Ekoizpen eta kontsumo arduratsua, akusatuen aulkian

  • Kalamua erantzukizunez landatu eta kontsumitzeko sortutako elkarteak justizia administrazioaren jazarpena jasaten ari dira EAEn (bereziki Gipuzkoan) Madrilen ezarritako irizpideen ondorioz. Orain urte erdi inguru zigor-epaia jaso zuen Urretxuko ACEE-AU elkartean izan gara euren lekukotza jasotzen, eta bide batez euren lana hobeto ezagutzen.

Orain urte erdi inguru hiru hilabeteko espetxe zigorra eta 22.000 euroko isuna jaso eta gero, hasiera batean elkarteko kide Goiok ez zuen argazkietan aurpegia erakutsi nahi. Gero iritziz aldatu zen.
Orain urte erdi inguru hiru hilabeteko espetxe zigorra eta 22.000 euroko isuna jaso eta gero, hasiera batean elkarteko kide Goiok ez zuen argazkietan aurpegia erakutsi nahi. Gero iritziz aldatu zen.

Duela bost bat hilabete Gipuzkoako Lurralde Entzutegiak, lehen instantziako epai bat berretsiz, hiru hilabeteko kartzela-zigorra eta 22.000 euroko isuna ezarri zizkien Urretxuko ACEE-AU elkarteko bi arduraduni. “Epaiketan ez genuen inongo konponbiderik aurkitu, konponbide bakarra politikoa baita”, dio euretako batek, Goiok. Azaldu digutenez, elkartearen jarduera gardena dela erakusten duten dokumentu ugari erantsi zioten sumarioari: elkartearen estatutuak, EAEko elkarteen erregistroan daudela dioen ziurtagiria, kontsumo aurreikuspenen araberako kalamu landaketa usainik gabekoa egiten dutela dioen txostena…

“Hala ere, hiru orrialdeko epaian, horri kasurik egin gabe, Auzitegi Gorenak emandako azken epai zigortzaileen argudioak hitzez hitz kopiatzen dira”, dio Goiok, trafikatzailetzat jo dituztelako minduta. Horrexegatik erakutsi digute zer den egiten dutena: “Arriskua aurreikustea”, Goioren esanetan. “Kalamua neurrien barruan ematen da. Supermerkatu batean hogei litro ron eros daitezke arazorik gabe. Hemen 21 urteko adin nagusitasuna eskatzen dugu”. 300 bazkide dituzte, eta 600 bat landare. Egunero gehienez bi gramo har daitezke, urtean 720 gramo.

Diotenez, duela sei urte elkartea sortu zutenetik nabaria da merkatu beltzak behera egin duela Urola Garaian; bide batez, kideengan kontsumo konpultsiboa desagerrarazi dute. Elkartean daudenez geroztik kantitate txikiagoak kontsumitzen dituzte, gero eta txikiagoak elkartean denbora luzeagoa egin ahala.

Espainiako Estatuko eta Europako hazi onenak ekoizteaz harro daude. Kalamuarena industria lokal eta jasangarria izan daitekeela dio Goiok: “Landarea oso-osorik erabiltzen da. Esentziaren olioak tumoreak, esklerosi anizkoitza eta haurren epilepsia tratatzeko balio du”.

Narko-tzat jo gaituzte, baina Mariren ‘obreroak’ gara”

Gizarte-segurantzari ordaindu egiten diote. Izan ere, lau lanpostu sortu dituzte 24 orduko zaintza behar duen 300 lagunentzako kalamu landaketaz eta banaketaz arduratzeko. Aparteko dirutzarik ez dute lortzen, baina jarduera ekonomikoen zerga ordaintzen dute, eta zuzendaritza batzordeko kideetako baten esanetan “ogasun publikoa pozik dago gurekin”.

Kalamua aukera handi bat dela eta baserri asko salbatzeko balio dezakeela sinisten dute. AEBetako Eureka herria dute eredutzat; han 20.000 lagunek landatzen omen dute kalamua.

EAEko Menpekotasunen Legea garatzea eskatzen dute, Uruguai eta AEBetako hainbat estatutan garatutakoen antzeko araudi bat sortzeko borondate politikoa egon badagoela uste dute eta

“60 urteko debekuaren ondoren gure jarduera normalizatzea eskatzen dugu”. ACEE-AUko kiden iritziz, konponbideak politikoa behar du. Eusko Legebiltzarrak onartutako Menpekotasunen Legearen garapena eskatzen dute, Uruguai eta AEBetako hainbat estatutan (Kalifornia, Colorado…) garatu dituztenen moduko arau-eredu bat EAEn sortzeko borondate politikoa egon badagoela uste dute eta.

Gardentasunez arituta, hobeto

Menpekotasunen Legeak kalamu-hartzaileen gizarte-klubak aitortzen ditu, eta Alderdi Popularrekoek ez beste legebiltzarkide denek babestu zuten. Estatuko beste erkidegoetan ez bezala, EAEn “eredu arautu bat lor daitekeela dirudi, hala ere…”, diote. Nolanahi, ezkutatzen ibili gabe gardentasunez jokatu nahiago dute, ezagutzak onarpena ekarriko dielakoan.

Zigortuak izan ziren bi “obreroek” ez zeukaten aurrekari penalik. Izan ere, hilabete amaierara iristeko zailtasunak dituztenez, ez dute jarri epaiaren kontrako helegiterik, eta isuna ordaindu ordez lan soziala egin ahal izatea eskatu diote epaileari. Zer eta orain arte egin dutena garatuz. Esaterako, prebentzioari buruzko irratsaio bat grabatzen ari dira, kalamua hobeto nola hartu azaltzeko. Arriskuez hitz egiten dute saioan, “adibidez, kontsumitu ondoren autoa gidatzeaz”.

Kalamuaren arriskuengatiko ardura

Kalamua hartzearen ondorioak ezagutarazteaz kezka dute, “ez baita egia kaltegarria ez denik”. Osasun arriskuak eta arrisku juridikoak aztertzen dituzte eta jakintza zabaltzen saiatzen dira. Horretaz gainera, landareen ibilbide osoa zaintzen dute, ekoizpenetik kontsumoraino, hartzen dutenaren kalitatea landu eta bereizketak eginez.

Euren kezka nagusietakoa da adingabeak eta kalamua ez direla ondo konpontzen. “Ez lukete kalamua hartu behar”, diosku Goiok, ”eskola-porrota eragin eta burujabetasunaren garapena bloka dezakeelako”. Irratsaioetako gai nagusi bat da hori. Besteak beste, programa Zumarragako adinez beherakoen kartzelara eramaten saiatzen ari dira.

Ez dute jarri epaiaren kontrako helegiterik, eta isuna ordaindu ordez lan soziala egin ahal izatea eskatu diote epaileari, zer eta orain arte egin dutena garatuz

ACEE-AU bezala, Eusfac elkarte-federazioaren barruan eta antzeko eraketa eta arauketarekin jarduten diren elkarte gehienak izan dira auziperatuak azken bolada honetan. Epai batzuk absoluziozkoak eta beste batzuk kondenazkoak izan dira, Eusfacen esanetan egitatezko elementuak berdinak edo oso antzekoak izanik ere. Batetik, EAEko Auzitegi Gorenak kalamua elkartetik kanpora hedatzeko arrisku abstraktua aitzakiatzat jarriz, lehen zigor-epaia eman zuen iazko irailean Bizkaiko bi kalamu elkarteren aurka. Bestetik, Estatuko Fiskal Nagusiak kalamu elkarteak XXI. mendeko plaga berritzat jo zituen zirkular sorta batean; harrezkeroztik, Gipuzkoako fiskaltzak ahalik eta elkarte gehien auziperatu ditu, “euren karreran aurrera egiteko-edo”, Goioren ustez.

Akusazio idatziak gogortu dituzte, gainera. Berriki, erakunde kriminala izatea egotzi diote epaiketaren zain dagoen Donostiako beste elkarte bati. 400.000 euroko zigorra eskatu diote. “Bizitza hondatu ahal dizute, pentsa adibidez zazpi urteko alabaren zaintza ken diezazuketela”.

Egiten duten lana onuragarria dela erakutsi nahi dute. “Elkartean ez dugu sekula liskarrik izan, bazkideen onarpena arretaz egiten dugu, itxarote-zerrenda luzea dugula esanez”. ACEE-AUko bazkide izateko eskualdekoa izan behar da, eta %90 Urretxukoak dira. Bertako kalamu kontsumitzaileen %10 omen dira. Barne-araudiaren arabera, gehienez 500 bazkide izan daitezke. Goioren esanetan, seriotasun handiz hartzen dute arautzea. Adibidez, erabat bereizten dituzte kalamua eta beste drogak, merkatu beltzean ez bezala. Kaleko saltzaileek haxixa, anfetaminak edo LSDa izaten dituzte poltsikoetan. Elkartean berriz, kalamua baino ezin daiteke hartu.

“Lehen baino okerrago gaude”

Batek loradenda batean egiten zuen lana, beste bik inguruko enpresa batean. Lanpostu haiek utzita kalamuaren industrian lan egiten dutenetik hamaika sari jaso dituzte. “Historia egiten ari gara”, dio batek txantxa doinuz, “agian ARGIAren argazki hauek etorkizunean lan aitzindaritzat hartuko dira”. Kalamua ekoiztu eta kontsumitzeko eskubidea iristear dagoela uste dute, “baina hamaika urte igaro dira lau urteko borroka besterik ez zela geratzen pentsatzen hasi ginenetik, eta hasieran baino okerrago gaude orain”, dio zuzendaritza batzordeko beste kide batek.

Etorkizunean ez dute epaitegiekin zerikusi gehiagorik izan nahi. Jarduera-baimena dute, zergak ordaintzen dituzte eta hainbat azterketa bideratu dituzte poliziarekin protokolo bat adosteko. Kalamuaren kontsumoa elkartetik kanpora hedatzeko aukera eragotzi dute, eta landareen usain guztia pabiloi barruan geratzen da. Hori da Ertzaintzak eskatu diena. Kanpotik usaintzen ez bada eta alarma soziala sortzen ez badute, bakean utziko omen dituzte.

Itxaropen horrekin jarraitzen dute euren industria-jardueran. OHO izena duen haxix berezia ekoizten ikasi dute. Trebezia handia eskatzen du, kalamua gasarekin nahastu behar delako aurrena, eta arriskutsua delako. Erretxinak hartzen duen azken forma urrearen koloreko haxix berezia da. Gramo batek 90 euro balio dezake Holandan, eta hemen hamar euroren truke destilatzen dute.

Lapurtuko baliete, ezin salatu

Elkartearen baratzea non kokatuta dagoen bazkideek ere ez dakite. Lapurren beldur dira, gehienbat. Gauero norbait geratzen da pabiloian, landaketa-eremua zaintzen. “Lapurretan etortzen badira, egin dezakegun gauza bakarra inolako gogorkeriarik erabili gabe lapurreta saihesten saiatzea da”, dio Goiok, “lapurtuko baligute ezin izango genuke salatu”.    

Eta agur esan aurretik, azken mezua: kalamua, arazoa baino, aukera da. “Desinformazioak bihurtzen du arazo”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Drogak
"Kartzelak gaixotzen du eta kartzelak hiltzen du"

Espetxeetako osasun zerbitzuaren gabeziez mintzatu da Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea: “Osasun arloko langileak espetxeko logikekin eta irizpideekin kutsatzen direnean, zenbait eskubideren bermatzaile izan beharrean,... [+]


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Drogen aurkako atxiloketak eta gero zer?

Ertzaintzaren fokua drogen kontsumora, ekoizpenera eta salmentara bideratu da 2023an eta zenbait operazio ikusgarri egikaritu dituzte Aiaraldean.


Espainiako Osasun Sailak terrazetan erretzea debekatzeko plana berreskuratu du

Mónica García ministroak ziurtatu du araudi zehatzak egongo direla lurrungailuen erabilera kontrolatzeko, eta zehatz-mehatz aztertuko direla hainbat egoera, “kerik gabeko espazioak zabaltzeko”.


Eguneraketa berriak daude