Badator hizkuntza eskubideen alde borrokatzeko tresna berria

  • Europako hizkuntza komunitate gutxiagotuetako 200 gizarte eragile ingururi galdetu diete: zuen hizkuntza eskubideak errespetatzeko zein neurri hartu behar direla uste duzue? 400dik gora ekarpen egin dituzte. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren bultzatzaileak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua eta Kontseilua dira. Protokoloa ez dute paper hutsean geratzeko landu, etorkizunerako tresna izatea da nahia. Gizarte eragileek proposatu dituzte protokoloaren nondik-norakoak, eta hemendik aurrera lanabes izango dute.

Euskalgintzak hiztunak, espazioak, tresnak sortu ditu, eta aldarrikapenak egin ditu. Badaki zer den hizkuntza eskubide urraketa, eta buruz dakizki eskubideak bermatzeko hartu beharreko neurriak. Europako hizkuntza gutxiagotuetako eragile sozialei beste hainbeste gertatzen zaie. Horregatik, protokoloaren prozesuan badira bi sustatzaile (Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua eta Kontseilua), bada talde antolatzaile bat (Linguapax, Gutxiengoen Gaietarako Europako Zentroa, PEN Itzulpen eta Hizkuntza Eskubideen Batzordea, Ordezkaturik Gabeko Herri eta Nazioen Erakundea, Europako Hizkuntza Berdintasunaren Aldeko Sarea eta CIEMEN) eta bada batzorde zientifikoa, baina protokoloaren oinarriak Europako 200dik gora eragilek ezarri dituzte.

Zertarako da protokoloa?

Hizkuntzen aldeko herri mugimenduek eskubideak bermatzeko 400dik gora neurri proposatu dituzte. Neurriak eta adierazleak dira protokoloko hitz giltzarrietako bi. Zer esan nahi duten azaltzeko adibide pare bat.

Beste hizkuntzetan sortzen den literatura gure hizkuntzan irakurtzeko eskubidea daukagu. Beraz, eskubide hori bermatzeko neurriren bat hartu beharko da. Eman dezagun ezartzen dugula neurria zeinaren arabera hurrengo bost urtetan 50 liburu itzuliko ditugun euskarara. Neurria betetzen den edo ez jakin behar dugu ondoren, eta horretarako bi adierazle gertutik jarraitu behar dira: hitz eman diren epeak eta neurri hori betetzeko ardura nork duen (herriko etxeak, foru aldundiak...).

Telebistaren adibidea da beste bat. Neurri bat izan daiteke eskatzea telebista kateen artean bat hizkuntza gutxiagotuan aritzeko gorde behar dela. Neurri hori betetzen den ala ez jakitea erraza da, edo badago korsikerazko katea edo ez dago. Beste kontu bat litzateke ordea, kate oso bat eskatzeaz gain, gainerako kateetan korsikera entzun dadin hizkuntza irizpideak jartzea, esate baterako korsikera hiztunei hizkuntza horretan egiten uztea nahiz eta katea frantsesez izan. Norena da hizkuntza gutxiagotua telebista kateetan egotearen ardura? Zein epetan eta zein portzentajetan agertu behar du korsikerak? Galdera horiek erantzun beharko dira.

Besapean kaiera hartuta

Kaiera da beste hitz giltzarria. Hizkuntza komunitate bakoitzak eta gizarte eragile bakoitzak, bere kaiera izango du. Protokoloak ez du denentzat berdin balio. 150-180 neurri inguru izango dira guztientzat. Alabaina, bederatzi milioi pertsonek hitz egiten dute katalana eta hizkuntza ofiziala da hiztun askoren bizitokian. Ezin katalanaren pare jarri okzitaniera (580.000 hiztun), frisiera (400.000 hiztun) edo aragoiera (12.000 hiztun). Litekeena da katalanek protokoloak proposatzen dituen neurrien %90 beteta izatea, eta oso litekeena beste hainbat hizkuntzatan %90 betetzeko egotea.

Horregatik kaiera. Hizkuntza komunitate edo eragile bakoitzak bere buruari galdetu beharko dio, “guk zein eskubide dugu urratua, nolako neurriak hartu nahi ditugu, zein epe jarriko ditugu, nori eskatuko dizkiogu kontuak?”.

Donostiako euskalgintzak adibidez bere kaiera izan dezake: Donostiako Udalak zer egin beharko luke protokoloa betetzeko? Hau, hori eta hura egin ditzake Udalak. Gizarte eragileen lana litzateke eskumenak zehaztu eta neurriak eta epeak jarraitzea.

200etik gora herri mugimendu

Euskal Herrian 100etik gora eragile ibili dira protokoloaren bueltan. Horietako askok sektorekako lanketetan hartu dute parte, hau da, hezkuntza, administrazioa, sozioekonomia, kultura/hedabideak eta izen bereziak (toponimia eta antroponimia) ataletan.

Euskal Herritik kanpo 80tik gora eragilek hartu dute parte. Ondoko hizkuntza komunitateetakoak aritu dira lanean: Irlandako gaelikoa, Eskoziako gaelikoa, galesera, kornubiera, galiziera, katalana, asturiera, okzitaniera, bretoiera, korsikera, friulera, sardiniera, frisiera, ipar frisiera, samiera eta ninorsk.

Beste hauek ez dute neurririk proposatu baina protokoloari atxikimendua emateko prest daude: voro hizkuntza, udmurtera, erzyera, kaxubiera, aragoiera, tatar hizkuntza Estonian, Krimeako tatar hizkuntza, aromaniera, Transilvaniako hungariera; daniera (Alemanian) eta alemana (Danimarkan).

Atxikimendu bila

Urriaren 25ean talde antolatzailea bilduko da eta protokoloaren testua itxitzat emango du. Neurriak zehaztuta, eragile sozialei protokoloari atxikimendua adierazteko eskatuko zaie. Abenduko ekitaldia bitartean ez du denborarik emango Europako eragile guztiengana heltzeko, baina erronka, gutxienez hizkuntza komunitate gutxiagotu guztiak ordezkatuta egotea da.

Abenduaren 15, 16 eta 17ko ekitaldiek prozesuaren bukaera tankera hartuko dute. Lehen bi egunetan Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa egingo da Donostian eta adituak eta alor horietan lanean dabiltzanak elkartuko dira. 17an, Donostia 2016k eta Kontseiluak protokoloa aurkeztuko dute.

Hiru eguneko jardunak amaiera itxura baino ez du hartuko, izan ere protokoloaren egitasmoak jarraipena izango du. Nolabaiteko egitura osatzea aurreikusi dute protokoloari bizindarra emateko.

Hemendik aurrera, Europako herri mugimenduek atxikimendua eman dezaten lanean segituko dute, eta Europako mugak gaindituta, nazioarteko oihartzuna lortzen ere saiatuko dira. Protokoloa helaraziko zaie nazioarteko erakunde garrantzitsuenei, besteak beste, Europako Kontseiluari, Nazio Batuen Erakundeari eta Europako Segurtasun eta Lankidetzako Erakundeari. Erakundeekin eta ospeko pertsonekin egon nahi dute, protokoloa erakutsi eta haien babesa lortzeko. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren iritziz, “erakundeekin baino errazagoa izango dela uste dut pertsonekin, eta garrantzitsua da aita eta ama pontekoak edukitzea”.

Berrespenak lortzeko ahalegina egingo dute batzuek, eta gizarte eragileek berriz, kaiera estreinatzeko ordua izango dute. Bakoitzak bere etxeko lanak prestatzeko aukera izango du.

Zoritxarrez ez dute aspertzeko betarik izango.

“Hizkuntza hegemonikoetako eragileren batek protokoloarekin bat egitea nahiko genuke”. Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia

Zer da protokolo bat?

Kontatuko dizut han eta hemen aurkezpenak egin ditudanean zer ariketa egiten nuen gizarte eragileekin. Entzuleei esaten nien, “protokolo hitza esaten dudanean zein hiri datorkizue burura?”. Eta normalen jendeak esaten zuen: “Kyoto!”. Eta gero galdetzen nien, “eta ‘Kyotoko protokoloa’ hitzak esaten ditudanean zer gai datorkizue burura?”, eta orduan esaten zuten: “Ingurumena”. Hurrengo urratsa: “eta nik esaten badut Kyotoko-protokoloa-ingurumena, hor barruan zer dago?”. Eta jendeak esaten zuen gobernuek konpromisoak hartu eta bete egin behar zituztela. Modu juridikoagoan bestela litzateke, baina orokorrean esanda protokoloak zer dira bada? Nazioartean onartzen den hitzarmen bat nola bete zehazten du protokoloak. Guk 1996ko Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Aldeko Deklarazio Unibertsala hartu dugu, eta horren protokoloa egin dugu. Deklarazio horrek hainbat eskubide aitortzen du, eta guk, hori betetzeko zein neurri hartu beharko liratekeen proposatuko dugu.

Zu Europan ibili zara protokoloan parte hartu duten gizarte eragileekin. Nola bizi izan dute prozesua?

Hasieran errespetu handiz hartzen zuten proposamena. Joan aurretik txostena bidaltzen nien eta hara joaten nintzenean esaten zidaten: “Irakurri dugu txostena eta ez dakigu ekarpenak nola egin”. Baina ariketatxoren bat egin eta  “a, hori da? hori egiten badakigu!”. 400 ekarpenetik gora jaso ditugu.

Gizarte eragileek proposatutako neurri asko oso antzekoak direla esan izan duzu.

Toki desberdinetatik datoz, baina oso antzekoak dira. Hedabideena adibidez, oso argia da. Lizentziak aipatu dizkigute, baita   telebista kateetako irizpideak ere, adibidez, hizkuntza gutxiagotuko hiztunak hizkuntza hegemonikoan emititzen duen katean bere hizkuntzan egiteko aukera izatea. Diru-laguntza publikoak jasotzen dituzten hedabideei hizkuntza kuotak jartzea ere eragile batek baino gehiagok aipatu digu.

Protokoloak balio berezia al du hizkuntza komunitate oso txikientzat?

Kornubierako ordezkariekin gogoratzen naiz, gurea baino askoz makurrago dago kornubiera. Haientzat protokoloa apustu handia da. Aldarrikapenen bat egin behar duten aldiro  “ez gara gu bakarrik, milioika hiztun daude eskaera honen atzean” esan ahal izateari balio handia ematen diote. Oso gutxi dira, oso laguntza gutxi daukate eta duela gutxi Erresuma Batuak diru-laguntzak eten dizkiete gau eskoletarako.

Hizkuntza hegemonikoetako ordezkariek emango al diote atxikimendua protokoloari?

Zoritxarrez denak izango dira hizkuntza komunitate gutxiagotuetakoak. Nahiko genuke hizkuntza hegemonikoetako gizarte eragileren batek bat egitea, esanez “hau da bidea hizkuntza eskubideak bermatzeko, bizikidetza lortzeko”.

Atxikimendu horiek lortzen saiatuko al zarete?

Bai, baina gure errealitate hurbilean zaila ikusten dugu, Espainiako eta Frantziako Estatuetan alegia.

“Protokoloa ez da erakunde publikoen eskutik egin, behetik egin da”. Marcos Maceira, A mesa pola normalización lingüística.

Marcos Maceira A mesa pola normalización lingüística plataformako presidentea da. Plataforma 1986an sortu zen eta gizarte eremu guztietako 4.000 bazkide ditu. Helburua galizieraren normalizazioa lortzea da. Kontseiluarekin zuzeneko harremana izan zuten protokolorako neurriak lantzeko.

Zer iruditu zaizue Donostia 2016ren gonbidapena?

2000. urtean Santiago izan zen Europako Kultur Hiriburua eta apenas hizkuntza aipatu zen. Donostiak gai horri buruz utziko duen legatua garrantzitsua izango da. Gizarte erakundeek ekarpenak egitea zeharo beharrezkoa da eta Kontseiluak eta Donostia 2016k aukera hori ematen digute.

Protokoloa ez dute estatuek egin, gizarte mugimenduek baizik.

Guk ez daukagu batere babes publikorik. Are gehiago, Galiziako Gobernua oldarkorra da gurekin eta galegoaren alde ari diren beste eragileekin. Guretzako Donostiakoan parte hartzea onespen bat da, guretzako eta Europan hizkuntzaren alde ari diren beste mugimendu guztientzako.

Aspalditik ari gara salatzen Hizkuntza Eskubideen Karta Unibertsala ez dela betetzen, eta protokoloa horren guztiaren abiapuntua da. Protokolo hau desberdina da, ez da eremu zientifikora soilik murriztu eta ez da erakunde publikoen eskutik egin, behetik egin da. Galizian gizarte mugimendu garrantzitsua dago, era guztietakoa, protokoloa bete dadin nahi duena.

Abenduan Donostiako ekitaldian izango al zarete?

Bai. Zeharo babesgabe gaude, gure gobernuak ez ditu konplitzen bere betebeharrak. Horrelako protokolo bat nahi dugu, eta behar dugu, Berlingoak alemanez bizi diren bezala gu gure hizkuntzan bizi gaitezen.

“Erakundeei interpelazio zuzena egiteko balio behar du”. Leire Txakartegi, ELAko euskara arduraduna.

Gustura egindako lanarekin?

Parte hartzeko metodologia egokia iruditu zaigu. Kontseilua propio bildu zen gurekin eta ELA barruan, euskara batzordean, gaia lantzeko aukera izan dugu. Eragile bakoitzarekin lanketa berezia egitea asko eskertu dugu.

ELAk nolako ekarpenak egin ditu?

Oso zehatzak egiten saiatu gara, beti ere lan munduan langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Esparru publikoan, administrazioan, osasungintzan adibidez nahiko ekarpen zehatzak egin ditugu eta esparru pribatuan kanpo eta barne erabileraz, kontratazioez egin ditugu ekarpenak. Adibidez, garrantzia eman diogu negoziazio kolektiboa euskararen normalizazioan lan tresna bezala aldarrikatzea.

Ekarpen batzuk aipatuko mesedez?

Enpresan terminologia normaltasunez erabiltzeko hiztegi propioa sortzea; langileek hizkuntza gutxituan lan egiteko behar duten ezagutza lortzeko baliabideak eskatzea; langileek dokumentazioa ele bitan jaso eta betetzeko aukera izatea; errotulazioa euskaraz egotea, euskara batzordea osatzea. Administrazioan: hizkuntza eskakizunak kontratazioetan; hizkuntza eskakizunak betetzeko epeak eta irizpideak zehaztea; Osakidetzan, garapen profesionalean hizkuntza gutxituen ezagutza eta erabilera baloratzea.

Zertarako balio du protokoloak?

Eragile sozialen ekarpenetan oinarritzen da eta neurri zehatzak izango dira. Horrek erakundeei interpelazio zuzena egiteko balio behar du, beste era bateko hizkuntza politika eskatzeko. Beste gauza askotan bezala, guk uste dugu eragile sozialok akuilu lana egin behar dugula. Interpelaziorako tresna izan behar da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostia 2016
Kulturak hiria eraldatu nahi izan zuen urtea

Urteak igaro genituen “Donostia 2016” entzuten. Europako kultur hiriburua, herritarren energia olatua, elkarbizitzaren kultura... Hitz handien atzean, krisiz eta gatazkez betetako prozesua izan zen. Nork ez du oroitzen Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirreren arteko... [+]


2016: kultura aitzakia gisa erabili zen urtea?

Atzera begira, inork gutxik uste du 2016ak bere helburu kulturalak bete zituenik. Kontrara, ordutik hona, hiriaren turistifikazio masiboaren erantzuleetako baten moduan ikusten dute askok egitasmoa. Baina zer zioten garaian hiriburutzaren kontrakoek? Izan al du hiriburutzak... [+]


Streisand efektuak ez gaitu zentsuratik libratuko, Donostia 2016n ikusi genuen

Iazko abenduko egun bat izan zen, larunbat goiza. Ahoz aho zabaldutako informazioari esker izan nuen filmaren proiekzioaren berri eta kulturgune batera joan nintzen, Donostian, gauza handirik jakin gabe: zer ikusiko genuen pantailan, sarrerarik ordaindu behar ote zen, zenbat... [+]


Donostia 2016k eragindako diru sarrerek apenas berdindu dute proiektuaren aurrekontua, datu ofizialen arabera

Donostiako Udalak eta Donostia 2016 kultur hiriburuaren zuzendaritzak kalkulatu dute kultur hiriburuak 47,1 milioi euro utzi dituela hiriko ehundura ekonomikoan. Kultur hiriburuaren aurrekontua 46,8 milioi eurokoa zela.


Donostia 2016: amaitu da festa

Azkar pasa da Donostia Europako Kultur Hiriburu izan den urtea ezta? Nolanahi, errepasatzen hasita etorkizunean ere zeresana eman dezaketen gaiak plazaratu dira proiektuaren inguruan. Donostia 2016ri begiratu diogu, Donostia 2017tik.


Eguneraketa berriak daude