“Alkate joan eta mutil-dantzan ez parte hartzea ez zen aukera”

  • 2013an Elbeteko mutil-dantzan irainka hartu zuten Baztan bailarako alkate eta ordezkari gorena. Garbiñe Elizegik esku bete lan izan zuen lau urteko agintaldian: ohiko eginbeharrak ez ezik, mutil-dantza parekidearen aldeko borroka eta Aroztegia kudeatu behar izan zituen. Hertsi gabeko zauriak dira biak ere Baztanen.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Garbiñe Elizegi Narbarte (1975, Pomona, Kalifornia)

Los Angeles ondoko Chinon hazia 9 urte zituen arte. Lekarozen bizi izan zen guraso eta senideekin 18 urte bete bitartean. 1998an Kalifornian zen, 22 urterekin, erizaintza ikasten. Baztanen zen berriz 2002an. 2005ean, Darfurreko kanpamenduetan egin zuen lan sei hilabetez, eta erizain lanean zen Baztanen 2008an. 2011n, Baztango alkate zen. Garai intentsitate handikoak eta atseden sasoiak tartekatuak ageri dira Elizegiren bizian.

Korrika eta presaka etorri gaituzu Baztanera. Garbiñe Elizegi badoa Amerikara kurri, itzulerako bidaia-txartelik gabe.

Baztan maite dut, Euskal Herria maite dut, baina aldika deskantsua behar dut, hemendik joan eta bertze toki batzuetan eman denboraldia. Horrela egin izan dut ahal izan dudanetan.

Darfurren zinen 2005eko Eguberrietan, Sudanen. Gogorra behar du gerrak.

Bai. Estres postraumatikoa zen ez dakit, baina urtebete eman nuen handik honat etorri eta errekuperatzen. Gauza gogorrak ikusiak nituen San Frantziskoko ospitaleko lanean, baina Darfurren ez zen deskantsurik, 24 ordu ginen ospitalean. Itzuleran, txokea. Hango errealitatea, batetik, hemengoa, bertzetik. Europarrok eta gure gobernuek duten arduraz jabetu eta nekez onar nezakeen egoera. Nik bezala, kooperante anitzek bizi du ezinegon hori. Uste dut gehiago den lehenbiziko esperientzia zelakoz. Gerratik etorria nintzen, haurrak hiltzen ikustetik, eta hemen, aldiz, autoa ezin aparkaturik ibiltzea zen afera handiena. Erratekoz.

Zuzeneko gerra erasorik bizi izan zenuen?

Ez, zaurituak bertzerik. Nire zenbait lankidek bai, erasoak ezagutu zituzten, eta bortxatu ere egin zituzten batzuk. Bazen errebeldeek hartutako herria, gobernuak abandonatua, eta han ospitale bat, guk, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak, lanerako hartua. Gobernuak herria eta ospitalea bonbardatzeko arriskuan ginen. Bertzalde, baziren paramilitarrak, janjaui-ak, zaldiz ibiltzen zirenak, herriak erre –lastozko etxeak baitziren– eta emakumeak bortxatzen zituztenak. Horixe zen haien “borroka”. Ospitaleko lana ez ezik, borroka izandako lekuetara joaten ginen, ihesi joandako jendeari laguntzerat. Desertua zen hura. Toki idorra. Oxfam, Gurutze Gorria, Gosearen Aurkako Ekintza… han ginen denok.

Ondoriorik badu Gobernuz Kanpoko Erakundeek egiten duten lanak?

Eztabaida hori hor da beti gure artean ere. Erakunde horien lana ez da soluzioa, baina horien laguntzarik gabe, bizirik dagoen jende anitz hila zegokeen honezkero. Toki anitzetara ez da laguntzarik heltzen.

Beharbada, gaizki egina da galdera. Beharbada, galdetu behar nizun zerengatik den gerrarik han edo hemen.

Gobernuek dute ardura, gure gobernuek. Munduan diren gerrak Europak eta AEBek kontrolatzen dituzte. Ez dut zalantzarik horretan. Horrekin batera dago guk “zirku humanitarioa” deitzen genuena. Tartean, Gobernuz Kanpoko Erakunde pila. Pila. Gerra sortzen duten gobernuen finantzazioaz bizi dira, independentziarik gabe… Dilemak anitz dira egunero, eta koherentziari eustea, berriz, gauza zaila. Eztabaida beroak izaten ziren gure artean ere.

Erdizko harrobiaren hotsak isildu dira. Aroztegia, berriz, hor da. Leitu dudanez, Baztango udala prest legoke golfa, hotela eta apartamentuak onartzeko, bailarako turismoa azkartzeko baldin bada. Hala ere, ez dago prest etxebizitza unifamiliarrak eraikitzen uzteko, espekulazioa argudio. 500.000 euroko balioa duen zoruak, 36 milioiko balioa izango omen luke.

Hori da estimazioa… Ez dakit nondik hasi ere. Batetik, Baztan goxoki hutsa da, Euskal Herriko udalerririk zabalena, lurren %80 komunala da hemen. Bertzetik, landa eremuetan dira baliabide naturalak; hiriak dena jana du, eta bertzalde, han bizi da jende gehiena, herriarekin eta naturarekin harremanik gabe. Alderdi politikoak ere boto kontaketaren jokoan erorita daude, eta botoak hirian daude. Anitzetan saldurik gaude. Multinazionalak, kapitala, lurra bereganatu nahi dutenak, hor daude beti baina horrekin batera, alderdietako aparatu ofizialak, parlamentua eta bertze, bigarren mailakotzat dituzte herrietan gertatzen diren aferak. Guretzat, berriz, Aroztegia da Baztan hankaz gora jartzea.

Zertan hankaz goratzen du Aroztegiak Baztan?

Hemengo egitura sozial eta urbanistikoa iraultzen du. Hor duzu, adibide, Lapurdiko itsasertza. Bertze hainbat adibide dituzu Espainiako Estatuan. Proiektu politiko jakin baten defentsa zilegi da, baina herritarren kontrako, Udalaren eta Batzar Nagusien kontrako erabakia hartu eta inposatzea ez da onargarri. Nafarroako “aldaketaren” gobernuak UPNk bezalaxe jokatu du Aroztegian. Gobernu hori babesten duten alderdiei, bertzalde, gaia ez zaie aski garrantzitsua iruditu; behinik behin, ez dute haren jarduera kondizionatu. Hiru alderdiek elkartuta badute aski indar afera bideratzeko, bertze zenbait gairekin egin duten gisan.

Zein dira Aroztegiaren bultzatzaileetan?

Caixa Galiciaren higiezinak berea zuen akzioen %50. Erreskatatutako bankuak. Baztango enpresaburu horiek, berriz, Baztan “salbatu” nahi dute, lanpostuak sortu… turismoaren bidez. Hiritik hori da beti ikuspuntua, landa eremuarekiko diskurtso paternalista hori. Bertzalde, Baztanen beti izan da elitea, eta elitea den tokian erresistentzia ere bada. Erranen nuke erresistentzia fuerte dagoela Baztanen, fuerteago nahiko genuke, baina Erdizko harrobiaren proiektua geraraztea lortu genuen, udala %100 kapitalaren alde zegoenean. Aroztegia geldiaraztea ere lortu genuen, baina PSISaren [Udalaz Gaindiko Intzidentzia duten Plan eta Proiektu Sektorialak] bidez saiatu ziren orduan, eta hor ari gara, borrokan.

Garbiñe Elizegi, Aroztegiaren epaiketara sartu aurretik, 2016ko azaroaren 8an. Argazkia: Idoia Zabaleta / Argazki Press.

Aroztegia aferak salaketak ekarri dizkizu…

Hiru salaketa judizial ditut gainean. Hiruak Palacio de Aroztegia enpresak jarritakoak. Lehenengoa, hauteskunde biharamunean jarri zuten, alkate nintzela, proiektua “pelotazo urbanistikoa” zela errateagatik. Bigarren salaketaren arabera, prebarikazioa leporatzen digute Baztango gaur egungo alkateari [Joseba Otondo] eta bioi, alkate ginela proiektuaren aurkako erabakiak hartzeagatik. Hirugarren salaketa Aroztegia… eta gero zer? plataformako kide nintzela prentsaurreko batean parte hartzeagatik jaso nuen, beste sei lagunekin batera. Irainak leporatzen dizkigute, eta 50.000na euroko isuna eskatzen.

Baztango alkate zinela oihuka eraso zintuzten 2013an Elbeteko jaietako mutil-dantzan.

Gure analisiaren arabera, aldaketa anitz gertatzen ari ziren Baztanen, erresistentziak antolatzen ari ziren zenbait arlotan, eta bailarako eliteak gotortu egin ziren. Mutil-dantza, berriz, botere erakustaldia izan da anitzendako. Dirudun gehien dagoen herrietan, erdaldun gehien, boterearekin lotura handiena dutenetan gotortu dira eliteak. Ez da kasualitatea. Bertzalde, espero ez zena gertatu zen udalean, eliteekin loturarik ez zuten talde arras gazteak lortu zuen alkatetza, eta buru, emakumea, eta feminista. Artaldetik ateratzen denak mesfidantza sortzen du, eta gu ez ginen artaldekoak. Ez genuen elizako biderik ere egiten.

Mehatxuak jasoa zara mutil-dantzen kontura.

Ez ni bakarrik. Alkate izan aurretik plazara ateratzen baginen ostiaka aterako gintuztela erran ziguten. Alkate nintzela, berriz, a egunkarian argitaratu zituzten zenbait eskutitzetan, udalera igorritako eskutitz anonimoetan, mehatxuak eta irainak jaso genituen. Mehatxu zuzen izan gabe ere, gure kontrako indarkeria bultzatzen zuten, eskarmentua merezi genuela zioten. Artean alkate nintzela, heriotza mehatxuak ere jaso nituen idatziz, bi aldiz, bandera espainola jartzen ez bagenuen hilko gintuztela erranez. Estresa beti.

Zuen jazarpenak badu Irungo eta Hondarribiko alarde parekideetan emakumeek jasaten dutenaren antza.

Guk ez genuen haiek bezala bukatu nahi. Baztango eliteak hango bidea egiten saiatu ziren hemen, mutil-dantzak pribatizatzen, eta guk hori errotik moztu beharra ikusi genuen, bertzenaz alardeen bidea eginen zuen mutil-dantzak. Behin baino gehiagotan erraten dut nik mutil-dantzen aferaz ari garela: hemen eskakeo orokorra izan da. Zalantzarik gabe ikusten dugu zein jarrera hartu Hondarribiko eta Irungo alardeetan, baina bertzela ikusten dugu gauza Baztango mutil-dantzei dagokienean.

Trikuarena egitea duzu “eskakeo orokorra”, arazoari ihes egitea, ezkutatzea.

“Denborarekin konponduko dira gauzak”, erraten ziguten aldaketa sozialaren alde gurekin bat egiten zutenek. Baina gauzak ez dira denborarekin aldatzen, ekintzarekin baizik. Plazetan dantzan ari ginelarik, afera sortu zen mutil-dantza baztertzailea ematen ari zelako ikastolako parkean, parke publiko batean. Bazterketa horrekin akitzeko bilerak, solasak egin genituen baina han segitzen zuten. Hor erabaki genuen sartzea. Hori izan zen gure ekintza zuzena.

Elbeteko mutil-dantzan, 2013an, ez zioten ongi-etorririk egin Elizegi Baztango alkateari. Argazkia: Diario de Noticias.

Irainka hartu zintuzten Elbeteko hartan.

Oso bortitza izan zen, baina ongi pentsatuta egin genuen ekintza hura. Egia erran, nik aurreikusten nuen hura, musika isiltzea, mutil-dantzariek dantza uztea… Nire herrian bizitua nuen egoera hori, Lekarozen. Baina orduan ez nintzen Baztango alkate. Ez dut deusekin konparatzen ahal, baina nirekin hazitakoak ziren Lekarozko plazan oihuka eta mehatxuka hartu nindutenak dantzara sartu ginenean. Elbetekoa gogorra egin zitzaidan, baina are gogorragoa nire herrikoa. Bertzalde, barneko presioak ere izan ziren.

Barneko presioak? Politikoki eraldaketa sozialaren alde zuekin bat egiten duen jendearena erran nahi duzu.

Bai. Udaleko taldekideek bat egin zuten gurekin, baina alderdi mailan denak ez ziren gurekin. Betiko aitzakiak: “Ez da komeni… Hauteskundeak galduko ditugu…”. Baina alkate joan eta ez dantzatzea ez zen aukera. Amaiurren, erratekoz, hitz egitera joan ginen, gu dantzan hasi eta txistularia ez isiltzeko; solastu ginen, txistularia aldatu zuten eta dantzatu ahal izan genuen. Erran genien alkatea –kasu hartan, ni–, herrira joan, dantzara sartu eta txistularia isiltzen bazen ez genuela diru-laguntzarik ematen ahal, egiten zuten diskriminazioagatik. Hor ere gatazkak izan genituen bailarako Bildu barnean. Nazio mailako egiturek babesa eman ziguten, mintegia ere egin genuen, bat zetozen gure helburuarekin, baina batzuk ez zetozen bat gure ekintza zuzenarekin.

Zergatik?

Zalantzan jartzen delako beti mugimendu feministaren jokaera. Egiten ditugularik tailerrak, alardekoekin eta bertze, aldiro agertzen den faktorea da ezkerreko mugimenduetan: feminismoaren inguruko beldurra… Ezkerreko mugimenduetan feminismoari beldurra diote anitzek. Iraultza sakona eskatzen duelakoz. Azaleko iraultza saltzen digute anitzetan eta feminismoa iraultza holistikoa da. Ezkerreko mugimenduetan dauden gizonek gauzatzen duten zapalketa aitortzeak, bertzeak bertze, beldur ematen du, eta hor ere trikuarena egiten ari gara berriz ere. Ezkerreko mugimenduetan ere ez zaio barneko matxismoari aurre egiten.

Bazoaz AEBetara, Dakotara, zure bizitza zikloek agintzen dutenez, aldika intentso, aldika bare.

Bai. Nik Zeelanda Berria, Asia eta denak ezagutu nahi ditut, eta ez dakit noiz itzuliko naizen ere. Bitartean, “banoa buelta bat ematerat” erran eta banoa, Ipar Dakotara, bertako indigenetara. Lurrak dituzte AEBetan eta Kanadan, Manitowan. Hasteko, urtebeteko noa. Ikusiko da…

Periferia ber bi

“Ez dugu hedabiderik kontrolatzen, hegemonikoak kontra ditugu. Hegemonikoak ez direnek, berriz, guti agertzen dute Nafarroa, eta gutiago mendialde hau. Jo hemerotekara eta ikusi zenbatetan agertu diren Irungo eta Hondarribiko alardeak, eta zenbatetan, aldiz, hemengo mutil-dantzen afera. Periferia gara, bi aldiz periferia”
 

Bidegurutzeko biribilean

“Anitzetan estrategia definitzen joaten zaizkigu urteak. ‘Bidegurutzean’ gaudela, ‘une historikoa’ bizi dugula… Nire lagun batek erraten duen bezala, bidegurutzean ez, biribilean sartuta gaude jiraka. Ez gara konturatzen anitzetan kapitalak, patriarkatuak, estatuak… markatzen digutela bidea. Erresistentzia da bidea, derrigorra da gatazka. Ez dago gatazkarik gabeko iraultzarik. Gatazkarik ez dagoen herrietan sumisioa dago”

Off the record: Irakurgai bat

Baztango mutil-dantzen analisia eta prozesu kolektibo feminista: praktikatik teoriarat eta teoriatik praktikarat artikulua Festak, genero-harremanak eta feminismoa (Miren Guillo, UEU) liburuan jasoa dago. Egileak ondokoak dira: Aitziber Zapiain Intxausti, Edurne Arrieta Alcalde, Elurre Iriarte Bañez, Garbiñe Elizegi Narbarte eta Maitane Maritorena Azkarate, denak Plazara Dantzara herri-ekimenaren kide dira. Ikasleetatik hasi eta agintari politikarietaraino, irakurgai derrigorra, Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia nahitaezko irakurgaia den moduan. Parekidetasuna.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Baztango Aroztegia
Harreman toxikoez

Harreman bertikal eta asimetrikoen adibideak asko dira, eta beti ez zaigu rol bera egokitzen. Horrela, zenbaitetan, batzuek erabakitzen dute eta erabakitakoa gauza dadin lan egingo dute; gainontzekoen funtzioa da “goian” hartutako erabakiak gauzatzea edota onartzea... [+]


Elurre Iriarte: “Aroztegiaren kontrako kanpainak egiten segituko dugu”

Aroztegia proiektuaren kontrako protesta baketsuetan parte hartzeagatik ezarritako zigorrari aurre egiteko diru-bilketa abiaraziko dutela iragarri du herri kolektiboak.

 


2024-07-17 | ARGIA
Hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi baztandarrentzat, Aroztegiaren aurkako kanpaldiagatik

“Talde kriminal antolatua izatea” eta “derrigortze eta bortxa delituak egitea” leporatu diete, 2021ean Lekarozen Aroztegiko obrak geldiarazteko egindako kanpaldiaren harira.


2022-05-16 | ARGIA
Aroztegiako obrak geratzea lortu eta urtebetera, festa egin dute Lekarozen

Ereindakotik omen uzta izena jarri dio egunari Aroztak! herritar talde antolatzaileak. Besteak beste, borroka horretan parte hartu duten guztiak eskertu nahi izan ditu larunbateko besta egunarekin, erresistentziaren lehenbiziko urteurrenean.


Aroztegiako erresistentziaren lehen urteurrena ospatuko dute maiatzaren 14an Lekarozen

Ereindakotik omen uzta izena jarri dio egunari Aroztak! herritar talde antolatzaileak. Besteak beste, borroka horretan parte hartu duten guztiak eskertu nahi izan ditu besta egunarekin.


2022-02-16 | ARGIA
Aroztegiko lanak legez kanpo hasi zirela berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak
Herritarrek eta Baztango Udalak esandakoa berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako epai batek. 2021eko maiatzean abiatutako Aroztegia urbanizatzen hasteko lanak legez kanpo egin zituzten.

2022-01-27 | ARGIA
Aroztegiako proiektuaren aurka egiteagatik, sei herritarrek deklaratu behar izan dute Nafarroako Auzitegian

Elkartasunez, hamarnaka herritar elkartu dira Nafarroako Auzitegiaren aitzinean, "herri baten borondatea ezin da epaitu" banderola plazaratuz.


2022-01-05 | ARGIA
Sei pertsona deklaratzera deituak, ustez Aroztegiako makroproiektuaren aurkako desobedientzia ekintza gauzatzeagatik

Aroztak Herri Ekimenak jakinarazi du sei pertsona epailearen aurretik igaro beharko direla, Aroztegiako makroproiektuaren aurkako protesten harira. Ekimenak babesa helarazi die, eta mobilizazioak deituko dituela iragarri.


2021-09-22 | ARGIA
Mozal legeaz zigortu dituzte Ahotsa eta Ekinklikeko kazetari bana, Aroztegiko protestez informatzeagatik

Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak seirehuna euroko isunarekin zigortu ditu Ahotsa.info eta Ekinklik-eko bi kazetari grafiko. Guardia Zibilak dago isunaren atzean; kazetariei leporatzen die agenteak identifikatzea errazten duten irudiak publikatu izana.


20.000 euroko isunak ezarri dizkiete Aroztegiaren aurkako kanpaldia egin zuten ekintzaileei

Hamar pertsona auzipetu dituzte egitasmoan parte hartzeagatik. "Herri oso baten kontrako erasoa" dela salatu dute, eta "herri gisa erantzungo" dutela ziurtatu.


2021-06-08 | Erran .eus
Diru-bilketa hasi dute Aroztegiko kanpaldian isundutakoak laguntzeko

10 isun hartu zituzten joan den astean Aroztegiko proiektuaren kontrako mobilizazioetan parte hartu zuten herritarrek.


2021-05-19 | ARGIA
Aroztak taldeko hamar ekintzaile deklaratzera deitu dituzte

Astelehenean helarazi zizkien Guardia Zibilak deklaratzeko zitazioak. Bi egun lehenago, larunbatean, ehunka pertsonak parte hartu zuten Aroztak taldeak Aroztegiaren aurka deitutako manifestazioan.


Ehunka lagunek Aroztegiko proiektua gelditzeko eskatu dute Baztanen

Aroztak Herri ekimenak deituta Elizondotik Lekarozera manifestazioa egin dute Aroztegiko makroproiektua gelditzea eskatzeko. Antolatzaileen arabera, 2.500 pertsona inguruk parte hartu dute.


2021-05-14 | Erran .eus
“Aroztegiko proiektuan dauden 20 lursail inguru herritarrenak dira”

Lekarozko Aroztegiko proiektuak barnean hartzen dituen lau lursail ditu Astiz familiak Telleria auzoan. Enpresarekin bizitako esperientzia kontatu dio Nekane Astizek Ttipi-Ttapari.


Eguneraketa berriak daude