"Ematen du liburuek gero eta gutxiago inporta dutela eta idazleak gerra eman behar duela"

  • Patxi Irurzun idazle iruindarra beti izan da ausarta, zuzena, kritikoa, samurra eta umoretsua; gehienetan garratza eta ziztakaria. Los dueños del viento bere lan berria belak zabalik doa. Hiri girotik aldenduta, ezohiko abentura honetan sorginak eta euskal piratak, zigortuak eta baztertuak, egin ditu protagonista.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Patxi Irurzun Ilundain (1969, Iruñea)

Filologoa ikasketez, idazlea, kazetaria eta etxekogizona lanbidez. 19 urterekin argitaratu zuen lehen ipuin bilduma: Cuentos de color gris. Geroztik ipuin asko eta 38 liburu plazaratu ditu mota eta gai oso anitzekoak. Aurten, Ultrachef, sukaldaritza lehiaketei kritika egiten dien liburua, Pan duro eleberri surrealista, Radio Euskadiko Caerás en el infierno irrati nobela eta Harper Collins munduko bigarren argitaletxe garrantzitsuenarekin Los dueños del viento eleberria argitaratu ditu. Bere artikulu eta elkarrizketak Diario de Noticias-en eta Gara-n irakur daitezke, bi irakurketa taldetako arduraduna da, bi seme-alaben aita eta etxekogizona ia jardunaldi osoz. Euskaldun berria, EGArekin borrokan dabil. 

Idazle profesionala zarela esan daiteke. Oso gutxi zarete halakorik esan dezakezuenok, ezta?

Orain idazlea naizela esan daiteke, baina oso modu prekarioan bizi naiz, eta emaztearen eta bion artean moldatzen garelako. Hainbat gauza egiten ditut liburuei esker soilik bizitzea oso zaila delako. Lehen ere, hona iritsi aurretik, denetik egin izan dut: Porcelanas del Norten eta beste zenbait lantegitan aritu naiz, ondoren kale garbitzailea izan nintzen, liburuzaina Altsasun eta Faltzesen, kazetari gisan egin nuen lan komunikazio agentzia batean handik kaleratu arte…

Idazle izateko grina betidanik izan duzu?

Nik uste dut baietz. Bost edo sei urterekin nire lehen ipuina idatzi nuen. Gogoratzen dut mendira joan ginen egun batean min hartu nuela eskuan eta amak papera eta arkatza eman zizkidala entretenitzeko. Ipuintxo bat idazten aritu nintzen, beste haurrekin nola ari nintzen jolasean kontatzen.

Zer da literatura zuretzat?

Errealitatean egin ezin ditudan gauza batzuk egitea ahalbidetzen dit literaturak. Beste pertsona batzuen larruazalean sartzeko aukera ematen dit. Literatura niretzat dena da eta ezin ditut banatu nire bizitza “zibila” eta literarioa.

Baina zure liburuen egilea eta zu oso desberdinak zarete.

Ni oso pertsona barnerakoia naiz eta kosta egiten zait harremanetan hastea ezezagunekin, horregatik niretzat literatura aterabide bat da. Gutxiago kostatzen zait idaztea hitz egitea baino. Jende asko harritzen da ni ezagutzen nauenean nire idazki zatar samar batzuk irakurri ondoren. Bada konpentsazio mekanismo bat.  

Beraz, kontu pertsonalak adierazteko lotsarik ez?

Ez bereziki. Dios nunca reza egunerokoan, esate baterako, nire bizitzako uda bat kontatu nuen. Lanetik kaleratu berria eta bigarren umearen zain geunden eta nik galdetzen nion neure buruari ea nori interesatzen ahal zitzaizkion halako istorio pertsonalak, baina ezustekoa izan zen jende asko identifikatuta sentitu zela.

Argazkia: Dani Blanco.

Gero eta zailagoa da idazlearen pribatutasuna gordetzea?

Gaur egun artistak askoz ere gehiago erakutsi behar du bere burua medioetan eta sare sozialetan. Gauza bat da sormen lana eta bestea zure bizitza pertsonala, baina gero eta nahasiagoa agertzen da dena.

Ematen du liburuek gero eta gutxiago inporta dutela eta idazleak gerra eman behar duela alde guztietatik. Ni batzuetan astuna sentitzen naiz, beti matraka ematen zer egin dudan, non ibili naizen kontatzen.

Erritmo gero eta azkarragoan bizi gara?

Gero eta gehiago kostatzen da denbora pixka bat bilatzea liburuak, egunkariak, aldizkariak… irakurtzeko. Berri osoak irakurtzea arraro bilakatzen ari da gaur egun. Eta literaturan ere antzematen da. Adibidez, harrigarria egiten zait entzutea nola Los dueños del viento “nobela literario” bezala aurkezten duten. Eleberri bat literarioa ez denean, zer da? Denbora pasa hutsa? Kontsumo azkarreko irakurgaia batere hondarrik, arrastorik, uzten ez duena? Hala omen da, eta nik uste dut gauzak hortik doazela. Hori da modu masiboan komertzializatzen den literaturak bilatzen duena.

Batzuetan pentsatzen dut idazleok ez ote garen galzorian dagoen espeziea. Beti sentitu naiz bitxi samarra, baina azkenaldi honetan gehiago. Istorioak kontatzea da inoiz desagertuko ez dena. Hori bat dator gizakiarekin. Beti gertatu da eta gertatuko da eta hortik datorkit itxaropena.

Ipuina da gehien maite duzun generoa?

Bai. Ipuinekin hasi nintzen eta nire genero kuttuna da. Oso esker onekoa da, oso egokia gaur egungo bizimodurako, eta halarik ere, uste dut prestigioa, izen ona, falta zaiola.

Agian, ipuin beharrean, “narrazio laburra” esan beharko genuke, edo hobe “narrazio labur literarioa”…

Horixe baietz! Idazle ezagun batek zioen ipuinen artean eleberriren bat edo beste idazten zuela eta niri gauza bera gertatzen zait. Umoreak ere ez du oso izen handirik, horregatik pozten nau Cervantes saria Eduardo Mendozari eman izanak. Umorezko literaturari aitorpen moduko bat izan da.

Ipuin sorta izan zen zure lehen liburua.

Bai. 19 urterekin Palentzia Hiria literatura lehiaketa irabazi nuen Cuentos de color gris lanarekin eta hango udalak argitaratu zuen. Sari emate ekitaldian kontu bitxia gertatu zitzaidan, gainera: 75.000 pezetakoa zen saria. Kultura zinegotziak diru zorroa eman zidanean barnean begiratzea otu zitzaidan eta ohartu nintzen diru puska bat falta zela. Lotsa-lotsa eginda esan nion eta barkamena eskatuz eman egin zidan falta zena. Eta hara non, handik urte batzuetara, egunkari batean ikusi nuen ustelkeriagatik kondenatu zutela!

Iruñea eta giro underground samarrak bikain erretratatzen dituzu. Belaunaldi bateko bozeramailea sentitzen zara?

Nire literatura, oro har, nahiko autobiografikoa da, azken liburua kenduta, eta nire belaunekoentzat kontu eta keinuak badira askotan. Hala ere, oso erregistro desberdinak erabiltzen ditut. Jende askok, esate baterako, orain ezagutu nau lan berri honekin, eta ez dakit zer senti dezaketen lehenagoko idazle hori ezagutzean, ironikoagoa, liburu zatarragoak dituena.

“Euskal Herrian kokatua izatea eta abesti batzuk euskaraz agertzea, esate baterako, argitaratzaile batzuentzat eragozpena zen”

Zer-nolako garrantzia du musikak zure testuetan?

Handia. Ni musikari frustratua naiz. Asko gustatu izan zait musika beti, rocka bereziki. Arte adierazpen zuzena da, zirrara biziak eta primarioak eragiten dituena. Inoiz ez naiz ona izan musikan, eta horregatik, agian, askotan egoten da nire liburuetan. Azken eleberrian Drogas eta Kutxi Romero nire idoloak agertzen dira.

Euskara ikastea errebeldiaren seinalea izan da zuretzat?

Bai, neurri batean bai. Guri dagokigun gauza bat kendua zigutela sentitzen nuelako hasi nintzen ikasten. Neure buruarekiko betebehar bat zen. Amaren familia Iruñea ondoko Uhartekoa zen, Obrena (Hoberena) etxekoa. Hala ere, adineko pertsona batzuengan ikusi dudan euskararen arbuioa, ia gorrotoa, mingarria egin izan zait beti.

Ez naiz oso konstantea izan ikasten, baina azkenaldi honetan berriz eutsi diot. Etxean haurrekin hitz egitea oso zaila suertatzen zait, haientzat ere arraro egiten delako, baina egunero entzuten dut irratia, irakurtzen dut, idazle interesgarri batzuk ezagutzen ari naiz, elkarrizketak egiten ditut… Harro eta kontent nago.

Eta idatzi?

Saiakeraren bat egin dut, baina oraingoz oso zaila ikusten dut.

Bi irakurketa taldetako gidaria zara. Gorantz doan ekimena da?

Nik uste dut baietz. Itxaropen pixka bat ematen du. Hasieran oso mesfidati begiratzen nuen, baina berehala ikusi nuen zein aberasgarria izaten den ideiak partekatzea irakurleen artean. Gainera, klub hauek irakurgaiak aurkitzeko balio dute. Agian, beste modu batez iritsiko ez ginen liburuetara heltzeko bide bat da.

Aurten Ultrachef libururen hitzaurrea idatzi duzu. Liburua telebistako sukaldaritza lehiaketei egindako kritika dibertigarria da.

Oso ongi pasa dut. Miren Lacalle, Las Tampones punk talde mitikoko abeslari ohiak idatzitako lana da. Nik argitaratzen lagundu baino ez dut egin. Gainera, Edorta Lamo sukaldari donostiarra animatu zen liburuan agertzen diren ezinezko pintxoak egitera eta sekulakoa izan da. “Erromes gazta”, “arratoi hegalarien foie-a” eta “zingirako fruituen arrautzopiltxoak” bezalako pintxoak egin zituen. Hor dago Miren eta gauza gehiago enkargatzeko asmoa dut.

Irrati-nobela ere idatzi duzu, Caerás en el infierno.

Radio Euskadin eskatu zidaten. Australian eta beste toki batzuetan, batez ere jende gaztearen artean, oso modan daudela esan zuten. Erronka bezala hartu nuen, nire esperientziatik abiatuta, beste ereduei gehiegi erreparatu gabe. Ohartu nintzen baliabide asko eta umorea sartzeko aukera zela. Eskupitajo talde mitikoaren itzulera kontatzen du. Oso dibertigarria izan zen egitea. Gero, emaitza ez da zehatz-mehatz zuk imajinatzen duzun bezalakoa, baina tira…

Los dueños del viento da zure lan berriena. Sorginen eta piraten artean murgildu zara oraingoan. Zuk aukeratu dituzu piratak edo haiek zu?

Haiek ni, nire ustez. Denok daramagu barnean pirata bat eta nik nirea berpiztu dut. Txikitan bezala, piratetara jolasten aritu naiz. 2004an sortu zen ideia. Piratei buruzko irakurgai, filma eta musika gida bat aurkitu nuen. Musikarena iruditu zitzaidan bereziki interesgarria eta gaiaren inguruan ikertzen hasi nintzen. Horrela iritsi nintzen euskal piratenganaino.

Hamabi urteko bidaia luze eta zaila izan da. XVII. mendean kokatua dago eta asko irakurri eta ikertu behar izan dut. Horregatik, bitartean, beste zenbait liburu idatzi ditut.

Argazkia: Dani Blanco.

Zer dira piratak, heroi edo alprojak?

Piratak halabeharrez bilakatzen ziren pirata. Europako jende pobre eta baztertuena zen. Askotan arloteak, delinkuenteak edo Amerikan ihes egindako esklabo beltzak izaten ziren. Nire protagonista, Zugarramurdiko Joanes de Sagarmin, sorgintzat hartutako emakume baten semea da. Dena galdu ondoren, itsasoan izanen du irtenbide bakarra.

Alboka jotzen du. Zergatik?

Itsasontzi piratetako eskifaietan musikariak oso garrantzitsuak ziren. Alboka aukeratu dut oso doinu potentea delako. Arnasa zirkularra da eta horrekin jokatu nahi izan dut: alboka jotzean protagonistak gogoratzen ditu galdu dituen sorlekua, etxea, familia, hizkuntza…

Keinuz betetako liburua da?

Piraten abestietan El Drogas, Kutxi Romero eta Kirmen Uriberen letrak daude. Eta keinu literarioak ere egin dizkiet Altxorraren Uharteari, La Celestinari eta Cervantesen hainbat lani. Sarrionandia ere liburuan dago, protagonistak ere defendatzen duelako euskara dela gure territorio libre bakarra.

Sorginen inguruan zein da atera duzun ondorio nagusia?

Emakume batzuen kontrako errepresio modu bat izan zela. Saiatu naiz azalpen logikoak ematen. Adibidez, Urdazubiko jendea abadearen mendekoa zen eta Zugarramurdikoak, aldiz, askeak, horregatik saiatzen ziren kontrolpean hartzen. Ustezko sorginen aurkako prozesuen atzetik kontrol nahia eta mendeku “domestikoak” daude.

Euskal Herriko kultura eta historiako gaiak jorratu nahi izan dituzu bereziki lan honekin?

Bai, eta arazoak ere izan ditut alde horretatik. Euskal Herrian kokatua izatea eta abesti batzuk euskaraz agertzea, esate baterako, argitaratzaile batzuentzat eragozpena zen. Ikuspegi politikotik ikusten dituzte batzuek kontu horiek eta hori gainditzea kosta egiten da. Oso etsigarria suertatzen da. Hala ere, ni pozik nago eta liburu honi esker irakurle batzuek harreman txiki bat izan dute kultura honekin, beste modu batera izanen ez zutenak.

Harper Collins argitaletxe handiak kaleratu du liburua, nolako esperientzia izan da?

Munduko bigarren argitaletxe handiena da. Sei mila aleko tirada egin zuten eta orain bigarrena abian da. Espero dut lagungarria izatea hemendik kanpora ere nire lana ezagutzera emateko.

Bide beretik segitzeko asmoa duzu?

Lana eta zailtasunak kontuan hartuta, berriro eleberri historiko batean sartzeko batere gogorik ez nuen, baina honen arrakasta ikusita pentsatzen dut, agian, egoista dela ezetz esatea. Argitaletxekoak oso kontent daude eta Madrilen egin genuen aurkezpenean animatu ninduten jarraitzeko.

Eta orain zer duzu eskuartean?

Paris 365 elkartasun jantokiaren enkarguz ari naiz narrazio bilduma egiten. Historia pertsonalak dira, hamar pertsonen bizipenetan oinarritutako narrazioak eta batzuk oso gogorrak. Patera batean etorritako etorkinak, etxerik gabeko familiak…

Sorpresak

“Bizitzan dudan lotsa guztia galtzen dut idaztean. Idazleak, oro har, ez dira imajinatzen ditugun bezalakoak, horregatik batzuetan idazleak ezagutzea ez da komeni izaten”.

Demokrazia

“Kortsario eta piraten kofradien arauak oso bitxiak ziren: ondasun pribaturik ez zegoen eta buruzagiak denen artean aukeratzen zituzten. Batek abordatze batean gorputz atal bat galtzen bazuen diru sari bat kobratzen zuen trukean. Demokrazia zuzenaren oso adibide interesgarria iruditzen zait. Gure gaurko demokrazia baino aurreratuagoa behintzat, bai”.
 

Aurreiritziak

Los dueños del viento liburuan euskal-nafar kultura ‘gehiegi’ omen dago editore batzuen ustez. Aurreiritzi pila bat daudela ikustean izoztuta gelditzen zara”.

Patxi Irurzunen lanak adina Patxi Irurzun

Mi papá me mima artikulu bilduma, gurasotasunaren alde errealista, samur eta dibertigarriena; ¡Oh, Janis, mi dulce y sucia Janis!, pornoaren izar bilakatzen den kale garbitzaile baten istorioa; Pan duro, absurdoak diren gauzak gerta daitezkeen Zarraluki herrian kokatutako gazteentzako eleberria; Dios nunca reza egunerokoa; Atrapados en el paraíso, Manilan dagoen Payatas, munduko zabortegi handienera eginiko bidaiaren kronika; La tristeza de las tiendas de pelucas, ipuin sorta Euskadi literatura lehiaketaren finalista 2014an; La virgen puta; Ciudad retrete; haurrentzako liburuak; Nafarroako kondairak…


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
2024-04-24 | Estitxu Eizagirre
'Zenbat lo' liburua aurkeztu dute Asteasun
Kartzelako hormak zeharkatzen dituen ama-alaben arteko harremana hitz eta iruditara eramana

Nekane Txapartegi Suitzako kartzela barrutik eta alaba kanpotik, elkarri hamaika modutara maitasun mezuak helarazten. Horra Txalaparta argitaletxeko Zenbat lo liburuak jaso duen historia, Iraitz Lizarragaren hitzetan eta Izaro Lizarragaren ilustrazioetan. Iragan hurbileko... [+]


Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Eguneraketa berriak daude