Mertxika-saskien kirol berria

  • Springfield (Massachussetts, AEB), 1891ko abendua. Baloi bat saskietan sartzean zetzan kirola jokatu zen lehenengoz. Iturri gehienek diote hilaren 15ean izan zela, beste batzuek 21ean; kontua da saskibaloia duela 125 urte jaio zela.

James Naismith kirolaren sortzailea, lehen partida hartan erabilitako futbol baloia eskuetan eta mertxikak biltzeko saskiak albo banatan. (Arg.: Sports Antiques)
James Naismith kirolaren sortzailea, lehen partida hartan erabilitako futbol baloia eskuetan eta mertxikak biltzeko saskiak albo banatan. (Arg.: Sports Antiques)

Garai haietan James Naismithek (1861-1939) gimnasia irakasle gisa lan egiten zuen YMCA (Young Men’s Christian Association) eskolan, Springfielden (ez nahastu The Simpson saileko protagonistak bizi diren Springfieldekin; AEBetan dozenaka Springfield daude eta saioaren sortzaile Matt Groeningek jakinarazi zuen marrazki bizidunak  Oregoneko Springfielden “bizi” direla).

Naismithek enkargu bat jaso zuen:  neguko eguraldi hotzaz babestuta eta sasoian egoteko, ikasleek aterpean egin zezaketen jarduera bat asmatzea. Handik gutxira gimnasioan agertu zen futbol baloi bat, mertxikak biltzeko bi saski eta hamahiru joko-arau zituela. Saskiak pabilioiko hormetan zintzilikatu zituen, parez pare, lurretik hamar oinera; egun, oraindik, saskiak lurretik 3,05 metrora daude. Arauek zioten bederatzi jokalariko bi taldek elkarren aurka jokatuko zutela hamabost minutuko bi zatitan, tartean bost minutuko atsedenaldia utzita.

Baina eskolako arduradunek beste gauza bat ere eskatu zioten gimnasia irakasleari: kirol berria ez zedila bortitza izan. Eta lehen partidan behintzat, Naismithek ez zuen lortu baldintza betetzea. Hainbat jokalarik odoletan edo begia ubelduta bukatu zuten, bati sorbalda dislokatu zitzaion eta konortea galdu zuen beste batek. 

Jokalariei falta adierazteko edo jokalekutik egozteko baldintzak zehaztuta zeuzkan kirolaren sortzaileak jatorrizko hamahiru arau horietan, baina ez zen nahikoa izan erizaindegia saihesteko. Partidaren ondoren 3. araua aldatzea erabaki zuen, eskatu bezala, jokalarien arteko kontaktua ahal zen neurrian apaltzeko. “Jokalariek ezin dute lasterka egin baloia eskutan atxikita” zioen 3. arau berridatziak. Aurrerantzean, esaldi horrek lehen eguneko plakaketa eta kolpeak murriztea eragin zuen, eta kirol berriaren mugimenduak eta estiloa taxutuko zituen punparen inguruan. Jokalari kopurua ia erdira murrizteak ere lagundu zuen lehia baretzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Saskibaloia
2024-02-02 | Axier Lopez
Genozidioa eta sionismoa ez dituztela zurituko erakutsi diote Maccabi taldeari Gasteizen

Gasteizko Baskonia taldeko jarraitzaile eta ikusle askok bat egin du Israeli Boikot ekimenak eta Indar Baskoniak antolatutako protestarekin: Tel Aviveko Maccabi eta Saski Baskoniaren arteko partidura bost minutu berandu sartu dira, eta partida osoan Palestinako banderak erakutsi... [+]


2024-01-30 | Hala Bedi
Baskonia-Maccabi partidan genozidioa salatzeko deia egin dute

Ostegunean, otsailak 1, Tel Aviveko Maccabi saskibaloi taldeak Gasteizen jokatuko du. Israelgo okupazio ejerzitoaren publizitate eta zuritze kanpainetan eragile nabarmena izan da kirol talde hori. Palestinarekin elkartasunez, Maccabiren presentzia ez normalizatzeko eta protesta... [+]


2021-06-23 | ARGIA
Baskonia eta Alavesen instalazioak handitu nahi ditu Kerejetak, Gasteizko kirol unibertsitatearen proiektu barruan

Euneiz unibertsitate pribatuak ez lituzke soilik gradu ikasketak eta ikasleentzako egoitzak bultzatuko, Saski Baskonia eta Deportivo Alavesen jabearen proiektua izaki, klub horien hainbat instalazio handitzea ere aurreikusten du enpresa-taldeak, "kirol turismoa"... [+]


Euneiz, EHUren eskaintza errepikatzera datorren unibertsitate pribatu polemikoa

Baskonia eta Deportivo Alavesen jabeak bultzatutako proiektua da European University Gasteiz unibertsitate pribatua. Martxoan argi berdea eman dio Eusko Jaurlaritzak eta irailean zabaldu nahi ditu ateak. Dagoeneko EHUn ematen diren gradu berdinak emango dituela eta pribatizazio... [+]


Eguneraketa berriak daude