"Nafarroako ubidearen Bigarren Zatiaren proiektu zaharra egitea baztertua dago"

  • Fustiñana, 1966. EHNE sindikatuko arduradunetakoa izan da gobernuan ekin aurretik. Nekazaria da eta Erriberakoa izanik ongi ezagutzen du urak bertan duen egoera. Nafarroako ubidearen aurkakoa izan da eta orain haren Bigarren Zatiaz erabaki behar duen gobernuko kidea da.

Nafarroako ubidearen Lehen Zatiaren zabalkundea amaitua beharko litzateke aurreikuspenen arabera. Nola doa?

Bi adar daude, Ega ibaikoa eta Argakoa. Egakoa da atzeratuen dagoena. Gu gobernura iritsi aurretik tentsio uneak izan ziren hainbat udalekin, esaterako Leringoarekin. Hangoa herri kontsulta batekin amaitu zen eta erabaki zuten ez zutela Nafarroako ubideko urik erabiliko haien ohiko ureztatze sistema berritzeko. Carcarrek oraindik ez digu ofizialki erantzun, baina badirudi ez duela parte hartuko Nafarroako ubidean.  Egungo aurreikuspenekin, Argako zatian ureztatze hasiera 2018ko apirilerako litzateke eta Egakoa 2019ko irailerako.

Nafarroako ubidearen Bigarren Zatia hor dago, ekin gabe oraindik. Ezer erabaki aurretik, Nafarroako Gobernu berriak azterketa bat agindu zuen 2016rako. Zer ari da aztertzen zehatz-mehatz?

Dugun proiektua erabat defizitarioa da, beraz gure zeregina da proiektu orekatu bat egitea, herritarrek eta gobernuaren poltsikoek onartzeko gisakoa. Inoiz ez da egon Bigarren Zatiaren proiektu zehatzik idatzia, baina edozein kasutan, hitz egin izan den hura, aire librean joango zena,  sifoi bat Ebron eta bestea Aragoi ibaian… proiektu hura dagoeneko baztertua dago. Orain ikusi behar da hari zer gehitu ahal zaion orain arte egindako guztiari ahalik eta etekin orekatu eta handiena ateratzeko.

Aztertzen ari gara ureztatzaile komunitate berriak, komunitateek duten ur ahalmena, jabegoen egitura, ureztatzailearen figura, ur kostuak, ureztatze alternatibak… Behin beharren, eskarien eta alternatiben mapa hori dugunean, eta kontuan hartuta etorkizuneko erabiltzaileak diru asko jartzen duela, erabakia kontsentsu bidez hartu behar da. Nafarroako ubidea erabaki horien artean izango da, baina ez da bakarra izango. Abendurako argazki hori eduki nahi dugu eta 2017an aipatu kontsentsu hori lortzera bideratutako partehartze prozesua egingo da.

Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidearen aurka egon den gizarte zatiak aspalditik aldarrikatzen du bikote honek ekarri duenari buruzko azterketa orokorra. Hori ere egingo da?

Orain mahai gainean dugunarekin ari gara, proiektu zaharrak dituen oker horietako asko zuzendu nahian, baina egingo dugun horrek kontuan izango ditu analisi ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa. Moduak ere aldatuko dira, ez dugu egin nahi lehenik hodiak sartu eta gero galdetu. Orain arte ere egin izan dira ikerketa ekonomikoak, baina ez ziren errealistak eta lehengo Gobernuaren nahietara janzten ziren. Lerinen adibidez, nik argi esan nien ez niela errentagarritasun azterketarik egingo, haiek badakite ureztatzearen errentagarritasunaz. Guk esango diegu benetan zer balio duen ureztatze sistemak, bestelako ametsik saldu gabe.

Lur sailei begira, Kontuen Ganberako 2015eko txosten batek dio partzelen bateratzeek jabegoen %17ko gutxitzea ekarri dutela eta 19.034 partzelatik 5.620ra pasatu dela. Zer ekarri du horrek?

Ustiaketaren ikuspegitik lurrak batzea ona da ohikoan, ez bakarrik Nafarroako ubidearekin, edozein ureztatze laboretan da abantaila bat. Ez da berdin ureztatzea hainbat tokitan diren lurjabe baten zazpi partzela edo denak batera badira.

Txosten horretako beste datu batzuk: “3tik 48 produktura pasatu dira, produkzioaren balorea 17,8 milioitik 68,1era pasatzen da, errentagarritasuna 3 milioitik 18ra…”. Ubidearekin nekazaritzari begira jauzi handi bat eman daitekeela esan nahi du horrek?

[Ezetz egiten du tinko buruarekin] Ez da horrela. Kontuen Ganberak INTIAko iturriak bakarrik izan ditu eta –ez dakit ongi dagoen nik hau esatea– enpresa hau proiektuaren propaganda tresna izan da. Hori guztia proiektua saltzeko lehengo moldearen parte da. Bada arrazoi zati bat aipatzen den horretan guztian, baina uste dut esajeratua dela. Adibidez, azken bi urteetan artoaren balioa 230 euro/tonatik 180 euro/tonara pasatu da. Edozein ekoizlek daki 180 euro horiek, izan Nafarroako ubidean edo beste edonon, errentagarritasunaren mugan daudela. Nafarroako ubidearenak ureztatze sistema garestiak dira eta garagarrarekin, esate batera, ez dago horri buelta ematerik, ezta hektareako 6 tona aterata ere, eta hori sekulako uzta da. Inork ezin du pentsatu laborantza estentsiboan produktu bakarrarekin egingo dionik aurre inbertsioari, ez bada oso lur kopuru handia duela. Sektoreari bestelako ikuspegia eman behar zaio, balio erantsi handiko produktuei bideratua.

Bigarren Zatiaren hainbat alternatiba daude mahai gainean. Zuen azterketaren datuak ikusi beharko dira lehenik, baina sailak ba al du aldez aurreko posiziorik?

Nire iritzi osoa gorde egingo dut, baina irizpide batzuk aipatuko dizkizut. Bigarren Zati horretan herrietarako ura beharrezkoa da eta betiko nekazaritza ureztatuan ere zuzendu behar dira hainbat egoera. Nafarroako ubidea oztopo izan da herrietako ur beharretan Erriberan behar ziren konponketa eta alternatibei begira. Erriberarako ura eskatuz urteetan mezu okerra bidali da Nafarroako gizartera. Ebrok aldenik alde gurutzatzen du Erribera, hor dira Tauste, El Ferial, Lodosa eta Bardeetako ubideak, Queiles eta Alhama errekak, Valeko urtegia… tira, urrez inguratuak gaudela. Azken finean, orain egiten ari garen analisi honek guztiak, balio beharko du Nafarroan ureztatze laborantzaz eta uraz bideratu behar dugun estrategia finkatzeko.

Baina Erriberak erabiliko du Itoizko urtegiko ura edo ez du behar?

Administrazioaren eginbeharra da Itoizko ur ahalmena ahalik eta ondoen optimizatzea. Defizitarioa izan ez dadin, bere ur erabilera zabaldu egin behar da eta erabiltzaileen eskaerak ez dira falta. Baina egiten dena errentagarria izan beharko da bai administrazioarentzat bai erabiltzailearentzat, horrekin jokatu beharko da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako ubidea
Nafarroako Gobernuak onartu du ez dagoela ur nahikorik Nafarroako ubidearen obran hitzemandako edukiera asetzeko

Konponbide gisa, Óscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariak aurreratu du sobera ur jasotzen duten ureztatzaileei erabiltzen ez dutena Erriberara bidaltzeko eskatuko diela.


2023-10-08
Urrezko zilbor-heste itogarria

Nafarroako erdialdera eta hegoaldera ura eramateko eraiki zen Itoizko urtegia: batez ere ureztatzeko ura, baina baita edateko ura eta ur industriala ere. Eta hori Nafarroako Ubidearen bidez egin behar zen, zeinak 198 kilometroko eraikuntza erraldoi batekin, urtegia eta Erribera... [+]


Sesmara iritsi da Nafarroako Ubidearen lehen fasearen Egako adarra

Nafarroako Ubideko ura Sesmara iritsi da aste honetan eta 1.290 hektarea lur ureztatzeko aukera emango du. Ostegun honetan inauguratu zuten María Chivite lehendakariak eta Bernardo Ciriza kontseilariak azpiegituraren iritsiera. 7,8 milioi euroko kostua izan du... [+]


2020-06-12 | ARGIA
Uraren gatazkaguneak Nafarroan: hamaika proposamen zehatz Foru Gobernuari

Sustrai Erakuntza Fundazioak eta Urbizi Ibaien Defentsarako Nafarroako Sareak prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Iruñeko Katakrak elkartean eta bertan aurkeztu zuten "Uraren politikak Nafarroan, gatazka aipagarriak eta uraren kudeaketarako proposamenak"... [+]


2017-03-05 | Reyes Ilintxeta
Fito Jimenez, Urbizi plataformako kidea
"Ura urtegietan bilduz gero, haren kontrola galtzen duzu"

Urak dakarrena, urak daroa… baldin eta ur hori urtegi erraldoi batean ez badute biltzen hamaika negozio egiteko.


Eguneraketa berriak daude