Masa turismoari aurre egiteko ideiak Bartzelonatik

  • Kataluniako hiriburuan ere ez dute errezeta borobilik. Baina, gutxienez, guk baino denbora gehiago izan dute galderak egin eta erantzuten ahalegintzeko.

Lander Arretxea @larretxea
2016ko azaroaren 20a
Manifestazioa Bartzelonako GrÓcia auzoan hotel berriak eraikitzearen kontra. (Argazkia: Victor Serri / La Directa)
Manifestazioa Bartzelonako GrÓcia auzoan hotel berriak eraikitzearen kontra. (Argazkia: Victor Serri / La Directa)

“Desazkunde turistikoa: masa turismoari alternatibak ekonomia sozial eraldatzailetik”. Hala du izenburua arreta eman digun mahai-inguruak. Metroan ordu erdiko bidaia eginda heldu gara Bartzelonako Sant Andreu auzoko Fabra i Coats fabrika ohira. Asteburu osorako dozenaka ekimen antolatu dituzte bertan, Fira de la Economia Solidaria delakoaren baitan. Igande goiza bada ere, jende mordoxka dabil hara eta hona, azokako postuei beha. Denboraz larri gabiltza, eta zuzenean hartu dugu guk prestatu duten aretorako bidea, postuei begira hasteko tarterik gabe.

Lau euskaldun elkartu gara beste berrogei bat lagunen artera. Bi donostiar eta bi zumaiar. Ez da kasualitatea. Lehenago ere ezagutzen dugu elkar eta badakigu kezka bertsuek ekarri gaituztela hona: Donostian 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren aitzakian biderkatu den turista uholdeak izututa etorri gara batzuk; besteak Game of Thrones telesail arrakastatsuaren grabaketek Zumaian izango duten eraginak beldurtuta. “Bartzelonan urteak dira antzeko arazoei aurre egin behar dietela. Izango dute gure gaitzentzako konponbiderik?”, galdetu diogu elkarri.

Laster zapuztu zaigu masa-turismoa frenatzeko errezeta borobilarekin etxeratzeko itxaropena. Nahikoa izan da antolatzaileetako baten lehen hitzak entzutea: “Mahai honetan gaudenok, parean eserita zaudetenok beste zalantza ditugu”. Talde txikitan banatuko gaituzte, eta guri ere iritzia ematea tokatuko zaigu. Ez genuen halakorik espero.

Erantzunak integrala izan behar du

Aurretik ordea, sarrera labur bana egin digu (ustezko) hizlari bakoitzak. Hasieran auzo gutxi batzuetan gertatzen zena apurka ingurukoetara zabaltzen ari dela gogorarazi du Daniel Pardo Bartzelonako auzoen asanbladako kideak; Universitat Autonoma de Barcelonako Filka Sekulova irakasleak turismoaren baretzea desazkunde orokorrago baten eskutik soilik etor daitekeela; eta jasangarritasunarena sistemak oso erraz barneratzen duen kontzeptua dela salatu du udaletik ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko ahaleginean diharduen Jordi Viak. “Eredu sozial eta ekonomikoa eraldatzeko bokazioarekin ez bada, turismo arduratsua proposatzeak ez du ezertarako balio”.

Katalunia barnealdeko herrietan turismo “arduratsua” eskaintzen duen Fent Pais kooperatibako Nil Camprubi izan da sarrera egiten azkena. Txanponaren beste aldea erakutsi digu; saioak piztuko dizkigun kontraesanak asko izango direla iragarriz bezala. “Gaiari herrialde ikuspegitik begiratu behar zaio, eta turistak hirietatik atera. Bartzelonarentzat arazoa dena, gero eta prekarioagoa den landa-inguruarentzat konponbidea izan daiteke”.

Airbnb: ardiz jantzitako otsoa

Taldetan banatu gara segidan. Halakoetan ohikoa den zalantzen ondoren seikote batean sartu gara bi donostiarrak. Katalanez egiten ez dakigula, baina ez dugula ulertzeko arazorik, hori izan da gure lehenengo azalpena. Baina hau bai, kasualitatea izan da, kataluniar bakarra dago taldean, eta hark ere nahiago omen du gaztelaniaz egin. “Nola irudikatzen duzu Bartzelona askoz ere turista gutxiagorekin?”. Horixe seion artean erantzun behar dugun galdera.

Hitz-aspertuak, hala ere, beste bide bat hartu du. Hogeita bost urtez turismoaren sektorean lan egin duela kontatu digu bartzelonarrak, eta diagnostiko konpartitu baten bila hasi gatzaizkio galdezka. Berehala, etxebizitza partikularrak aldizka alokatzeko erabiltzen den Airbnb hartu du hizpide. “Hasiera batean ekonomia kolaboratiboaren eredu txalogarria zen; alternatiba, askoren ahotan. Orain aldiz, agentziek eta etxe bloke osoak dituzten pertsonek dirutza biltzeko erabiltzen duten tresna bihurtu da”. Gaur gaurkoz, Airbnb-k ohe gehiago ditu Bartzelonan bertako hotel guztiek baino. Etxebizitzen prezioan eta turisten uholdean kate handiek besteko eragina duela gehitu du Jaengoa den neskak, eta arriskutsua dela, herri mugimenduetatik hotelei bakarrik begiratzen diegulako. Ez dio inork kontra egin.

Inbertsioak nola uxatu

Egokitu zaigun galderari taxuzko erantzunik eman gabe harrapatu gaitu antolatzailearen abisuak. “Amaitu da txanda”. Interesgarria egin zaigu ordea beste taldeetan hausnartu dutena entzutea: Ekonomia sozial eraldatzailetik bestelako lan eredu eta sektoreak indartu behar direla, ahoz ahoko kontzientziazioa oraindik ere ezinbestekoa dela, hotel gehiago eraikitzea debekatu beharko litzatekeela... Eta ideia gehiago ere bai.

Orduan hasi da iritzi dantza soltea. Turismoaren arazoa kuantitatiboa edo kualitatiboa den galdetu du gazte batek, eta azkar erantzun dio auzoen asanbladako kide Daniel Pardok: “Gaur gaurkoz jende eta inbertitzaile gutxiago etor dadin lortzea da gure helburu nagusia”. Nola egiten da hori ordea? Denok buruan genuen galdera erantzun du mahai-inguruari sarrera eman dion hizlariak berak: “Modu bakarra dago: erakundeetatik eta herri mugimenduetatik eraginda lortu behar dugu turismora bideratutako inbertsioak ez errentagarriak izatea”.

Haserre tonu nabarmenarekin hartu du hitza emakume heldu batek. “Hemen berriketan gauden bitartean auzoak etengabe eta modu basatian ari dira eraldatzen. Badugu benetan irabazteko aukerarik? Agian bai, baina hitz politak utzi eta neurriak hartu behar ditugu orain, neurri ausartagoak”. Erakundeetatik orain egiten dena baino gehiago egin daitekeela gehitu du, eta hezkuntzan ere sustatu behar dela jarrera kritikoa, kutsadura edo birziklapenaren gaiarekin egin izan den bezala.

Erakargarritasunaren paradoxa

Irribarre okerra piztu digu zutik jarrita hitz egin duen hurrengoak: “Paradoxa zera da, hemen egiten ari garen mahai-inguru honek berak ere, interes turistikoa pizten duela”. Eszeptikoaren paperean jarraitu du gero: “Ez ote gaude oso bakarrik honetan? Baditugu erreferenteak? Hiri gehienetan hemen garaitu nahi dugun hori desio dute”. 

Iritsi bezainbeste zalantzarekin eta burumakur joango ginela pentsatzen hasi gara, baina orduantxe iritsi da, saioa borobiltzeko, Jordi Viaren txanda. “Ez gara autoengainuan eroriko. Parean dugun munstroaren tamaina zein den onartu behar dugu, mila kontraesan ditugula… Baina duela hogeita bost urte martziano hutsak ginen ekonomia sozial eraldatzaileaz hitz egiten genuenak, eta begira zenbat gauden gaur hemen, azoka honetan”. Badago egin daitekeen bide bat, baditugu zentzudunak diruditen pista batzuk, baina espero dezagun ez dugula guk ere beste hogeita bost urte itxaron beharko. Lehen baino lasaiago, isilean hobeto pentsatzen delako-edo, ideia horri bueltaka egin dugu metrorako bidea.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Ekonomia soziala  |  Turismo masiboa  |  Bartzelona

Ekonomia soziala kanaletik interesatuko zaizu...
Okerrera doaz Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen ekonomikoak

Euskal Autonomi Erkidegoaren egoera ekonomikoa, Errendimenduaren gizartea saiakera eta eskola segregazioa aztergai aste honetako Lanaren Ekonomian. Berrikuntzekin dator ikasturtea BilboHiria eta Hordagoko elkarlanean.


Doughnutaren ekonomia

Doughnut esanda, Simpson zaleek  Homer edo Wiggum polizia ikusiko dituzte erroskillak irensten. Telesail eta film estatubatuarretan oso errepikakorra da donutsa, alferkeria eta sabel borobilduaren irudia.

Kate Raworth ekonomialariak irudi honekin apurtu du ustekabean. Berariaz, ekonomia neoliberalaren irudi klasikoa irauli du: etengabeko Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundea irudikatzen duen goranzko grafikoa borobildu egin du, donuts itxura emanaz. Oxford Unibertsitatean irakasle... [+]


2018-10-19 | I˝igo Igartua
Abaigarko euskal udalekuetako egoitza eraberritzeko abalisten bila ari dira

Proiektuko kideek bilera antolatu dute ostiral honetarako urriak 19, Hernaniko Biteri kultur etxean. Bertan, abalista berri posibleei eraberritze lanen inguruko informazioa eskainiko zaie.


2018-10-04 | ARGIA
Alternatiba Tourra Donostian: Baiona helmuga, klimaren alde bizkortzea helburu

Urriaren 5ean, ostiralarekin, Donostiatik igaroko da Alternatiba Tourra. Ekainaren 9an Parisen hasi eta 5.800 kilometro egin ondoren Baionan asteburuan amaituko den bizikleta itzuliak klimaren aldeko bizkortzea du helburu, eta horretarako ekonomia eraldatzailea ezinbesteko dela diote ekimenaren sustatzaileek.


Here to stay! Etxebizitza eskubide

Oporraldi garaia bururatu eta, hara jo eta ke berriz lanean eta katzakan aritzeko garaia etorria dela. Aktualitatea ikusiz, nehoiz baino erneago jokatu beharra daukagu. Besteak beste, etxebizitzaren gaia aipatu gogo nuke hemen. Joan den udan, Chairecoop ikerketa tresna ezagutzeko parada ukan genuen Baxenabarren: hori da nazioarteko erakundea, Etxebizitza Kooperatiboa eta Giza Kooperazioaz gogoetatzen laguntzen duena. Hainbat egitura, gobernuz kanpoko erakunde eta unibertsitatek sostengatzen... [+]


2018-09-11 | Nahia Ibarzabal
Herri Ekonomi Alternatiboaren Nazioarteko Topaketak egingo dituzte Bilbon

REAS-Euskadi eta Bakea eta Duintasuna-OMAL erakundeek eta EHUko Parte Hartuz Amerika Latina ikerketa taldeak topaketak antolatu dituzte urriaren 5ean eta 6an Bilboko Zirika gunean. Trantsiziozko alternatibak herri-ekonomi baterantz ikastaroaren testuinguruan barneratzen da.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude