hobera aldatu dela”, dio Lasak. Ikasleak ere pozik aritzen dira. “Hasieran, askok ez dute antzerkirik egin nahi, baina ikasturteak aurrera egin ahala inplikatu egiten dira eta amaieran, egindakoaz harro daudela esaten digute”. Halakoak entzutea “ekaineko paga estra” da AntzerkHizkuntzakoentzat.

Hizkuntza ohiturak aldatzea ez da erraza, helburuak lekuan lekuko errealitatera egokitzea da gakoa, Lasak azpimarratu duenez: “Guk ez dugu miraririk bermatzen, baina urtero gertatzen dira. Oso ikasle gutxirentzat pasatzen gara oharkabean”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Euskararen erabilera  |  Antzerkia  |  Hezkuntza  |  Bilbo

Euskararen erabilera kanaletik interesatuko zaizu...
Plazeretik euskarari errazago eusten zaio

Zazpi egun. Hamazazpi gazte. Bost begirale. Hamaika bizipen. Elkarren arteko lotura euskara. Horrela topatu ditugu Zestoako Sastarrain baserri-eskolan UEMAk udalerri euskaldunetako gazteentzat antolatutako Salto! udalekuetan parte hartutako lagunak.


2018-07-22 | Igor Agirre
Aldibereko itzulpena
'Belarriprestak' agerian gelditu dira Bergaran

Aldibereko itzulpenak egiteko tresneria dute Euskal Herriko hainbat udalek, Bergarakoak tarteko. Itzultzaile profesionalen beharrik gabe bilerak euskaraz egin ahal izatea bermatu du sistemak. Aranzadi Ikastolako guraso bileretan, hizkuntza gatazka-iturri izatetik, normaltasunera eramatea lortu du aldibereko itzulpenak.


Belarrifest

Pasaidazu txapa, maitea, azkenean ulertu dut-eta txistea. Aitortzen dut arinegi deskalifikatu nuela euskaltzaletasun zentralizazalearen jokaldi berri irudimentsua, “orain Belarriprest txapa euskaraz oso ondo mintzatzen diren baina hitz egin nahi ez dutenek ere eraman ahal izango dute, borondate onaren seinale”.


2018-07-09 | JJ Agirre
Esentzialistak gara laino artean?

Hirigintza batzordearen bilera udaletxe abertzale batean:  alkatea, bi zinegotzi abertzale eta idazkaria, elebidunak. Bi zinegotzi unionista eta Udalak kontratatutako eraikuntza-enpresako ingeniaria, espainieradun elebakarrak.Bilera luze doa, eta kafea hartzeko etena egin dute. Tarte horretan, bi zinegotzi abertzaleak euskaraz hasi dira euren artean. Bat-batean, bertan zen ingeniariak zakar: “¡A hablar en vasco a la calle!”. Eta zinegotzi unionistak: "Eso!... [+]


2018-07-05 | Nahia Ibarzabal
Desgaztearekin batera deseuskalduntzea gertatzen al da?

Euskararen jakintza maila neurtzeko froga egin du Allartean blogak. Adinak gora egin ahala, euskararen erabilerak behera egiten du Eustat-eko datuak hartuz.


2018-06-29 | ARGIA
110 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute euskararen erabilera aktibatzea helburu dutela

EuskarAbentura du izena egitasmoak eta uztailean ia 500 kilometro egingo dituzte oinez Done Jakue bideak erabiliz. Egitasmoak euskara du ardatz eta euskal ondarea ezagutzeko geldialdiak egingo dituzte.


Beñat Garaio eta Ane Pedruzo
"EuskarAbentura hiztun gazteen aktibazio dinamika da, udaldian beteko dena"

Euskaldunaren aktibazioa helburu, hamaika ekimen berritzaile dira bazterretan. Horietan bat da EuskarAbentura, uztailaren lehenengoan Maulen hasi eta hil beraren 31n Getxon amaituko den ibilia. Zazpi euskal herrietako 110 gaztek hartuko dute parte; tartean, bi diasporakoak izango dira, bata Argentinako Patagoniakoa eta bestea AEBetako Washington Hirikoa. Ane Pedruzo Redondo (Gasteiz, 1985) Oihaneder Euskararen Etxeko teknikaria, eta Beñat Garaio Mendizabal (Gasteiz, 1990),... [+]


"Mingaina dantzan" kanpaldia
Gaztetxoek euskaraz gehiago egiteko erremintak esperimentatzen

2017ko uda, Mundaka. Mingaina dantzan udalekuak antolatu zituzten Eusko Jaurlaritzak, Ebete hizkuntza-aholkularitza enpresak eta Ttakun Kultur Elkarteak. Helburua: 13-14 urteko gaztetxoek euskaraz ahalik eta gehien egitea. Baziren beste bi helburu ere: nerabeek ondo pasatzea eta erabilera areagotzeko tresnen baliagarritasuna probatzea. Nerabeak poz-pozik itzuli ziren etxera eta antolatzaileek esperimentua errepikatzea erabaki zuten. Uztailean Berrizen elkartuko dira gaztetxoak eta begiraleak.


2018-06-04 | Euskara ari du
Hernanin dagoeneko 703 erronkalari egunero euskarari eusten

Jada 703 erronkalari daude Hernanin Euskara Ari Du kanpainarne barruan. Kopuru ederra, eta, elkarrekin gero eta jende gehiago bilduko dugu erronka hartzera, urtea bukatzeko oraindik asko falta da eta. Zorionak erronkalari guztioi hizkuntza-ohiturak aldatzeko apustuari heltzeagatik!


2018-05-27 | Ainhoa Bretos
"Mendian ere Euskaraz"
Zortzi mendi talde eta euskara elkarte baten proposamena

“Mendian ere euskaraz” egitasmoa aurkeztu dute hainbat mendi taldek maiatzaren 17an, Donostian. Mendian ere euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzea dute helburu nagusia, baita arnasgune hori euskaldun jendeari agerraraztea ere. Horretarako, mendi irteera bateratua antolatu dute maiatzaren 27rako.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude