Lurraren alde, urre goseari oldartu zaizkio herritarrak

  • Lapurdiko hamaika herri hartuko lituzkeen urre meatze bat egiteko xedea du Frantziako Sudmine konpainiak. Berantenik apirilean jakinen da Frantziako Ekonomia ministroak baimena onartuko dion. 2015eko agorrilean ukan zuten egitasmoaren berri herritar eta hautetsiek; orduz geroztik zabalduz eta indartuz doa urre meategiaren kontrako mugimendua.

(Argazkia: Jean Louis Piquet)
(Argazkia: Jean Louis Piquet)

Artzamendi, Xoldokogaña, Suhalmendi, Mondarrain... Ongi ezagutzen ditu Lapurdiko mendiak meatzaritzan dabilen Sudmine enpresa frantsesak. Lurpeko zein azaleko deskribapen zehatza kausitu dezakegu haien dokumentu ofizialetan. Arrazoia? Urre gose, Sara eta Kanbo arteko eremuari so dagoelako. 

2015ean 126 kilometro koadroko eremu batean urrea bilatzeko esklusibotasuna dakarren baimen eskaera luzatu zion Sudminek Frantziako Estatuari. Herritarren eta hautetsien artean berriak lehenik harridura sortu bazuen, laster haserreak eta arrangurak zuten gaina hartu. Egitasmoaren “zentzugabekeria” plazaratu zuten otsailaren 11n Ezpeletan eginiko manifestazioan: “Tona bat lur suntsiturik hiruzpalau urre gramorentzat. Xehatua izandako lurpe horretarik zer geldituko zaigu? Alde batetik zulo bat eta bestetik hondakinak; betiko galduriko eremuak, laborantzarako ezin baliaturikoak”. 

“Tona bat lur suntsiturik hiruzpalau urre gramorentzat. Lurpe horretarik zer geldituko zaigu? Zulo bat eta hondakinak”

Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Jatsu, Haltsu, Itsasu, Larresoro, Senpere, Sara, Zuraide eta Uztaritze dira zuzenki hunkiak. Bertakoei egitasmoaren berririk eman gabe egin zuten baimen eskaera. “Nehor ez zen jakinean, maltzurki aritu ziren, ez zioten nehorri aipatu”, dio Ezpeletako Belazkabieta etxaldeko Panpi Olaizola laborariak. Zeharka etorri zitzaien berria: Bretainiako Douar Didoull talde ekologistak eman zion horren berri ingurumenaren babesaren alde dabilen CADE elkarteari. Justuki, Bretainian ere gordean planteaturiko meategi proiektu batez hunkiak izanki, sektoreari arreta handiz begiratzen jarri zirelako. 

Berantenik apirilean jakinen da Frantziako Ekonomia Ministerioaren erantzuna. Anartean, bertakoek beren iritzia entzunarazteko aukera zuten urtarrilaren 30etik otsailaren 17ra eginiko kontsulta publikoan. Fase horri dagokionez ere, enpresaren maltzurkeriak kexu jarri du Martine Bouchet CADE elkarteko kidea: “Kontsulta hor izatearen berri ez du eman Sudminek, ez guri, ez inori”. Halarik ere, denbora murritz hori erabili dute kontrakotasuna plazaratzeko. “Presazko gaia” dela dio Bouchetek, bilaketarako baimenak ustiapenerakoa dakarrelako.

Ustiapena dakarren baimena

Ekonomia ministroak baietz esanez gero, esplotaziorako eskubidea luke enpresak. Frantziako meatze-kodeak dakar ahalmen hori. Finean, legedia meatze-industriaren alde doala deitoratu ohi dute Frantziako eta Ipar Euskal Herriko ekologistek. 

Bilera publikoen, 4.400 izenpez gora bilduta dituen eskariaren, elkarretaratzeen eta manifestazioen bidez, aurkakotasuna karrikan da. Hautetsien esparrutik ere entzuten da ezezko biribila: meategi xedeaz hunkiriko herri guztietako auzapezak, Euskal Elkargoko lehendakaria, Akitania Berria eskualdeko kontseilua, hainbat parlamentari, Laborantza ministroa eta Ingurumen ministroa, guztiak dira kontra. “Aurka naiz, azpiz gora jarriko lituzkeelako gure ingurumena eta ekonomia”, dio Sylviane Alaux diputatuak. Ekonomia ministroari hitzordu bat eskatu berri dio: “Zifren bidez hitz egin behar zaio Ekonomia ministroari. Kalkuluak egin ditut eta errango diot argiki: 763 lanpostu lirateke arriskuan”.

Urre meatzeak ondorioztatuko lituzkeen kutsadura eta laborantza sektorearen kaltetzea dira haserrearen oinarrian. Kutsadura “ezin saihesturikoa” litzatekeela dio Martine Bouchetek. Lurra mugituz artseniko, mineral azido eta gisa bereko substantziak askatzen direlako. Estali gabeko meatzea izanki, euriaren ibilbideari jarraituz, lur eta uretan barna hedatuko litzateke kutsadura: “Meatzearen inguruko perimetro guztia da mehatxatua, lurpeko ur geruzak, Errobi eta Urdazuri ibaiak...”. 

Bestelako mezua plazaratu du Sudminek. “Tamaina txikiko” urre hobia litzateke, zeinean “egin-molde mekaniko sinple batzuei esker” urrea “errazki” eskuratzen ahalko litzatekeen, ingurumenaren gain “eragin ahula” ukanez. Guzti hori, egitasmo “erdi industrial eta parte-hartzaile” baten bidez segurtatuz. 

Azpijokoak, irudia garbitzeko

Géoplusenvironnement ikerketa bulegoak egin txostenak ere segurtatzen du ura, airea eta ingurumenaren gaineko inpaktuak “oso ahulak” liratekeela. Baina independente gisa aurkezturiko bulego horren osaketari begiratuz gero, ohartu gaitezke zuzendari daukala Sudmine enpresako presidente ere baden Christian Vallier jauna.

Otsailaren 11n Ezpeletan egin zuten manifestazioa, urre meategi egitasmoaren “zentzugabekeria” plazaratzeko. Hautetsi ugari ere proiektuaren aurka agertu dira, bi ministro barne. (Arg.: Jean Louis Piquet)

Hiru fasek osaturiko bilaketa dute marrazturik. Lehen urtean, zulaketarik gabeko ikerketak eginen lituzkete (antzinako meategien azterketa, uraren ikerketa, eta abar). Emaitza positiboak ukanez gero, arroken ikerketa eginen lukete beste sei hilabetez, ondotik, urre aztarna interesgarriak kausitzekotan, azterketa zehatzagoak eta suntsikorragoak egiteko beste urte batez. Diotenez, lehen bi faseek ez dute inolako inpakturik ukanen ingurumenaren gain. “Gure hiztegiaz jabetu eta birmoldatu egin dute. Faltsukeria da, meategi batek hiru eta hamar urteren artean irauten du, ezin du iraunkorra izan, aldiz ondorioztatu hondakinek bai!”, Martine Boucheten hitzetan.

Nahiz eta Sudminek erran bigarren mailako urrearen ustiapena izanen dela soilik –lurrean zein uretan diren urre jalkinak–, lehen mailakoak –arroken barnean direnak– ere izateaz beldur dira aurkariak. Hain zuzen, Sudmineren txosten ofizial batean ondokoa idatzirik dutelako: “Gerora, Sudminek baimenaren berritzea edota eremuaren zabaltzea galdetzen ahalko luke, lehen mailako urreari buruzko seinaleetan arreta jartzeko”. Horrela balitz, ingurumenaren suntsiketa areagotuko litzateke, arroka barneko urrearen ustiapena askoz kutsakorragoa delako. 

500 bat etxalde hunkituko ditu meategiak, horregatik laborantza sektoreko eragile andanak du desadostasuna adierazirik
Ehunka etxalde arriskuan

“Lurrak eta urak izorratzeaz gain, ingurumenaren errespetuan oinarrituriko irudia ere kaltetuko digute”, dio haserre Panpi Olaizolak. Zenbaki zehatzik ez ukan arren, “ehunka, eta segur dena 500 bat etxalde” hunkituko ditu meategiak. Hori dela eta, laborantzaren sektoreko eragile andana batek du desadostasuna adierazirik: Ossau Irati sor-markaren egiturak, Ezpeletako Biperraren ekoizleen sindikatuak, Itsasuko gereziaren ekoizleek osatu Xapata elkarteak, Euskal Herriko Laborantza Ganberak, ELB sindikatuak, laborantza ekologikoaren alde dabilen Biharko Lurraren Elkarteak, Idoki sor-markak, eta abar. Ezpeletako Biperra sor-markarako balio duen kasik eremu guztia da meatzearen eremuan; orotara, 200 ekoizle. Tokiko ekonomiaren alor emankorra den produkzio horren “hondamena” litzatekeela diote. 

Beste kezken artean dute lurren desjabetzea ere. Ikerketa faserako jabeen baimena behar badute, ustiaketarako ez. Hain zuzen, lur azpiak estatuarenak izanki, lurrak hartzen ahalko dituzte, jabeen adostasunik gabe. 

Meategien sustapena

Egitasmo berri hori Frantziako Gobernuak finkatu helburuen artean kokatu behar dela dio Bouchetek. Hau da, 2012an aurkeztu zuen Arnaud Montebourg garaiko Ekonomia ministroak meatzeen ustiaketaren garapenaren beharra. 2016an Emmanuel Macron Ekonomia ministroak berretsi zuena: “Gure dependentzia txikitu nahi badugu, meatze-estrategia  behar dugu; segurtapena daukat posible dela ingurumenari buruzko arauak errespetatuko dituen meatze-aktibitatea”. 

Ingurumenaren babesaren erronkarekin errimatzeko xedez, urtarrilean aurkeztu zuten meatze-kodearen erreforma Legebiltzarrean. Helburuarekin bat egin arren, begi txarrez ikusi dute ekologistek testu proposamena. Besteak beste, bilaketa egiteko esklusibotasuna dakarren baimenarekin ustiaketa eskubidea ia automatikoa delako kode berrian ere. 

Azken urteetan urre bilaketarako hainbat baimen banatu ditu Frantziako Gobernuak. Alta, gaurko egunean ez da gehiago urre meatzerik, azkena 2004an hetsi zutelako. Salsigne herrian zegoen, Frantziako gune kutsaturikoenen artean sailkaturiko eremuan.


ASTEKARIA
2017ko martxoaren 05a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Urre bila Lapurdin
2018-02-20 | Euskal Irratiak
Stop Mine EH
"Izigarri kontent eta lasaituak gira Lapurdin urrea bilatzeko proiektua ez baita eginen"

Ez da urre miatzerik eta hustiatzerik eginen Lapurdin. Sudmine sozietateak zuen proiektua, ez da eginen. Kanbo-Ezpeleta inguruan, hamaika herri hunkiak ziren.


2018-02-15 | ARGIA
Lapurdin urrea bilatzeko proiektua bertan behera

Kanbon eta inguruko hainbat herrietan urre ustiaketa egiteko eskaria egin zuen Sudmine enpresak duela hiru urte, baina Frantziako Gobernuak ez dio horretarako baimenik eman.


2017-09-14 | Xalba Ramirez
Lapurdin urre meategia egin nahi duen enpresako jabearen etxean garabiekin ekintza egin du Bizi!-k

Bizi!-ko 17 kidek ekintza egin dute garabiekin, Lapurdiko hamaika herri kaltetuko dituen urre miaketa proiektua salatzeko, Sudmine enpresaren presidentearen etxe aurrean egin dute protesta, Seichebrières herrian (Frantziako Estatua) Euskal Herritik 700 kilometrora.


2017-06-07 | Euskal Irratiak
Stop Mines EH kolektiboak bere arrangurak plazaratu ditu

Prentsaurreko bat egin du ekainaren 1ean Stop Mines EH kolektiboak bere arrangurak plazaratzeko.


Lapurdin urrea ustiatzeko urratsak eman nahi ditu enpresa batek baimenik gabe

Jarraipen batzorde bat sortu nahi du, Frantziako Gobernuaren baimenaren zain dagoen bitartean. Ekimena “maskarada” dela salatu dute aurkakoek.


Eguneraketa berriak daude